"Irlandarrok benetako euskaldunak gara!"

  • Euskal Herrian laketutako musikari irlandar irribarretsua.

Iruñean, Arga ondoan bizi da orain 'Smiley'.
Iruñean, Arga ondoan bizi da orain 'Smiley'. "Une honetan, udaberrian,paisaiak antza handia du Irlandakoarekin, Ultzamakoak bereziki".Dano Blanco

Hirugarren diskoa noiz plazaratuko duzue?

Aste honetan bukatu dugu grabaketa. Orain masterizazioa egin behar dugu, ez dakit hemen edo Amerikako Estatu Batuetan, eta irailean aurkezpena egiteko asmoa dugu. Iruñeko Zaldi Zuriaren ostatuan joko dugu ekainaren 14an.

Nolakoa da Hoey & The Mussels taldea?

Lau gara: bi irlandar, neu eta Colm Candon abeslaria, eta Atarrabiako beste bi, Javier Egiluz bateria eta Patxi Antón baxua. Guk rockaren eta folkaren arteko nahasketa egiten dugu. Gitarra akustikoa, eta noizbehinka mandolina eta pedal-stylem bezalako tresnak sartzen ditugu, baina, funtsean, rock talde bat gara. Batzuetan gure musika countryaren antzekoa dela esaten digute. Colmek egiten ditu hitzak, denak ingelesez. Nahiko poetikoa da eta bere puntu filosofikoa ere badu. Ez da erraza ulertzeko. Colmek izugarri lan handia egiten du, baina gero jendeak ez daki zer esaten ari garen eta horrek komunikazioa mozten du neurri batean.

Zer ematen dizu musikak?

Geratzen zaidan denbora libre apurrean taldearekin musika egitea atsegin dut. Gero kontzertuak, diskoak… datoz, baina nik nahi dudana da taldearekin elkartu, jo eta sortu. Hona etorri nintzenean beste talde bat egin genuen. Hiru irlandar, Galesko bat eta hemengo bat, iturgina zena: Cuatro guiris y un fontanero izena jarri genion. Oso bestelako garaiak ziren giroari dagokionez. Orduan jendea kontzertuetara joaten zen eta giro polita zegoen. Guk, adibidez, ez dakit zergatik, izugarrizko harreman ona egin genuen Leitzako herriarekin. Orain hori dena oso zaila da, hasteko zuzenerako ongi prestatuak dauden tokiak oso bakanak direlako. Areto handiez harago oso toki apropos gutxi dago. Giroa ere nabarmen erori da urte hauetan: jende gutxi joaten da kontzertuetara, eta beste modu batez ateratzen da jendea. Etorri nintzenean Iruñeko alde zaharrean beti zeuden lagun koadrilak, edozein astegunetan. Orain basamortua da. Asteburuan, aldiz, dena masifikatuta dago. Kalean egoteko zegoen ohitura hori galtzen ari da.

Zu Dublingoa zara.

Dublingoa, hiriburuko semea. Irlandan daude dublindarrak batetik, eta gainerakoak bestetik.

Zer alde dago batzuen eta besteen artean?

Alde handia dago, batez ere hiriburukoak ez direnen ikuspuntutik begiratuta. Mespretxu pixka batez diote hori. Ez dakit zergatik ote den. Nik nire jarreran ez dut deus berezirik ikusten. Doinua bai, baina Belfast, Derry eta beste eskualdeek ere haien doinu propioa dute. Dublin hirian bertan bada beste bereizketa sakon bat: Liffey ibaiak muga ikusezina marrazten du iparraldeko langile auzoen eta hegoaldeko dirudunen artean. Dena den, sakonduz gero berehala ikusten da denetik dagoela alde bietan. Bereizketa hori dela-eta maiz egiten dira txisteak: “Nola esaten zaio bi solairutako etxe polit batean bizi den Dublin iparraldeko bati? Lapurra”. Ni hegoaldekoa naiz, baina aldi berean, langile auzo batekoa. Jaio nintzen tokia garai batean herri txiki bat zen, orain hiriak jan du. Aita hango baserri batekoa zen. Duela 40-50 urte Dublingo erdigunea hustu zuten oso utzia eta gainbeheran zegoelako. Horretarako bertako jende pobre eta marjinatua handik aterarazi eta inguruan eraikitako auzo berri batzuetan barreiatu zituzten. Oso modu traketsean egin zuten.

