Erdi Aroan Errenteria nolakoa zen ikasi dute aurtengo ikasturtean herriko Langaitz ikastolako haurrek. Horretarako, Itsas bazterrean, herria ezagutzen liburuxka landu dute, herriko kultur ondarea ezagutzea eta zabaltzea helburu duen egitasmoaren baitan.
Goizeko 9:20 dira eta Errenteriako Madalena ermitaren aurrean elkartu gara Langaitz ikastolako ikasle eta irakasleekin. Itsas bazterrean, herria ezagutzen liburua lantzen bukatu berri dute 8-9 urteko haurrek eta ikasgelan barneratutakoa menperatzen duten ikustera atera dira kalera. Liburuxka horren bitartez, Erdi Aroan Errenteriak zituen ezaugarriak, portuak izan zuen garrantzia edota herriaren bizitza eta jardunak itsasoarekin zuen lotura ikusi dituzte. Horrez gain, ordura arte Nafarroako Erresumako lurrak izan zirenak Gaztelak eskuratu zituenean, herriak jasan zituen aldaketak ezagutu dituzte; herriaren izen aldaketa eta harresitzea, besteak beste.
Langaitz ikastolan, Errenteriako beste sei ikastetxeetan bezala, herria bera ikasgai bihurtzeko hautua egin dute. Herriko kultur ondarea ezagutzeko eta ondare horren transmisioa bermatzeko, hezkuntza proiektu zabala eratzea proposatu zion Udalak Hik Hasi Euskal Heziketarako Egitasmoari. Emaitza sei liburuxka edo unitate didaktiko izan dira, adin ezberdinetan une historiko jakinak lantzeko. Hasieratik, herritarren beraien parte-hartzea bilatu da eta egitasmoa martxan jarri duten herriko zazpi ikastetxeez gain, herriko elkarte eta eragile ugarik ere bere ekarpena egiteko aukera izan du; denen proposamenak eta aldaketak entzun ostean hasi ziren unitate bakoitza diseinatzen.
Zehazki, honako xedeak hartu ditu kontuan proiektuak: herritarren izaeraren kontzientzia indartzea, euskal kultura eta euskararen normalizazioa bultzatzea, gazteen artean herriko kontuak eta informazioak zabaltzea, ikastetxeekin trebakuntza eta hedapena lantzea, integrazioa erraztea eta, batez ere, herritarrengan herriarekiko, historiarekiko eta bizitzarekiko jakin-mina eta atxikimendua sortzea. Arantxa Urbe Hik Hasiko langile eta proiektuaren koordinatzaileak dioenez, herri baten eraikuntza, herria ezagutzetik hasten da: “Ezagutzen ez duzun gauza bat ezin duzu maitatu, ez baduzu maitatzen ezin zara inplikatu eta ez badago inplikaziorik, nola egingo du aurrera herriak?”.
Gaurko antolatu duten txangoa hasi baino lehen, ermita aurrean eserita daude ikasleak. Ermita duela 500 urte legenarra zuten gaixoak sendatzeko erabiltzen zutela gogora ekarri du haurretako batek. Une honetan ateak itxita dituen arren, Madalenako festetan ateak zabaltzen dituztela gaineratu du beste batek.
500 urte atzera eginez ari dira herria bisitatzen eta hurrengo geralekua Foru edo Xenpelar enparantzan egin dute. Ingurura begiratu eta eraikinen dotoretasunari so, Donostiatik Errenteriara garraiatutako merkantziak izan dituzte hizpide. Erdi Aroan portua kokatuta zegoen lekutik Ugarritza atearen aurrera joan dira eta bertan egin dute hurrengo pausagunea. Ikasleek eskua altxatu eta Ugarritzako ateaz gain beste lau ateak non dauden eta daukaten izenaren jatorria errepasatu dituzte. Horien artean, merkatura joateko gurdientzako zabaldutako Ugarritzako atea edota Nafarroara igarotzeko erabiltzen zuten Nafarroako atea. Parrokiaren ate nagusiaren parean, udaletxea aurrez aurre dutela, egin dute ibilaldiaren azken geldiunea. Ikasleek gustura komentatu dute udaletxea kartzela zen garaia, eta gerora mutilentzako eskola izan zela ere kontatu die irakasleak.
