Irakurleak du azken hitza

  • Irakurle taldeak eta idazleekin egin solasaldiak nabarmen ugaritu dira azken urteotan. Herriz herri abiatu gara liburuen iruzkinak partekatzeak sortzen dituen ilusio eta kezken bila, Lapurdiko ertzetik Gipuzkoako kostara, Bizkaian barrena segituz, eta Nafarroako bihotzeraino.

Tere Irastortza, Neguko Poesia ataleko errezitaldian, Hendaian.
Tere Irastortza, Neguko Poesia ataleko errezitaldian, Hendaian.

Urrun dirudite irakurketa eliteen pribilegio ziren garaiek. Hezkuntza sistema arautuaren ezarpenak ekarri zuen egungo subjektu irakurle modernoa, bere irakurketen jabe dena, publizitateak eta sugestioak bideratutako jendarte batean hori posible den neurrian. Irakurketa bakarkakoa eta bakartia irakatsi zaigu, alabaina, gehienoi. Literatura aletzeko eta xehetzeko ez dugu ekimen kolektibo asko landu. Horregatik da interesgarri irakurle taldeen ugaritzea. Nekez errolda daitezke egun Euskal Herrian dauden klub guztiak, baina agenda literarioei begiratu bat ematea aski da haien hedapenaz jabetzeko. Askotarikoak dira. Batzuk, udaletatik zein liburutegietatik egindako eskaeraren ondorio sortu dira, norbanakoek sustatuak, bestetzuk. Idazleak taldeen “gidari” dira, zenbaitetan. Badira literatur gai zehatz baten inguruan solastatzeko biltzen direnak, baita Interneten bidez liburuak komentatzen dituz-tenak. Baina gehienak herriz herri abiatuta aurkituko ditugu eta literatura dute hizpide. Arratsalde-iluntzeetan bildu ohi dira liburutegietako geletan, sotoetan, hoteletan, elkarteetan. Literatura bizitzeko makina bat modu bada. Lau esperientzia ezagutu ditugu guk.

Hendaiako Akelarre elkarteko kide da Mikel Asurmendi (Zumarraga-Urretxu, 1958) Argiako kazetaria, eta herri berean, Literaturaren Menturan ekimenaren kudeatzailea. Lehen hiru urteetan (2005-2007) talde gabeko jarduna izan zen ekimena, Asurmendik berak proposatua eta bere ardurapean. “Idazle bati deitu eta hitzaldi bat ematen zuen hark, liburu baten gainean. Azken bost urteetan (2008-2012), berriz, taldean ari gara. Hitzaldietara zetozen zenbait lagunen artean taldea sortzea erabaki zen. Batzuek utzi dute, bestetzuk etorri dira, baina bada nukleo bat, bost lagunekoa”.

