"Monopolio mediatikoari erresistentzia egiteko baliagarri dira irrati komunitarioak"

  • Baimen legalik gabeko ehunka irrati daude Hego eta Erdialdeko Amerikan. Irrati komunitarioak dira, "erresistentziaren ahotsak". Maia, garifuna edo gaztelania hizkuntzetan, herrien nortasunen eta aldaketa sozialaren bozgorailu dira. Batzuek Comunicador@s Populares por la Autonomia (COMPPA) elkartearen lankidetza jasotzen dute. Elkarte horretako kide dugu Tim Russo.

"Setio informatiboa gainditzeko, bertako komunitateek euren hedabideak eraiki behar zituztela argi zegoen".

Jatorriz AEBetako Coloradokoa izan arren, Russok hamar urte baino gehiago daramatza Mesoamerikan bizitzen, Mexikon eta Hondurasen. COMPPA taldearen sortzailea da eta irrati komunitarioak altxatzen dihardu, baita komunikazio herrikoi ikastaroak antolatzen ere. Xede zehatza du: ikasitakoa bertakoek epe luzean erabiltzea, kanpoko inoren laguntzarik gabe.

Noiz eta nola hasi zinen komunikazio alternatibo asmoetan?

Indymediarekin. AEBetako Seattle hirian gorpuztu zen proiektu hura, 1999ko abenduan Munduko Merkataritza Erakundearen gailurraren aurka egindako mobilizazio eta jardunaldietan. Globalizazio liberalaren kontrako dinamika altermundialistaren lehen pausoak izan ziren, eta munduko 160 elkarteren artean erabaki genuen Indymedia sarea sortzea. Informazio askea hedatzeko tresna berritzailea zen eta potentzial handia sumatzen genion, Internetekin sekulakoak egin zitezkeela uste baikenuen. Elkargune garrantzitsua da Indymedia, baina denborarekin mugak ere agertu ziren. Batetik, ez zuen benetan hurbileko hedabide gisa funtzionatzen eta soilik antolatuak ginen jendeak genuen erabiltzen. Bestetik, herri askotan oraindik ere etxean Internet konexioa ukaitea oparia da. Esate baterako, Mesoamerikan biztanleen %2ak baino ez dauka.

Horregatik sortu zen COMPPA, komunikazio arloan beste tresna batzuen jorratzeko?

2001ean, Chiapasen, Puebla Panama Planaren kontrako jardunaldiak iragan ziren. Azpiegitura proiektu handiei aurre egiteko eta setio informatiboa gainditzeko, bertako komunitateek euren hedabideak eraiki behar zituztela argi zegoen. Egitura batzuk ezarri ziren orduan martxan, hala nola COMPPA. Bi arlotan lan egiten dugu geroztik, beharren araberako tresna komunikatiboen muntatzen eta trebatze tekniko eta logistiko eskolak antolatzen, hezkuntza herrikoiaren printzipioei jarraiki. Irratigintza da gure zeregin nagusia, nahiz eta bideogintza, aldizkariak, Internet eta afixak ere lantzen ditugun. Ez gara gobernuz kanpoko erakunde klasikoen moldetan ari, gure taldea lekuko iniziatiben jalgitzearekin desagertzen da. Azken urte hauetan, goitik beherako egitasmo ugari ari dira gauzatzen Mesoamerikan, finantzaketak direla medio. Taileritis antzeko eritasuna garatu dute: urte bukaeran diru xahutzea orekatzeko, komunitateetara doaz edozer ikastaro egitera, denak epe laburrekoak, bertakoen beharretan oinarritu gabe eta elkarlanari leku gutxi emanez.

Zuek altxatutako irratiek zer ekarri diete komunitateei?

Mexikon, Guatemalan eta Hondurasen, monopolio mediatikoak kargudun politiko, enpresaburu eta lurjabe handien esku daude, etengabe ari dira erresistentzia mugimenduak kriminalizatzen. Egoera horri erantzuteko, irrati komunitarioak oso baliagarri ari dira suertatzen. Jende asko informazioaren aktore eta ekoizle bilakatu da haiei esker. Edateko on den urarekin pareka daiteke: urteetan informazio kutsatua edan ondoren, beste dutxulua ireki eta berehala nabaritzen da bizi-baldintzen hobekuntza. Ez dira soilik azpiegitura edo politika jakin batzuen kontrako informazioaren transmisioa, kulturak eta hizkuntzak indartzen dituzte, elkarrizketa guneak irekitzen, emazteei lekua ematen, diasporan daudenei ahotsa lagatzen. Toki frankotara heltzen dira eta haiek erabiltzeko ez da irakurtzen eta idazten jakin behar. Ahozko ondarearen segida dira. Irrati gehienak elkar-konektaturik daude eta informazio trukaketa burutzen dute.

