"Kreatibitatea babak eltzetik ateratzea da"

  • Lanparatik atera eta jeinua hizketan hasi zen.

Dani Blanco

Ez galdetu 18 urterekin enpresaritzan matrikulatu beharrean zergatik hasi nintzen platerak garbitzen kostako hotel batean. Ez dakit, ezin dut esplikatu. Ezin duzu gertatzen zaizun guztia azaldu. Hor daude feeling-a, sena... Innobazioaz eta sorkuntzaz hitz egitean ezin da ezer orokortu, kasu bakoitza bakarra da, herrialde edo diziplina bakoitza ezberdina. Nik ez dut maisurik izan, eta 22 urterekin Bulli jatetxeko arduradunetako bat izateak gauzen zergatiaz gogoetatzera eraman nau. Altxor izugarria da hori, gehiegi irakasten eta erakusten dizutenean ez baitituzu zerbitzatzen dizkizuten erantzunak zalantzan jartzen. Ezagutzan dauzkadan mugak dauzkat sorkuntzan. Ezagutzarik ez duenak kopiatu egiten du, edo okerrago, autokopiatzen da. Pan Tomacaren berri ez daukanari ogia eta tomatea nahasteko burutapen distiratsua otutzen bazaio barregarri geratuko da innobatzen ari delakoan. Ez gaitezen engaina, ezagutzak zabaltzen ditu sorkuntzaren ateak.

Informazio gaindosiak ezagutza ito dezake?

Jakina, baina era berean orain dela 50 urte baino askoz ezagutza handiagoa eta eskuragarriagoa daukagu. Orduan gutxiengo batek zeukan fantasiazko liburuak irakurtzeko edo karrera bat ikasteko aukera. Horrek ez du kentzen Internetek ikusmira berri bati so jarri gaituela, eta zerumuga berri orok irizpide egokitzea eskatzen duela. Ikerketa eta kreatibitatea nahasteko bekatua duen gizartean bizi gara, baina oso ezagutza premia desberdineko alorrak dira. Esaterako, nik zertarako jakin behar dut errege bisigodoen historia edo 1970eko Barça-ren hamaikakoa? Ni ez naiz ez historialaria ezta kirol kazetaria ere, eta horri buruzko plater bat sortu beharko banu hortxe daukat Wikipedia. Oinarri kultural orokorra zor diogu gure buruari, baina irizpide zorrotzak eta behar duzuna aurkitzeko tresnak menperatzea dira ibilbidearen iparrak. Hori bai, behin aurrera jotzeko erabakia harturik ezin duzu hutsik egin, ez daukazu hanka sartzeko eskubiderik.

Zer esan nahi du hanka-sartzeak zuena bezalako elite hauskor eta lehiakorrean?

Erratzea bidearen parte da, soluzioa seinalatzen dizuna, baina oso argi izan behar duzu non huts egin dezakezun eta non ez. Tximetaraino zorpetuta sortu duzun enpresa batean ezin zara okertu, baina jatetxe batean plater bat ateratzerakoan nahasten bazara ez da deus gertatzen. Uneoro hanka sartzeko duzun tartearen jabe izan behar duzu, baina naturalki, senez. Gertatzen dena da egun innobazioa neurriz kanpo mitifikatzen dela, lainoetara igota dagoela, baina kreatibitatea babak eltzetik ateratzea da. Zergatik uste duzu historiako asmakizunik preziatuena sua dela? Ematen du sorkuntzari buruz hitz egiten dugunok dena hitz korapilatsu eta konplexuekin azaldu behar dugula entzuleek apartekoak garela sinetsi dezaten. Geroz eta gehiagotan gertatzen zait kreatibitateari buruzko hitzaldietara joan eta piperrik ez ulertzea. Horrek ez du balio. Esplikatu behar dena da bakoitzak innobatu dezakeela bere bizitzan, bere haurrak hezteko maneran, bere agenda antolatu eta kudeatzeko eran… Innobatzea zure DNAn badago berez aterako zaizu, oharkabean. Horretarako aski da dibertitzen laketzea, arriskuaren bertigoa estimatzea, eta etengabe gauzen zergatiaren bila aritzea. Hori jolasa da, pasioa, eta hor ezinbestekoa da hanka-sartzea.

Zergatik da garrantzitsuagoa diskurtsoa jarduera bera baino?