Ezagutu ditugun klubetan ez dira 15 lagunetik gora elkartu ohi, irakurtzeak eskatzen duen denboragatik, apika, edo taldean mantentzeak galdegiten duen jarraikortasunagatik, bestela. Hendaiako taldeak Neguko Poesia atalean poesia errezitaldia eskaintzen du, eta Udaberriko Narrazioa deiturikoan, idazlearen hitzaldia. Bai batean eta bai bestean, bi norabidetan ekiten du taldeak, Asurmendik argitu digunez: “Menturazaleok idazlearekin ordu luze batez biltzen gara, eta bere liburuari buruzko gure juzkuak eta aburuak ematen dizkiogu, batzuk kritikoak. Bestetik, galderak egiten dizkiogu. Entretenimendua eta ikasketa literarioa da gurea, batez ere”. Lapurdiko irakurleak oraingoz agurtu eta Gipuzkoara ailegatu gara kostako bideari jarraiki. Katu-kale da Getariako irakurle taldearen izena eta Uxue Alberdi (Elgoibar, 1984) antolatzailea. Hilean behin liburu bat irakurri eta bi hilean behin idazlea gonbidatu ohi dute Saiaz Hotelean egin bileratara. Getariakoaz gain, Zumaiako irakurle taldean ere parte hartzen du Alberdik, Irakurri matte izenekoan, Foronda kultur etxean. 10-15 lagun elkartzen dira bi taldeetan eta bi herenak edo gehiago emakumeak dira. Taldekideek, anitzak diren neurrian, ez dute helburu bakar bat: entretenimendua, irakurketaren plazera, euskal literaturarekiko interesa... Baina ezberdintasunak ezberdintasun, literaturaren kontzeptu kolektiboa gauzatzen da taldean. “Irakurketaren kontzeptu kolektiboak zabaldu egiten du irakurketa indibiduala, eta ideien eta letren mundua lurtartu egiten du. Konpartitzean esperientzia terrenalagoa bilakatzen da. Zinera bakarrik joatea oso gustagarria izan daiteke, baina pelikula amaitutakoan hartzen den tragoak ere badu zerbait berezia”, erantzun digu Elgoibarko idazleak. Jakina, norberak bere irakurketa propioa du, baina zerbait partekatzen dugun aldiro, gurea duguna eraldatu egiten da. “Liburuak hobeto ulertzen dira” akordarazten digu Alberdik. “Bakoitzari gauza batek ematen dio arreta. Bati gustatu zaiona, edo sinesgarri gertatu zaiona, edo hunkitu duena besteren batentzat disgustuko da, sinesgaitz, naif. Irakurketa batek ez du besteak baino gehiago balio”. Irakurle taldeen ezaugarririk behinena bakarrik egindakoa besterengana ekartzea da, elkarri banatzea. Aritzen direnek badakite trukearen balioa azpimarratzen, Hendaiatik Mikel Asurmendik egin bezala: “Batera edo bakarka irakurri eta gero kontrastatzean, hainbat ikuspegi agertzen dira, ezberdinak. Beraz, ikasi egiten dugu elkarrekin. Literaturak hamaika ertz ditu, eta denok ez dugu haietan berdin erreparatzen”.

Bakartzeari aurre egiteko modua

Durango, Markina, Iurreta, Bermeo. Basauriko Pozokoetxekoeta eta Igorreko kultur etxea. Isa Castillo da talde horien guztien arduradun. 8 eta 12 lagun artean batzen dira eta ohartzen gara orduan eta irakurle gehiago, orduan eta anitzagoak direla deskubritzen ditugun helburuak. Castillok aurreratzen dizkigu zenbait: “Batzuek gaztelaniaz irakurtzeko ohitura dute, baina ez euskaraz. Taldean beren burua behartzeko modua topatzen dute. Bestetzuei, merkatuan dauden liburuen artean zer irakurri aukeratzea kostatzen zaienez, etorrita ez dira hain galduak sentitzen. Badira liburua komentatzeko irakurketa arretatsuagoa egiten dutenak eta hori bilatzen dutenak”. Liburua komentatzeaz gain, saioak literatur munduko ekitaldiak, liburu berriak eta informazio osagarria jasotzeko uneak dira. Eta hitz egitekoak, bakartzetik alde egitekoak. “Egungo jendartean mahai baten inguruan jarri eta hitz egiteko aukera gutxi dago. Irakurtzea ekintza bakartia da, baina batzuok irakurritakoa komentatzeko beharra dugu. Literatura, neurri batean, jendartean eztabaidagai diren gaien isla denez, liburuen bitartez gure buruei buruz hitz egiten dugu”, nabarmendu digu Castillok. Ohikoa izan ohi da hizketaldietan liburuko esperientzietatik norbere bizitzakoetara iragatea eta liburua alboratuta geratzea. “Askotan gertatzen da, baina non amaitzen da literatura eta non bizitza?” egin digu Alberdik gogoetarako gonbitea.

