Asuncion: publifikatu ala 4 milioi euroko zorra ordaindu

  • Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde (TOPA) Koordinakundeak urtebete eraginkorra darama Osasun Sailaren jokaldia geldiaraziz: Eskualde-ospitale baten beharra egonik, Asuncion Klinika pribatuari zerbitzuak azpikontratatu dizkio Jaurlaritzak, espezialitate anbulatorio publikoa odolustuz (ikus ARGIA, 2276. zenbakia, 2011- 05-15). TOPAk urtebeteren buruan Klinikaren eraikuntza lanak gelditzea lortu du eta 31 udalek mozioa onartzea, zera eskatuz: Ogasunarekin eta Gizarte Segurantzarekin 4 milioi euroko zorra duen klinika publifikatzeko.

Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Asteartea, 20:00. Astero bezala TOPA Koordinakundeko kideak bilduta daude Tolosako Kultur Etxean. 20 bat kide biltzen dira bilera arrunta denean, eta aretoa gainezka izaten da batzar berezietan. Duela urtebete ekin zioten bideari, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren asmoak Tolosako anbulatorio publikoa hustutzea eta Asuncion Klinika pribatua indartzea zirela salatuz. Urtebeteko lan erritmo intentsoari eta ikerketa lanari esker, TOPAk lortu du Tolosaldean gaia bero-bero jartzea, herritarren eta udalen babesa eta 2011n Osasun Sailak Asuncionekin sinatutako kontzertua kolokan jartzen duten hainbat ekimen ere: Asuncion handitzeko eraikuntza lanak geratzea, eta titulaziorik gabeko mediku espezialistek euren kontsultak etetea, besteak beste. Tolosaldea dela ospitalerik ez duen eskualde bakarra salatzen dute oraindik, eta ospitale baten zerbitzuak eskaintzeko osasunaren gestioa pribatizatzea ez dela errentagarri, “edozein enpresaren moduan, klinikaren helburua osasunarekin dirua irabaztea baita, diru publikotik bere onurarako zati bat hartuz”; gestioa publikoa izatea eskatzen dute, “diru publikoaren %100a osasunera joan dadin, zati bat enpresarien patrikara joan beharrean”.


Ikerketek agerian jarri dute Asuncionek diru kontuetan eta pertsonalean dituen irregulartasunak eta hauen berri eman digute TOPAko kide diren Mari Mujika (LAB), Kristina Pelaez, Jesus Mari Aranzegi eta Jabier Aranak (azken hau medikua).


1996an Asuncion Klinikaren aurreko nagusiak (Benito Izagirre) porrot egin zuenean, Gómez Montoyak bere kargu hartu zuen Klinika, Inviza S.A sortuz. Esan liteke erosi zuena 4.056.794 euroko zorra izan zela, diotenez euro bakarra ordaindu baitzuen klinikaren truke. Egutegi bat zuen enpresak, klinikaren onura ekonomikoen arabera Ogasunarekin eta Gizarte Segurantzarekin zuen zorra itzultzeko (1996-97an irabazien %20; 1998-99an irabazien %40; 2000n irabazien %50 eta ordutik hona irabazien %75). 2010ean zorra 4.046.403 eurokoa zen; “18 urte pasa dira eta Invizak urtero irabaziak izan arren, zorrak ia lehengo bera izaten jarraitzen du. Martxa honetan 200 urtean itzuliko du zorra” salatu du Mari Mujikak.

Kide diren enpresen artean diru irabaziak batera eta bestera desbideratuz lortzen du Invizak zorrari itzuri egitea.

Eraikuntza lanak geldituta

Zorra dela-eta geldituta daude Asuncion Klinika handitzeko egin nahi zituzten eraikuntza lanak. Izan ere, zorraren fidantza gisa lur eremu bat jarri zuen Invizak, eta klinika handitzeko lanen truke Tolosako Udalari lur hori bera eman nahi zitzaion. Aldiz, horretarako lurrak “kargarik gabe” egon behar du. “Larriena da Jokin Bildarratzek irregulartasun hau zuen proiektuari baimena eman ziola” dio Mujikak. Bere hitzetan, Tolosako lehengo alkateak iazko hauteskundeak galdu ondoren eman zion baimena klinikari handitzeko lanak hasteko, “Udala aldatu baino bi egun lehenago. Ez hori bakarrik, Tolosako Udalak eraikuntza zerga barkatu zion, 231.651 euro alegia!”. Hiru herritarrek helegitea jarri zuten eta 2012ko urtarrilean Tolosako Udalak baimena “zuzenbide osoz deuseza” dela ebatzi zuen.