Nola iragaten da, zehazkiago, irrati baten eraikuntza?

Komunikazio herrikoi eskolak egon ohi dira lehenbizi. Informazio eskubidea, generoa eta informazioa edo herrien eskubideak lantzen ditugu alde teknikoak begiratu aitzin. Gero, eraikina komunitateak eraikitzen du eta eskola bukatzearekin estreinatzen da irratia. Antenen diagnostikoa, Internet bidez emankizunen aberastea, irrati kabinen muntaketa komunitateek berek dituzte gobernatzen. Arazoak daudelarik, erregularki biltzen gara haiekin diagnostikoak eta konponketak egiteko. Antenak, kabinak eta material elektrikoa AEBetatik heldu dira gehienetan. Irratiekin batera, babes handiagoa ukaiteko, nazioarteko ikuskarientzat jende eskubideen behatokiak altxatzen dira eraikinen ondoan, militarrek eta sikarioek batzuetan irratiak erasotzen dituztelako. Gaur egun, mota horretako hamar irrati daude Hondurasen, eta Guatemalan bost. Zapatisten ereduari jarraitzen diote (halako hamabi irrati daude Chiapasen): trebatzaileek jaso duten prestakuntza ikasle berriei irakasten diete, irratiak osoki autonomoak izan eta epe luzean aritu daitezen.

Sarri ibiltzen zara Mesoamerikan gaindi. Obamaren lehendakaritzak herri horien egoera aldatu duela uste duzu?

AEBen kanpo-politika definitzeko inperialismo hitza erabiltzen zen lehen. Dena den, maila horretan, gauzak ez dira asko aldatu. Fidel Castro, Daniel Ortega edo Manuel Zelaiari aurre egiteko burutu operazioak AEBetako eskuin-muturrak ditu oraindik ere pentsatzen eta zuzentzen, Alderdi Demokrata erabaki horietatik kanpo dago beti, Gobernuan egon edo ez. Herri lagunetan, bortizkeria eta segurtasun eza dira orain arazo nagusiak. AEBek aholkularitza militarra eramaten dute Mexikora eta Hondurasera, narkotrafikoaren kontrako gudaren izenean. Armada kalera atera da baina biolentzia ez da baretu, egia erran emendatu egin da. Droga erosi eta armak saldu, betiko tratuan dabiltza. Mexikon Calderón lehendakariak ozenki dio ez dela AEBen morroia baina inork ez du sinesten, Ipar Ameriketako transnazionalak dira lurren jabe. Eta Guatemalan, militar ohi batek ditu hauteskundeak irabazi, egitarau guztia delinkuentziaren kontrako esku gogorrean oinarrituz. Mugimendu sozialek adierazpide politikoan indarrik ez dutela erakusten du horrek, eztabaida handia dago hautesbideen inguruan, erabili behar diren ala ez jakiteko. Hondurasen bi korronte nabarmendu daitezke erresistentziaren baitan, hauteskundeen bidez berriz ere boterea eskuratu nahi duena eta arlo horretatik kanpo lan egin nahi duten mugimenduak.
Oro har, estatistikei erreparatzen badiegu, egia da Mesoamerika munduko lurralde arriskutsuena bilakatu dela, Irak eta Afganistanen aurretik. Zigorgabetasuna, ustelkeria, aberastasunen partekatze eza dira, dudarik gabe, egoera honen arrazoi nagusiak.

Bukatzeko, AEBetan piztu protestek, Occupy Wall Street modukoak, zer iradokitzen dizute?

Ezinbesteko adierazmoldeak dira. Jendea apatiatik eta zinismotik jalgitzen hasia da, analisi eta kritika propioak egiten, kapitalismoak gidatu norabidea zalantzan ezartzeko. Munduaren zati handia hondamendira eramaten ari den lurraldean, halako protesten iragaitea beharrezkoa da. Estatuak biztanleak lagundu behar dituela aldarrikatzen dute, enpresa eta bankuen ordez. Analistek, politikariek eta prentsa komertzialak espero zuten mugimendua itzali egingo zela, baina ez da halakorik gertatu. AEBetako beste leku askotara hedatu da Occupy dinamika, Grezian, Egipton, Txilen edo Espainian iragan mugimenduetan inspiratuz. Biztanleen %1ak irabaziak ukaiteko %99ak sufritzea aski dela erraten dute, sinpleki, demokrazia galdeginez.


Azkenak
ANALISIA
Aznarrek lagundu diola Aitor Estebani?

Aitor Esteban izango da EAJko EBBko hurrengo lehendakaria eta jeltzaleek salduko dute horrela, zuzendaritza berrituta, buruzagitza berria prest dagoela alderdiaren berrikuntza prozesuarekin jarraitzeko.