Irakurleez ikasten

Txantreako Euskaldunon Biltoki elkarteko partaide da Aingeru Amorebieta (Trintxerpe, 1955). Duela 4 urte sortu zuten irakurketa taldea Iruñeko auzo mitikoan eta 5-6 lagun batu ohi dira lemazainen beharrik gabe. “Berdinak gara denok eta denon artean aukeratzen ditugu liburuak. Gure bilerak oso xinpleak dira: hiru astetik behin elkartu eta gidoirik gabe solastatzen dugu”, erran digu Amorebietak. Modu berean, ez dute irizpide espezialik liburuak hautatzeko. Kide batek liburu bat proposatu izana, edo egunkariko iruzkin literario bat irakurri izana, gomendio bat, apika, aski arrazoi bada aukeraketa gauzatzeko. Umorea galdu gabe, Amorebietak irakurle taldeen jardunari beste ezaugarri kolektibo bat txertatzen dio, liburua merkatu logika kapitalistatik ateratzera gonbidatuz. “Hasieran liburua erosten genuen. Orain liburutegietakoak erabiltzen saiatzen gara. Badakizu, gaurko etxeetan toki gutxi dugu eta liburuak garesti samarrak dira!”.

Idazleei egiten zaien parte hartzeko gonbidapena bere modura kudeatzen du klub bakoitzak. “Oso gutxitan ekarri izan dugu norbait. Liburua gure artean komentatzea gustatzen zaigu”, argitu digu Iruñean bizi den trintxerpetarrak. Eta bai, arrazoizkoa dirudi. Pentsa daiteke idazlea bertaratzeak izan baduela arriskurik. Ez al du iruzkinen nolakoa baldintzatuko? Isa Castillok onurak besterik ez dizkio ikusten, ordea. “Jendeak atsegin du idazlea ezagutzea. Ez du irakurketaren norabidea baldintzatzen, saioarena baizik. Gainera, liburuaren inguruko anekdotak kontatzeaz aparte, idazketa prozesua ezagutzea interesgarria da”.

Ideia hau berretsiz, Hendaiako taldean “entretenimendua eta ikasketa literarioa” azpimarratu zituen Asurmendik, eta Alberdik, bide beretik jo: “Ez dugu idazlea epaiketa publiko batera gonbidatzen. Asmoa interesa pizten digun ogibide bati buruz, liburu jakin bati buruz gehiago ikastea da, eta une interesgarri eta atsegina igarotzea”. Idazle den aldetik, irakurlez inguratu izanak oparitu dion lezioa ere argitu digu elgoibartarrak: “Irakurle askok irakurritakoaren inguruan hitz egin nahi izaten dute idazlearekin, ez hari entzun bakarrik. Hemendik aurrera, idazle gisa gonbidatzen banaute, gutxiago hitz egiten eta gehiago entzuten ahaleginduko naiz”. Irakurlea eta idazlea gurutzatzen diren lekua izan, hurbil deritzan letren aberrian. Horra irakurle taldeek eskaintzeko dutena. Jaurti dezala lehen hitza idazleak, eta azkena, irakurleak.


Azkenak
Kutxa Banku Fundazioa ez da ados agertu Arriolaren adierazpenekin: “Euskara ez da oztopo”

Kutxa Banku Fundazioak adierazi du Kutxabankeko presidentearen adierazpenek ez dutela fundazioaren pentsamoldea islatzen, "Hizkuntza aniztasuna beti da aberastasun iturri, nekez izan daiteke oztopo", argudiatu dute.


Lineal A idazkunik luzeena

Lineal A duela 4.800-4.500 urte erabilitako idazkera minoikoa da. Berriki, Kretako Knossos jauregi ezagunean, bolizko objektu berezi bat aurkitu dute, ziurrenik zeremonia-zetro gisa erabiliko zutena. Objektuak bi idazkun ditu; bata, kirtenean, laburragoa da eta aurkitutako... [+]


Gizonak frontera, emakumeak zubira

Londres, 1944. Dorothy izeneko emakume bati argazkiak atera zizkioten Waterloo zubian soldatze lanak egiten ari zela. Dorothyri buruz izena beste daturik ez daukagu, baina duela hamar urte arte hori ere ez genekien. Argazki sorta 2015ean topatu zuen Christine Wall... [+]


Resako aztarnategia Andosillan
Ebroko muga zaharraren lorratzetan

Nafarroako Erriberako Andosilla herrian, sorpresa ugari ematen ari den indusketa arkeologikoa egiten ari dira Aranzadiko arkeologoak eta herritar boluntario taldeak. Resako aztarnategian orain arte oso ezezaguna zaigun Goi Erdi Aroko gizarteak hobeto ulertzeko aztarnak aurkitu... [+]


