"Gure senideak nork eta nola hil zituzten jakin nahi dugu"

  • 2005eko maiatzaren 1eko manifestazioan, Bogotako kaleetan polizia nazionalak Yuri Neiraren seme bakarra hil zuen 15 urte zituenean. Nicolas gaztea asmatikoa zen eta lurrera erori zen, poliziak jaurtitako gasek itota. Segidan, zortzi uniformatuk buruan kolpatu zuten, heriotza eraginez. Ordutik, asteko zazpi egunak giza eskubideen defentsari eskaintzen dizkio Neirak.

Yuri Neira Euskal Herrira etorri da babes bila. Argazkian, Gernikan.
Yuri Neira Euskal Herrira etorri da babes bila. Argazkian, Gernikan.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Semearen erailketak ez du zigorrik izan. Alderantziz, egun hartako polizia buruak mailaz igo dituzte. Kolonbian, egiaren alde isildu gabe borrokan aritzeak 25 aldiz atxilotzea, lau atentatu saiakera jasatea, etengabeko heriotz mehatxuak eta erbestea ekarri dizkiote Neirari. Poliziaren basakeriaren kontrako mugimenduan erreferente da Kolonbian, hango ikasle eta gazte mugimenduaren aita. Orain gogoz kontra etxetik urrun egon arren, argi du bere borroka Kolonbian dagoela.

Zein da Yuri?

Egunero 24 orduz giza eskubideen alde lan egiten duen aita bat, dena nire semeari diodan maitasunagatik egiten dut-eta. Borrokak ematen dio zentzua nire bizitzari, borrokalari zaharra naiz, otso bakartia, uluka ibiltzen naizelako etengabe, eta beti lagunez inguratuta nabilen arren, bakarrik sentitzen naizelako bidean.

Etxetik bota zaituzte.

Alde egin behar izan dut, bizirik iraun nahi dudalako, batez ere semearen hilketaren inguruko egia jakiteko. Horrek behartu nau herrialdea gogoz kontra uztera, Kolonbiako egoera politikoa da erruduna. Gure politikari ia denek narkotrafikatzaileekin eta paramilitarismoarekin dute zerikusia eta armada eta poliziaren bitartez herria etengabe zapaltzen dute. Horiek hil dute nire semea, beraz, ez naizenez isiltzen, ihes egin behar izan dut.

Nola aldatu da zure bizitza 2005eko maiatzaren 1etik aurrera?

Nire bizitza bitan banatzen da, egun horren aurrekoa eta ondorengoa. Lehen, aseguru saltzailea nintzen, egunkari irakurlea, etxetik mundua begiratzen zuen aita bat. Semea hil zidaten momentutik aurrera, herrialde honen egia iluna ikusi dut, nola erabiltzen den indarkeria, isiltasuna eta inpunitatea, komunikabide masiboen gezurrak politikari hiltzaileak babesteko... Bestelako mundua aurkitu du, egia gordin asko dituen mundua. Lehen, mundu guztia ahazten nuen. Orain, nire semearen memoriatik abiatuta, desagertu eta erail guztiak ditut buruan, gau eta egun.

Kolonbiako kaleetan “egia, justizia eta konponbidea” aldarrikatzen entzuten dut jendea mobilizazio sozialetan, baina gauza bera dio Gobernuak.

Ez dago ez egiarik ez justiziarik, eta konponbideari dagokionez, Gobernuak biktimoi ogi papurrak eskaintzen dizkigu, horrekin dena moldatuko delakoan. Nazioartean, Juan Manuel Santosen Gobernuak saldu du biktimei laguntzeko zerbait egiten ari dela, baina diru kopuru txiki bat baino ez digute eskaintzen, gure isiltasunaren truke. Guk konponbide sinbolikoa nahi dugu, gure senideak nork hil zituen jakin nahi dugu, nola hil zituzten, gorpuak non dauden, eta berriz errepikatuko ez denaren bermea.

Polizia hitzak zer ekartzen dizu burura?

Hiltzeko makinak dira. Hil dituzten guztiak ekartzen dizkidate gogora, ezagutzen nituenak eta inoiz ezagutuko ez ditudanak, kasu horien guztien inpunitatea, Gobernuak gure zergekin ordaintzen dituen hiltzaile arriskutsuak direla...

Inpunitateak definitzen du Kolonbia?

Bai, halaxe da, Kolonbiako hizki guztietan dago barneratua inpunitatea, ekintza bakoitzean, polizia edo armadaren operazio guztietan, masakre bortitzetan, hauteskundeetan, hilketetan... Hitz horrek gure paisaia zeharkatzen du iparraldetik hegoaldera.

Dagoeneko erreferente bat zara Kolonbiako ikasle mugimenduarentzat.

Ez nuke nahi, ez bainaiz ez ikasle ez gazte. Erreferentea Nicolasen memoriaren alde egindako lana izan da batez ere. Lan handia egin dugu gazteekin, ezagutza baita benetan gauzak aldatuko dituen arma baliagarri bakarra, inpunitatearen aurrean babesteko eta egunero jasan behar dituzten zapalketei aurre egiteko arma bakarra. Horrek guztiak bihurtu nau erreferente, beti bilatu dut babesa beraientzat, poliziarekin istiluak hasten direnean ni jartzen naiz aurrean, nahiago dut ni atxilotzea haiek eramatea baino. Behar-beharrezkoa den ikasle eta gazte borroka ez estigmatizatzeko lan egiten dut gelditu gabe.