Handitzeko lanak geratuta daude beraz, eta martxan jartzekotan lehenik 4 milioi euroko zorra itzuli beharko du Invizak, fidantza moduan jarritako lurra kargarik gabe utzi eta Udalaren baimena lortzeko –horretarako proiektua berriro aurkeztu beharko du eta pribatizazioaren aurka dagoen Udalaren baimena lortu–.

Kontzertua betetzeko arazoak

2011ko azaroaren 15ean Osasun Sailak eta Asuncionek bost urterako kontzertua sinatu zuten, Tolosaldeako espezialitate guztiak klinikari azpikontratatuz. Akordio horren bidez, Jaurlaritzak urtean 20 milioi euro ematen dizkio eta eskualde-ospitale moduan lan egiten hasi da; alegia, Tolosaldeako herritarrek ez dute aukerarik Donostiako Ospitalera joateko, ez bigarren iritzi baten bila, ezta ingresatzera ere, klinikan espezialitate hori baldin badago. “Kontzertuan esaten da egokitzapen lanak beharrezkoak direla. Klinika handitzeko lan horiek gabe posible da kontzertuan adostutako zerbitzuak ematea? Alegia, klinikan hartzen diren egungo kontsultez gain, Tolosako anbulatoriotik eratorriko diren beste 60.000 kontsulta eta Donostia Ospitaletik etorriko direnak artatzea? Gure ustez ez. Ez dira kontratua betetzen ari” salatu du Aranak. Kontsulta medikoak Asuncionek hainbat lekutan dituen eraikuntzetan sakabanatzea ez dela erosoa gaineratu du (klinikan bertan, Belateko kontsultorioan, Andoainen eta Pilar klinikan): “Inoiz ez bezala, itxaron zerrenda luzeak sortzen ari dira espezialitate batzuetan. Kardiologian, esaterako, lehen zita lau hilabetera ematen dute, aldiz, Andoainen 15 egunera. Orain Tolosakoak gara Andoaina mugitu behar dugunak medikutara”.

Lekuak bezainbeste gabezia dituela pertsonalak kritikatu du Aranak: “Gipuzkoako gainerako eskualde-ospitaleekin konparatzen badugu (ikus koadroa) aldea nabarmena da. Beste ospitaleetan lanaldi osokoak dira mediku guztiak eta gehiago dira. Asuncionen batzuk dira osokoak eta beste dezente partzialekoak, eta denera espezialista gutxiago dira gainerako eskualde-ospitaleetan baino. Halako desberdintasunekin ezin da kalitate bera eman. Digestiboko espezialistarenak marka denak hautsi ditu: anbulatorio publikokoa jubilatu zen eta ez zuten besterik ekarri. Anbulatorioko zirujauarengana bidaltzen zintuzten. Zirujauak ebakuntzak egiten daki, ez gaixotasunak tratatzen! Gainerako eskualde-ospitaleetan digestiboko hiru espezialista daude, eta Asuncionen bat ere ez”. Pozik dago, TOPAren aldarrikapenei esker, orain Tolosako anbulatorioan digestiboko espezialista bat jarri dutelako: “Astean bi egunez etortzen da Donostiako Ospitaleko espezialista bat. TOPAren lanek emaitza ematen dutela ikusten da”.

Koordinakundeak jakinarazi duenez, Asuncion Klinikako web orrian 110 mediku dituela agertzen den arren, Invizako langile taldean 50 mediku besterik ez dira agertzen. “Langileen %40 dira plantilakoak, gainerakoak autonomoak, subkontratatuak, orduka lan egiten dutenak... Ez dute klinikarako erabateko dedikaziorik. Ospitale batean mediku talde bat daukazu, aldiz, Asuncioneko kardiologoek, esaterako, astean bi goiz egiten dituzte Belaten eta beste bi goiz Andoainen. Nola nahi dugu gainerako ospitaleen kalitate bera ematea?” kezka azaldu du Jabierrek. Asuncionek eskainitako zerbitzu eskasa agertuz kexak bideratzen ari da Koordinakundea, eta motiboetako bat horixe da, “kardiologorik ez zegoelako artatu gabe geratu direnena”.

