Euskaldun izatea zein nekeza den

Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Euskaldun izatea zein nekeza den kantatzen du Ruperrek eta berresten du Nagore Aranburuk, Bodologuak saioan taularatzen dituen bi bakarrizketetatik batean. Egoitz Lasa, Mikel Pagadizabal eta hirurak herriz herri dabiltza ordubete inguruko saioa eskainiz, boda batetik itzultzen direla aitzakia hartuta txandaka bakarrizketan. “Euskal” izatearen zamaz dihardu Aranburuk, ikastolen jaiak, txosna-lana, Euskal Herriari buruz giriei eman beharreko azalpenak edota kirolarekiko obsesioa argudio. Eta publikoko asko identifikatuta sentitu gara, islatuta ikusi dugu gure burua. Topiko eta estereotipoetatik abiatuta, eta umoreak behar duen exagerazio ukituz jantzita, egiak azaleratzen dituztelako hiru umoristek, bizi garen gizarte ereduari (kontsumismoari, soziedade gastronomikoen kulturari, estetikaren morrontzari…) eztenkadak sartuz.

Dena den, esango nuke “euskal” etiketari ihes egin eta unibertsal izatea lortu duela ikuskizunak. Bai, hemengo erreferentzia kulturalak eta bizipenak aipatzen dira maiz, eta euskaldunok baino ulertu ezin ditugun pasarteak daude, baina kostunbrismotik harago, leku guztietan berdina da umorea, txarra batzuetan eta ona besteetan, txarra batzuentzat eta ona besteentzat. Edukian eta gidoian asmatzen jakin behar, gaiari mamia ateratzen, umore argi eta kritikoa egiten. Zentzu horretan, bakarrizketa guztiek ez naute berdin erakarri eta pertsonalki, Pagadik Elizari –eta mezatako buruhausteei– buruz botatakoak eta Aranburuk euskal izaeraz kontatutakoak gustatu zaizkit gehien.

Umorea unibertsala da, diogu, inportagarri eta esportagarri. Zein ereduri begiratzen zaion, hori ere garrantzitsua da. Ai ama! telebista saioaren harira, euskaldunok dibertimenduan hasiberriak garela eta Espainiako ereduak baino, esaterako Frantziakoak hartzea gomendatzen zuen Aritz Galarragak Berriako Ekografiak sailean –Le Petit Journal aipatzen zuen adibide gisa–. Izan ere, ba al da eredu traketsen kopia traketsa baino gauza traketsagorik?

Ez da hau kasua. Egunerokoari beren ikuspuntutik erreparatu diote bodologulariek, eta antzezpen txukuna taularatu dute, bakoitzak bere estiloan. Ez gaude ohituta bakarrizketak euskaraz entzutera, eta trataera egokiena eman diote hizkuntzari: kaleko euskara bizia eta jatorra, nola bestela, freskoa eta naturala, hitz-joko eta esamoldeak lagun. Garai hauetarako, finean, ihesbide aproposa da Bodologuak, arratsalde batez penak alboratzeko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Umorea
'Barraka' saioa
Apustua ETBk, baina bigarren planoan

Igande honetan, azaroaren 17an estreinatuko da Barraka izeneko late-night formatuko programa, EITBren Primeran plataforman. Hiru Damatxok ekoitzi du umorez blaitutako ikuskizun bizia.


Maria Rivero
“Umorea oso maskulinoa da oraindik, gauza asko aldatu beharra dago arlo horretan”

Korrika Kulturalaren eskutik, Olatz Beobidek zuzendutako eMcumeak umorezko obra taularatuko dute Maria Riverok eta Itxaso Payak asteartean, 19:00etan, Antsoaingo Antzokian.


Umorea

Astean galdetu didate ea nolakoak ziren idazten nituen artikuluak, eta ea umoretsuak ziren. Ezetz esan nion galdetzaileari, nahiko nukeela, baina ezin, inguruan gertatzen dena ikusita.

Uste dut umoretsua naizela normalean, baina ez da erraza ezer umorez idaztea munduan dauden... [+]


Eguneraketa berriak daude