Nolatan etorri zinen Euskal Herrira?

20 bat urte nituela haurrentzako arropa fabrika batean egiten nuen lan. Orduan ingelesa ikastera joandako hemengo talde bat ezagutu nuen. Iruñekoak, Zarauzkoak… Euskaldunak. Pubetan ibiltzen ginen, adiskidetu, gustatu eta gero hona etorri nintzen.

Haiekin?

Haietako neska batekin.

Horrela esanda egun batetik bestera erabaki zenuela dirudi...

Eta hala izan zen. Hori ulertzeko jakin behar da Irlandan badagoela kanpora joateko tradizioa. Ez dugu bitan pentsatzen. Emigrazioa oso errotua dago. Hemen ez, beste garai batzuetan bai, baina orain hemen ez. Gosete handia izan zen Irlandan 1845etik 1849ra eta, horren ondorioz, 8 milioi biztanletarik, milioi bat pertsona hil eta beste milioi eta erdiak kanpora joan behar izan zuen. Miseria besterik ez zen eta jendeak bizimodua bilatu beharra zuen. Horrek ez du etenik izan eta oraingo krisi ekonomikoarekin areagotu egin da. Esaten dute gaur egun astero 1.000 pertsonek alde egiten dutela Irlandatik. Australia eta Kanada dira orain emigrante horietako askoren jomugak. Baina jendeak, oro har, ateratzeko ohitura du, urtebeterako edo denbora gutxitarako bada ere. Gure koadrilan hamabi ginen eta Irlandan bi besterik ez ziren gelditu. Bat Greziara, beste bat Alemaniara, bi Estatu Batuetara, Australiara…

Beraz neska euskaldun harekin nenbilela, esan zidanean nazkatuta zegoela eta Euskal Herrira itzuli nahi zuela, nik berehala esan nion “zurekin noa”, eta etorri egin ginen.

Nola hartu zuten zure etxean?

Ongi. Ez zuten festa bat egin, baina arazorik ere ez zen egon. Nire aitaren lagun batek esan zuen hiru astetan bueltan egonen nintzela. Baina hiru aste ez, hiru urte egon nintzen Irlandara joan gabe. Ez nuen batere plan zehatzik. Etorri eta geratu egin nintzen.

Zer tankera hartu zenion Euskal Herriari lehen begi kolpean?

Flipatu nuen. Pentsa: 21 urterekin, uda bukaera, eguzkia, jaiak nonahi… Nire laguna Zarauzkoa zen, eta hango hondartza… Ikaragarria! Geroxeago alde ilunak ere ikusi ditut.

Zeintzuk?

Klaustrofobiko samarra dela. Hau oso txikia da.

Tokia ala gizartea?

Biak.

Eta euskara ikastearena nola izan zen?

Urtebete eskas neramala hasi nintzen ikasten. Hori da nik hemen egin dudan gauzarik garrantzitsuena, emaztea ezagutu eta seme-alabak izateaz gain, noski. AEKn ikasi nuen, “sektan”, kar, kar. Gogoan dut urte batean AEK-k egin zuen kanpainaren kartela: bazen baserri bateko atea, erdi irekia, etxe barrenetik ikusita, eta ateaz bestaldean zer nolako mundua zabaltzen zen antzematen zen. Halako zerbait izan da niretzat euskara ikastea: jende pila ezagutzea, lagunak egitea, integratzea… Baina horretarako atea ireki egin behar da, afixa horretan bezala.

Orain zu irakasle. Ingelesa irakasten duzu. Hori izan da hemen beti zure lanbidea?

Bai, kenduta uda batez lanean aritu nintzela hemengo lantegi batean Bartzelona futbol kluberako kamisetak egiten. Zailena zen Goikoetxearen izena bizkarrean jartzea, oso luzea zelako. Itzulpenak ere egiten ditut, baina gehienbat klaseak ematen ditut. Orain arte akademietan eta azken hamar urteotan CNAI-n (auto-irakaskuntza zentro publikoan) aritu naiz. Berriki, gure akademia propioa zabaldu dugu.

Azken bolada honetan, ingelesa irakaskuntzan gai polemikoa da Nafarroan. Zer uste duzu horretaz?

