Errealitatea deformatzeko artea

  • Gure planeta zatika nahiz osorik irudikatzeak desitxuratzea ekarri du beti berarekin. Hasieran, oztopo teknikoengatik, lurra biribila zela jakitean, esfera plano bihurtzeagatik, eta, batez ere, mapagintza agintarientzat alor estrategikoa izan delako eta mapak nahieran aldatu eta erabili dituztelako. Eta gurean, Euskal Herria oinarririk gabeko asmakizuna omen delako.

Abraham  Orteliusen 1570eko munduko mapa. Kontinente guztiak ezagunak izaki eta teknologia hobetuta, XVI. mendean mapak asko hobetu ziren, baina oraindik esfera plano bihurtzeko zailtasunek deformazio handiak eragiten zituzten.
Abraham Orteliusen 1570eko munduko mapa. Kontinente guztiak ezagunak izaki eta teknologia hobetuta, XVI. mendean mapak asko hobetu ziren, baina oraindik esfera plano bihurtzeko zailtasunek deformazio handiak eragiten zituzten.

Antzina, lurra ibai handi batez inguratutako disko laua zen (edo hori uste zuten lurtarrek). Dakigula, Miletoko Tales izan zen, K.a. VII. mendean Lurra esferikoa dela esan zuen lehena. Baina ez zuen arrakasta handirik izan, eta mundua marrazteko diskoa erabili zuten hainbat mendez, Greziako filosofo handiek, eta nagusiki Aristotelesek, esferikotasuna gailentzea lortu zuten arte.
Forma behin betiko ezarri ondoren, Lurrak neurria behar zuen, eta horretan jardun zuten zientzialariek. Haietako bat Alexandriako liburuzaina izan zen, Eratostenes, K.a. III. mendean. Oztopo teknikoak oztopo eta akatsak akats, emaitza harrigarria lortu zuen: 39.500 kilometroko zirkunferentzia (benetakoa 40.000 ingurukoa da).

Baina mapak egiteko, kontuan izan behar zen gainazal lau batean marraztutakoak izatez biribila den errealitatea islatu nahi duela. Berriz ere, greziarrak izan ziren horretan aitzindari. K.a. II. mendean Hiparko astronomoak egin zituen lehen proiekzioak. Deformazioa saihestezina zen, baina lurra ahalik eta gutxien desitxuratzea zen proiekzio horien helburua. Alabaina, aurrerantzean askotariko interesak izango ziren nagusiki mapak desitxuratuko zituztenak, eta ez oztopo teknikoak.

Elizarekin topo

Erromatarrek eutsi egin zioten mapagintzari, baina greziarrek itsasoari begiratzen bazioten, haiek lehorrari. Erromatar kartografiak helburu praktikoa besterik ez zuen; ejertzito, zerga biltzaile eta abarrentzako tresna izatea, alegia.
Arabiarrek klasikoen jakintza gorde zuten, Indiako eta Ekialde Urruneko aurrerapenez aberastuta. Baina  Europan erlijio hutsean oinarritutako munduaren irudiak ohiko bihurtu ziren Erdi Aroan. Adibidez, Lurra hiru zati sinbolikotan banatzen zutenak, orduan ezagunak ziren hiru kontinenteetako bakoitza adieraziz. Europa eta Afrika behealdean zeuden, ibai batek banatuta; Asia, berriz, goian (garai hartan paradisua bertan zegoela uste baitzuten).

Geografia eta teologia uztartzen zituzten irudi haiek ez zituzten marinelen beharrak asetzen. Horregatik, mapa erabilgarriagoak egiten hasi ziren, beren kabuz, XII. mendean Asiatik etorritako iparrorratza baliatuta. Praktikoak ziren, eta nahiko zehatzak, baina nabigazioa erraztea beste helbururik ez zuten. Munduaren ezagutzari dagokionez, Eliza katolikoaren “kartografia” nagusi zen. Europarrentzat, urruneko lurraldeak fantasiazko izakiz eta aurkitu gabeko aberastasunez josita zeuden.

