Zehatzagoa eta oraindik jendetsua

  • Protesta globala egin du M15 mugimenduak maiatzaren 12tik 15era. Milaka lagun batu dira munduko 50 hiri baino gehiagotan, Euskal Herrian barne. Ez du arrakasta bera izan leku guztietan baina Espainiako Estatuan arnasa hartu du berriz; protestaren epizentroa Madrilgo Sol plaza izan da.“Mantso goaz, urrutira goazelako”, diote han bildutakoek.

"Maite zaitut demokrazia, egongo ez bazina bezala delako".Lander Arbelaitz

Boterean dauden bi alderdiek ez dute masa sozial hau ordezkatzen. Jendea nazka-nazka egina dago herritarrei lagundu beharrean bankuak erreskatatzen dituzten gobernuekin, finantza-erakundeen diktadurarekin, etorkizunik eskaintzen ez dien sistemarekin. Hala adierazi dute Sol Plazara lau norabidetatik sartu diren manifestaldietan. Urtebetetzea aitzakia hartuta, M15a indartsu itzuli da eta gizartean babes zabala duela erakutsi du asteburuan.

Baina jendea kalera ateratzea garrantzitsua den arren, arriskua dago mugimendua argazki ikusgarria baino ez izatekoa, esaldi irudimentsuak baino ez, inon lur hartzen ez duten eskakizunak. Arintasun irudi hori eskaini dute Espainiako hedabide nagusiek iazko maiatzeko kanpaldiek eragindako harridura gainditu dutenean; M15ari buruzko estereotipoak zabaldu dituzte, gaztelaniazko “perroflauta” etiketa kasu: kalean, zakurra lagun, txirula jotzen duen lumpenaren mailara murriztu nahi dituzte manifestariak. Irudi onberagoa eskaintzen dutenek berriz, hainbeste jendek horrelako zerbaitetan parte hartzea azaltzeko, alderdi politikoek espainiarren artean daukaten prestigio falta azpimarratzen dute eta alde batera uzten dituzte mugimenduak hasieratik eduki dituen aldarrikapen sozialak –horiek martxoaren 29ko grebako istiluekin lotu dituzte, protesta “zintzoa” eta “gaiztoa” desberdinduz–.

M15a desaktibatutzat ere jo izan dute 2011ko urriaren 15eko mundu mailako manifestazioez geroztik ez zuelako agerpen jendetsurik egin. Ez da geldirik egon ordea, orokorretik zehatzera jo du. Asanblada irekiak egiten jarraitu da negua pasa bitartean, komisio eta lan talde ugaritan sakabanatuta, herriz herri, auzoz auzo. Ez da hain lan ikusgarria, ez du hasierako lilura sortzen, jende gutxiagok parte hartzen du, baina bizi-bizirik dago. Mugimendu barruan zatiketak egon dira, iazko maiatzaren 15eko manifestazioa bultzatu zuen Democracia Real Ya! (DRY) plataformak izan duena kasu. Kide ezagunenetako batzuek –bozeramaile lanetan aritu den Fabio Gandara, besteak beste– elkarte modura erregistratu zuten DRY, baina plataformako kide gehienek bide horretatik jarraitzeari uko egin diote, alderdi politikoei leporatzen dieten ordezkaritza-logika imitatzea lekarkeelako. Elkartea erregistratu zutenak DRYtik kanpo daude jada; Madrilgo M15ean parte hartu duten zenbaiten ustez, plataformako sektore erreformista osatzen zuten, eskuindarrena.

Zergatik ez sortu alderdi bat?

“Oso galduta ikusten dut mugimendu hau gauza askotan”, dio José izeneko madrildar batek. 50 urte inguru ditu eta Sol plazako kiosko baten ondoan dago; maiatzaren 12ko manifestazioak iristen ari dira, adin bertsuko zenbait lagunek mahai batean liburuak dauzkate salgai, beraiek prestatutako edizio merkeak: Marx, Engels, Italiako mugimendu komunistaren historia… “Ez da ezer zehazten, ezer ez, inolako alderdi politikorik ez… Boto zuria eskatzen zuten paskinak hartu berri ditut. Baina zer uste dugu? Kongresuan eserlekuak hutsik lagata zerbait lortuko dugula?”. Bere ustez, ordezkaritza bat eraman behar dute, “herrialdeko lotsagabeak eta lapurrak botatzeko”.

