Aratzeko tontorra ez da gertuan duen Aizkorriko gailurra bezain bisitatua, ezta gutxiago ere, baina horrexegatik ziur aski badauka zerbait berezia, zerbait erakargarria. Gailur ezagunago baten itzalean dagoen gailur are interesgarriago horietakoen adibide garbia da Aratz. Proposatzen den ibilaldi zirkularra osatuz gero, Aratzera igotzeaz gain Asparrenako hainbat leku ezagutuko ditugu, beste zenbait gailur barne.
Araba, Nafarroa eta Gipuzkoa herrialdeen muga den Arbarrain edo Hirumuga tontorra, Olanoko haitz handia, eskalatzaileen paradisu diren Eginoko hormak, Lezeko kobazulo misteriotsua... Hamaika txoko gordetzen ditu Altzania mendilerroak inguru honetan.
Hamar herrigunek osatzen dute Asparrenako (Araba) udalerria, eta gure txangoa biztanletsuenean hasiko dugu, Araian. Errepide nagusitik gatozela, hegoaldetik iparralderako norabidean zeharkatuko dugu herria, auzune garaienera iritsi arte: Intuxi. Bide guztiek Ajuria eta Urigoitia burdinola zahar abandonatura garamatzatela irudituko zaigu, baina ez ditugu, hasiera batean behintzat, gure pausoak bertara zuzenduko.
San Pedro zentral hidroelektrikoa –energia berriztagarrien museoa– dagoen inguruan ekingo diogu bideari. Zirauntza errekaren iturburura doan xenda utzi eta ekialderantz joko dugu, baso pista zabal eta eroso batetik, poliki-poliki, garaiera irabazten dugun neurrian, Arabako Lautadaren zein gure bizkarretara daukagun Entzia mendilerroaren gaineko ikuspegia ederragotzen joango delarik. Martinen txabolara iristea da gure lehenengo helburua, eta bidea nabarmena da lehenengo zati honetan behintzat, baso pistari jarraitu baino ez baitugu egin beharko –bidegurutzeren bat dagoen guztietan, gorantz egiten duen bidea hautatu–. Benetan da ederra Martinen txabola kokaturik dagoen mendi muinoa: Albeizko tontorra ekialdean, lautada hegoaldean... eta Umandiako hegoaldeko aurpegi pikoa parez pare. Gauden lekutik begiratuta, benetan den baino zailagoa dirudi parean daukagun malda gaindituz Umandiako tontorrera heltzeak, baina behin mendiari metroak lapurtzen joan ahala, ez zaigu horrenbesterainokoa irudituko. Hori bai, izerdia erruz isuri beharko dugu.
Martinen txabolatik Umandiarako igoera zuzena ez da, ziurrenik, txangozaleek sarrien hautatzen dutena gailur lerdenera igotzeko, baina igoera “mendizaleena”, beharbada, berau dugu. Atsedenik gabe, metroz metro, xenda arrastoari jarraituz batzuetan eta kairn zenbaiti segika besteetan, Umandiako gailurrera helduko gara (1.225 m). Ikuspegia zoragarria da, Arabako Lautadara eta Entzia mendilerroari begira batez ere. Iparralderako ikuspegia mugatuagoa da, basoaren eraginez. Edozein kasutan, jende gutxik bisitatu ohi duten gailur honetan bakardadeaz gozatzeko aukera izango dugu, ibilaldiari segida eman aurretik. Mendilerroko gailurrik garaienak zain dauzkagu, eta aurrera jarraitzeko ordua da.
Umandiako tontorretik Atabarrateko pasabide ezagunera jaitsiko gara, basoan barrena. Bide definituegirik ez dago eremu horretan, baina metro gutxi dira, mendi lepoa bertan hauteman daiteke eta senak dioskunari kasu eginaz, erraz iritsiko gara. Ederra da, zinez, Atabarrate inguruan basoa, eta bertatik behin eta berriz igaro arren, beti dauka mendizaleak zer edo zer berria deskubritzearen sentipena; basoaren isiltasunak, izan ere, zentzumenak adi jarrarazten dizkio bertaratzen den edonori.