Jakintza estrategikoa

XV. eta XVI. mendeetan, Europako itsas potentzien espansionismoak goitik behera aldatu zuen kartografia. 50 urte eskasetan, munduaren ikuspegia guztiz zabaldu zen. Berpizkundean zientzia erlijioaren katetik askatu zen, eta mapagileak munduari gaur duen itxura ematen hasi ziren. Mercatorrek, 1569an argitaratutako atlasean, kartografia modernoaren ezaugarri gehienak bildu zituen, eta XVI. mendearen amaieran, artean lurralde ezezagunak zeuden arren, munduak gaur egungoaren antzeko irudia zeukan.

Baina kartografia funtsezko jakintza estrategiko bihurtu zen. Hala, zientziaren garapenak, neurtzeko tresna gero eta modernoagoek, Amerikako eta Ozeaniako lurraldeen aurkikuntzak… mapa fisiko geroz eta zehatzagoak ekarri zituzten, baina interes politikoek ezarritako mugek mapa politiko geroz eta deformatuagoak eragin zituzten. Esaterako, gerra napoleonikoen amaieran, 1815eko Vienako Kongresuaren xede nagusietakoa Europako mapa politikoa berriro marraztea izan zen. Eta Afrikako mapa politikoari erreparatu besterik ez dago kartografiaren desitxuratze politikoaz jabetzeko.

Gainera, mendetan zehar munduko atlas gehienek Europa erdigunetzat hartu izan dute. Eurozentrismoa mapagintzan ere nagusitu dela, alegia. Hala, planeta osoko mapetan gure kontinentea proportzio txukunetan ikusten ohitu gara, Ozeania, Groenlandia, Alaska edo Antartika erabat deformatuta agertzeari garrantzi handirik eman gabe. Historia garaileek idazten duten bezala, mapak garaileek marrazten dituzte.

Baina ez dago, ez denboran ez espazioan, urrun joan beharrik mapen deformazioaren lekuko izateko.

Euskal Herriko maparen zauri berriak

“Euskal Herriko historia Nafarroarekin batera kontatzen duten eskolak jazarri eta zigortu behar ditugu”, esan zuen Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko presidenteak, 2003an. José María Aznar Espainiako presidente ohiak, aldiz, “Euskal Herria iruzur bat da” bota zuen 2008an. Urte berean, “Zapaterok bi hilabeteko epea eman du Euskal Herria terminoa euskal eskoletako Curriculumetik ezabatzeko”, irakurri genuen El Correo egunkariko artikulu batean. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak legez kanpokotzat jo zituen Euskal Herria hitza dakarten euskarazko testuliburu guztiak.

Ordurako, egun batetik bestera, eguraldiaren mapa aldatu egin zuten ETBn. Eta egun, Euskalmeten webgunean sartuz gero EAEko mapa ageri da lehenik, baina egun bat aukeratuta klik eginez gero, Iparraldean eta Nafarroan ere zer eguraldi egingo duen jakin dezakegu (EAEko mugak nabarmenago markatu arren).

Eskizofrenia kartografiko moduko hori larriagoa da hezkuntzan. Euskarazko testuliburuetan Euskal Herria kontzeptua Euskadi bihurtzen ari da derrigorrez, eta EAEko mapak Euskal Herrikoak ordezkatzen ari dira. Horrek esan nahi du, adibidez, iaz 12-13 urteko ikasle batek Gizarte Zientzietako liburuan Euskal Herriko mapak zituela, eta datorren urtean EAEko Geografia eta Historia soilik ikasiko dituela. Kontu ideologikoak albo batera utzita ere, logika pedagogikoak dio gure lurraldeetako Antzinaroko edo Erdi Aroko historia EAEra mugatzeak eta Nafarroa baztertzeak ez duela zentzurik. Eta, krisialdi betean, logika ekonomikoak dio euskarazko ikasleentzat hiru testuliburu bereizi (EAE, Nafarroa eta Iparraldea) prestatzea ez dela bideragarria. Baina logika gailendu artean, ikasleek Nafarroako Erresumarik gabeko euskal historia zentzugabea ikasiko dute, eta Nafarroan eta Iparraldean euskaraz ikasten dutenek EAEn bizi direla imajinatu beharko dute.

