GAURKO egunetik ikusita, eztabaida eta hausnarketa da 1512-2012ko data esanguratsu eta garrantzitsuek oro har ekarri dutena, eta egungo gizarte arin eta azalekoan, asko da hori. Egungo dialektikak argi erakusten du iragana nola proiektatzen den orainera, eta alderantziz, oraina iraganera.
Esate batera, konkista hala ituna? Nabarrismoak lortu du Nafarroa eta Espainiako erresumen itun historikoaren ideia egungo ordenamendu juridikora eramatea, hor ez da zalantzarik, Foru Hobekuntzaren ideia bera da horren erakusle garrantzitsuena.
Baina ikuspegi historikotik, nabarrismoak berak ere gaur egun onartua du 1512ko hura konkista hutsa izan zela, garai hartan egiten ziren beste askoren parekoa. Alfredo Floristán historialari nabarristak –bera da Nafarroako Gobernuak mendeurrenerako eratutako batzorde bereziaren buru– dataren karietara idatzitako artikuluetan argi uzten du ideia hori, esate baterako Pregón aldizkarian idatzitakoan: “Navarra en 1512: quién conquistó y quién fue conquistado”. Bai, konkista izan zen, baina konkistatuak izaten utzi ginen esatera dator, nafarroako herritarrek eta nobleziak konkista lagundu zuten.
Mercedes Galán historialariak ere antzerako ondorioak ateratzen ditu aldizkari berean, Julio II.aren bulda ospetsuek konkista justifikatzen ote zuten aztertzen du eta erantzuna oso argia da: “Ez dago konkistarako justifikazio juridikorik”. Zer dago orduan? “Biztanleriaren onarpena”, garai hartan Gaztelako erregearekiko menpekotasun libre eta boluntario gisako titulupean gauzatu zena. Konkista ez zela justua izan alegia, baina azkenean nafarrek onartu egin zutela, bereziki nafarren ohiko itunzaletasunagatik, eta Nafarroari erresuma izaera, bere instituzioak eta bere zuzenbidea onartu zitzaizkiolako.
Akademia mailako onarpenak, politikara eta dibulgaziora ere iritsi dira, baina lausoago. Ezaguna da UPNk bere militanteen artean zabaldu zuen hausnarketa: “Ez du zentzurik konkista, anexio edo inkorporazioaren eztabaidak...”. Eta onartzen du konkista izan zela, “baina hobeto inkorporazioa erabiltzea, hori bera egiten zuen Fernando Katolikoak eta”. Eta hala egin dute : Navarra 1512. La incorporación de Navarra a la Corona de España” (Pregón aldizkariko otsaileko aldizkariaren titulua). Bai, konkista izan zen –jarraitzen du kontakizun historiko berrituak–, baina ez oso latza, gainera behamondarrek sostengatu zuten eta errege nafarrek alde egin zuten Iruñetik. Funtsean, erregeak aldatu ziren, baina Nafarroak independente izaten jarraitu zuen. Hortan da gaur egun, nabarrismoaren iritzi ofiziala.
ETA ABERTZALEAK? Nola ari dira kudeatzen data? Ez da zalantzarik azken urte luzeetan abertzaletasunak astindu duela gehien data, bai akademiaren eremuan, dibulgazioan, edota kalean, larunbatean Nafarroa Bizirik elkartearen deialdiak Iruñean erakutsiko duen moduan.
Eremu honetan zalantza gutxiago dago gertakizunez, azken urteetan gainera asko ikertu da eta horien ondorioak are eta garbiagoak dira: konkista latza izan zen, garai hartako justifikazio legezkorik gabekoa eta egungo Nafarroaren oinarri juridiko-politikoen abiapuntua jarri zuena. Ezberdintasun nagusienak historiak nazio eraikuntzan –edo berreraikuntzan, askok dioten moduan– izan behar duen irakurketan daude; edo Nafarroak Euskal Herriaren egituraketan izan behar duen ezaugarriez.
