1949an jaioa. Hendaiarra da. PSko kidea. Pirinio Atlantiarreko presidenteordea. Hendaiako auzapez ohia. Hendaiako bozemaileen %67k François Hollanderen alde egin du presidentziarako bozetan. 2014ko udal bozetan alkatetzarako aurkeztuko dela adierazi digu.
“Nazio mailan eman diren emaitzekin pozik nago, eta, batez ere, Departamenduan ukan ditugunekin. Kantonamenduan –Hendaia, Biriatu, Urruña, Donibane-Lohizune– ezker aldera egin du bozemaileak. Hendaian, zehazki, bozen %67 Hollanderen alde izan da, hau da, Sarkozyren bikoitza. Bistan da, boz horiek ez dira PSren aldekoak, antisarkozysmo handia izan da. Halere, emaitzek gogobete naute”, erran digu Kotte Ezenarrok.
Sarkozyren aroa amaitu da, Hollande da Frantziako presidente berria.
Hollande, niretzat, onestasuna da. Sarkozy, berriz, omnipresente izan da Errepublikako presidente izateko. Den-dena ukitu du eta ez du modu “onestuan” lan egin. Hautetsiok estigmatu gaitu nolabait, hala Erregioko nola Departamenduko kontseilariak. Hemen, Lurralde Elkargoaren alde ari garen hautetsiekiko jarrera gaitzesgarria ukan du Sarkozyk.
Hollandek Europan dauka lehenbiziko zeregina, ekonomiaren alorrean.
Bai. Hollandek hazkunde ekonomikoaren politika berritu behar dela dio. Garai berri baten aurrean egon gaitezke, alta, ez du zeregin erraza, Hollandek ezin baitu politika hori bakarrik egin. Garai berria lideratu dezake Alemaniari kontraboterea egiteko, zenbait argi eskaini dezake, baina, betiere, beste herrialdeekin batera. Merkel-Sarkozy tandema burdinazkoa izan da. Europako garapenaren eredu bakarra landu dute, eta, beharbada, badago ekonomia lantzeko beste modu bat. Frantziak eta beste herrialdeek aztertu eta proposatu behar dute gerriko estuaren politika saihesteko eredua. Ekonomiaren herstura edo austeritatea ondo dago, baina beste politika bat ere egin daiteke. Espainiako edo Greziako politikaren bidez jendea kale kantoietara baztertzen badugu, ez da Espainiaren edo Greziaren ardura bakarrik, ezta Frantziarena ere. Europa osoa inplikatua dago arazoan. Herstura soilaren politika medio, gero eta prekaritate eta miseria gehiago ageriko da.
Legebiltzarrerako bozak hizpide. UMPk dioenez, eskuinak irabazi behar luke oreka politikoa bermatzeko. Kohabitazioaren beharra aipatu du.
Noski, eskuina kolpatuta dago. Senatuan nagusitasuna galdu zuen eta orain Asanblea Nazionalean galdu dezake. Nire aburuz, Errepublikako presidenteak ez badauka Legebiltzarrean sostengu osoa, bere alderdiarena edo ezkerrarena, ezin izanen du deus egin. Zentro-eskuinarekin kohabitatzea izango litzateke, aukeren artean, okerrena. Hau da, presidentea ezkerreko izatea eta Asanblea Nazionala eskuinekoa. Eskuineko hautetsiak Senatutik, departamenduetatik eta udaletxetatik kanpo geratzen ari dira. Joko politikoa nahastu nahi dute eta Legebiltzarrerako hauteskundeak irabazi aldez edo moldez. Sarkozyk eskuinaren nagusitasunarekin gobernatu du, eta ez dute arazorik ikusi. Hori eskuinaren ohiko joko maltzurra da.
Nola ikusten dituzu hauteskundeak?
Legebiltzarreko hauteskundeetan ezkerrak berriz ere garaitzea espero dut. Hartara, Hollande presidenteak senatari eta diputatuen ganberen gehiengoaren laguntzaz bestelako politika egin ahal izango du. Bestela nekez. Egokiena hori litzateke. Bost urteko agintaldiaren ondoren ez badugu deus egin, gurea izanen da porrota. Alegia, boterea izan dugu eta ez dugu deus lortu. Aitzitik, botere horiek gabe, krisia tarteko, ezkerrak ezin baditu bere legeak atera eta bere politikak gauzatu, bada etsipena nagusituko da.