Kartografia sozialera bidean?

Euskal Herriko eguraldiaren mapagileek edo testuliburuetakoek oraindik badute lana mapak agintarien nahieran moldatzen. Baina, oro har, kartografia klasikoa hilzorian dago, teknologia berriek ekarritako kartografia automatikoaren mesedetan. Google Mapsen satelite bidezko irudiek Vermeerek margotutako kartografoen irudi erromantikoa ezabatu dute, autoetako gps nabigatzaileek paperezko errepide mapa tolesgarri tolestezinak ordezkatu dituzte…

Kartografo berriek, biziraun nahi badute, espezializaziora jo behar dutela uste dute batzuek. Esaterako, munduko erronka nagusietakoa uraren kudeaketa da, eta hala, kartografia hidrologikoak etorkizuna izan dezake.

Baina bada alternatiba zabalago bat: kartografia soziala. Vladimir Montoya antropologo kolonbiarraren hitzetan, “mapa ofizialak botere eta mendekotasuna harremanek baldintzatutako ezaguera tresnak dira. Pentsamendu kartografikoaren zentsurek zurruntasun geografikoa botereak eskatu bezala malgutzen dute, eta teknikak konpon ditzakeen baina ordena politikoak inposatzen dituen hutsuneak, isiluneak sartzen dituzte”. Haren ustez, mapek ez dute soilik lurraldea irudikatzen, lurraldea sortu ere egiten dute. Eta kartografia sozialak lurralde bidezkoagoa sortzen lagundu behar luke. Kartografia tradizionala “kanpoko adituek” egin dutela dio, eta kartografia soziala “barrutik” egin behar dela, mapak tokiko eragile sozial guztien ezagutzak aintzat hartuta egin behar direla.

Eta horrela, agian, lurraldea desitxuratzeko artea lurraldea itxuratzen hasiko da.

Afrikako pastelaren banaketa

XIX. mendean, Europako potentziek Afrikako kontinentea esploratutako eremuen arabera banatu zuten. Baina Afrikan lurralde gehienak kolonizatu gabe zeuden oraindik. Hala, elementu geografiko ezezagunei eta bertako biztanleek mendeetan mugatutako lurraldeei jaramonik egin gabe eskuaira erabiliz marraztu zituzten mugak.

Ingelesek bloke bat egin nahi zuten Kairotik Lurmutur hiriraino; frantsesek Senegaletik Sudaneraino; alemaniarrek beherago, egungo Tanzaniatik Kameruneraino; eta portugaldarrek Angola eta Mozambike batu nahi zituzten. 1884an Berlinen burututako biltzar batean mugako lerroak nola marraztu arautu zuten: kostaldean bi puntu markatzen ziren eta lehorrean sartzen ziren bi lerro marrazten zituzten laukizuzena itxi arte, laukizuzenaren barruko lurralde guztiak kolonizatzeko. Ederki ikusten a hori, esaterako, Nigerren, Togon edo Boli Kostan.

AEBetako estatuen arteko muga gehienak eta AEB eta Kanada arteko muga ere lerro zuzenez eginak daude. Baina Afrikan ez bezala, han biztanleria autoktonoa suntsitu egin zuten, eta biztanle berriek ez zuten arazorik izan beraiek jarritako mugetan bizitzeko. Afrikan, aldiz, mendetan etsai izandako herriak batu zituzten, eta batera bizitakoak banandu; eta kolonizazio errukigabea gatazka iturri da oraindik kontinente beltzean.