Joséren kritika behin baino gehiagotan egin dute ezkerreko zenbait sektorek, baita Euskal Herrian ere. M15a martxan jarri zenetik asko eztabaidatu da ordezkaritza-logikaren kontra eta alde, eta ez DRYren barruan bakarrik. Gai klasikoak dira: asanblada ala aginte-katean oinarritutako antolakuntza; iraultza egunerokoan egitea ala boterea hartzeari lehentasuna ematea; gizarte-mugimendu autonomoak ala alderdi politiko baten inguruan sortuak. Argi dago zeren aldeko hautua egin duen M15ak: sistemari osotasunean egiten dio aurre, baina ez bere mekanismo berak erabiliz. Mugimenduaren indarra jendea da, pertsonen artean sareak eraikitzeko gaitasuna eta proposamen alternatiboak hemen eta orain eskaintzea.

Desjabetzeen aurka indartsu

Konexio berezia izan dute M15ak eta Hipotekak Kaltetutakoen Plataformak (PAH gaztelaniazko sigletan). Bartzelonan sortu zen elkarte hori orain dela bi urte eta Estatu osoan zabaldu da, suminduen indarrak bultzatuta. Plazetatik kanpo, adar hau da M15aren indargune nagusietakoa.

Madrilgo Opera plazan etxebizitzaren gaia lantzen duen asanbladak 40 bat lagun bildu ditu. Rafael Mayoral PAH elkarteko abokatuak hartu du hitza. Hamar minutuko azalpena adi jarraitu dute denek. Ideiak garbi eta diskurtso zuzena: ez da onargarria Espainiako Estatuan sei milioi etxe huts egon arren desjabetzeak jai eta aste errepikatzea, jendea etxerik gabe uztea, eta etxeak maizterrik gabe, hutsik. Desjabetzeekin gertatzen ari dena giza-eskubide baten bortxaketa sistematikoa da”, azaldu du, eta banketxeak eta epaileak jo ditu errudun.

Asanblada amaituta, taldekideak elkar agurtzen ari direla, gizon bat hurbildu zaio laguntza eske. Santander bankuarekin duen hipoteka ezin dezakeela ordaindu eta etxetik botako dutela. Mayoralek telefonoa eman –“ez idatzi e-postarik, ehunka jasotzen ditut”– eta lagunduko diotela esan dio. Abokatu gaztearen ustez, ezinbestekoa da taldean antolatzea desjabetzeei aurre egiteko. Zordunek bat eginda, bankuekin hipotekak negozia ditzakete; bakarka inola ere ez. “Etxea galduko duen pertsonak erruduntasun sentsazioa edukitzen du hasieran”, esplikatu du, “eta hortik kontzientzia hartzera pasatzen da”. Desjabetzeen kontrako mugimenduari esker problema iritzi publikora iritsi dela azpimarratu du: “Ideien borroka irabazten ari gara, duela urtebete erokeria zen hori lortuko genuela pentsatze hutsa”.

PAHren eta M15eko auzo-asanbladen arteko elkarlanak bi taldeen indarrak esponentzialki biderkatu ditu. Horri esker, urtebetean 220 desjabetze geldiaraztea lortu dute Espainiako Estatuan. ADICAE elkarteak zabaldutako datuen arabera, ordea, egunero 300 familia botatzen dituzte beren bizitokietatik, astean 2.000. Gehienak, horrez gain, bizi osorako geratzen dira bankuarekin zorretan.

Desjabetzeak geratzen saiatzeaz gain, PAHk proposamen zehatzak ditu. Plataformak garbi dauka herritar guztiek etxebizitza duina eduki dezaten agintariek egin beharko luketena: alokairu sozialeko parke publikoa sortzea. Horrekin espekulazioa ia desagertuko litzatekeela baieztatu du Mayoralek. Eta gehitu du, erakundeek badituztela hori egin ahal izateko tresnak: “Bankuen esku dauden etxe hutsak desjabetzera derrigortuta daude erakundeak, errepide bat egin behar denean, zerbitzu publikoaren mesedetan dela argudiatuta, ez baitaukate arazorik lurrak desjabetzeko”. Espainiako Parlamentuan ekimen legegilea aurkezteko sinadurak biltzen hasi dira, “herritarren gehiengoak babesten duena mahai gainean jartzeko”.

Langabeziaren kontra, auto-enplegua

Langabeziak ekarri ditu plazara M15eko kide asko. Espainiako Estatuan bost milioi lagun baino gehiago daude zer suma, eta gazteen artean %50ak ez du jornalik irabazten –beste askok sufritzen dituzten lan baldintzak ez aipatzearren–. Asun Villar ere langabezian dago. 48 urte ditu eta M15eko langabetuen asanbladako kideekin Sinergias kooperatiba sortu zuten iaz. “Zerbitzu ugari eskaintzen ditu”, azaldu du, badira abokatuak, igeltseroak, elikagaien esparruan lan egiten duen jendea… Estatuak egoerarekin zer egiten duen ikusten geratu baino, nahiago izan zuten auto-enpleguaren bideari heltzea –protesta alboratu gabe, noski–. “Ni nekatuta nengoen ordura arte egiten genuenarekin. ‘Ez al duzue ikusten ez digutela kasu putarik egiten?’, esaten nuen. Askori kexatzea besterik ez zaio bururatzen, baina haserreak ez du jendea sofatik altxatzen, esperantzak bai”.