Hollandek François Bayrou zentristaren laguntza jaso du. Horrek zer alda dezake Frantziako politikan?
Bayrou biziki kuraiosa izan da, bere alderdia oso egoera zailean jarri du, behingoz, zentroko buruzagi batek esan du ezkerra bozkatuko duela eta horren zergatia azaldu du. Halere, MoDem-ekiko impassea zabaldu da, Bayrourena jarrera pertsonala baita. PSk eskertu dio, baina ez dio, esaterako, Departamenduari buruzko auzian sinesgarritasunik ematen. Bayrou oso zentrista izan da orain arte: ez eskuin ez ezker, zentrista. Zentroaren arazoa da bakarra izatea. Ezkerra badira anitz, eta eskuina ere bai. Frantzian zenbait zentro daudela diote, nik ez ditut ikusten.
Pirinio Atlantiarretan 4. 5. eta 6. hautes-barrutiak daude. PSk nola jokatuko du?
Berriz ere, hautagaitza denak jokoan izanen dira: FN, UMP, MoDem, Ezkerreko Frontea, Berdeak, ezker muturra, baita abertzaleak ere. PS tarteko, noski. Lehen itzuliko bozak bihotzeko bozak dira. Kontziente gara ez dugula ukanen Hollandek bigarren itzulian ukan dituen bozak. Hollanderen aldeko bozak baino Sarkozyren aurkakoak izan dira hemen ere. Antisarkozysta horien artean Bayrou zale eta abertzale zenbait ere badaude. Hasteko, lehen itzulian ez da aliantzarik izanen. Horrek badu bere arriskua, baina hobe garden jokatzea, aniztasunean. Emaitzak ezagututa, erabakiko dugu bigarrenean nola jokatu.
EH Bai koalizioarekin akordioak izan litezke?
Ez dira Departamenduko hauteskundeak. Ni ez naiz hautagaia, nik ez dut ezer ordezkatzen. Nire barrutian, 6.ean Sylviane Alaux da hautagai sozialista. Euskararen Bulegoan engaiatu da, eta Garapen eta Hautetsien kontseiluetan Lurralde Elkargo berri baten alde ari da. 4. eta 5. barrutietan Frantxoa Maitia eta Collete Capdevielle aurkezten dira PSren izenean. Beraien jarrerak ezagunak dira. Beraz, abertzaleek eskuina eta ezkerraren artean erabaki behar dute bigarren itzulian.
Nik abertzaleekin izan dudan esperientzia ez da ona. Udal bozetan [Battitte Salaberri da Hendaiako auzapeza] zentro-eskuinaren aldeko boza eman zuen abertzale askok. Udalbatzan UMPko kideak daude, eta abertzaleak ondo moldatzen dira eskuinarekin. Abertzaleetan zentro-eskuineko asko ikusten dut, denak ez dira ezkerrekoak. Familia abertzaletan, ez gutxi, tradizionalak dira. Ez omen dira eskuindarrak: “Ez naiz ez eskuin ez ezker, abertzalea naiz” diote. Errespetatzen dut, baina, nire ustez, ezkerra eta eskuina izan, badaude.
Lassallette auzapez sozialistaren garaian abertzale gisa aritu zinen udalean. Nazioa, frantsesa alegia, zure mintzoan ez zaizu bitxia egiten?
Ni errepublikarren semea naiz, heziketa errepublikarra dut. Mundu abertzalean aritu nintzen hogei urtez, abertzaleen politikan. Lagunak izan nituen ETAn. Une batez baina, ezin nuen aitzina egin. ETAren historia hauxe da: gazteak onak dira, zahartu eta historikoak bihurtzen dira. Orduan, gazteak bilakatzen dira onak. Lehenago aritu zirenak ez dira jada onak. Horrek etsiarazi nau. Nik ez dakit abertzale eta errepublikarra izan daitekeen, dena den, ni egungo egitura instituzionala aldatzearen aldekoa naiz.