Sistema informatikoa ez da Osakidetzarenarekin bateragarria

Asuncion Klinikak sistema informatiko bat garatu du bere kide den Historias y gestiones Hospitalaria enpresaren bidez. Osasun Sailarekin sinatutako kontzertuak dio Asuncionek eta Osakidetzak informatikoki lotuta egon behar dutela. Aldiz, Asuncionen sistema ez da Osakidetzakoarekin bateragarria. Honek gaixoengan ondorioak dituela azaldu du Jesus Mari Aranzegi Koordinakundeko kideak: “Gaur egun plaka bat ateratzen badizute Osakidetzan, ez dute inprimatzen, aurrezteko neurri gisa. Tolosako anbulatorioan plaka atera eta joaten bazara Asuncioneko espezialistarengana, hark ezin du bere ordenagailutik plaka ikusi eta beraz, berriz bueltan bidaltzen zaitu anbulatoriora plaka inprimatzeko eskatzera. Edo Asuncionen bigarrenez ateratzen dizute plaka, erradiazio bikoitza jasoz”.
    Leku eta pertsonal eskasia eta sistema informatiko bateragaitza, horiek dira gaur gaurkoz Asuncionek eskualde-ospitale funtzioa bete ezin duela azaltzeko hiru ardatzak.

Titulurik gabeko espezialistak

TOPAK ohartarazi du klinika horretan badirela medikuak urteak eta urteak eman dituztenak espezialista moduan lanean, dagokien titulaziorik eduki gabe. Alegia, Medikuen Elkargoan espezialista homologatu gisa agertzen ez direnak. Sare publikoko Eskualde Ospitaletako mediku espezialistek derrigorrez beren titulua homologatua izan behar dute, azterketa jakin batzuk pasa eta mediku egoiliar moduan denbora tarte bat egin. TOPAk jakinarazi du, asanbladan gai hau planteatu zuenean, Asuncion Klinikak web orria zuzendu zuela, eta espezialitaterik gabeko mediku hauek orain “mediku orokor” moduan ageri direla. Jada ez dutela kontsultetan jarduten, bestelako lanetan baizik. “Asuncionena larria da, baina Osakidetzarena are larriagoa. Kontzertu akordioan agertzen da kontrola egingo zaiola klinikari kalitatea bermatzeko. Orain arteko hutsuneak Koordinakundeak azaleratu ditu, Osakidetzak bestaldera begiratu du. Non dago inspekzio medikoa?” gehitu du Jabier Arana medikuak.

Etxez etxeko asistentzia eskaintzen ari diren medikuak ere ez direla espezialistak ohartarazi du Aranak. “Bi mediku horietatik bat Zumarragako Ospitaleko zuzendaria eta Donostiako Ospitaleko zuzendaria izan zen. Lehendakari aldaketarekin kargu politikoak utzi zituenean hasi zen mediku lanean. Mediku orokor titulua dauka, eta etxez etxe aritzeko familia mediku edo barne-medikuntza titulua behar da”.

TOPAren hurrengo urratsa: publifikazioa arautzeko mahaia sortzea

Tolosaldeako udal denek (29), Andoainek eta Legorretak mozio bat onartu dute, non bost puntu hauek eskatzen diren:

1.-Asuncion Klinikaren publifikazioa, eskualdeak kudeaketa erabat publikoko Eskualdeko Ospitale Publikoa izan dezan.
2.-Osasun zerbitzu honek beste eskualdeetan eskaintzen den mailako kalitatea bermatzea.
3.-Mahaia osatzea afera honek eragiten dien alde guztien artean (Osasun Saila, langileen ordezkariak, Gipuzkoako Foru Aldundia, udalak, Koordinakundeko ordezkaritza), klinikaren publifikazioa definitzeko (epeak, plana, langileen erregulazioa...).
4.-Akordioa lortu bitartean, Jaurlaritzak sinatutako konbenioaren ondorioz hartzen ari diren neurriak bertan behera uztea, Tolosako espezialitateen anbulatorioa hustearena, adibidez.
5.-Invizak eginiko balizko iruzurrak eta legez-kanpoko ekintzak ikertzea.