Existitu nahi baduzu ezinbestekoa delako diskurtso bat izatea. Hori bai, ezin zintezke hipokrita izan. Nik ez diot inori ipurdirik miazkatuko ez dakit nongo azalean ateratzeagatik edo erreportaje bat egin diezadaten. Asko dira hala jokatzen dutenak, eta horregatik ez zait batere gustatzen proiekzio mediatikoa. Nik egiten dudana konpartitu eta transmititu nahi dut, baina nire elkarrizketak unean egiten ari naizenaren isla baizik ez dira. Gaur egia absolututzat daukadana bihar fartsatzat izan dezaket. Kreatibitateak hanka sartzeko eta iritziz aldatzeko aukera izatea esan nahi du. Sortzen ari denaren diskurtsoa etengabe aldatzen da. Medioen aurrean jarriz nire hanka-sartzeak ere konpartitu nahi ditudala onartzen dut. Gertatzen dena da Internetekin bakoitzak sortzen duela bere notizia eta zuk ezin duzula kontrolatu zutaz esango dutena. Horregatik, ustez dagokizuna egin behar duzu, egiten duzunaren ondorioak ezingo dituzula kontrolatu jakinik. Horrek etikoa eta zintzoa izatera behartzen zaitu, nahiz eta batzuetan gizarteak eta inguruak bestelako tentazioetara bultzatu. Nik garbi daukat pertsona ondratua naizela, baina ene bizitzaren zenbait pasarte analizatzean, zirkunstantziek eta inguruak desbideratu nautela jabetzen naiz.  

Presio horrek, inguru horrek, zerikusia dauka Bulli jatetxea ixteko erabakian?

Taldeak, nik barne, eskatutako aldaketa izan da. Gustatzen zaiguna egiteko bide berriak behar genituen, eta batez ere, martxa gizatiarragoa. Batetik, 15 Champions League irabazita geunden, eta sistemak, inguruak, ezin du hainbesteko arrakastarik jasan. Bestetik, monotonian eta inertzian jausita genbiltzan. Bagenekien urtean 120-130 plater sortuko genituela, urte batzuk besteak baino emankorragoak izango zirela, eta azkenerako aspertu egiten ginen. Errazena dena utzi eta kontutik bizitzea zatekeen, 50 urterekin erretiratu eta denbora pasatzeko pare bat jatetxetan aholkulari izan eta munduan zehar konferentziak emanez ibiltzea. Hori eginda orain baino lan gutxiago eginez diru gehiago irabaziko nukeen segur aski. Izan ere, 2009ko azaroaren 20an bi urte sabatiko hartu behar nituela erabakitzean, ez nekien zer egingo genuen, fundazioa eta kreatibitatearen zentroa eraikitzea subkontzientean zegoen ideia baino ez zen. Egun, hori gorpuzten ari gara, Bulli jatetxea baino asmo liluragarriago, garrantzitsuago eta esanguratsuagoa egitea dugu xede. Horrek pizten gaitu, horrek biziarazi, eta badakigu gure ustez hitz horien mailara heltzen garen arte ez dugula atsedenik izango.

Guardiolarekin ari naizela iruditzen zait...

Ez da kasualitatea lagunak izan eta balore asko konpartitzea. Oso mundu desberdinetan bizi gara baina mundu horiei aurre egiteko moduan bat egiten dugu. Biok diogu ez direla gure taldeak, gu taldearen parte garela baizik. Esaterako, niri taldean batzuetan Guardiolarena egitea tokatzen zait, inoiz Messirena, eta lantzean behin baita masajistarena ere. Bestetik, zintzotasunean, etikan eta konpartitu nahian bat gatoz. Horrek ez du esan nahi Txanogorritxu garenik, baina garbi daukagu gauzak lortzeko denak ez duela balio, eta pentsamolde zein jokamolde batek egon behar dutela oinarri-oinarrian. Bulliko taldearen estiloa Silicon Valley germano-latinoa dela esango nuke. Alemanen seriotasun kontzeptua daukagu, baina era berean Silicon Valleykoen askatasuna. “Ferran, bihar etxetik egingo dut lan” abisatzen badidazu ez dago arazorik, baina bilera batera bost minutu berandu bazatoz errespetu falta itzela da lan taldearekiko. Horri gure izaera latinoa gehitu behar zaio. Barre egitea gustatzen zaigu, dibertitzea, jolas egitea, martxa... Ez gara alferrik garen tokikoak.

Ez dira garai onenak identitatearentzat.