Atabarraten, bidegurutze garrantzitsua dela kontuan hartuz, margo ikurrak ugaritu egingo dira –Zegama-Aizkorri mendi maratoi sonatua ere inguru honetatik pasa ohi da–, baina guk zuzenean gorantz jarraituko dugu, Allarteko tontorraren bila. Zegama-Aizkorri mendi maratoiak Allarte eta Allaitz gailurrak eskuinaldetik inguratuz jarraitzen duen xenda ederragoa ez denik ez dugu esango, baina Umandiatik Aratzerarteko gailurrak igotzea bada gure xede, Allarteko maldei ekitea beste aukerarik ez zaigu geratuko. Igoera ez da oso gogorra, eta bide arrasto ez oso nabarmenari segika, minutu gutxian helduko gara Allarteko (1.236 m) tontorrera. Aratz geroz eta gertuago daukagu.
Allaitzeko gailur koxkorra gainditzea baino ez zaigu geratzen Aratz mendiaren bukaerako maldei aurre ekiteko. Xenda batek hegoaldetik inguratzen du Allaitz, zuzenean Azkosaroiko soilunera eramango gaituelarik nahi izanez gero –margo ikurrez hornitua dago xenda hori–, baina guk, Allaitz inguratzen hasi eta erdibidean edo, gorantz joko dugu zuzenean, Allaitz edo Imelekuko gailurreraino (1.319 m). Jaitsiera labur bezain azkarra, eta Aratz igotzea besterik ez zaigu geratzen gorabeherei amaiera emateko. Malda gogor xamarra da, baina ez Umandiako zuzeneko igoera bezainbeste. Zegamako maratoiko margo ikurrei jarraitzea dugu aukerarik erosoena. Garai batean, xenda ez zen hain nabarmena Aratzeko isurialde honetan. Egun, maratoia igarotzen den bidea izanik, arrastoa nabarmena da oso, lasterketa egunean ez ezik urte osoan zehar igarotzen diren mendizale eta korrikalarien eraginez... Minutu gutxian, txangoko gailurrik garaienera iritsiko gara, Aratzeko tontor nagusira (1.444 m). Ikuspegia zoratzeko modukoa da norabide guztietan: Aizkorri, Urbia, Gipuzkoako mendi nagusi guztiak, Anboto, Gorbeia, Arabako mendiak... gailurrak identifikatzen hasi eta sekula ez du batek amaitzen, egun garden horietako bat harrapatuz gero.
Ordu luzetan bertan egotera gonbidatzen du Aratzek, baina ibilaldiari segida eman beharrean gara, eta Araiara bueltatzea dagokigu, beste bide batetik, baina. Aratzetik abiatu eta Elurzuloak gailurretik igaroko gara –Aratzetik gertu dagoen gailurra–, San Adrian aldera doan bidearekin bat egin arte. Han, ordea, San Adrianera doan bidea utzi eta hegoalderantz joko dugu, baso eder batean barrena –berriro ere!–, harik eta, sorpresa atsegin bat bailitzan, Azkosaroiko soilunearekin topo egin arte, Aratzen hegoaldeko paretaren oinean. Asko dira Euskal Herrian txoko ederrak; batzuk, ederrak baino gehiago dira: oso ederrak. Azkosaroiko soilunea horietakoa da.
Azkosaroiko txabolaren aldamenetik igaro eta soilunea zeharkatzen duen xendan barrena aurrera egin ahala, mendizale batek erabateko zoriontasuna erdiesteko zeinen gutxi behar duen pentsatu daiteke.
Aurrerantzean ugari izango ditugun egurrezko seinaleekin topo egiten hasiko gara berehala, bidegurutzeak ugaltzen joan ahala. Araiara jaistea da gure xedea, eta bideari erratzeko arriskurik gabe jarraituko diogu, basoan barrena, poliki-poliki lehenago irabazitako metroak galduz. Morutegiko antzinako gotorlekua bisitatu nahi izanez gero, Araiara doan bidea utzi eta eskuinera hartu beharko dugu bailarara heldu aurretik, baina guk Zirauntza errekaren iturburua bisitatzea proposatzen dugu, eta horretarako, Araiako Ajuria lantegira heldu aurretik, bidegurutze nabarmen batean –egurrezko seinalea–, ezkerrerantz jo beharko dugu, harik eta, ura kanalizatzeko hobi baten arrastoari segika, iturburura heldu arte. Txoko zoragarria da, magikoa, udaberrian eta udazkenean batez ere, errekastoa urez karga-karga eginda datorrenean, hain juxtu. Behin iturburura iritsita, Araiatik datorren ibilbide tematikoarekin topo egingo dugu, eta, patxadaz, herrigunerainoko bidea egingo dugu, erreka bazterreko txoko bakoitza dastatuz.