Nicolasen argazkia eskuan, Kolonbiako martxetan ikasleei esaten diezu zure semea ikusten duzula haien begietan.

Noski! kantatzen ikusten ditudanean nire semea ikusten dut kantatzen, eta dantzan ikustean, maitemintzen direnean, barrez ari direnean, triste daudenean... Guztietan ikusten dut Nicolas, bestela askoz ere zailagoa litzaidake egunero aurrera egitea. Gazteek kaleetan hildako lagunen izenak oihukatzen dituztenean, hildako horien zati bat berreskuratzen dute. Beraien asalduran eta borrokan, egiaren bilaketan, hezkuntza duina aldarrikatzen dutenean... Hori guztia nire semeak ere bazuen, horrek ematen dit indarra.

Isilik ez egotea ordainarazi dizute.

Askotan esaten dut jada ez dudala zerekin ordaindu, baina aldioro zatitxo bat gehiago kentzen didate, existitzen zela ez nekien zatitxo bat gehiago. Seme bakarra kendu zidaten, nire bizitza pertsonala suntsitu dute, familia guztia banatu, bizitza laboral eta soziala desegin... Eta hori gutxi balitz, orain nire herrialdean lo egiteko eskubidea lapurtu didate. Dena ordaindu dut ezer izan gabe, eta jada ez dakit zer gehiago dudan Kolonbiako Estatuari emateko, baina isiltasunaren kontra egiten dudan ekintza bakoitzagatik faktura pasatzen didate.

Beldur zara?

Bai, beldurrik ez duela dioenari ez diot sinesten. Borrokan ez dago ez Batman ez Supermanik, denak gara sentitzen dugun pertsonak, eta sentitzen dugunean, beldurra agertzen da. Baina bi beldur mota daude: hil edo blokeatzen gaituen beldurra, eta oraindik eta beldur handiagoa, aurrera bultzatu eta oihukatzeko indarra ematen diguna. Bigarren hori da nik dudan beldurra.

Euskal Herrira etorri eta hemen pasatzen dena ikusteko aukera izan duzu orain.

Gauza batzuk entzunak nituen, baina egia esan dezente harritu nau. Uste nuen basakeriak beste herrialde batzuetan gertatzen zirela, ez Europa erdian. Kukutzaren inguruko gertakariak ikusi ditut, torturapean lortutako atxilotuen testigantza faltsuak, preso politikoen dispertsioa... Nire herrialdea izugarri gogorarazten dit, beraz, aurretik uste nuena baino hurbilago gaude errepresioari dagokionez.

Polizien basakeria globalizatua dago?

Inolako zalantzarik gabe. Polizien basakeria, multinazionalak eta boterea gutxi batzuren esku egotea, hori dena globalizatua dago. Botere piramide horiek mantentzeko polizia mota bat behar dute, botere sistema horien kontra dagoen guztia isilaraziko duen polizia. Eskola berdinetan ikasten dute eta herrialde ezberdinetan aplikatutako bortizkeria sistema berriak zabaltzen eta elkar-ikasten dituzte. Tokian tokiko uniformeak ezberdinak badira ere, poliziaren basakeria globala da.

Hortaz, elkartasuna ere globalizatu beharko dugu?

Kolonbiako ikasleek hau kantatzen dute: “Inpunitatea globalizatzen badute, erresistentzia globalizatuko dugu”. Argi dute denak elkartuz erresistentzia hori geroz eta indartsuagoa izango dela. Leku bakoitzean errealitatea ezberdina da, baina denek borroka bera dugu atzean, anai-arrebak gara, horregatik beharrezkoa da elkartasuna, bestela gurekin bukatuko dute. Elkartasuna ez da janaria, arropa, dirua, liburuak edo ordenagailuak oparitzea, elkartasuna beste gauza bat da; Euskal Herrian zerbait gertatzen bada Bogotako kaleetara jendea ateratzea adibidez. Horretan, zuek Kolonbiarekiko duzuen konpromiso eta elkartasunarekin hunkituta nago.

Azkenik, zerk ematen dio zentzua eta indarra Estatuaren biktima bati, aurrera egiteko?

Kasuan kasu ezberdina da, nahiz eta barnean agian oso antzekoa izan. Nire kasuan maitasuna da, duintasuna, elkartasuna eta errespetua. Semea hil zutenean, mendekua baino ez nuen nahi, denborarekin ulertu dut gauzak maitasunagatik egin behar direla, hori baita nire semeak ezagutu eta mirestu zuen aita. Eta maitasuna da aurrera egiteko nire bitamina. Semea gogoratzeak indarra ematen dit eta gazte bat polizia-etxetik ateratzea lortzen dudan bakoitzean, nire semearekin egin ezin izan nuena egiten dudala sentitzen dut. Manifestazio guztietan korrika ibiltzen naiz istiluetan gauzak lasaitu edo atxiloketak saihesteko, eguneko ordu guztiak ematen ditut inork ez dezan bukatu poliziaren eskuetan, ongi baitakit zer gertatzen den uniformedun hauek hartzen zaituztenean.


