Bi egunez Europako eta Japoniako mediku eta jakintsu engaiatuek berrikusi dituzte Txernobylgo hondamendi nuklearretik Fukushimakora aztertu eta ikasitakoak. Zergatik erreakzionatu den berandu, zer den ezkutatzen dena eta jakin beharrekoa erradioaktibitatearen kalteez, nola lagundu eskualde kutsatuetan bizirautera kondenatutako jendeei.
Heroiak aurkitu ditut. Zinekoak bezalakoak ez. Benetakoak, hezur eta haragizkoak. Gizon eta emakumeak nor bere herrialdean borrokan ari direnak egia ezagutu dadin. Arriskatuz isekak jasotzea, mesprezua, presondegia, arriskatuz beren osasuna, bizia, eskuzabaltasunez atsedenik hartu gabe, batzuk azken 26 urteotan, beste batzuk urte betetik hona. Denek dute beranduegi izan baino lehen jendea ohartarazi nahi bera. Argia zabaltzea energia atomikoak osasunean dituen arriskuez, horra beren helburua. Ez dira asko baina Genevan bildurik 2012ko maiatzaren 12 eta 13an berretsi dute izugarrikeria salatzeko daukaten erabakia. Zalaparta handian bizi den munduari axola ez arren, hor zeuden, elkarrekin, zutik, bizirik. Mezua bidali dute, 200 baino gehiago izan gara lekuko. Entzun diezaiegun”.
Hitzok Pierre Fetetek idatzi ditu, 2011ko apiriletik Fukushima-over-blog gunea mugiarazten duenak. Horrela ekin dio IndependentWHO erakundeak deituta Suitzako Genevan burutu den Scientific and Citizen Forum on Radioprotection jardunaldien kontakizunari.
IndependentWHO da klase askotako boluntarioz osatutako erakunde bat 2007tik egunero salatzen duena Osasunaren Munduko Erakundeak (WHO ingelesezko sigletan, euskarazkoetan OME) Energia Atomikoaren Erakundearekiko daukan menpekotasuna. Bi erakundeek 1959an sinatu zuten itun bat adostuz osasun gaietan nuklearrekin zerikusirik zuen ezer baldin bazen elkarri egingo diotela kontsulta; Independent-WHOko ekintzaileek salatzen dute geroztik OMEk ez bakarrik ez duela aski ikertu erradiazioen kalteetan baizik eta istripu nuklearren ondorioak estali eta zuritzen lagundu diola industriari.
Bost urteotako lan egun guztietan egon dira ekintzaileak pankartak hartuta Genevako OMEren egoitzaren aurrean protestan. Maiatzeko jardunaldietan bildu dituzte OMEk benetan munduko jendeen osasuna zaintzeko landu beharko lituzkeen ildoetan sakontzeko Txernobylgoaz geroztik horretan ari direnak eta Fukushimako hondamendiak mugiarazita elkartu zaizkienak.
Dena zen mami 200 laguneko taldean. Izan dira idazle eta kazetariak, esaterako Tchernobyl: déni passé, menace future? liburuaren egile Marc Molitor eta Wladimir Tchertkoff Le Crime de Tchernobylena. Baziren Europako jakintsu konprometituak, hala nola Roland Desbordes Frantziako CRIIRADeko burua, Paul Lannoye eurodiputatu ohia, Sophie Fauconnier Txernobylgoak Korsikan izan duen eragina aztertu duen medikua, Michèle Rivasi CRIIRADeko fundatzaile eta gaur eurodiputatua dena, Michel Fernex OMEko aholkulari izana edo Chris Busby mediku eta kimikalari galesa, energia nuklearraren aurkako ekintzaile beroena.
Fukushimakoaz geroztik Japonian gaixoak artatzen eta ikerlanean ari direnetatik sorta hurbildu da Genevara: Shinzo Kimura, Eisuke Matsu, Kolin Kobayashi, Aya Marumori, Wataru Iwata, Fukushimako amen elkarteko buru Miwa Chiwaki... Baina ikusminik handiena piztu dute Txernobyleko istripuaren ondorioak lekuan bertan ikusi eta borrokatzeko aukera izan duten aditu errusiar eta bielorrusiarrek.