Urtarrilaren 29an, gaur egungo mundu berekoi honetan ohituta ez gauden zerbait gertatu zen Laudioko Guardian lantegiaren atarian. Zuzendaritzak hango labea itzaltzeko asmoa erakutsi zuen, eta horri aurre egiteko, langileek atea blokeatu zuten pankarten bidez. Baina ez zeuden... [+]
Arabako artisten 35 lan paratu dituzte Emakumea. Familia eta lana erakusketan, Gasteizen. Aukeraketa egiteko, kanpoan utzi dituzte historian zehar emakumeak sarritan margotu izan diren beste egoera eta estereotipo batzuk, eta lanari lotutakoei eman diete garrantzia. Urriaren... [+]
EH Bilduk aurkeztutako mozioa onartu dute osoko bilkuran. Udalak egitasmoa sustatzen duen enpresari, Cañaveras Solarri eskatu dio proiektuak ez ditzala hartu balio estrategiko handiko gisa kalifikatutako nekazaritza lurrak, eta gune populatuetatik gutxienez 500 metroko... [+]
“Ba al zenekiten testuliburu gehienetan ia ez dela aipatzen armen industriak egungo gatazketan duen rola? Edo oso gutxitan jartzen dela zalantzan gerra ezinbestean gertatu behar dela esaten duen narratiba?”, dio Gerrarik Ez Araba elkarteak. Bestelako narratibak,... [+]
EAEn, energia berriztagarriko instalazioak non jarri daitezkeen biltzen du Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialak (LPS). Plana osatuta dago, eta laster onartuko dute. Alabaina, zenbait adituk hutsuneak dituela ohartarazi dute, tartean, Gorbeialdeko Herri... [+]
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak deitutako eta ELA, LAB, ESK, CGT, CNT, STEILAS, ETXALDE eta HIRU sindikatuek babestutako manifestazioak Bilbon, Gasteizen, Donostian eta Iruñean izan dira. Bertan, Euskadiko eta Nafarroako gobernuei eskatu diete zerga eta aurrekontu... [+]
Guardian Llodio fabrikako behargin gehienek epaitegira jotzeko bidea bertan behera utzi ondoren, multinazionalak lortu du nahi zuena: enpresa errentagarri bat ixtea erabateko inpunitatearekin. Ez da egun batetik bestera sortutako estrategia, eta bide luzea izan arren, erabat... [+]
Gasteizko Basaldea etxaldean dago kokatuta Soilik nekazaritza birsortzaileko proiektua, Abetxuko auzoan, eta Jaime Garcia, Joseba Vigalondo eta Javier Chaves dira bultzatzaileak. “Lehen sektorean, eredu agroekologikoan inkorporazio berriak bultzatzea da gure helburua,... [+]
Duela aste batzuk, Diputazio kalean, Gasteizko erdigunean, bi gizonek etxerik gabeko pertsona bat bota zuten lo egiten zuen lokalaren kanpoaldeko eskailera-buru txikitik. Bota ez ezik, berehala metalezko baranda bat ere jarri zuten lonjaren aurrean. Lokala luzaroan hutsik egon... [+]
Ugaritu diren “txiringito pribatuei” muga jartzeko asmoz, unibertsitate berriak sortzeko baldintzak gogortu nahi ditu Espainiako Gobernuak. Euskal Herrian polemika artean jaio zen azken unibertsitate pribatuak adibidez, Gasteizko Euneizek, gaur gaurkoz ez ditu... [+]
Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan egin dituzte manifestazioak. Israelek Palestinan egin duen eta aurrera daraman genozidioarekin kolaboratzen duten enpresei laguntza publikoa emateri uzteko eskatu diete Nafarroako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari.
Etxebizitza eskuratzeko orduan pertsona arrazializatuek eta migratzaileek jasaten duten bazterketa sistematikoa salatu dute Gasteizen, agerraldi baten bidez. Apirilaren 5ean Donostiara bertaratzera deitu dute, etxebizitza-eskubide unibertsalaren alde.
%90eko jarraipen "ia erabatekoa" izan du grebak, sindikatuen arabera. Gasteizko parkeak, lorategiak eta eraztun berdea mantentzen dituzte Enviser azpikontratako 90 langileek.