Bestondorik utz ez dezan

  • Ekainaren 3an Larraulen ospatuko den Festa puntu-puntuan dago. Antolatzerakoan bertako kontsumoa hartu dugu oinarri Larraulgo Guraso Elkartekook eta Udalak. Eta ingurunearekiko begirunez jokatzeko Kutxa-Ekoguneako Ekoliderrekin aritu gara elkarlanean.

Garbiñe Ubeda
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Zuhaitza ikustetik basoa ikustera

Eskola Txikien Festa antolatzerakoan, Larraulgo gurasoek Eskola Txikien Koordinakundetik oharra jaso genuen: festen ikur diren plastikozko baso berrerabilgarrietan aurrerantzean Koordinakundearen logoa jarriko dela, ez urteko festarena, hartara aurten erabiltzen ez direnak hurrengo urteko festan aprobetxatuko dira. “Eta gainerakoa nola antolatu(ko) dugu, ahalik zentzuzkoen izan dadin?” sortu zen galdera. Jada martxoan geunden, berandutxo piztu zitzaigun ingurunearekiko arreta eta partxeak jartzen hasteko beldur, Kutxa-Ekoguneara jo genuen planteamendu orokorrago baten bila. Berehala jarri gintuzten harremanetan “Ekolider”-ekin.

Ekoliderrak, ideiak eta asesoramendua elkarlanean

Ekoliderrak Kutxaren programa bat da, gazteak jasangarritasun proiektuak aurrera eramaten trebatzeko. Lau Ekolider taldeetako bakoitzak bere proiektua lantzen du eta berau garatzeko formazioa eta tutoretza jasotzen dute Kutxa-Ekogunean. Gurekin harremanetan jarri ziren Dafne Mazo, Zuhaitz Akizu, Mikel Uranga eta Nerea Zenigaonaindia, eta makrojaialdietarako pentsatuta zeukaten proiektua Eskola Txikien Festara egokitzeko konpromisoa hartu zuten. Larraulen bildu ginen Dafne Mazorekin festari buruzko azalpenak jaso eta lekua ezagutzeko. Bilera hartan hasi eta email-katean landu ditugu festari egingo zaizkion hobekuntzak. Ekoliderrek ikuspegi osoagoa, ideia zaparradak eta kontaktu zehatzak eskaini dizkigute, eta Larraulgo Guraso Elkarteak erabaki du hobekuntza bakoitzaren alde on eta argalak ebaluatuz zer aplikatu. Jarraian duzue gisa honetako festa antolatzean sortzen diren galdera eta erantzun posible batzuk.

Bertakoa kontsumitzea, festaren oinarria

Antolatzen hasi ginenean jarri genuen lehen oinarria izan zen. Herritarrek dituzten enpresei erosi diegu ahal izan dugun guztia: kamisetak, haragia, kartelak eta triptikoak, diseinua, eskulanetarako materiala, opilak... Herri bazkaria antolatzerakoan Euskolabelengana jo dugu oinarri honekin bat datorrelako, eta esnez hornitzeko Kaikurengana. Festak sortzen duen aberastasuna herrian gelditzeaz gain, garbi geneukan: banatzaile handiekin regateoan ibilita ere ez dugu lortuko herritarrek trukean ematen duten babesa eta zerbitzua (festarako diru ekarpenak, igande horretan lan egiteko konpromisoa eta egun horretan bertan genero gehiago eskatzeko aukera, adibidez).

Ostalaritzako hobekuntzak

Kutxa-Ekogunearen laguntzari esker, herri bazkarian jarriko diren mantel, plater, baso eta kubiertoak “egiazkoak” izango dira, ez plastikozkoak. Gureak ostalaritza zerbitzuak alokatu egiten ditu eta bera arduratzen da ontzi zikinak eraman eta garbitzeaz. Horrez gain, aluminio papera erabili ordez bokadiloak paperezko zorrotan biltzea erabaki da. Txosnetan zerbitzatuko diren kafe basoak paperezkoak izango dira, eta koilaratxoak zurezkoak izatea pentsatzen ari gara. Beira gutxitzeko, zerbeza kañerokoa aterako da, baina freskagarrien kasuan hau ez da bideragarria, behin irekitako barrika osorik ordaindu behar baita eta asko sobratzen da normalean. Horregatik, freskagarriak plastikozko botila handitatik zerbitzatzea erabaki da. Plastikoa gutxitzeko, ur botila mordoa saldu beharrean herriko iturriak seinaleztatu eta iturriko uraren kontsumoa bultzatzea pentsatu da. Ez gara ausartu botilako urik ez saltzen, bakoitzak bere ohitura eta beldurrak baititu edateko urarekin. Sagardo botilak sagardotegitara itzuliko dira eta barran bilduko dira txakolin eta ardo botilak ere (festan kontsumo tiketak itzuliko dira botila hutsen truke).