31 udaletan mozio hau onartu berri denez, publifikazioa arautzeko mahaia osatzen hasteko urratsak emango dira irailean.

Ekainaren 21ean prentsaurrekoa emango du TOPAk 19:00etan Tolosako Kultur Etxean.                                                                

Ekainaren 30ean, larunbata, 12:00etan manifestazioa egingo da Triangulo plazatik hasita, publifikazioa eskatuz.

Otsailean urtebete egin zuen Koordinakundeak 18.000 sinaduratik gora bildu ditu Tolosaldean. “Tolosako udal hauteskundeetan bozka eman zutenak baino gehiago dira. Horrek erakusten du alderdi guztietako jendeak bat egiten duela osasun publikoa mantentzearen alde” azaldu du Kristina Pelaez Koordinakundeko kideak. Sinadura hauek Osakidetzara bidali dituzte.

Asuncion Klinikak emandako zerbitzu eskasa salatzeko kexak biltzen ari dira; 600 kexa inguru daude aurkeztuta Osakidetzako Lurralde Zuzendaritzan, Begiristain jaunari zuzenduta. “Behartuta daude kexa hauei erantzuna ematera. Normalean gauza oso orokorrak erantzuten dituzte, kexarekin zerikusirik ez dutenak” gehitu du Pelaezek.


Azkenak
2024-07-10 | Bertsozale.eus
Librean zein gaiekin, ideologiaz zein bertso-eskoletako lanketaz

Iragan asteko ostegun eta ostiralean burutu zen ‘Nondik eta zeri ari gatzaizkio bertsotan?’ ikastaroa; 50 lagun elkartu dira jardunaldietan bertsoaren inguruko gaiez gogoeta egiten.


2024-07-10 | Aiaraldea
Amurrioko Udalak eta Administrazio Batzarrek batera aurkeztu dituzte Solariako energia sortzeko proiektuaren aurkako alegazioak

Toki-administrazioek zalantzan jarri dute ingurumen-inpaktuaren azterketa, eta ohartarazi dute ingurumenean eragin larria izango duela eta baterako azterketa egin beharko dela etorkizuneko proiektuetarako.


Kantauri espazioa desalojatu dutela salatu du Jardun Koordinadorak

Lokalaren jabeak eta Ertzaintzak desalojatu eta hesitu egin dute Jardun Koordinadorak maiatzaren 1ean okupatu zuen Kantauri espazioa. Jauregi Jenerala kalean dago lokal hori, eta bi hilabetez egon dira Jardun Koordinadorako kideak bertan, hainbat gorabehera izan badituzte ere.


Bost-hamar urtetan EAEko ikastetxeen %10-20 artean ixteko arriskua dagoela ohartarazi dute

EAEko ikasleen erdiak baino gehiagok eskola partikularrak jasotzen dituela eta jatorri migratzaileko ikasleak gehien segregatzen dituen Espainiako Estatuko bigarren erkidegoa EAE dela ere adierazi du Esade EcPol erakundeko Lucas Gortazarrek, EHUren udako ikastaroetan.


Gazteak teknologiaren ikuspuntu kritiko eta arduratsuan hezteko proiektuaren alde bozkatzeko azken eguna

Gazteen artean teknologia libreen ezagutza zabaltzeko “Digitalizazio arduratsua” proiektua prestatzen ari dira Baionako Etxepare Lizeoa eta Iametza. Gipuzkoako Foru Aldundiaren “Ideiak2024” aurrekontu parte-hartzaileetara aurkeztu dute egitasmoa. Gaur da [+]


Sanferminetako bederatzi sexu eraso ikertzen ari da Foruzaingoa, horietako hiru “intentsitate altukoak”

Sanferminetako lehen bi egunetan gutxienez bederatzi eraso sexista salatu dituzte, horietako hiru intentsitate handiko sexu erasoak, Mugimendu Feministak gaitzetsi duenez. Foruzaingoak erasoei lotutako gizonak atxilotu ditu, eta gertakariak ikertzen ari da. Erasoei erantzuteko... [+]