Alexei Yablokov mediku eta Errusiako Zientzien Akademiako kidea da, Vassily Nesterenkorekin eta Alexei Nesterenkorekin argitaratu zuen Txernobylek gizakien osasunean egindako kalteen analisirik famatuenetakoa dena, Chernobyl – Consequences of the Catastrophe for People and the Environment. Interneten doan eskuragai dago 349 orrialdeko ikerlan mardula. Yablokoven ondoan zen Alexei Nesterenko bielorrusiarra ere mintzatu zen biltzarrean. Bitxikeria nabarmentzeko, Txernobylgo zentralak porrot egin zuenean biak ziren herritar sobietarrak.
Bielorrusiako hiriburu Minsken Nesterenkoren alboan Belrad institutuko zuzendaritzan dagoen Vladimir Babenkok “Txernobyldik Fukushimara” izeneko hitzaldia eman du. Zerbait ikasi ote dugu hogeita bost urteotan?
“Ondorio nagusia etsipengarria da”, dio Babenkok. “Txernobylgo katastrofeak ez dio deus irakatsi munduari. Txernobyl eta Fukushima: arazo berak, errore berak. Garai batean uste izan zen Txernobylgoa hain larria gertatu zela sistema sobietarragatik. Japonian sistema arras diferentea daukagu, ingurumen, kultura eta ohitura ezberdinak. Baina akatsak berdinak dira. Akats nagusia datza istripu nuklearraren benetako neurria ezkutatu nahian, egia ezkutatzeko ahaleginean”.
Hunkituta 25 urte beranduago Txernobylgoa baino askoz istripu larriagoaren aurrean Japoniako herritarrek ez daukatelako aski informazio beren buruak eguneroko bizimoduan babesteko, oparia ekarri du Babenkok: “Nola babestu norbere burua eta haurra erradiazioetatik” liburua japonierara eta frantsesera itzulita.
Beste bi protagonistak izan dira Yuri Bandazhevsky eta Galina Bandazhevskaya senar-emazteak. Senarra kartzelatik pasa ondoren Frantziara atzerriratu ziren, beranduago Ukrainako Kiev hiriburuan kokatzeko. Han daukate Ekologia eta Osasuna izeneko analisi eta koordinazio zentroa.
Pediatra eta kardiologoa den Galinak Bielorrusiako haurren osasuna gaur egun nolakoa den azaldu du. Zeren eta esan duenez, “26 urte pasa diren arren oraindik aktualitatezkoa eta oso gutxi ezagutua baita arazo nagusia: eremu kutsatuetan bizi diren jendeen osasun egoera”.
Yuri Bandazhevskyk titulu hau eman dio bere mintzaldiari: “Iraupen luzeko isotopoak modu kronikoan barneratzeagatiko sindrometik abiatuta, herritarrak erradiazioetatik babesteko programa eta politikak nola osatu: eredu integratu bat”.
Bandazhevskyren hitzetan, “iraupen luzeko isotopoen sindromeak erakusten duen arren gizakiaren organismo osoan zesio erradioaktiboak daukan eragina, medikuntza ofizialak praktikan ez du kontutan hartzen, eta horrek asko mugatzen du eremu kutsatuetan bizi diren herritarrei ematen zaien laguntzaren eraginkortasuna”.
Egunero kutsaturik bizi behar dutenentzako programak eskatzen du: jendeen eta jakien erradiazioen kontrola, prebentzio eta laguntza planak, desorekan diren gorputzei laguntzeko elikadura orekatuak, populazioarentzako jaki erradiaziogabeak bermatzea... Osasuntsuago bizirauten laguntzeko programa. Bielorrusiako lurraldearen %23 kutsatuta dago eta bertan bizi dira 250.000 haur.
Ukrainan 1986ko apirilaren 26an izandako istripu nuklearra gogora ekarri du Ekologistak Martxan taldeak eta energia nuklearrera "desentxufatzeko" dei egin du. Horretarako, %100 energia berriztagarria merkaturatzen duten enpresetara pasatzea gomendatu du.