Organikoa herriko konpost-kutxan onduko da

Herri bazkarian ez dugu hondakin askorik espero (platerak eta gainerakoak benetakoak izaki), plastiko zerbait eta organikoa batez ere. Erreserbak aurrez ixten direnez, jakia zehatz kalkulatzerik izango dugu gehiegi sobratu ez dadin. Hondakin denak gaika bilduko dira, eta organikoa herriko baratzeko konpost-kutxan onduko da. Tolosaldeko Mankomunitatearekin bildu gara egun osoko zaborraren antolaketa adosteko, eta zera esan digute, organikoa biltzeko edukiontzirik ez dutela eta bilduko bagenu ere ez dutela bereizita lantzen. Gure esku hartu dugu organikoa bildu eta herriko konpostean ongarri bihurtzeko ardura.

Garraiorako proposamenak

Eskola Txikien Festarako herri asko dira autobusa ateratzen dutenak. Hauen ahalegina eskertu asmoz, lehentasunezko tratua eman nahi izan diegu: euren autobusa herriraino igoko da festara doazenean, eta gertueneko parkingean izango dute busa uzteko lekua. Larraulerako errepidea moztu egingo da eta autobusak jarriko dira Asteasuko industrialdeko parkingetatik eta Villabona-Zizurkilgo tren eta autobus geltoki ondotik. Autobus elektrikoak erabiltzea aztertu da, baina ez dugu alokatzen duen enpresarik aurkitu. Kotxea partekatzeko webean jarri dugu iragarkia (blablacar.es). Eta Asteasuko bidegurutzetik datorren mendi-bidea txukunduko dugu; eguraldi ona bada jendeak nahiago izan dezake oinez igo edo jaistea (2 kilometro dira) busera igotzea baino.

Komunak bertakoak eta izatekotan sikuak

Plastikozko kabinak ekarri beharrean, konturatu gara herrian komun publiko asko badela eta hauek ongi seinaleztatzea lehenetsi dugu (frontoi ondoan 2, Hezkide Eskolan 8, eskolan 2 txiki eta handi 1). Komun ekologiko sikuen (ikus 2215. aleko Net Hurbil) informazioa jaso dugu eta esperientzia piloto gisa bat jartzea ari gara aztertzen.

Tailerrak eta dekorazioa material birziklatuz

Eskola hartzen duen Kultur Gunearen fatxada apaintzeko ikasleek lientzo bana egin dute eskolan, eta denen artean osatuko dute mosaiko koloretsua. Lientzo hauek etxetik eramandako tapoi, kortxo, goxoki zorro eta ohialekin egin dituzte. Egunean bertan 8-12 urteko gaztetxoentzat tailerrak egingo dira (bata Ekoliderrek antolatuko dute, hezkuntzaren proiektua lantzen ari diren Ekometak taldearen laguntzaz eta bestea Larraulgo gurasoek): material berrerabilgarriz brotxeak, giltzatakoak, diru-zorroak... egingo dituzte. Tailerren atarian energia sortzen duten txirrindak jartzea aztertzen ari gara, argindar horrekin musika piztu eta giroa sortzeko.

Komunikazioa, ahalik gutxien inprimatuta

Eskuorrien tirada neurtu dugu eta kartelena murriztu, euren eraginkortasuna zalantzan ikusi baitugu (bezero fidela da festa honek biltzen duena, eta bere berri eskolatik eta komunikabideetatik jasotzen du). Gutun eta gonbidapen denak emailez egin dira, inprimatu beharrik ez izateko. Ekoliderrek festa jasangarriagoa izateko erabiltzaile gida osatu dute eta Festaren webgunean jarri dugu.

Kamisetak, beste baterako kontuan har

Gaiari heldu diogunerako aterea genuen kamiseta eta jertse aukera koloretsua. Hauen konposaketak baduela bere garrantzia ohartarazi digute Ekoliderrek (kotoizkoa izatea, tinta organikoak erabiltzea...).

Dafne Mazo, ekoliderra
“Askotan festa txikiagotan pauso handiagoak egiten dira”

Zerbitzu jasangarriak eskaintzen dituzten enpresen berri jakitea erraz egin al zaizu?

Batez ere Interneten aurkitu ditut, eta IHOBEk bere webgunean dituen praktika onen orritik. Baliabideak badaude, baina zerbitzu hau eskaintzen duten enpresa ornitzaileen zerrenda lortzea ez da hain erraza. Euskal Herrikoak bildu behar lirateke.

Zergatik animatuko zenituzke antolatzaileak hasieratik jasangarritasuna kontuan hartzera?

Ekintza hauekin lortzen dena da aurretik pentsatzea benetan zein diren behar ditugun baliabideak. Sarri ez da islatzen antolaketan egin den esfortzua, baina nire ustez jendeak apreziatzen du antolaketan lan hau egin izana.