Azkenak
Lurraren defentsaren aldeko eta “inposizioen” aurkako oihua Gasteizko kaleetan

Euskal Herri osoan zehar daude mehatxupean hamaika baso, zelai, mendi zein nekazal lur. Horien defentsan diharduten tokian tokiko plataforma asko bildu dira larunbatean Gasteizen, EH Bizirik-ek deituta, inguru naturalaren “suntsiketaren” eta makroproiektuen... [+]


Trintxerpetik hasita, “auzo seguruen alde”

Trintxerpen hasi eta Donostian bukatu da hainbat kolektibok deitutako XXVIII. Arrazakeriaren Kontrako Martxa.


2025-03-24 | Irutxuloko Hitza
Donostia, berriz ere, Palestinaren alde

Milaka pertsona bildu dira larunbat honetan Palestinako herriari elkartasuna adierazteko eta “Israelek Gazan egindako genozidioa” amaitzeko eta Benjamin Netanyahuren gobernuak su-etenari berriro ekiteko eskatzeko. Gernika-Palestina herri ekimenak deitu du martxa,... [+]


Samariar baltsamoa

Sare sozialen kontra hitz egitea ondo dago, beno, nire inguruan ondo ikusia bezala dago sare sozialek dakartzaten kalteez eta txarkeriez aritzea; progre gelditzen da bat horrela jardunda, baina gaur alde hitz egin nahi dut. Ez ni optimista digitala nauzuelako, baizik eta sare... [+]


2025-03-24 | Irati Diez Virto
Lamia oinak bueltan dira

Ugaztunei eskainitako azken artikuluaren amaierako hitzak hurrengo animalia aurkezteko aitzakia paregabea dira. Bertan esaten genuen muturluzeak erreka “garbi eta txukunak” behar dituela, kutsadurarik gabeak baina elementu natural anitzekin. Animalia txiki horren... [+]


2025-03-24 | Jakoba Errekondo
Ilargiko borda, lurra eta ilintia

Bada Borda bat ilargian. Bai, bai, Borda izeneko krater bat badu ilargiak; talka krater edo astroblema bat da, ilargiaren ageriko aldean dago eta bere koordenadak 25º12’S 46º31’E dira; inguruan 11 krater satelite ditu. Akizen jaiotako Jean Charles Borda de... [+]


2025-03-24 | Garazi Zabaleta
Koloreko
Landareetatik eratorritako ile-koloratzaile natural eta ekologikoak

Donostiako Amara auzoko Izko ileapaindegi ekologikoak 40 urte bete berri ditu. Familia-enpresa txikia da, eta hasieratik izan zuten sortzaileek ile-apainketan erabiltzen ziren produktuekiko kezka. “Erabiltzaileen azalarentzat oso bortzitzak dira produktu gehienak, baina... [+]


Haur eta gazteen osasun mentalaren alde mobilizatu dira herritarrak

Psikiatria zerbitzua Bidasoatik Donostiako ospitalera lekualdatu dute. Hori salatzeko, 'Osakidetza entzun: osasun mentalik gabe ez dago etorkizunik' lemapean manifestazioa egin dute 12:00etan.


2025-03-21 | Iñaki Lasa Nuin
Ezegonkortasuna eta desoreka

Goizean jaiki orduko hasten dira desegokitasunak. Beharbada lotarako erabili duzun lastaira ere ez zen egokiena. Baina, ezin ba idatzi desegoki sentiarazten nauten guztiez. Horregatik, udaberriko ekinozioa –egunaren eta gauaren arteko oreka– dela eta, oraindik ere,... [+]


2025-03-21 | Axier Lopez
‘Pikoletoak’ ere Euskal Herrian euskaraz

Guardia Zibilaren historia bat - Hemendik alde egiteko arrazoiak izenburupean, datorren astean argitaratuko dugun 305. LARRUN aldizkariaren pasarte batzuk dira ondorengoak, erakunde armatuaren sorrera garaietan girotutakoak.


Rosa Zarra Ertzaintzaren pilotakadak hil zuen

Rosa Zarra Ertzaintzaren pilotakada baten ondorioz hil zela da Eusko Jaurlaritzako Poliziaren Biktimen Balorazio Batzordeak atera duen ondorioa, Berria-k jakinarazi duenez. Orain arte, Ertzaintzak beti egin dio uko bertsio horri, eta Rosa Zarra berak zuen gaixotasunaren ondorioz... [+]


Oier Sanjurjo
“D eredua bultzatzen eta ikastolen nortasuna zabaltzen ahaleginduko naiz”

Nafarroako Ikastolen Elkarteak lehendakari berria du. Oier Sanjurjok hartu dio lekukoa Elena Zabaleta Andresenari.  Beste zazpi kide izanen ditu alboan Sanjurjok.


Eguneraketa berriak daude