Departamenduko presidenteordea zara eta zein egituraren aldekoa?
Euskal Herria Lurralde Elkargoaren egituraren aldekoa naiz. Eta bertan biarnesak eta euskaldunak gaude. Beraz, ezin dut alde batera utzi oraingo Departamenduaren aldeko ardura eta lana, biarnesen aldekoa. Anartean, nola aitzinarazi daiteke Iparraldea, nola Hegoaldea, gatazka konpondu gabe? Lehenik auzi historikoa gainditu behar dugu. Horren arabera egitura berriak definitu eta sortuko dira.
Hollanderen politikak lagunduko al du norabide horretan?
Sarkozyk Departamenduetako kontseilu nagusiak kendu nahi zituen eta Hollandek, aldiz, mantendu nahi ditu. Sarkozyk departamendu eta erregioetako finantza bitartekoak apaldu zituen eta gure betebeharrak gehitu. Hollandek, aldiz, eskuduntzak hitz eman dizkigu. Hollandek Lurralde Elkargoaren egiturei buruzko eztabaida indartuko du. Horiek horrela, kontsulten aroa zabalduko da. Senatuan badago batzorde bat, Georges Labazéek berak [Departamenduko presidentea] du ardura. Hasteko, kontsultak eginen dira zerbitzu guztietan, Euskal Herrian eta Biarnon, baina bereziki gurean, jakiteko jendeak zer nahi duen.
Abertzaleen galdera hauxe liteke: Mitterrandek hitzeman zuena Hollandek beteko al du?
Hollandek ez du deus hitzeman, baina egitura instituzionalaren eztabaida jarri du abian. Alabaina, oraingo egiturak aldatzeko lege bat behar da, eta berau ez du presidenteak sortzen, diputatuek baizik. Gure aldetik, sozialisten aldetik, borondatea badago. Euskal Herriko nortasun berezkoa baita.
Baterak proposatzen duen kontsulta egin liteke? Zu Baterako kide zara.
Bai. Baina galdera ongi planteatu behar da. Hots, lehenik komeni da jakitea ea kontseilarien eta hautetsien gehiengoa Lurralde Elkargo berri baten alde dagoen. Ondoren, populazioaren gehiengoa ados ote dagoen berresteko. Nire ustez, egun erreferenduma egingo balitz, ez genuke irabaziko. Agian tronpatzen naiz. Egungo hautetsien nahikariaren arabera bada, ez da aurrera aterako.
Euskal Herrian ere ez?
Hori puntu erabakiorra da. Orain lanean ari gara udazkenean bide orria abian jartzeko. Herri txikietako hautetsien gehiengoa alde dago, baina Miarritze eta Angeluko auzapezak isilik daude. Baionako Jean Grenetek aldeko zerbait esan du. Alliot-Marie itzuli da hona, bost urteren ondoren. Kasu. Dena den, gehien ardura didana Herrien Elkargoen presidenteen jarrera da. Erregioaz eta Departamenduaz ari gara, baina horiek ere badute boterea eta laxatu behar dute. Ez dute garbi hitz egiten. Alta, bada, eztabaida segitu behar dugu, udazken aldean irits gintezke adostasun puntu batera.
Sarkozyk euskal presoen hurbilketa posiblea aurreikusi zuen. Hollandek zer egin dezake alor horretan?
Gu lanean ari gara. Frederique Spagnac da Pirinio Atlantiarreko senataria. Oso laguna dut. Hollanderen kabinetean egon da orain arte. Hollande entzuten gaituen pertsona da. Spagnac, Frantxoa Maitia eta Sylvia Alauxen mezuak ondo ezagutzen ditu. Izan ere, gure mezuak paristarrek hartu eta zabaltzen badituzte, mezua eraldatua izan daiteke, aldiz, guk mezu zuzena helaraziko diogu Hollanderi. Gure problematiken berri eman diogu jada, ezkerrekoak, humanistak eta errepublikarrak garen aldetik, baita Hegoaldeko egoeraz hitz egiteko beharra azaldu ere.