Euskal Herria aitortu du kartografiak

“Euskal Herria hitzarena edo lurraldeko maparena berria da, izugarria, gure izaera historikoaren muinaren aurkako erasoa. Sekula inor ez da ausartu hainbeste egitera. Etorkizunean existitzeko aukera ukatzeaz gain, sekula existitu ez garela diote” dio Jose Mari Esparzak Mapas para una nación liburuan (Txalaparta, 2011).

Lan horretan, Esparzak XI. mendetik hasi eta gaur arteko ehundik gora mapa bildu ditu, gehienak atzerriko bidaiariek, gerra kronikagileek, hizkuntzalariek… eginak, eta gehienak Euskal Herriko zazpi lurraldeak (edo Hegoaldeko lauak) biltzen dituztenak. Mapei lotuta, historian zehar euskaldunon lurraldeari emandako izenak ere biltzen ditu. Beraz, “nazioartean” onartutako lurraldea eta kontzeptua lantzen ditu liburuak, ez euskal herritarrek eman nahi izan dizkioten lurraldea eta kontzeptua. Frankismo garaian Espainian egindako mapa batzuek ere Euskal Herri osoa hartzen dutela ikus daiteke lan horretan, edo 1980ko hamarkadan Iruñeko Udalak argitaratutako liburu batek orain ukatzen den lurraldetasuna jasotzen duela.

Wasconia mapa batean lehenengoz irudikatu zutenetik mila urte igaro direnean, Euskal Herriko mapa (literalki) txikitzeko erasoak ugaldu dira; Esparzarentzat lurraldetasunaren aurkako “azken gudu modukoa” da. “Horregatik, horrelako liburuak beharrezkoak dira, sekula argitaratu behar ez liratekeen arren. Espero dezagun, egunen batean, guztiok begien bistakoa dena onartuko dugula”.


Azkenak
Hobari fiskalak gazteei: ‘On falling' filmaren eragina?

Gazteei PFEZa murriztea edota zenbait kasutan deuseztatzea proposatu du Portugalgo Gobernuak, baina momentuz hizpidea baino ez du ipini, ez baitago argi aurrekontuak onartu ahalko dituen, gobernua osatzen duten alderdiek ez baitute-eta gehiengo parlamentariorik. Espainiako... [+]


Eskola-jantokietan catering-enpresen zerbitzua blindatu du Jaurlaritzak

Catering-enpresarik gabe jardun nahi duten eskolentzat bestelako eredu bat arautzea adostu zuen Eusko Legebiltzarrak 2019an. Horren ordez, catering-enpresen bidezko zerbitzua ematera derrigortzen ditu ikastetxeak Eusko Jaurlaritzak berriki argitaratu duen aginduak. Bitartean,... [+]


2024-10-15 | Julene Flamarique
Gabriel Arestiren argitaratu gabeko olerki bat eskuratu du Jon Kortazarrek

Urriaren 14an 91 urte bete dira bilbotar idazlea jaio zenetik. Errota gorria poema eta idazleak dedikaturiko argazki bat Jon Kortazar EHUko katedradunaren esku utzi ditu Zubiri Moragues familiak. Orain arte ezezaguna zen olerkia laster argitaratuko dutela ziurtatu du... [+]


Elikagaiak jasotzeko “diru-txartelak”, familia zaurgarrienentzat Nafarroan

Europako Funts Sozialen ataletik Elikagaien Bankuetara bideratzen zuten urtero dirua eurek bidera zezaten janaria behar gehien duten herritarren artean. Aldaketa iritsi da kudeaketara orain: adin txikikoak dituzten familiei diru-txartelak emanen dizkiete produktuak erosteko. 130... [+]


Galizieraren egoera larriaz ohartarazi dute, azken datuak ikusita

Ezagutza eta erabilerak, biek, egin dute atzera Galiziako Estatistika Institutuak jakinarazitako azken datuetan. Galera handiagoa da adin tarte gazteenetan. 5 eta 14 urte artekoen herenak adierazi du galiziera gutxi edo batere ez dakiela.