Ez da berez polemikoa, baina polemiko bihurtu dute. Ingelesaren irakaskuntza tinko bultzatu nahi bada, plangintza zorrotza eta landua behar da eta hemen ez da halakorik. Hemen interes politikoek eta euskararen aurka jo nahiak dute lehentasuna. Gauza asko egiten ari direla erakutsi nahi dute baina baliabideak jarri behar dira horretarako. Gero, gainera, kalean jendea hizkuntzen alde dagoela ikusten duzu. Txarrena da gizarteari esatea ingelesaren eta euskararen artean aukeratu behar duela.

Eta helduok zer moduz? Jende asko lotsatzen da bere ingelesa txarra delakoan eta ez dute hitz egin nahi izaten.

Bai, horrela da, baina aldatzen ari da. Badago konfiantza falta handia. Bitxia da, baina nik behintzat nabari dut Gipuzkoan hobeki egiten dutela ingelesez. Agian itsasoaren aldamenean daudelako. Ez dakit zergatik baina irudipen hori dut.

Irlanda eta Euskal Herriaren arteko nolabaiteko lotura mitifikaturik badela esan daiteke. Zuk ere hori sumatzen duzu?

Bai, batez ere hemendik ikusita. Halere Irlanda Iparraldearekin, Belfastekin komunikazio gehiago dago Dublin edo hegoaldearekin baino, gertatu den guztiarengatik: nazio borroka, hizkuntzaren egoera… Gazte garaian, etorri berritan, banuen lagun bat Ingalaterrakoa zena eta familia galestarra zuena. Nazkatuta zegoen jende guztia niri hurbiltzen zitzaidalako irlandarra nintzelako eta berari kasurik ez. Orduan hasi zen esaten bera galestarra zela eta askoz ere hobeki hartzen zuten.

Izateko moduan, bada antzekotasunik?

Aditzen dudanean hemen jendea itxia dela, hotza, beti koadrilatan ibiltzen dela… Nire ustez hori ez da egia. Beste aldarte bat ikusi dut hemen, baina horretarako zuk ere saiatu behar duzu komunikazioa lantzen. Orain berriki aurkeztu duten ikerketa genetiko batek dio jatorrizko benetako irlandarrek hemendik joandako euskaldunak dituztela arbaso. Genetikoki bada zerbait hor.

Egia esan itxuragatik hemengoa izan zintezke.

Horren inguruan proba bat egin zuten Irlandako telebista batean: Bermeora joan ziren, han irudiak grabatu, tabernetako giroa, jendea kantuan… Irlandara itzuli eta irudi horiek Irlandako bihotzeko irlandar peto-peto batzuei erakutsi zizkieten. Horiek ikustean berehala hasi ziren esaten: “Hara! Horrek nire lehengusu baten antza du!”. Eta era horretakoak. Bitxia da. Irlandarrok benetako euskaldunak gara! Kar, kar. Egia esan, egoera soziopolitikoaz gain badira ere beste parekotasun batzuk: Irlanda tradizionala eta katolikoa da, familia garrantzitsua da hemen bezala, jaizaleak gara biok… Orain zaila egiten zait honetaz hitz egitea, bizitza erdia hemen eman dudalako. Lagunak maiz etortzen dira hona. Eta hasieran nik izan nuen sentsazio bera izaten dute: trago batzuk hartzera atera goizaldeko ordu bietan eta goizeko zortzietan etxera itzuli. Hori han ez da ikusten. Dena den, desberdintasun handiena eguraldia da.

Eta Irlandako egoera nola ikusten duzu gaur egun?

Oso gogorra. Aita eta familia osoa han daukat. Bi anaia ni baino gazteagoak ditut, biak eraikuntzan aritu dira lanean eta orain lanik ez. Hemen bezala boom bat izan zen eta gero horrek denak eztanda egin zuen.

Eta borroka armatua gainditua dago?

Nik ez dut hori zuzenean bizi Dublinen, gertutik jarraitu bai, baina ez Irlanda Iparraldean bezala. Telebistan ikusten genuen, eta noiz edo noiz lehergailu batek eztanda egin du Dublinen… Borroka latz-latza izan da. Belfast eta Derryko nire lagunek diote zauria ixten ari dela. Han bi komunitate oso desberdin bizi dira elkarrekin. Arazoa konpondu behar da, baina denbora behar da.

Gaelikoa nola dago?