Abertzaleekin ez gaude ados proposamen guztietan, baina gaien %80an ados gaude. Alderdi sozialistan jende askok biziki eboluzionatu du. Gurean badago aldaketen kontra daudenak, egia da. Baina, Spagnac, Maitia, Alaux... alderdi sozialistaren mailetan gora ari dira. Pertsona hauek bertako gaien eledunak dira edota gara. Pauen, Bordelen eta Parisen hemengo sozialistek dioguna arretaz entzuten dute.
Donostiako Aieten egon nintzen. Hasieran nire izenean. Alderdiarekin hitz egin nuen, eta alderdia ordezka nezakeela esan zidaten. PSko Frederique Spagnac senataria ere egon zen. Oso une garrantzitsua izan zen, jendea espresatu zen, bakoitza bere erara. Bakea behar dugu. Gaur egun, François Miterranden garaian lortu ez genuena lortu behar dugu: bakea. Anartean mina handia izan da, ETAk nahiz GALek eraginda. Gatazka odoltsua izan da, nik Hendaian ezagutu nuen gertutik.
Euskal auzia konpontzen hasteko, euskal presoen hurbilketarekin hasi beharko litzateke, niretzat hori ezinbestekoa da. Ulertzen dut min handia egotea, biktimak daudela, baina guri, politikooi, arazoa konpontzea dagokigu. Badago dioena, Frantzia ez dagoela auzian sartuta, baina nire aburuz, oso dago sartuta. Adibidez, Frantziako Gobernuak bertan behera utzi behar luke euroagindua. Halaber, Errepublikaren espirituarekin bat egiten dut, eta horretan ez da sartzen presoen zigorra bikoiztea. Ez dugu eskatzen presoak askatzea, baizik eta, hasteko, euren eta familien bizimoldeak hobetzea, Euskal Herrira ekartzea. Politikaren alorrean, esaterako, Frantziak Zapaterok eman zuen urratsa errespetatu bazuen une batez, orain ere, bide horretan egin behar dugu aurrera.
Arnaldo Otegi bisitatzeko aukera badut joanen naiz, ez daukat adierazteko arazorik. Pertsona kementsua atzeman dut. Deitoragarria da kartzelan izatea bere iritziak azaldu dituen pertsona. Funtsean, bere iritzia dela-eta barruan baitaukate. Zer frogatu nahi dute? Sendotasuna? Ez dut uste, ez gobernu ez gobernari baten sendotasuna pertsona bat espetxean izaten adierazten dela. Benetan, bere ideiez harago edo honago, Otegi saiatu da maniobra margenak zabaltzen, loturak egiten eta zubiak eraikitzen. Eta lan horiek ziur aski ez dira errazak berarentzat. Nire errespetatu osoa dauka.
Nik ez dut PPko burua ezagutzen, Rajoy jauna. Eskuindarra da, UMP baino eskuindarragoa dela, esango nuke. Alderdiaren eskaerari amore emanez, gatazka luzesten ari da, eta are gehiago, aldeak elkarren kontra jarri ditu. Nazioarteko bake taldeari eta Brian Currin partikularki ez zaie kasu egiten. Espainiako Gobernuak bere burua deskreditatzen du. Adibidez, Pierre Joxe barne ministroa izan zen, garai zailetan, jarrera erradikalak zeuden alde guztietatik, ni Hendaiako Udaletxean nintzen zinegotzi. Pierre Joxe ez zen pozik hemen hartu ziren jarduteko moduekin. Oso zorrotza zen, eta gaur egun, ikusten dugunean Brian Curriren taldearen ondoan, ni pozik nago sozialista izateaz. Rajoyk pentsatu behar du bere jarrera ez dela eusteko modukoa. Agian, hemendik bost urte barne damutuko da gaur hartu duen jarrerarengatik.