Horregatik sustatu dituzte denbora bankuak Madrilgo auzoetan. Moneta alternatiboa sortzeko proiektua ere abian da. “Lana badago, nik behar dut norbaitek etxeko hodiak konpontzea, ilea moztea… Dirua da mugitzen ez dena. Ba, jaun-andreak, zuen dirua ez badabil, gurea egin beharko dugu”. Kooperatiba asanblearioa da eta langabetuak dira kide asko, baina ekonomialariek eta abokatuek ere laguntzen diete, euren lan orduak bukatu ondoren, borondatez. Horrelako lankidetza-sareek egunero erakusten dute bestelako ekonomia-ereduak posible direla eta badituztela abantailak ezagutzen dugun kapitalismo errealaren aurrean. Nola zabaldu ordea? “Zoritxarrez, ez gara mugitzen eskua patrikan sartzen diguten arte”, dio Villarrek. Bere ustez, horrelako ideiak aurrera ateratzeko, hasierako lana da gogorrena. “Baina jendeak ikusten duenean bere bizilagunari honela lan eginda ondo doakiola, gainera estresik gabe bizi dela, beti nagusia gainean eduki gabe, bere lanaz erabakiak har ditzakeela… Esperientzia hori bizitzean hasiko da hau gehiago zabaltzen”. Edonork eman dezake izena Sinergias kooperatiban; aldi baterako lan enpresek eskaintzen dituzten soldata baxu eta baldintza eskasen ifrentzua da, nolabait. Gizartetik kanpo dagoen aukera? “Gizarte paralelo batean”, Villarren esanetan.

Sol plazan eta inguruetan begiratzen hasi eta gizarte paralelo hori benetako bihurtzen duten esperientziak erraz aurkitzen dira. M15ari buruzko desinformazioa dagoela? Asanbladen gizarte paraleloak egunkari bat sortu du. Goseak geroz eta madrildar gehiagori eragiten diola? Sare bat antolatu dute, jateko moduan egon arren zaborretara botako zituzten elikagaiak berreskuratu eta zentro sozialen bitartez jendearen artean banatzeko; karitatean erori gabe, janaria denboraren truke eskainiz. Maiatzaren 13tik gai zehatzen inguruko asanbladak egiten ari dira Madrilgo erdigunean, bestela bizitzeko moduak bilatzen jarraitzeko.

“Daukagun indar bakarra”

“Nazka-nazka eginda nagoelako sistema honekin, hemen ez dago ez demokraziarik ez ezer”, dio Rafael Fuentecerrato erretiratuak, ea manifestaziora zergatik etorri den galdetuta. “Gure iritziak ez du inporta, eta hemen egotea da daukagun indar bakarra”, dio tesia egiten ari den eta izena eman nahi ez duen gazte madrildarrak. “Inguruan dagoen guztia gainbehera doa, nola ez naiz etorriko hona?”, Paula Vidal gazteak. “Denok batu behar dugulako, politikariak egiten ari direna pirateria hutsa baita”, Viviana Argindegui unibertsitateko irakasle argentinarrak.

Modu ugaritan esan daiteke, baina iritzia antzekoa da: krisi ekonomikoak Espainiako Estatuko ekonomia dardarka jarri zuenean beste krisi bat ere sortu zen, ordezkaritza politikoarena. Alderdiek ordezkatzen ez dituztelako, beren burua ordezkatzera datoz herritarrak plazara. Trantsizioaz geroztik lehenengo aldiz espainiar askok zalantzan jarri du sistema politikoaren funtzionamendua, “bukatu da bake soziala” oihukatzen dute Solen bildutakoek. Toni Negri filosofo italiarrak Rebelion.org webgunean azaldu duenez, azken hauteskundeetan M15ak arrakala bat topatu zuen. PSOEk finantza-munduaren aurrean burua makurtu ostean boto erreformista ezinezko aukera bihurtu zuen; baina era berean, mugimenduak lortu du eskuinaren garaipena aldez aurretik hustea, Negriren esanetan.

M15a sendoago ikusten dute hasieratik parte hartu dutenek. Iazko protestetatik, aldarrikatzen duten mundu hobe hori eraikitzen hasteko proposamenak mahai gainean jartzen ari dira. Akatsetatik ikasten du gizakiak, eta M15ak egin ditu, baita egingo ere, baina milaka pertsonen desadostasuna eta haserrea kanalizatzen daki oraindik. Hori lortzen duen bitartean, izan plaza handietan edo auzoetan, deserosoa izaten jarraituko du boterearentzat.