Herria ezagutzen proiektua pozik hartu dute ikasleek. “Gure herriari buruz ez genekizkien gauzak ikasten ari gara eta atsegin dut hori. Gainera, noizean behin herrira jaitsi eta gisa honetako txangoak egiten ditugu, ondo dago” esan digu gazte batek.
Historiaurretik hasi eta gaur egun arteko Errenteria ezagutzeko aukera dute ikasleek, sei unitate didaktikoei esker. 7-8 urterekin, Historiaurrea eta historia aroak lantzen dituzte. Hurrengo ikasturtean, Erdi Aroan murgiltzen dira eta horren ostean, 1638. urteko erasoen ondoren Errenterian jendea pilatzeak ekarritako arazoak aztertzen dituzte, herriko auzoen jatorria ere ikusiz. 10-11 urterekin, neurrigabeko eraikuntzen eraginez gertatutako uholdeak aztertzen dituzte ikasleek. Orain, gu! izeneko bosgarren liburuxkan berriz, Karlistadak eta Gerra Zibilak herrian eragindakoez hitz egiten dute. Azkenik, seigarren atalean, euskararen inguruko sentsibilizazioa lantzea da asmoa.
Unitate didaktiko bakoitzak ikasleentzako ariketa dinamikoak biltzen ditu. Gurutzegramak, herriko argazki eta irudiekin osatutako ariketak, argitu beharreko mezu sekretuak, herriko hedabide eta elkarteei buruzko azalpenak eta garaiko pertsonaia garrantzitsuei buruzko ipuinak, esaterako. “Gertuko kontuak lantzen ditugu, bertokoak, eta hori gogoko dute ikasleek”, diosku Maria Galardi irakasleak. Pertsonaia ezagunen kasuan, historiografia ofiziala zabaltzeko ahalegin berezia egin dutela aitortu du Urbek, pertsonaia historiko ofizial gehienak apaizak edo nabigatzaileak direlako, eta ikuspegi zabalagoa eman nahi izan dute.
Ibilaldia bukatu orduko hamaiketakoa banatzeko ordua iritsi da. Mari Zozaiakoaren historiaz galdetu eta haren amonak erakutsita sendabelarrekin ukenduak egiten zituen emakumea zela gogoratu du ikasleak. Bukaera tristea izan omen zuen Mariren bizitzak, izan ere, ezagunen batek salatu eta sorgin izatea egotzita epaitu zuten.
Aurtengo ikasturteko azken txangoari amaiera eman beharrean daude Langaitz ikastolako ikasleak. Erdi Aroan gertatutakoaren inguruan nahikoa hausnartu dute eta orain Itsas bazterrean liburuxkaren azken orria itxi dute. Hala ere, herriko historiaz oraindik bada zer ikasi, galdetu eta ikertu, eta horri ekingo diote hurrengo ikasturtean ere.
Errenterian bezala beste hainbat herritan ere antzeko egitasmoa lantzen ari dira. Ordizian esaterako, harago joan dira eta paperezko euskarriaz gain web interaktiboa eratu dute, ikasleek beraien ariketak eta lanak igo ditzaten. Aipatu web orrialdea baliagarria izango zaie informazioa elkartrukatzeko. Oraindik ikastetxeetan lantzen hasi ez badira ere, Erdi Aroari buruzko unitate didaktikoa prest dute. Liburuxka horretan, Kattalin izeneko neskatilaren bitartez Ordizia nola hazi eta aldatu den, azokaren historia, garai bateko bizimodua eta herriko pertsonaia esanguratsuak ezagutuko dituzte. Jolas eta ariketen artean, Patxi Zubizarretak idatzitako ipuinak eta Iñaki Muruak idatzitako bertsoak landuko dituzte ikasleek. Herritarrek Udalarekin elkarlanean osatutako proiektua da hau ere.