Nire plateretan ez dago ideologiarik, bizitza ulertzeko modu bat baizik. Nik ez dakit ezkerrekoa edo eskuinekoa naizen, ez dakit mundu honetan abertzalea izateak zer esan nahi duen... Sentimendu bat daukat, bartzelonarra sentitzen naiz, katalana, baina familia daukat Espainian, eta zoritxarrez, Angela Merkelek agintzen dit. Identitate krisi basatia bizi dugu. Ez dakit non bukatuko dugun, ez dakit berriz agintzen utziko diguten. Ez gara konturatu mundua aldatzen ari zela, eta transformazioak gauzak gertatu aurretik egin behar dira, ez gertatzen ari direnean. Beranduegi zabaldu ditugu begiak, eta eraldaketa batzuk ezin dira korrika eta presaka egin. “Nola arraio aterako gara hemendik?” galdetzen diogu elkarri, baina inork ez dauka arrastorik. Garbi dagoena da zortea izan dugunok sekula baino gehiago lagundu eta kolaboratu beharko dugula, eta zulotik irteteko, momentuz erantzuten ez dakizkigun galdera askori atzeman beharko diegula arrapostua.

Lurrareriko urruntzeak edo “munduko hiritar” izaerak ere geroz eta galdera gehiago sortzen ditu.

New Yorketik Los Angelesera lanera joatea Bartzelonatik San Petersburgora mugitzea bezalakoxea da, baina eurentzat berezkoa da eta guretzat ez. Gure sustraitze kontzeptua kinka larrian dago, ezinezko bihurtu baita zirkulu batean betiko errotzea. Esaterako, bioteknologiaren zale itsu bat bazara eta puntako egituretan lan egin nahi baduzu, derrigortuta zaude hemendik ospa egitera. Demagun, bestela, jatetxe bat ireki nahi duzula eta zure hiria ostatuz gainezka egitear dagoela baina beste 100 pintxo jatetxerentzako lekua dagoela Pekinen. Pekinera joateak munduko erabakirik naturalena behar luke. Hori hala, deserrotze fisikoak ez dauka zerikusirik lurrarekiko urruntzearekin. Are gehiago, esango nuke balorazio objektiboek ez dutela halakorik islatzen. Orain dela 50 urte oso jende gutxik zeukan baratzea. Gaur egun orduan baino askoz hobeto eta sanoago jaten da. Arazoa beste bat da: dauzkagun baliabide eta aukerak ez ditugula behar bezainbat aprobetxatzen. Alegia, ongi jaten dugula baina ez jan ahalko genukeen bezain ongi. Hezkuntzan egiten dugu herren. Txikitan batuketak eta kenketak ikasten baditugu heldutan batuketak eta kenketak jakingo ditugu, eta txikitan garrantzitsua ondo jatea dela irakasten badigute heldutan ondo jan ahal izateko baliabideak ustiatzen jakingo dugu. Ados, ez dugu ahantzi behar orain 30-40 urte arazoa ez zela ondo jatea, jan ahal izatea baizik, baina norbaitek azaldu beharko dit zergatik lotzen den beti ondo jatea aberastasun eta glamourrarekin. Ez dauka zerikusirik. Patatak ondo edo gaizki prestatu ditzakezu eta hori heziketa da.

Azken beltzean, ez al gara etengabe denbora kontsumitzen ari?

Bai, baina denbora kontsumitzeko duzun jarreran dago gakoa. Zure elkarrizketa proposamenari baiezkoa ematen diodanean pentsa dezaket ordubete alferrik galduko dudala, edo kontrakoa, zure galderek hausnarketarako balioko didatela eta psikologoaren kontsulta baino merkeago aterako zaidala. Garbi daukat gizakiarentzat ezinbestekoa dela gustatzen zaiona egitea, bere jarduerari etekina ateratzea. Maiz pentsatzen dut gizakiari ekarpenik egiten ez dioten lan mekaniko eta aspergarriak ordezkatu behar lituzkeela gizarteak. Horixe da zoriona lortzeko bidea. Autobideko ordain-lekuko langilea asperdurara kondenatuta dago, bere baitan duen pasio guztia lanean jarrita ere. Nire esku balego, gizakiari deus ekarri ezin dioten lanak mekanizatuko nituzke, eta horren ordez jendea sorora bidali. Zure jarduerak ez badizu inolako aberastasunik sortzen, denbora hutsa kontsumitzen duzu, eta denbora hutsak nekez asebetetzen du. Agian, beste zutabe eta printzipio batzuetan oinarritzen dira gizartearen zoriona eta oreka.

Bulli fundazioa izango denaren zutabeak aurreratzerik bai?