Udaltzainen hizkuntza eskakizunen aurkako oldarraldia Donostian, Astigarragan eta Usurbilen

Donostiako Udalak 2024ko irailean helegitea jarri zuen, urte bereko urtarrilean epaileek bi udaltzainen B2 hizkuntza eskakizuna baliogabetu zutelako. EAEko Auzitegi Nagusiak helegitea ez du tramitera ere bideratuko, “kasaziorako interes objektiborik” ez dagoelako... [+]


“Mezu faxistak” zabaltzen dituen EHUko Arabako Campuseko irakaslea salatu du Ikamak

Gasteizko EHUko Farmazia Fakultateko irakasle batek sare sozialetan “mezu faxistak” zabaltzen dituela salatu du Ikama ikasle taldeak. Joan den irailean, EHUk Leioako Campuseko irakasle bat kanporatu zuen sare sozialetan zabaltzen zituen mezuengatik.


Raimundo el Canasterori babesa adierazi diote 230 musikarik, eta musikaren bidez boterea kritikatzea zilegi dela aldarrikatu dute

Belako, Chill Mafia, Eñaut Elorrieta, Fermin Muguruza, Ibil Bedi, J Martina, ØDEI, Olaia Inziarte, Nøgen eta Tatxers daude sinatzaileen artean. 237 musikariren zerrenda argitaratu dute.


'Itzal(iko) bagina'
Hemen gezurra nagusi

Itzal(iko) bagina
Taldea: Lokatz Loreak.
Aktoreak: Araitz Katarain, Janire Arrizabalaga eta Izaro Bilbao.
Zuzendaria: Iraitz Lizarraga.
Noiz: otsailaren 2an.
Non: Usurbilgo Sutegi aretoan.

-------------------------------------------------------
 
Bertsoa bertsolaritza,... [+]

Behe Bidasoako eraso faxistak eta Devenir Europeo

Eraso faxistak, xenofoboak edo homofoboak gero eta ugariagoak dira Euskal Herrian ere, eta kezka barreiatu da han-hemenka. Behe Bidasoa da eraso horiek pairatzen dituen eremuetakoa, eta hor, zehazki, eraso edota ekintza gehienak Devenir Europeo (Europaren bilakaera) izeneko... [+]


Argitaratu gabeko 36ko gerrako bideoak eskura jarri ditu Los Angelesko Unibertsitateak

Donostiako eta Gipuzkoako beste udalerrietako irudiak ikus daitezke unibertsitatearen webgunean.


2025-02-07 | Aiaraldea
Amurrioko Udal Gobernuari entregatu dizkiete Aiaraldea Komunikabidearen dirulaguntza berrezartzearen aldeko 1.700 herritar eta eragileen atxikimenduak

Komunikabideko hainbat langile eta bazkide bertaratu ziren duela astebete Amurrioko Udaleko plenora, dirulaguntza bigarren urtez ezabatu dela salatzeko. Txerra Molinuevo alkateak ez zuen inolako erantzunik eman.


Erorien Monumentuko sinbologia faxista duten elementuak kentzeko eta interpretazio zentroa sortzeko lege proposamena aurkeztu dute

PSN, EH Bildu eta Geroa Bai talde parlamentarien sinadurarekin aurkeztu da gaur eta onartua izateko babesa izango du.


2025-02-07 | Gedar
Txantreako Eunate ikastetxeko irakasle erasotzaileak alde egitea lortu dute ikasleek

Iruñerriko IAk azaldu duenez, irakasle horrek ikasleak sexualizatu eta bortxaketak justifikatu zituen. Aurreko ostiralean eserialdi bat egin zuten eta sinadura bilketa bat izan dute martxan, irakaslea botatzeko.


2025-02-07 | Uriola.eus
Bi gizonek eraso homofobikoa salatu dute Bilbon

Lauzpabost pertsonak osatutako talde batek jo egin zituzten baita irain homofoboak egin ere.


2025-02-07 | Euskal Irratiak
Ximun Fuchs
“Euskal irainak baitezpadakoak zaizkigu, elbarritu emozionalak ez gaitezen izan”

Le Tampographe Sardon enpresak salgai ezarria du 24 laidoko zigilu-kutxa. Sarean eskuragarri da. Ximun Fuchs aktoreak du hautaketa lana egin, irainak "lan tresna" baitira beretzat.


Aktibismoan osasun mentala zaintzeko zenbait tresna

Aktibisten ezinegonak bildu, eta horiek kolektiboki lantzeko gida bat sortu dute zenbait aktibistek. Besteak beste, estresa, beldurra, frustrazioa eta nekea landu dituzte.


Eguneraketa berriak daude