Atenas hiriburuak biztanleen %3 galdu omen du. Greziako nekazarien kopurua 2010etik %7 handitu dela diote kooperatibek. Milioi eta erdi greziar zalantzan daude baserrira itzuli ala ez. Lurrarekiko eta eguneroko elikadurarekiko harremana arras aldatu da krisiarekin. Baina laborantzara doazenek irautea konplikatua daukate.
Greziarren soldatek hondoa jo dute krisiaren ondorioz herrialdea Europako hartzekodun handien mende geratu denetik, batek irabazien %20 galdu du, besteak %30, edo %50. Erretiroak %20an murriztu dira. Osasun zerbitzuetan mozketa izugarriak. Langabezia tasak kontrolik gabe. 40.000 herritar gehiago aterperik gabe. Laguntzazko milioi bat otordu zerbitzatzen dira egunero kaleetan.
Aurreko hamarkadan Argentinan eta beste askotan ikusitako irudiak errepikatzen dira Grezian, Europaren sehaskan, herio larrian jendeak karrikan bere haserrea erakusteaz gain bizirauteko kemena antolatzen duela erakusten dutenak. Hamaika kronikatan zabaldu dira gurean hango ekonomia paraleloaren istorioak, diru lokalak direla, trukeak, auzolanak, lantokien okupazioak edo hirietako baratzeak.
Estatuak zerbitzu asko gogor kimatu dituenez, jende askoren osasuna bermatzeko ez dago mediku eta erizain boluntarioen bidea besterik. Arazo ekonomikoek gorputzak eta buruak hondatu dituzte, elikadura txarragotu, kalte psikologikoak eragin... Suizidioak ugaritu dira, tarteka telebistak erakusten dituen kasu deigarrienetatik askoz harago. Krisiaren uhinak familia guztietara iritsi ahala, boluntarioz osatutako osasun zerbitzuetara etorkinak baino askoz gehiago greziar jatorrak datoz.
Aipatzen den beste joera karrikatik baserrirako itzulera berriarena da. Gaia Roxanne Mitrallasek jorratu du Confederation Paysanne sindikatu frantziarrak plazaratzen duen Campagnes Solidaires aldizkariaren maiatzeko zenbakian; Euskal Herrian ELBren Laborari astekari beti interesgarriak ezagutarazi du: Avec la crise, les Grecs retournent à la terre.
XXI. mendeko krisitzarrak hondamendira eraman ditu milaka familia, negozio txikiren bat edo enplegua zeukan asko esku hutsik da gaur, eta oraindik dena galdu ez duena ohartu da dendaz denda ibiltzea, atzerrira bidaiatzea, baita autoz mugitzea bera ere baino lehenagokoak badirela: eguneroko otorduak.
Kaletar askok dirurik ez jakiak erosteko eta baserritarrek jeneroa saldu ezin, uzta oso ona izatea bera zigor. Urte hasiera honetan Pieria hiriko elkarte batean hasi ziren zuzeneko salmenta Internet bidez mugiarazten. Patatak 0,25 eurotan jarrita, aurretik 0,10 eskuratu ezin zuen laboraria ondo eta supermerkatuan 0,70 eskatzen zioten kaletar pobretua ere bai.
Mitrallasek dioenez, “mugimendua beste produktuetara zabaldu da: lekaleak, fruituak, olioa, ardoa, gazta, okela eta baita arraina ere. Gero eta gehiago inplikatzen ditu udalak, eta elkarteekiko elkarlan hau hiri handietara ari da iristen. Supermerkatu handien sareari alternatiba ari zaio antolatzen”.
Baina herritarren lurrarekiko interes berria jakiak eskuratu beharretik harantzago doa. Hirietan ugaritu dira baratzeak, bai partikularrak eta bai auzolanean landuak. Gerra eta krisi handietako joera da hori ere. Gobernuek sustatu izan dute, Britainia Handiko eta AEBetako gobernuek 1940tik antolatutako Victory Garden eta Digg for Victory mugimenduak bezala.
