Argentinan, frankismo garaiko krimenen kontra abian den ekimenak aurrerapausoak eman ditu, eta bi urteko ibilbidearen ondoren, erregimeneko biktima askoren itxaropen nagusi bihurtu da. Espainiako Justiziak garbi esan du –Garzon epailearen kontrako neurriekin– frankismoa epaitzen saiatzea Estatuko legediaren kontra joatea dela. Diktadurako gehiegikerien erantzuleak babesean daude. 1977ko Amnistia Legeak zigorgabetasuna aitortzen die. Zigorgabetasun harresi hori pitzatzea posible denaren esperantzaz abokatu talde bat ari da lanean Madrildik eta Buenos Airesetik.
Carlos Slepoy argentinarra frankismoa epaitegietara eramateko lanean diharduen abokatuetako bat da: “Espainian Txileko eta Argentinako diktadurak ikertzeko bultzatu zen ekimenarekin alderatuta, antzekotasun handiak ikusten dizkiot frankismoaren kontra martxan den salaketari. Argentinan gertatzen denak aldaketa garrantzitsuak eragin ditzake Espainian eta erreakzio segida sortuko dela iruditzen zait”.
Momentuz, elur bola biraka ari da eta bidean gizentzen doa. Azkeneko bultzada joan den apirilaren 23an jaso zuen. Argentinako Epaitegi Federalean aurkeztu ziren Josu Ibargutxi, Sabin Arana, Chato Galante eta Manuel Blanco Chivite, Francoren erregimeneko preso ohiak. Lehenengo biak Goldatu elkartekoak eta beste biak La Comuna taldeko kideak. Laurek, Buenos Airesera bidaiatu zuten Maria Servini de Cubria epaileari jasan zituzten torturen eta atxilotzeen testigantza emateko. Horrez gain, beste 50 kasu baino gehiagoren dokumentazio eta deklarazio idatziak aurkeztu zizkioten. Besteak beste, Andoni Arrizabalaga, Imanol Laspiur, Enrique Gesalaga, Germán Rodriguez eta Salvador Puig Antichenak. Lau preso ohiekin batera bidaiatu zuen Doris Benegas abokatuak ere eta bi idatzi entregatu zizkion epaileari: Humberto Baena –1975ean Txiki eta Otaegirekin fusilatua– zenaren arrebak eginiko deklarazioa eta Txikiren anaiak bidalitako eskutitza. Gema Carreterori aita fusilatu zioten eta haren heriotza salatzeko bidaiatu zuen Argentinara.
Joan den hilean salaketak pisu handiagoa hartu bazuen ere, hilabete batzuren buruan, biderkatu egingo da haren garrantzia, epaileak emandako hitza betetzen badu behintzat. Servini de Cubria epaileak ziurtatu duenez, Bilbora eta Madrilera bidaia egingo du inguruetako biktimen testigantzak eta dokumentuak jaso ahal izateko. Oraindik datarik zehaztu ez duen arren, bi aukera aurreratu zituen: ekaina ala iraila. Sabin Arana Goldatu elkarteko kidearen ustez “oso pauso garrantzitsua izango da epailearen bisita. Jendea animatu beharra dago. Mundu guztiarekin kontaktuan jarri eta ahalik eta jende gehien lagundu dokumentuak prestatzen”. Josu Ibargutxik ere ezinbestekotzat jotzen du testigantza uholdea sortzea: “Zirrikitu bat aurkitu dugu, baina ikusi egin behar da zigorgabetasun horma botatzeko nahikoa ote den. Zirrikitua gehiago zabalduko dugu epailea Euskal Herrira joandakoan sekulako jendetza aurkitzen badu testigantza eman nahian. Horixe da orain gure tresnarik baliagarriena. Epailea Bilbora joandakoan zenbait hilobiren irekieretan egotea nahi dugu”. Goldatu elkarteak bulego birtuala zabalduko du sarean, salaketan parte izan nahi dutenei dokumentuak nola lortu eta testigantza nola egin argitze aldera.