Azkenak
Frantziako Estatu Kontseiluak Palestinak irabaziko du Kolektiboaren desegitea onartu du

Okzitaniako Tolosako elkartea da aipatu kolektiboa eta Frantziako Gobernuak dekretuz desegin zuen 2022an. Orain Estatu Kontseilua gobernuaren erabakia egokia dela berretsi du.


Izan, badira salbuespen legeak, bai horixe!

Sare Herritarrak antolatuta, pasa den urtarrilaren 11n Bilboko kaleak bete zituen manifestazio jendetsuaren ondoren, berriz sortu da eztabaida, euskal presoei salbuespen legeriarik aplikatzen ote zaion. Gure iritzia azaltzen saiatuko gara.

Espetxe politikan aldaketa nabarmena... [+]


Zedarriak, armagintza, zoru etikoa eta langileok

Duela gutxi think tank izateko jaioa omen den Zedarriak bere 6. txostena aurkeztu zuen. Beren web orrialdean azaltzen dutenaren arabera, zedarriak ebidentea ez den bidea topatzeko erreferentziak dira. Hots, hiru probintzietako jendarteari bidea markatzeko ekimena. Agerraldi... [+]


Eskoziako Lur Garaietan otsoa sartzea klima-larrialdirako onuragarria izango dela iradoki dute

Eskoziako Lur Garaietara otsoak itzularazteak basoak bere onera ekartzen lagunduko lukeela adierazi dute Leeds unibertsitateko ikertzaileek.. Horrek, era berean, klima-larrialdiari aurre egiteko balioko lukeela baieztatu dute, basoek atmosferako karbono-dioxidoa xurgatuko... [+]


Ágredok dioenez, zortzi bat ordu eman zituen ziegako zoruan etzanda Ertzaintzak ospitalera eraman aurretik

Karen Daniela Ágredok dioenez, atxilotu zutenean berak ez zuen ertzainik zauritu, haiek lurrera bota zuten eta konortea galdu zuen. Ondoren, Ertzaintzaren komisariaren zoruan iratzartu zen eta handik ospitalera eraman zuten.


Hiuzz + Bloñ + Adur
Lete ravero bat Iruñean

Hiuzz + Bloñ + Adur
Noiz: otsailaren 15ean.
Non: Iruñeko Aitzina tabernan (Egun Motelak kolektiboa).

--------------------------------------------

Larunbat goiza Iruñean. Neguko eguzkitan lanera doazen gizon –eta ez gizon– bakarti batzuk... [+]


Lorpen baten berri: Nafarroako Museoan Irulegiko Eskua euskaraz bisitatu daiteke

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak jaso ditu kexak: bisita gidatuak gaztelania hutsean, eta sarrerako zerbitzuetan ere bai. Bitxia da kontua: baskoien mintzairaren hitzak dituela uste den brontzezko objektua ikustera joan... eta azalpenak gaztelaniaz. Kexek eragina izan dute, eta... [+]


Bideojokoen erabilera handitu egin da helduen artean, Ipsosen arabera

Julen Linazaroso Macsonrisas-eko kideak azaldu duenez, sari-bolek, harrapakin-kutxek eta enparauek bideojokoetan ordu gehiago jokatzea dute helburu. 35 eta 64 urteko pertsonen artean bideojokoen erabilerak gora egin du 2023tik 2024ra, Ipsosek emandako datuen arabera.


2025-02-21 | Euskal Irratiak
Boliviako laborari talde bat sustengatuko dute Xiberoatik

Zubiak eraiki Xiberoa eta Boliviaren artean. Badu jadanik 16 urte Boliviaren aldeko elkartea sortu zela Xiberoan. Azken urteetan, La Paz hiriko El Alto auzoko eskola bat, emazteen etxe baten sortzea, dendarien dinamikak edota tokiko irrati bat sustengatu dituzte.


Osasunbidean 11 medikuk 17.000 euro irabazten dituzte hilero

Ostegunean egoera hori ikertzeko eta zuzentzeko eskatu dio EH Bilduk Nafarroako Gobernuari legebiltzarreko osoko bilkuran. UPNk eta PPk bat egin dute eskaerarekin, eta Osasun Departamentuak urtebete du ikerketa gauzatzeko.


“Oldarraldi faxistari” galga jartzeko deia Errenterian

Oldarraldi faxistaren aurrean askatasuna leloarekin manifestaziora deitu dute dozenaka herritarrek. Ostiralean —hilak 21— 19:00etan Herriko Plazatik abiatuko da protesta, eta ahalik eta jendetsuena izatea nahi dute deitzaileek, faxismoaren oldarraldiari galga... [+]


Eguneraketa berriak daude