Errusiako armadak Txernobylgo zentral nuklearraren eremua kontrolpean du. Hala adierazi du ostiral goizean Errusiako Defentsa Ministroak.
Apirilaren 26an bete ditu 35 urte Txernobilgo istripu nuklearrak. Horren harira Beyond Nuclear Internationalek hiru emakumeren lana azpimarratu du: politikariek ezkutatutako informazioak eta Bielorrusiako eta Ukrainako herritarren bizipenak hartu zabaldu zituzten Alla... [+]
Prípiat ibaia uztailean hasi ziren dragatzen, Baltikoa eta Itsaso Beltza elkartuko dituen ubide erraldoia sortzeko. 1986an istripua izandako erreaktorearen hondakin nuklearrak daude ibai hondoan eta, ingurumen adituen ustez, ingurua gehiago kutsatzeko arriskua egon... [+]
Hamar egun pasa dituzte Txernobyl inguruko 20.000 hektareak sutan. Apirilaren 4an piztu zen sua Txernobylgo esklusio eremuan, eta haizeak zentraletik 1,5 kilometrora hurbildu zuen. Erradioaktibitate tasa normala baino hamasei aldiz altuagoa izatea bultzatu zuen suteak. Orain,... [+]
Apirilaren 4an pizturiko suteak ezin kontrolatuz dabiltza suhiltzaileak eta 20.000 hektarea baino gehiago dira suntsiturik. Erradioaktibitateak gora egin du, normala baino hamasei aldiz altuagoa da erradioaktibitate tasa. Greenpeacek jakinarazi duenez, zentral nuklearretik 1,5... [+]
Ukrainan, Txernobylgo zentral nuklearretik 50 bat kilometrora dagoen baso batean gertatutako suteagatik, erradiazioa 16 bider handitu da zonaldean. Lurrean zeuden partikula kutsatzaileak aireratzen ari dira sugarrak.
Three Mile Island zentraleko istripu nuklearraren 38. urteurrena bete da, AEBetako historiako larriena, eta munduko hirugarrena. Zentralak ihes bat izan zuen eta substantzia erradioaktiboz betetako burbuila bat zabaldu zen zentraletik kanpo. Harrisburgen irakaspena, baina, ez... [+]
Errusiako ekologismo modernoaren patriarka hil da Moskun urtarrilaren 10ean. Txernobylgo hondamendi nuklearrak Europako jendeen osasunean luzaz eragingo dituen kalteak erakutsi zituen, agintariek eta lobby atomikoak eskainitako analisi partzialak larrutuz. Artiko itsasoan armada... [+]
"Energia nuklearra deskonektatu" boikot kanpaina abiatu du Ekologistak Martxan taldeak Espainiako Estatuan, Txernobylgo istripua gertatu zenetik 30 urte pasa direnean.
Apirilaren 26an dira 30 urte Ukrainako iparraldean, Bielorrusiarekiko mugan, Txernobylgo zentral nuklearra lehertu zela, gizakiak eragindako hondamendi industrialik bortitzena. Hiru hamarkada beranduago, Europako herritar askok segitzen dute beren soinetan nozitzen kutsadura... [+]
24 erakundek (alderdi politikoak, sindikatuak, talde ekologistak...) eta bederatzi norbanakok Garoñako berriro irekitzearen aurkako manifestua aurkeztu dute Bilbon egindako ekitaldian. Adierazi dutenez, zentral nuklearra berriro martxan hasiko balitz Iberdrola eta... [+]
Apirilaren 26an 29 urte bete ziren Txernobyleko zentral nuklearra lehertu zenetik. Leherketaren ondorioz material erradioaktibo ugari barreiatu zen munduan zehar. Ukrainan bertan, erradioaktibitatea ez zen uniformeki barreiatu, gune batzuetan asko eta besteetan gutxi... [+]
Ukrainako zentral nuklearraren laugarren erreaktorearen sarkofagoari eusten zion eraikin bateko hormen eta sabaiaren zati bat puskatu egin dira, asteazkenean Pravda egunkariak argitaratu zuenez.