Toki gutxi-gutxi batzuetan mantentzen da bizirik, mendebaldeko bizpahiru tokitan eta hegoaldeko eremu murritz batean. Dublinen kalean entzutea ez da normala. Orain indartzen ari da pixka batean hezkuntzaren bidez bultzatzeko mugimendua sortu delako. Eta horrekin batera immigrazioak ere eragina izan du: immigranteekin ez nahasteko bertako batzuk eskola hauetara joaten dira.

Askotan joaten zara Irlandara?

Urtean bitan, normalean eguberritan eta udan, baina mundu birtual moduko batean bezala bizi naiz orain: etxean Irlandako irratia entzuten dut, hango telebista ikusi, hango prentsa irakurri, Skyperen bitartez aitarekin egunero hitz egin, Facebooken bidez lagunekin solasean maiz... Orain jada, kasik ez dakit non bizi naizen.

Hara joateko asmorik?

Ez dut ikusten orain neure burua han bizitzen eta asko kostatu zait hori neure buruari aitortzea. Ezin da ezer ziurtatu baina hala uste dut nik.

Nortasun agiria

Stephen Moran, txikitatik “Smiley” lagunentzat, Dublinen jaio zen 1968ko abenduaren 26an. Duela hogeita bi urte Euskal Herrira etorri zen, bihotzak ekarrita. Euskara ikasi eta hemen laketu zen. Musikaria da, gitarra jotzen du Hoey & The Mussels taldean eta  grabatu berria dute hirugarren diskoa. Euskalerria Irratiko kolaboratzailea da, country eta folk musikaz hala nola musikariez hitz egiten mikrofonoaren aurrean. Bi umeren aita da eta biei izen irlandar politak eman dizkiete: mutikoari Fionn, Irlandako mitologiako heroi handia, eta neskari Alannah, gaelikoz ene maitea edo ene umetxoa.

Elebidun

“Hemen bada komunitate elebidun handia. Aitari, adibidez, hori oso berezia egiten zaio. Gure haur nagusiak nirekin ingelesez egiten du, eta besteekin euskaraz eta gaztelaniaz. Hori errealitate bat da hemen, baina nire aitarentzat ikaragarria da eta pentsatzen du bere biloba jenio bat dela hiru hizkuntza dakizkielako”.
 

Faltan eta soberan

“Jendea falta da. Hemen egon beharko luketenak eta ez daudenak. Benetako bakea, ez soilik konfliktoari begira, oro har, gizartean. Elkarrekin bizitzeko borondatea. Soberan: intransigentzia. Hemen bada apartheid linguistikoa eta hori soberan dago. Iruñeko Euskalerria Irratiarekin egiten ari direna, adibidez, bazterketa gogor hori, soberan dago. Politikatik bizi direnak eta hori betirako diru-iturri bihurtu nahi dutenak ere soberan daude”.


Azkenak
Orkatz Gallastegi preso politikoak EPPK utzi du

Berangoko euskal preso politikoa Zaballako espetxean dago gaur egun eta bertatik helarazitako idazkian Euskal Preso Politikoen Kolektiboa utzi duela iragarri du.


2024-12-24 | Julene Flamarique
Airearen kutsadurak 1.270 heriotza eragin zituen 2022an EAEn, Europako Ingurumen Agentziaren arabera

NO2 eta PM2.5 partikulak bezalako kutsatzaileei aurre egiteko hobekuntza planik ez dagoela salatu du Ekologistak Martxan elkarteak. Trafikoa murriztea eta airearen kalitatea hobetzeko alternatiba jasangarriak lehenestea galdegin du.


Turkiak 120 argitalpen kurdu debekatu ditu azken hiru asteetan

Editore Kurduen Elkarteak abenduaren 22an egin zuen salaketa: azken hiru asteetan Turkiako agintariek kurduei buruzko 120 liburu, aldizkari, egunkari edo bestelako argitalpen debekatu dituzte, Duvar hedabide kurduak jakinarazi duenez.


Garraio publikoa doan izango da 12 urtez azpikoentzat, duela bi urte bideragarria ez bazen ere

Garraio publikoak erdi prezioan jarraituko du datorren urtean ere, Espainiako Gobernuak bere hobarien parteari eutsiko diola iragarri ostean.