Pippi Kaltzaluzek 80 urte bete ditu, beti bezain iraultzaile

Pippi Kaltzaluzeren istorioak lehenengoz kaleratu zirenetik 80 urte bete direla-eta, leku berezia eskaini diote Boloniako Nazioarteko Haur eta Gazte Liburu Azokan. Azkarra, independentea, errebeldea, lotsagabea, menderakaitza, apur bat basatia, sormen handikoa, ausarta eta... [+]


Trans Pertsonen Lehen Mailako Arretako Zerbitzuak jarriko ditu abian Osakidetzak

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako trans pertsonei zuzendutako protokolo asistentziala eguneratzea da helburua. Lehen Mailako Arretako Taldeak (LMAT), trans pertsonentzako Lehen Mailako Arretako Zerbitzu berriak (tLMAZ) eta Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean dagoen Genero... [+]


Osakidetzako datuen kontraesanak: itxaron-zerrendak behera, herritarren kexak gora?

Jaurlaritzak ziurtatu du itxaron-zerrendak bi hilabetetik behera jaitsi direla azken hiruhilekoan. Manu Lezertua EAEko arartekoak, berriz, beste datu bat nabarmendu du herritarren kexei buruzko urteko txostenean: Osakidetzari dagozkion kexak %70 igo dira, eta batez ere... [+]


“Neutrotzat aurkezten dena, egiaz, ideologia nagusiaren konplizea da”

Gozamen aparta bezain deskribatzeko zaila dakar, norbaiten hitzak irakurri edo entzun ostean, zera pentsatzeak: “Horixe zen neu aurreko hartan azaltzen saiatu nintzena!”. Idazlea eta itzultzailea da María Reimóndez, eta galegoz aritzen da, hizkuntza... [+]


Unibertsitate pribatuak sortzeko baldintzak gogortu nahi ditu Espainiako Gobernuak

Ugaritu diren “txiringito pribatuei” muga jartzeko asmoz, unibertsitate berriak sortzeko baldintzak gogortu nahi ditu Espainiako Gobernuak. Euskal Herrian polemika artean jaio zen azken unibertsitate pribatuak adibidez, Gasteizko Euneizek, gaur gaurkoz ez ditu... [+]


2025-04-02 | Cira Crespo
Espainiako bandera

Juan Bautista Bilbao Batxi idazleak barku batean egiten zuen lan, eta bere bidaietako kronikak bidaltzen zituen Euzkadi egunkarira. Horri esker, XX. mende hasierako mundu osoko kronika interesgarriak ditugu, euskaraz. 1915eko ekainean, hain zuzen, Murtzian egin zuen... [+]


Segurtasuna, etorkinak eta beldurra

Segurtasun falta dagoen irudipena handitu dela azaldu du Eustaten azken txostenak. Gurean, Trapagaranen, Segurtasuna orain, delinkuenteen aurka manifestaziora deitu dute herritar batzuek.

Bi izan dira sentsazio hori zabaltzeko arrazoiak. Batetik, udalak Udaltzaingoaren... [+]


Haurtzaroaren denbora

Haurtzaroaren amaiera eleberri distopikoa idatzi zuen Arthur Clarkek, 1953. urtean: jolasteari utzi dion gizarte baten deskribapena. Eta ez al da bereziki haurtzaroa jolasteko garaia? Jolasteko, harritzeko, ikusmiratzeko eta galdera biziak egiteko unea. Ulertzeko tartea zabalik... [+]


2025-04-02 | Castillo Suárez
Erantzunak

Badira etxebizitzak saltzeko atarietara harpidetuta daudenak, etxe bat erosi nahiko luketelako. Tarteka etxeak ikusteko hitzorduak ere egiten dituzte, eta seguru nago saltzaileak badakiela pertsona horiek ez dutela etxea erosiko, ez bisitan etxeari aurkitzen dizkioten baina... [+]


Eguneraketa berriak daude