Hazkunde organikoa izango duen proiektua da, hemendik 40 urtera, gu zulora bidean egongo garenean ere, hazteko bokazioa izango duena. Hazkunde organiko horretan ikasten joango gara, mundua nondik eta nola aldatuko den aurreikusten saiatuz, eta araberako eraldatzeak diseinatuz. Gure zentroa kreatibitatearen efizientzia eta eraginkortasunean erreferentea izatea nahi dugu. Horregatik Bulli jatetxearen espirituan eta sukaldaritzaren lengoaian oinarritzen den sorkuntzaren prozesu, efizientzia eta auditoria gunea izango gara. Azken emaitza sukaldaritza munduari eskainiko badiogu ere, denen esku lagako ditugu ikerketetako ondorioak, eta urtez urte gure ideia laborategiko susmoak frogatzen joango gara. Esaterako, zein da talentua bilatzeko modu eraginkorrena? Nola sortzen da zorrotzen, lan jarraikiaren bidez ala bulkadaka? Zein da kreatibitatearen ordutegia? Komeni da ordutegiari eustea ala aldatzeak piztu egiten gaitu? Galderei erantzun ahala innobatzaile sare bat ehuntzen joango gara, eta horiek emango digute ikerketa sakonagoetara jotzeko bidea eta modua. Gure lanaren emaitza eta ondorioak Interneten zintzilikatuko ditugu eta pixkanaka Bullipedia gorpuzten joango gara. Gure burua gauzen zergatiari buruzko galderekin entretenitzen segi nahi dugu, horixe baita Bulli jatetxearen espirituak irauteko bermea. Kontzeptu horiek desmitifikatu, lurrera ekarri, eta jendea ez beldurtzeko gisan agertzen asmatzen badugu, ate asko ireki eta soluzio anitz mahaigaineratuko ditugulakoan nago.

Nortasun agiria

1962ko maiatzaren 14an, Hospitalet de Llobregaten (Katalunia) sortu zen sukaldaria. Berak zuzentzen zuen Bulli bost aldiz munduko jatetxe onena izendatu zuten, eta 2011n ostatua itxi eta Bulli fundazioa sortzeko bi urte sabatiko hartu zituen. Liburu askoren egilea eta El Bulli: cooking in Progress dokumentalaren inspiratzailea da. Bere izena daramaten katedra andana dago munduan, eta unibertsitate bat baino gehiagotan jaso du Doctor Honoris Causa izendapena.

AZKEN HITZA
Irudia

“Ematen duena baino askoz industria txikiagoa da gurea. Christiano Ronaldo edo Messiren parean gaudela dirudi, baina gu egunero 12-13 orduz lan egiten dugun beharginak gara, telebistan gure ordu libreetan ateratzen garenak. Edozein arlotan munduko hamar onenetan egotea aski da dirutzak irabazteko, baina gurean ez. Sukaldariaren irudi glamurosoa ez da erreala”.


Azkenak
Stop azpikontratazioa

Esku-hartze sozialeko sektore publikoaren alde.


Pablo Gonzalezen aurkako mendekua ikusten du haren abokatuak, Poloniako Gobernuaren jarreran

Pablo Gonzalezek Errusian jarraitzen du, Poloniako Gobernuak pasaporteak konfiskatu zizkion kazetariari eta "Poloniako autoritateen esperoan" daude, Euskal Herrira bueltatzeko. Hala azaldu dio Gonzalo Boyé abokatuak Berriari.


Garikoitz Aspiazu euskal presoa Martutenera lekualdatu dute Lannemezandik

Etxeratek jakinarazi duenez, ostegun honetan gauzatu dute lekualdatzea. Orain, bost euskal preso gelditzen dira Frantziako espetxeetan.


Bideko Autobidearen ordainketa 2027tik 2030era atzeratuko du Nafarroako Gobernuak

Ordura arte Nafarroako Gobernuak 477 milioi euro ordaindu beharko dizkio Abertis konpainiari, 2023an honek erosi baitzuen Autobidearen ustiaketaren emakida 110 milioi eurorengatik. Itzalpeko ordainketek urtero modu gogorrean baldintzatzen dituzte Nafarroako Gobernuaren... [+]


Jon Irazabal Agirre hil da, 30 urtez Durangoko Azokaren zuzendaria izandakoa

63 urteko iurretarra Gerediaga Elkarteko kudeatzailea izan zen 1982tik 2018ra. “Bere kezkei eta borrokari esker”, Durangaldeko historia ikertu eta zabaltzeko “erreferentzia nagusietako bat” izan dela nabarmendu dute elkartetik.


112 hitzetan emergentziak saihesteko prebentzio-aholkuak
Umeak uretan, belarriak tente


2024-08-23 | ARGIA
Burlatako sexu erasoa dela eta 18 urteko gazte bat atxilotu dute

Joan den astean izan ziren Burlatako jaiak eta aste honetan jakin da adingabeko neska gazte batek izandako sexu erasoa. Espainiako Poliziak, halaber, jakinarazi du erasoarekin lotutako 18 urteko gazte bat atxilotu zuela joan den igandean.


Eguneraketa berriak daude