Grezian ere, antza, gobernuak eta udalek erraztasunak eskaintzen dizkiete lurra landu nahi dutenei, baina jendeak batik bat familia arteko sareetan oinarritzen dira.
Grezian lurrera itzultzeko mugimendua nola gertatzen den ulertzeko gako batzuk Nicholas Bellek eman ditu Le Monde Diplomatiqueko blogean: Dans la Grèce rurale, la révolution des jardins. Nekazarien giroa ondo ezagutzen dutenak elkarrizketatu ditu, berrikitan hango Paranesti herri txikian Panagiotis eta Sonia Sainatoudisek sortutako hazien sareak burutu duen bileraren aitzakian aste pare baterako joanik.
Greziako lurrak aski ondo banatuak ei daude hein batean 1453tik 1828era arte Turkiaren mende egon izanaren ondorioz. Sultan otomandarrak bereak zituen lurrak oro, baserritar guztiak maizter ziren, sultanak ez zuen maite lurjabe handien konkurrentziarik. Horrexegatik dago basoen %95 ere Estatuaren eskuetan gaur arte.
1922an Turkia eta Grezia berriek etnia bateko eta besteko herritar ordura arte nahasiak bereizi zituztenean, milioi eta erdi greziar heldu ziren herrialdera, honek eraginez lurraren erreforma. Laster helduko zen gerra eta 1940tik 1949a hondamendia: inbaditzaile naziek mendialdeetan 2.000 biztanle baino gehiagoko herri guztiak suntsitu zittuzten, horrekin batera askapen gerra, eta 1945tik 1949ra gerra zibila.
Baina hirira jaitsi berriak izaki, Greziako kaletar guztiek dauzkate senitartekoak sorterrian. Nork berera jotzen du festa eta bestelako ospakizunetan. Atzerrira urrundutakoek ere atxikitzen dute lotura. Azken urteotan lurrera itzuli diren 50.000 jendeek sare horren babesean egin dute.
Dimitris Goussiosek geografia irakasten du Thesariako unibertsitatean. Kazetariari aipatu dio Ellinopyrgos herrixkakoa. Ehun lagun bizi dira bertan, gehienak zaharrak. Baina Australian, Alemanian, Estatu Batuetan eta Atenasen daukan diasporak 2.500 ellinopyrgostar biltzen ditu 6 elkartetan. Bertan erroak dituzten gazte batzuk baitzeuden etxaldeetan instalatzeko gogoz, Goussiosen departamenduak lagunduta Internet eta satelite bidez egin dute biltzarra. Nekazari berriek beren produktuak saltzeko beharko duten sarea hortixe antolatuko da.
Zertarako joan baserrira? Nicholas Belli kontatu dio batek: “Ez nator diru bila. Atenasen lanean arituta 400 edo 500 euro irabaziko ditut, esklaboa bainintz. Hemen berdin irabaztera iristen banaiz, gainera askatasuna aurkitu dut”.
Goussios irakasleak dioenez, hiru hamarkadatan hiperkontsumismoan bizi izan ondoren, asko hasi dira balorea aitortzen pobreago zirenean zeukaten elkarlanari. “Solidaritatea, elkarrekikotasuna, ematea, guzti hori ari gara berrikusten. Grezian oraindik geratzen ziren jendearen memorian, ez da Frantzian bezala, han XIX. mendean hustu baitziren baserriak”.
Baina soroan sartzea bat da eta hartatik biziz irautea bestea. Roxanne Mitrallas egon da Via Campesinako nekazari greziarrekin eta hauek kezkatuta daude ikusiz hasiberrietako askok porrot egin dezakeela.