Euskal Herrian festa asko egiten da. Nola baloratzen duzu jasangarritasun ikuspegitik?

Makrojaialdietan egiten diren ekintzak sarri gehiago izaten dira jaialdiak promozionatu eta sariak jasotzeko. Askotan festa txikiagotan pauso handiagoak egiten dira, ikusten ez direnak. Jendea hasi da dauden aukerez jabetzen.

Hurrengotarako txostena denen eskura

Festa ahalik eta zentzuzkoen antolatzeaz gain, baliatu nahi dugu hurrengo urteetarako festa antolatu behar dutenek heldulekua izan dezaten. Aurtengo esperientziatik abiatuta, arlo desberdinetan (garraioa, kontsumoa...) landu diren proposamen eta kontaktu zehatzak bilduko dituen txostena osatzen dihardute Ekoliderrek. Aurten egin ez diren beste hainbat ekintza ere bilduko ditu, hurrengo urteetan baliagarri izan daitezkeenak. Ondoren, antolatzaileen eskura jarriko da bai Eskola Txikien Koordinakundean, bai Larraulgo Gurasoen webgunean (larraul.eskolatxikiak.org), baita IHOBEn ere praktika onen atalean. Ederra litzateke Euskal Herrian hainbeste esperientzia duten antolatzaile (EHZuzenean, Ikastolen festak, Sagardo egunak...) denen artean gida hori osatuko balitz!


Azkenak
2024-07-23 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Krisien orbana zabaltzen ari da Bengalako golkoan

Myanmarreko gerra zibilak, gure hedabideen fokutik guztiz kanpo bada ere, atsedenik gabe jarraitzen duen bitartean, beste krisi politiko larri bat sutu da Bengalako golkoan. Sortzez, Bangladeshko gazteriaren kale-agerraldiek ez dute zerikusirik 2021eko estatu-kolpe militarrak... [+]


2024-07-23 | Ahotsa.info
Lizarrako txosnak erdigunean nahi dituztela aldarrikatu dute UPNren bazterketaren aurrean

Lizarrako Udalak datozen jaietarako aurreikusia dagoen jai herrikoien egitaraua arriskuan jarri du. Txosnak erdigunetik kendu eta urrun eta baztertua dagoen zonalde batera eraman nahi ditu.

 


Arabako diputatua zen Modesto Manuel Azkonaren hezurrak bere sorterrira itzuli dira, 88 urteren ostean

1936an fusilatu zuten frankistek, une horietan Arabako diputatua zela, eta herriko beste 42 fusilatuen hilobian bertan sartu zituzten Manuelen gorpuzkinak.


2024-07-23 | Gedar
Ia 100 pertsona migrante bizi izan dira Berango eta Getxo arteko baso batean

Iazko urritik eraiki dituzte hainbat kokaleku jatorri magrebtarreko ia 100 lagunek. Poliziak duela hainbat aste jaso zuen haiek basotik botatzeko agindua.


AEBek “portu humanitarioa” kenduko dute Gazatik, bertatik laguntzarik ia sartu gabe

25 egun baino gutxiagoz egon da martxan hasieratik polemikoa izan zen portua. “Distrakzio neurria” izan dela salatu dute eragile ugarik.


Milioika migratzaile esplotazioaren eta eskubide gehiegikerien biktima, Europako nekazaritza-sektorean

Langile migratzaileek indarkeria, lanaldi luzeak eta ordainketa eskasak modu ohikoan jasaten dituzte, Europako bederatzi estatutan egindako ikerketa baten arabera. Gutxienekoa baino soldata baxuagoak jaso ohi dituzte ia estatu guztietan, eta emakumeek are soldata baxuagoak.


Greba egingo dute asteartean Iruñeko FCC-ko langileek, Iosu lankidearen heriotza salatzeko

Lan istripuz 33 pertsona hil dira Euskal Herrian aurten. Azkenekoa, Iruñeko sanferminetan garbiketan lanean ari zen Iosu izeneko langilea. Kamioiaren gainetik erori zen eta hartutako golpe larriaren ondorioz hil da. LABek FCC (Iruñerriko Mankomunitateko... [+]


Bidenek uko egin dio hauteskundeetarako hautagaitzari, eta Kamala Harrisen alde egin du

“Indar guztiak presidente karguan zentratzea” erabaki duela adierazi du, eta Kamala Harris presideneteordeari “babes eta abal osoa” eskaini dizkio. Harrisek baieztatu du bere hautagaitza aurkeztuko duela Alderdi Demokratak presidentegai izendatu dezan... [+]


Hondakinak tratatzeko Artaxoako planta itxita mantentzeko agindu du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak

Nafarroako Ecofert Sansoain enpresa itxita dago 20.000 tona hondakin toxiko legez kanpo jasotzeagatik Zubietako (Gipuzkoa) erraustegitik eta Tuterako (Nafarroa) Oleofat enpresatik.


Eguneraketa berriak daude