Ongi da mendeurren hau nazio aldarrikapenerako baliatzea, Nafarroaren eta Euskal Herriaren egungo egoeran horixe baita logiko eta egokiena. Baina ez dezala kateatu iraganak oraina, eta are gutxiago etorkizuna: iraganak zer garen ulertzen laguntzen digu, baina izango garena, geuk eta orain erabaki behar dugu.
Bostehun urteko tartea bada ere, bada antzeko ezaugarririk orduko eta egungo Nafarroako gizartean, horietako bat da bai orduan eta bai gaur egun eliteek agintzen dutela, errege eta jauntxoek orduan, finantza eta ekonomia eliteek gaur egun. Eta hauek, orduko herritarren murrizketa egoera iraunkorrera eramango gintuzketela, ahalko balute. Hor da egun eta orain borroka gunea.
Desberdintasun nagusiena da orduan herritarrek ezin zezaketela aldatu hori beren botoekin eta gaur egun bai. Konkistaz ehuntzen hasi zirena botoez gaindi daitekeela, hori da egungo nafar abertzaleen esperantza, hori erronka.
Gipuzkoa Nafarroako Erresumatik aterarazi eta Gaztelarentzat konkistatu zuen Alfonso VIII. erregearen omenezko kaleari izena aldatuko diote. Horren partez, “17 emakume" deituko da kale hori, frankismoaren lege matxisten aurka borroka egin zuten herriko emakume batzuen... [+]
Memoria eta aldarrikapen eguna izan da larunbatean Amikuzeko hiriburuan. "Sekulan baino gehiago, gure izanetik aurkitu indarraz, bihar gu girena hazi", izan dira Zabalik elkarteko presidentearen hitzak, Nafarroa Bizirik eguneko ekitaldi ofizialean.
Larunbat honetan egun osoko egitaraua antolatu dute Zabalik elkarteak, Nabarraldek eta Hernani Errotzenek, gogorarazteko 1523an Nafarroako Erresumak Donapaleun ezarri zuela hiriburua eta bere egiturak mantendu zituela.
1523ko abuztuaren 18an, Henrike II.a Nafarroako erregeak Estatu Nagusiak deitu zituen Donapaleun. Gaztelaren eraso eta konkistaren ondoren, Nafarroa Behereko lurraldera mugaturik geratu zen erresumak bere egiturak bizirik mantentzeko azken saiakera izan zen hura. 500 urte... [+]
Historian Euskal Herriaren alde bizitza eman duten pertsona guztiei omenaldia eta lore-eskaintza eskaini die Orreaga elkarteak Nafarroaren Egunean Iruñean egindako ekitaldian.
Larunbat honetan dute Antso Azkarra eta Miramamolinen esmeralda antzerkiaren azken emanaldia Hazparnen. Makear gazteek taularatzen dute Antton Luku antzerkigileak 1997an idatzitako obra. Urte horretan Donostia Hiria Literatur Saria irabazi zuen; 25 urte geroago publikoaren... [+]
Amaiurko gazteluaren erresistentziaren eta suntsiketaren 500. urteurrena ospatzeko ekitaldi nagusia ospatu da larunbatean, Amaiurko Gaztelu Elkarteak eta Amaiurko herriak antolaturik eta hainbat instituzioen ordezkarien presentziarekin.
Zigarro mentolatuak, Dire Straits taldea eta “dabuten” esaten zuen jendea iraganeko kontuak dira. Inork aldarrikatzen ez duen iragan batekoak. Bazkari familiar batean zure osaba inoiz martxosoak ekarriko ditu gogora eta horri esker jakingo duzu existitu zirela. Are,... [+]
1522ko uztailaren 19an Amaiurko gaztelua bereganatu zuen espainiar gudarosteak, euren erreinuaren defentsan erresistitu nahi izan zuten nafar gerlariak garaituta. Ez zen izan Nafarroako konkistaren borrokaldi funtsezkoena, bai seguruenik sinbolikoena. Historiak isilarazita egon... [+]
Aise adituko diezue adin bateko espainolei, zerbaiten larritasuna gutxietsi edo apaletsi nahi dutelarik: “Kuban gehiago galdu zen”, harako 1898 hartako inperio kolonialaren hondarren galera gogoan. Hungariarrek ere, gisako esamoldea omen dute, adiera berberarekin... [+]