Proiektuarekiko interesa agertu dute beste hainbat herritan ere, tartean Durangon, Etxebarrin, Arrasaten eta Azpeitian. Dagoeneko unitate didaktikoak prestatzen ari dira horietako batzuetan.
1945ean Neuengammeko nazien kontzentrazio esparruan hil zen Jean Iribarne gamerearraren diru-zorroa berreskuratu eta bere senideei eman diete. Ipar Euskal Herrian gutxienez 350 herritar deportatu zituzten erresistentzian parte hartzeagatik, eta ia erdia ez ziren bizirik atera.
Gipuzkoako sorrera prozesuari buruzko bere doktore tesia aitzindaria izan zen, lurralde historikoen bilakaera ulertzeko. Deustuko Unibertsitateko irakaslea, historialari askorentzat eredu izan da bere lan egiteko eta irakasteko modua. Igande honetan hil da Elena Barrena Osoro... [+]
Gernikako "gazte langileen interes eta beharrei" erantzungo dien proiektu bat martxan jarriko duela adierazi du Egurre Gazte Asanbladak. Eraikina duela hamar urte itxi zuten, eta salatu dute Gernikako Udalak hiru legegintzaldi daramatzala esanez liburutegi bat jarriko... [+]
89 urterekin hil da, Liman, eta idazle perutarraren seme-alabek eman dute haren heriotzaren berri. Gaztelaniazko literaturaren egilerik ospetsuenetakoa izan zen, eta 1960ko eta 1970eko hamarkadetan Latinoamerikan literaturak izan zuen loraldian paper garrantzitsua jokatu zuen... [+]
Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak (EHKS) antolatuta, egun osoko jardunaldia egin dute igandean, Bilboko Campos Eliseos antzokian. Hainbat hitzaldik osatu dute egitaraua, eta jardnualdia amaitzeko Bigarrenez Aresti etorkizunaren aurrean antzezlana estreinatu dute.
Bozen lehen itzulian pare-parean geratu ostean, inkesta gehienek aurreikusten zutena baino tarte handiagoa atera dio egungo presidenteak Luisa González hautagai correistari. Oposizioak "iruzurra" salatu eta botoak berriz zenbatzea eskatu du.
Gure amak beti esaten du: “Ez dut sekula ulertu zergatik gertatu zen Lehen Mundu Gerra”. Ez dio batere zentzurik harrapatzen. Ez du ulertzen zergatik inplikatu ziren Europako potentzia zaharrak halako basakeria batean eta ez zaio buruan sartzen nola konbentzitu... [+]
Adierazpen askatasuna aldarrikatzeko eta "eskuin erreakzionarioaren ofentsibari aurre egiteko" batuko dira. Egun horretarako Euskal Preso Politikoen alde antolatua zuten hitzaldia eta ekitaldia salatu du UPNk, eta hura zelatatzeko agindu du Espainiako Audientzia... [+]
Maki gerrillari antifrankistek Euskal Herrian ez zuten presentzia bereziki nabarmena izan, baina batzuk pasatu ziren, baita erregimenaren errepresio bortitza pairatu ere. Guardia Zibilak hiru hil zituen Ibaetan 1947an eta bat Zubietan 1948an, ahaztuta badaude ere.
Ekimenak bakea eta justizia soziala sustatzeko proiektuak finantzatzea du helburu. Sustatzaile diren gizarte mugimenduek mezu argi bat bidali diete gobernuei eta armagintza industriari: "Ez dugu gerraren konplize izan nahi".
"Eskatu txanda eta egingo dugu bat zurekin", esan dio estudioetatik ari den esatari prestu eta animatuak Bilboko kaleetan dabilen berriemaile gazteari. Aurkezlea entzuleei zuzendu zaie segituan. "Bien bitartean, Iruñera goaz...". Han zabaldu dute linea... [+]
Hainbat lorpen kolektiboan soilik egin daitezkeela esaten denean, lerro artean joan ohi da behin kolektiboan pentsatu, gogoetatu eta eztabaidatu ondotik heldu ohi direla, heltzekotan. Baina zerbait lortzeko, ezinbestekoa da pentsatzen jartzea. Ez baitira gauzak besterik gabe... [+]