Amaya Zabarte zauritu zuten ertzainen arduradunak identifikatu nahi ditu epaileak

Realaren eta PSGren arteko futbol partidu batean larri zauritu zuten zalearen kasuan, epaileak onartu du familiaren abokatuek egun hartako bideo irudi guztietara sarbidea izatea. Oldarraldian parte hartu zuten ertzain taldeetako arduradunak identifikatzeko ikerketa ere eskatu du.


Santa Klausen ejertzito antikapitalista

Kopenhage, 1974ko abenduaren 18a. Eguerdiko hamabietan ferry bat iritsi zen portura eta bertatik 100 Santa Klaus inguruz osatutako taldea lehorreratu zen. Antzara erraldoi bat zeramaten haiekin. Asmoa “Troiako antzara” moduko bat egitea zen, eta, hirira iristean,... [+]


Eski estazioetako festibaletan kutsadurak goia jotzen du

Elur faltak eski estazio ugari kinka txarrean jarri ditu, klima larrialdiaren ondorioz. Baina paisaiari eta naturari ahalik eta etekin ekonomiko handiena ateratzeko batzuen logikak hor jarraitzen du, eta goi mendietan musika festibal erraldoi eta garestiak antolatzea da azken... [+]


2024-12-23 | Estitxu Eizagirre
Jaurlaritzak onartu duen planaren aurka mobilizatu da EH Bizirik
“Egungo eredu kapitalista gainditzea ezinbestekoa da larrialdi ekologiko eta energetikoari aterabide bat aurkitzeko”

Gizartean gatazka sortzen duten proiektuak jai bezperetan onartzeko ohiturari jarraituz, abenduaren 20an onartu du Eusko Jaurlaritzak Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren "behin behineko bertsioa". EH Bizirik-ek elkarretaratzea egin du Jaurlaritzaren... [+]


2024-12-23 | ARGIA
Hiru lagunek osatutako lehendakaritza izango du Seaskak

Erik Etxartek, Sophie Layusek eta Antton Etxeberrik osatutako lehendakaritzak ordezkatuko du Peio Jorajuria, 2019tik Seaskako lehendakari dena.


2024-12-23 | Julene Flamarique
Vidalina Morales, nekazaria eta ekintzailea
“Kaleetan gerra tankeak ikustea normalizatu dugu, gerran egon gabe ere”

Santa Marta komunitateko (El Salvador) ADES Garapen Ekonomiko eta Sozialerako Elkarteko presidentea da Vidalina Morales. “Rol horretatik harago, ingurumen ekintzailea ere banaiz, giza eskubideen defendatzailea eta emakume baserritarra; hainbat urtez borrokan egon diren... [+]


2024-12-23 | Julene Flamarique
Emakumeak nola bortxatu aholkuak partekatzeko 70.000 partaideko Telegram kanal bat atzeman dute Alemanian

Mundu osoko 70.000 gizonek baino gehiagok hartzen dute parte emakumeak nola drogatu eta bortxatu hitz egiteko txat-talde batean. Alemaniako ARD irrati publikoko bi kazetarik egin dute ikerketa urtebetez eta erakutsi dute kasu batzuetan biktimak bikotekideak, arrebak eta amak... [+]


2024-12-23 | Ahotsa.info
“HTX-k bukatzen du bere zikloa, baina oraindik daude borrokatzeko eta aldarrikatzeko motiboak”

HTX ROCK jaialdiaren azken-aurreko edizioa izanen da abenduaren 28an, eta Atarrabiako herrian ospatuko den azkenekoa, alegia.


Hegoaldean 222 milioi euro gastatu dira Espainiako Loterian, sarietan jasotakoa baino bost bider gehiago

Gabonetako Loteriaren datuak eman berri ditu Espainiako Gobernuaren menpeko Estatuko Loteriak eta Apustuak elkarteak. Horien arabera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan batez beste 84,33 euro gastatu ditu herritar bakoitzak, eta nafarrek, berriz, 53,38 euro, EiTBn irakur daitekeenez... [+]


2024-12-23 | ARGIA
Zaballako espetxeko funtzionarioek “ezkutuko greba” hasi dutela salatu dute zenbait presok

Hainbat euskal presok salatu duenez, Zaballako espetxezainek "ezkutuko greba" hasi dute, haien erdiak gaixotasun baja hartuta. "Ezkutuko greba honen bitartez, 'zerbitzuaren gabeziak' salatzea dute helburu, baina benetako greba bati ekin ez, eta preso... [+]


Eguneraketa berriak daude