2024-10-15 | Sustatu
Jabetze Eskola Gasteizen, feminismoaren adibideen ildotik, euskalgintzarako

Gasteizko Izaskun Arrue Kulturguneak (IAK) eta UEUk elkarlanean Euskaldunentzako Jabetze Eskola martxan jarriko dute, euskaldunok ahaldundu, eta ondorioz, jendartea eraldatzeko asmoz. Aurkezpen hitzaldia urriaren 30ean egingo du Garikoitz Goikoetxeak. "Hizkuntzaren... [+]


2024-10-15 | Julen Orbea | Zuzeu
Bizitza oroit dezagun

1944an, Stauffenberg-en agindupean, Hitler bonba batekin hiltzen saiatu ziren, soldadu eta herritar alemaniar batzuen artean prestatutako ekintza baten. Hurrengo hilabeteetan naziek 90 pertsona exekutatu zituzten ekintza haren ondorioz.


Urruña eta Segurako udalek ofizialdu egin dituzte herritarrek sortutako zubiak

Herritarrengandik sortu eta hiru hamarkadaz eraikitako harremanaren ondotik, Hego Lapurdi eta Goierriko bi herri hauen arteko senidetze edo birazkatze ofiziala egin dute igandean Urruñako plazan. 30 urteko mugarri, egun «historikotzat» jo dute Filipe Aramendi... [+]


Mecaner Herriarentzat
“Fabrikaren erosketa publikoa behar dugu”

Stellantis multinazionalak Mecaner lantokia itxi eta 148 behargin kalean utzi ditu Urdulizen (Bizkaia); horren aurrean, "Mecaner Herriarentzat" alternatiba ekosoziala sortu dute hainbat eragilek. LAB sindikatuko Iraide Juaristik eta Jauzi Ekosozialeko Aitor Gallastegik... [+]


2024-10-14 | Julene Flamarique
Udalatx mendiko gurutzea eraitsi eta... idazki misteriotsu bat utzi dute

Arrasateko Udalak sare sozialetan jakinarazi duenez larunbat goizaldean kendu zuten ezezagunek gurutzea. Bizkaia eta Gipuzkoa arteko mugan zegoen kokaturik, 1.120 metroko garaieran. 1971. urtean jarri zen eta 250 kiloko pisua eta 10 metroko luzera zituen. Oraingoz ez da gurutzea... [+]


Zer esan nahi dute ‘begiratu’, ‘ulertu’ eta ‘pertsona’ hitzek?

Ez da akaso harrotasun seinale nire aurrean dauden pertsonak pertsona izango ez balira bezala begiratzea? Bai, noski baietz. Baina nola espero dugu bestela besteak ulertzea? Ulertu, behatu, begiratu. Besteak ulertu nahi izateak, ez du jarrera harro hau eskatzen? Ni pertsona... [+]


Genozidioaren egunkariak

Urtebete igaro da, diotenez. Ez dut sekula ulertu mendebaldarrok daukagun ohitura harroputz hau: nahiz eta gatazkak ia mende bateko iraunaldia izan, datak nahierara moldatzen ditugu, garrantzia nolanahi oparituz. Azkeneko sasoia ezberdina izan al da beren lurraldean preso... [+]


2024-10-14 | Leire Ibar
Lekeitioko Euskal Zine Bilerak 47. edizioa du aste honetan

47 urte beteko ditu zine jaialdiak, eta urriaren 16tik 21era, solasaldi eta tailerren bidez euskal zinemagintzaren alor ugari landuko dituzte. “Beti berria den zinema” lelopean, aurtengo jaialdiak zine berria eta istorio berriak kontatu nahi dituzten gazteei keinu... [+]


2024-10-14 | Leire Ibar
Gasteizko euskalgintzak egun osoko egitaraua antolatuko du urriaren 19an

“Gasteiz euskararen hiria” ekimena ospatuko dute urtarrilaren 19an Arabako hiriburuan. Euskaraz egingo diren ekintza ezberdinek osatuko dute hamabi orduko egitaraua. "Euskara protagonista izatea" da ekimenaren helburua.


Eguneraketa berriak daude