Argentinan aurkeztutako salaketak frankismoaren epealdi osoko krimenak biltzen ditu, Garzonen saiakerak ez bezala –1952. urterarte ikertzeko asmoa agertu zuen–. Carlos Slepoyk datuaren garrantzia azpimarratu du: “1977ko hauteskundeak arteko gertakizunak hartzen ditu salaketak. Horrek esan nahi du biktima eta biktimario asko bizirik daudela oraindik. Frankismoaren azken urteetan eta Trantsizioan ere hildako asko egon ziren, Gasteizko langileen hilketa eta 1975eko fusilamenduak [Txiki, Otaegi eta FRAPeko hiru kiderenak], adibidez. Eta tortura sistematikoa”.
Delitu horiek Argentinan epaitzeko eskuduntza justizia unibertsalaren printzipioan oinarritzen da. Justizia unibertsala onartzen duen edozein estatuk epaitu ditzake beste herrialde bateko delituak, gizateriaren aurkako krimenak direnean. Argentinako salaketaren kasuan, “genozidio” delituak salatu dira. Genozidioa gizateriaren aurkako krimena da, baina bien artean desberdintasun esanguratsuak daudela argitu du Slepoyk: “Gizateriaren aurkako krimena eraso sistematizatua da, biztanleria zibilaren aurkakoa, modu masibo eta bereizi gabean burutua. Genozidioak, aldiz, giza talde osoak suntsitzea du helburu. Gizartearen sektore bat ezabatzeko asmoa. Argentinako diktadura “genozidio” gisa epaitu beharko litzateke, adibidez. Militarren atzean zeuden talde ekonomikoen erantzukizunak ikertu ahal izateko ”.
Espainiako Justiziak frankismo garaiko krimenak ez epaitzeko duen argumentu nagusia 1977ko Amnistia Legea da. Diktadura garaiko krimenen zigorgabetasuna jasotzen du legeak. Nazioarteko zuzenbideko hainbat akordioren arabera, baina, zigorgabetasuna ezin daiteke aplikatu giza eskubideen aurkako krimenen kasuan, ezta preskripzio printzipioa ere. “Kasu batzuk oso garbiak dira. Ume bahituen eta pertsona desagertuen kasuak dira esanguratsuenak, oraindik amaitu gabeko delituak direlako. Egunero gertatzen dira. Pertsona bati bere identitatea ukatzen badiozu eta ordezko identitate batekin bizi bada, delitua gertatzen ari da. Desagertuekin ere berdin. Desagertuaren gorpua agertu arte uneoro gertatzen da delitua da. Beraz, preskripzio eta zigorgabetasun printzipioak ezin dira aplikatu”. Abokatuaren ustez, Espainiako Justizia bera ari da delitua egiten. “Auzitegi Gorena prebarikatzen ari da, jakinaren gainean epai bidegabeak eman dituelako eta gaizkileak ari delako babesten. Frankismoaren boterea oso indartsua da Espainian, oso errotua dago erakundeetan eta bereziki botere judizialaren goi karguetan. Zigorgabetasunaren eta ahanzturaren aldeko kultura oso nabarmena da”.
Servini de Cubria epaileak Madril eta Bilbotik bueltan, testigantzak bildu ondoren, aurrera egingo duelakoan dago Slepoy. “Delitu konkretuak zehazteko gai bagara, biktima eta arduradun jakinekin, epaileak deklaratzera deitu ditzake ustezko erantzuleak. Aurreikustekoa denez, inor ez da deklaratzera aurkeztuko eta atxilotze agindua eman beharko luke orduan epaileak. Horrek eragin oso boteretsua izango luke. Lehenengo eta behin, Espainian zigorgabetasuna erabatekoa denez, frankismoa epaitzeko ardura beste herrialde batek hartu behar duela agerian utziko lukeelako. Bestalde, ziurrenik estradizio aginduak izango direnez, Espainiak ez ditu onartuko eta gaizkileak delituaren tokian egongo dira errefuxiaturik, estatua babesle dutela. Era berean, guzti horrek beste efektu batzuk sorrarazi ditzake. Biktimei aurrera egiteko indarra ematen die, epaile eta fiskalak kolokan jartzen ditu eta beste toki batzuetan ere ekimenak abiatzeko aukera handitzen da, dela Giza Eskubideen Europako Epaitegian edo beste herrialdeetako epaitegietan. Garrantzitsuena aurrerapausoak ematen jarraitzea da. Gaiak ez dezala lo hartu, eta geroz eta oihartzun handiagoa izan dezala”.