69 milioi bidaia ordaindu ziren iaz Gipuzkoako Mugi txartelaren bitartez

2022an baino 12 milioi ordainketa gehiago egin ziren, eta inoizko datu hoberenak lortu ditu 2023an. Gipuzkoan bizi diren emakumeak izan ziren Mugi sistema gehien erabili zutenak, eta gehienbat hiri-autobusen erabilera gailendu zen. Pasaiako txalupako eta Loiuko aireporturako... [+]


BBK Liven atarian protesta deitu dute lan-baldintzak salatzeko

Ostegunetik aitzina egingo da festibala Bilbon, Kobetamendin. Behin baino gehiagotan salatu da bertako langileek baldintza negargarrietan egiten dutela lan, eta ostegunerako protesta deitu du Laneko Autodefentsa Sareak, 19:00etan, EiTBren egoitzaren aurrean. Langileentzako gida... [+]


2024-07-09 | Mikel Aramendi
Hungariako lehen ministro Viktor Orbanek badarabil plan zehatzen bat buruan

Europar Batasunaren txandakako presidentetza beretu eta astebeteren buruan Viktor Orban hungariar lehen ministroak egin duen ezusteko blitz-ak azalpen serioa eskatzen du. Gaiaren neurrikoa.


‘The Lancet’ aldizkariak Gazan Israelek hildakoak zenbat izan daitezkeen kalkulatu du: ia 200.000 pertsona

"Zaila da, baina beharrezkoa". Hala azaldu du The Lancet zientzia aldizkariak Gazako hildakoak kontatzeko hartu duen lanaren berri. Hildakoen kopurua, gaixotasunak eta bestelako zeharkako faktoreak kontuan hartuta, gutxienez 186.000 pertsona hil dituztela kalkulatu... [+]


Su-eten negoziaketak martxan dira berriz, Netanyahuk oztopo berriak jarrita

Netanyahuk baldintza bezala jarri du Israelek ofentsiba berrabiarazi ahal izatea “gerraren helburuak bete arte”. Iturri batzuen arabera, Hamasek onartu du su-eten iraunkorra negoziaketen lehen fasean adostea, aurrebaldintza izan beharrean.


Tsunami auzia artxibatu du Espainiako Auzitegi Gorenak ere

Espainiako Auzitegi Nazionaleko apelazio aretoak astelehen arratsean esan du baliogabetu egin behar direla Tsunami auzi judizialaren ikerketako azken hiru urteak, "ilegalki" luzatu zelako. Erabaki hori behin betiko bihurtzean Carles Puigdemont eta Marta Rovira kasutik... [+]


2024-07-09 | Gedar
Uztailaren 20an mobilizatzera deitu dute Iturmendin, sare sozialetako mezuengatik auzipetutako bizilagunarekin elkartasunez

Otsailean atxilotu zuten Iturmendiko pertsona bat, eta bi urte eta erdiko espetxe-zigorra eskatzen dute bere kontra, sare sozialetako zenbait mezu direla-eta. Uztailaren 16an epaituko du Espainiako Auzitegi Nazionalak.


2024-07-09 | Euskal Irratiak
Peio Dufau, Fronte Herritar Berria
“Orain badakigu gutaz anitz espero dela, badugu lan anitz egiteko”

Frente Herritarrak irabazi ditu hauteskunde legegileak Pirinio Atlantikoetako seigarren hautesbarrutian, Peio Dufau izanen delarik diputatu heldu diren urteetan. Bozen %36,28 bildurik, 27 117 bozekin, historiako lehen diputatu ezkertiar abertzalea izanen da. Haren gibeletik,... [+]


2024-07-09 | UEU
Katixa Dolhare Zaldunbide
“Literatura hezkuntzaren zimendua da”

Euskara eta euskal literatura, programaketatik ikasgelara jardunaldia antolatu dute elkarlanean Seaskak eta UEUk Baionan, Udako Ikastaroen barruan, eta bertan parte hartuko du Katixa Dolhare Zaldunbidek. Ezpeletan sortu zen 1982an, Lapurdin, eta familiarekin Nafarroa Beherean... [+]


Eguneraketa berriak daude