Nork heziko ditu nekazari berriak eta zertarako? Nola hornitu hiri handiak, antolatu laborarien elkarlana, kontsumitzaileekiko harremana? Horretan asmatzen ez bada, milaka baserritar berri aurkituko dira aurreko beste asko aurkitu diren atakan hesituta.
Argentinako Abokatuen Gremioa erakundean egiten du lan Laura Taffetanik (Buenos Aires, Argentina, 1963). Gobernuaren errepresioa pairatu duten maputxe ugarirekin lan egin du azken urteetan, eta Askapena antolakundeak antolatutako topaketa antiinperialisten barnean izan da Euskal... [+]
Iragarrita zegoen moduan, Bilboko Errekalde auzoko Etxarri II gaztetxea hustu du Ertzaintzak 9.00etan abiarazi duen operazioarekin. Arratsaldean protesta manifestazioa egingo dute auzoan, 19:00etan Amezolako tren geltokitik abiatuta.
Ezbeharra ostegunean gertatu da eta SOS Nafarroak 16:00 orduak jotzear zirela jaso du haren berri. Medikua, anbulantzia et Foruzaingoa bertarako dira, baina ezin izan dute gizona suspertu eta bertan hil da.
Aurtengo berritasuna da. Ahobizi eta belarriprest rolen artean aukeratzeaz gain, herritarrek Euskaraldia Hikan parte hartzeko aukera izango dute. Hitanoa erabiltzen ez den herrietan, toka eta noka, bien erabilera bultzatuko da, eta hitanoa bizirik dagoen herrietan nokaren... [+]
Interview. Urez eta hondarrez
Egileak: Telmo Irureta eta Mireia Gabilondo.
Aktoreak: Telmo Irureta eta Dorleta Urretabizkaia.
Zuzendaria: Mireia Gabilondo.
Konpainia: Tentazioa.
Noiz: apirilaren 2an.
Non: Victoria Eugenia Klub Aretoan,... [+]
Ezagutzen duzue Kneecap filma? Oscar sarietarako hautatu zuten. Belfasteko hirukote baten istorioa da. Kneecap Hip Hop talde ezaguna da gaur egun, eta hizkuntzaren aldeko jarrera (gaelikoa) argia dute, IRAren osteko belaunaldiaren gorabeherak kontatzen ditu filmak; drogak eta... [+]
Galdera batzuen aurrean, behin eta berriz helduok ume sentitzen garela dio Iñigo Martinezek, “bizitza zulo existentzialez beterik” dagoelako. Galderaz galdera "behin-behineko erantzunen bila" aritzeko asmoa du irakasle eta filosofoak. ARGIA... [+]
Euskal Herriko Laborantza Ganberak hogei urte bete ditu. 2005ean sorturik, bataila anitzetatik pasa da Ainiza-Monjoloseko erakundea. Epaiketak, sustengu kanpainak edota Lurramaren sortzea, gorabehera ainitz izan ditu hogei urtez.
Giza-katea antolatu du Subflubiala ez! plataformak eta hitzordua Artaza-Romo Institutuan jarri du gaurko 18:00etan. Bizkaiko Foru Aldundiak Ingurumen Inpaktuaren Adierazpena (IIA) aldatzea du helburu eta horrelakorik ez du onartzen plataformak.
Europan kutsadura maila aztertzen aritzen den Toxicowatch erakundeak egindako ikerketaren emaitzak dira. Erraustegia martxan jarri aurretik egin zituzten lehen azterketak, eta ondoren 2024ra arteko laginak aztertu dituzte. Iazko laginen emaitzak dira honakoak.
Elkarteko Andoni Burguetek nabarmendu du espetxean dauden presoek egindako delitu gehienek behar sozioekonomikoekin lotura dutela.
Gergely Gulyas Hungariako Presidentetza ministroak eman du erabakiaren berri, Hagako auzitegiak atxilotze agindua ezarrita dion Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa herrialdera heldu den egun berean. Israelgo armadak Gazako eremu gehiago hartzeko asmoa duela... [+]