2011ko martxoan izan ginen hautatuak, Georges Labazee presidente delarik. Urte batean, aurreko gobernu taldeak onartu zuen aurrekontuarekin egin dugu lan, baina horrek ez digu galarazi aurrera egitea. Ondoren, aurtengo martxoan onetsi genuen aurrekontua, gure lehen ekimen nagusia. Bi hilabete joan dira, eta beste arazoen artean, Zaharren Egoitzetan langile eskasa aurkitu genuen, gure konpetentzia da, Kontseilu Nagusiarena, alabaina, soinketak, zainketak eta medikazioa Estatuaren esku dira. 80 Zaharren Egoitza daude departamenduan, eta estatuak eskatu digu langileria indartzea, gehitzea. Alta, Estatuak ez du saila indartu nahi izan, erizainak eta beste. Ez omen du dirurik. Eta guk 50 lanpostu eta horiei lotutako beste 40 gehiago sortu ditugu. Gure aurrekontuan ez zenez, 90 lanpostu sortu ditugunez, Gobernuak 10 lanpostu gehigarri ekarri behar izan ditu. Urte batean, 100 lanpostu sortu dugu sail horretan.
Garraioaren esparruan, eskaeraren arabera lanean ari gara. Herrien Elkargoak kontsultatu ditugu eta eskolara garraioa finantzatu, lehen mailakoak hasteko. Halaber, elbarrien edota pertsona ezinduen beharrak beste ditugu esparru horretan, diru ez dutenena, adinekoena bereziki. Betiere, haien eskaeraren araberakoa.
Kolegioetan informatikaren alorra indartu dugu: ikastaroak zabaldu ditugu, ikasleek badute gailu numeriko bat. Printzipioz, ez da gure alorreko eskuduntza, Estatuarena baizik. Halere, 45 kolegioetan lanean ari gara.
Azkenik, gastu sozialak gure aurrekontuaren %50 da. Aurreko gobernuak baino hamalau milioi euro gehiago aurreikusi dugu, 2011an gastatu zena baino aise gehiago.
Ni hautatua izan nintzen, nire programan argi eta garbi idatzi nuen oraingo trenbideak erabili behar direla, eta besteak beste, oraingo trenbide nagusia (LGV delakoarentzat) zabaldu behar dela. Ez dela berria eraiki behar, alegia. Alabaina, Espainiaren eta Frantziaren arteko lurralde akordioak aspaldikoak dira. Berrienak, Jacques Chiracen garaian sinatuak. Guk Departamenduko Kontseilu Nagusian sartzean ez genuen akordio hori ezagutzen, noski. Erran nahi baita, Espainiak ezingo luke AHTren bidea honaino ekarri, ez badauka Frantziak berea eraikiko duen ziurtasuna.
Horiek esanda, adibidez, hegaldien arloan akordioak behar ditugu Bordele, Paue eta Donostiako aireportuen artean, Miarritzeko barne. Eta sail horretan ari da aurreratzen. Bada trenbidearen gaian ere, Irunera, Hendaiara edo Baionara helduko badira trenak, kontua ez da ekologistek dioten bezala, tokian tokiko trena ibilaraztea soilik. Ordu erdi oro dabilen trena egin behar dugu, noski, baina, nola sartu merkantziak, bidaiariak, Topoa barne, oraingo dauden bi bideetan. Ezin ditugu sartu.
Berdeekin, besteak beste, aztertu eta erabaki behar dugu zer nahi dugun. Tren bat etengabe dabilena, errotazioan, linea esklusibo bat behar dugu? Topoa, TER, nahi duzun bezala deitu, 15 minutu oro. Beraz, linea berri bat behar badugu, egin dezagun, baina Hendaiaraino hel dadin, bestela ez. Berdeek ez dute nahi. Trafiko osoa trenbide bakarretik pasaraziko dugula diote. Errespetu guztiekin, hori ez da erreala. Nire etxe ondotik pasatzen da oraingo trenbidea, eta merkantziak jasan ezinak dira, bada, pentsa, trafikoa hirutan biderkatzen badugu. Trenbide berria eraikitzen bada 60-70 bat etxalde inguru kaltetuak izanen dira, ados. Baina, adituek diotenez, dagoen trenbidea zabaltzeko eta babesteko, 1.000 etxebizitza bota beharko dira. Beraz, ez da erraza. Izan ere, hori egiten bada baserritarren traktoreak ez, baina beste herritarren ibilgailuak izanen dira kalean. Gaia konplexua eta ongi aztertzekoa da. Kontsultaren aukera ere ez da baztertzekoa.
Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatu nagusi Martin Garitanorekin harremanak ongi bideratu ditugu. Georges Labaze eta bera ez dira ideologia berekoak, bistan da, nork bere alderdien ikuspuntutik, baina bi erakundeen jardueran ados jar daitezke herritarrei dagozkien kezka eta beharretan. Jendeak ez badu lanik, kalean badago, laguntza soziala behar du. Beraz, alderdiez harago elkarrekin lan egin behar dugu.
Nafarroako Gobernuarekin eta Gipuzkoako Gobernuarekin elkarlanean ari gara orain. Alderdiak instituzioetako harremanen bidez lan egin behar dugu, arazo komunak baititugu. Gure beharrak elkarrekin bideratzen ikasi behar dugu, baita euskal auziari berari heltzeko ikasi ere. Ni auzapez nintzela, Hendaian, Juan Jose Ibarretxe errezibitu nuen, harreman oso onak izan genituen, baita Erregioko buru Alain Roussetekin ere [PSkoa]. Patxi Lopez da orain lehendakaria, tamalez ez dut orainokoan ikusi. Badakit Akitania-Euskadi ari direla lanean gogor. Harreman onak izan dira iraganean eta orain ere. Gure departamenduaren Kontseilu Nagusian ere antzeko harremanak daude, ez alderditik alderdira, baina erakundetik erakundera. Eta aukera horiek baliatu behar ditugu.
Bukatu da (bukatzen ari da) tomatearen sasoia eta unea aprobetxatu nahi nuke uda honetan izandako kezka eta amorruak orriotara ekartzeko.
2016an ikusi omen zuten lehen aldiz Herrialde Katalanetan. Bi urte geroago, 2018an alegia, Xanti Pagola eta Imanol Zabalegui entomologoek Gipuzkoan azaldu zela jakitera eman zuten. Eta euskaraz izendatu ere bai! Urte batzuk pasa dira eta ez dut esango gure artean ikusteaz ohitu... [+]
Bart arratsean izan da. Etxekoak gintonikari zurrupaka. Ni aspaldi dibortziatu nintzen gintonikarekin. Ginak oso gogoko ditut, hortz-haginak ur, baina tonikak ezin edan ditut, gozoegi eta burbuila zakar gehiegi.
"Oñatiarra da, karisma handia du, baita babes soziala ere", seinalatu dute idatzi batean, sare sozialetako kontu berri baten bidez hedatu dena. Leku ugaritako neska gazteak elkartu dira salaketa egiteko. EITBk bertan behera utzi du, kautelaz, pertsona hori ageri... [+]
Euskalgintzaren Kontseiluak Larrialditik indarraldira adierazpena plazaratu du Euskararen Egunaren atarian. 2025a euskararen normalizazio eta biziberritze prozesua “noranzko egokian jartzeko urtea” izango dela adierazi du. Bide horretan, lehen eginkizuntzat jo dute... [+]
Euskalgintzaren Kontseilua hizkuntza larrialdia bizi dugula ohartarazten ari da azken astetan. Urte dezente pasa dira euskararen biziberritze-prozesuaren egoera bidegurutzean, errotondan, inpasse egoeran eta antzeko hitzekin deskribatzen hasi zenetik, hizkuntza politikek... [+]
Iruñerriko Mankomunitateak Imarkoaineko Hondakin Zentroaren proiektuaren aldaketa onartu zuen ostegun honetan eta, horren arabera, azpiegitura 2026ko urtarrilaren 21ean hasiko da lanean.
Estirpe Imperial da talde neonazia, besteak beste ezagun egin dena erabiltzen dituen letra faxista eta arrazistengatik.
Gipuzkoako Batzar Nagusietako Kultura Batzordeak, EAJ, PSE eta PPren aldeko botoekin, azaroaren 22ko bilkuran erabaki du Eusko Jaurlaritzari eskatzea azter ditzala “euskal kulturan hain esanguratsuak diren” gurutzeak eta haien inguruko “ohiturak”... [+]