Argentinako hedabideetan frankismoko biktimen bisitak izan du tokirik eta herrialdean giza eskubideen hainbat taldek babesa agertu diete testigantza ematera bidaia egin dutenei. Argentinako Atxilotu ohi eta Desagertuen Elkarteak, Giza Eskubideen Aldeko Ligak, Memoriaren Aldeko Institutuak eta Maiatzeko Plazako Amak eta Amonak, besteak beste.
Maiatzeko Plazako Amek 35 urte bete zituzten joan den apirilaren 30ean. Ostegunero egin duten bezala, plazara joan ziren egun horretan ere, zapi zuria jantzita. Bertan bildutako ehunka lagunei kontatu zizkieten haien testigantzak. Seme-alabak nola desagerrarazi zizkieten eta etxekoandre izateari utzi ziotela erresistentzia zibilaren eragile nagusiena bihurtzeko. Lehenengoz plazan bildu zirenean, ezin zuten imajinatu ere egin, aurrean zein bide luzea zegoen. Haien seme-alaben hiltzaileak akusatuen aulkian eseri dituzte eta horixe da duten pozik handiena.
Akaso, egunen batean frankismoko krimenen arduradun batzuk ere ikusiko ditugu akusatuen aulkian. Elur bolak maldan behera jarraitzen du eta tamaina nahikoa hartzen badu zabalduko du bidea.
Espainiako Gobernuak dokumentu bat helarazi die Salvador Puig Antichen arrebei, Oroimen Demokratikorako ministro Ángel Víctor Torresen eskutik. Frankismoak anarkista katalanari jarritako heriotza kondenaren “baliogabetasun akta” dela diote. Harrigarria... [+]
Ekitaldian 1969ko gertaera tragikoak gogoratzeaz gain, memoria historikoaren defendatzaileak ere omenduko dituzte.
Gasteiztarrarekin bederatzi dira ihesaldian parte hartu zuten identifikatutako pertsonak. Guztira, Nafarroako DNA Bankua sortu zenetik 43 pertsonaren datuak lortu dituzte.
Otxandioko bonbardaketaren erantzule nagusietako bat da Angel Salas Larrazabal urduñarra. Hortaz, herritarren aurka Euskal Herrian eginiko lehen bonbardaketan parte hartu zuen.
German Rodriguez eta Joseba Barandiaran omendu, eta langile mugimenduaren alde egindako lana txalotu dute Iruñean. Palestinari ere elkartasuna adierazi diote, sanferminetan urteroko zitan Iruñean.
Migratzaile familia batek irekitako denda baten aurrean ikur frankistak jarri dituztela salatu du Zurekin Nafarroa ezker koalizioak. Fiskaltzari eraman dizkiote datuak, gorroto delitu bat egon daitekeelako pankarta horren atzean.
1939 eta 1941 bitartean Igari eta Bidankoze arteko errepidea eraikitzera behartu zituzten frankismoaren 2.400 esklaboak omendu zituzten larunbatean, Igariko gainean. Errepresaliatu antifaxista haien memoriak gure bidea izan behar duela aldarrikatu zuten omenaldia antolatu zuen... [+]
Egin gintuztenen eta geure borondatearen kontra eraiki nahi izan zigutenen oinarria berriro ere indar berritzen ari ote den nago.
Eskolako Kontseiluaren izenean honako baldintza hauek jartzen zitzaizkien, gerraostean, gure herrietara maistra lanera zetozenei, derrigorrean... [+]
Hari buruzko aipamenik apenas iritsi zaigu historia liburuetan, baina Jesús Carrera Olascoaga (Hondarribia 1911 – Alcala de Henares 1945) Espainiako Alderdi Komunistaren idazkari nagusi izatera iritsi zen. Frankistek atxilotu, torturatu eta fusilatua, bere... [+]
Madrilgo Cuelgamurosen, Erorien Harana deituriko monumentuan arkeologoak egiten ari diren indusketetan etengabe ari dira jasaten eskuin muturreko jendeen presioa, hala adierazi du Pako Etxeberria auzitegi-medikuak. Egunotan, biktima errepublikarren senideek bisitatu ahal izan... [+]
1971n hainbat euskal abadek Zamorako espetxe hartatik ihes egiteko plana bertan behera geratu zen, poliziek tunela deskubritu ondoren. Nicanor Acosta abade-ohi komunistak Apaiz Kartzela dokumentaleko egileei elkarrizketa batean esan zien Santiago Carrillo izan zela salatzailea:... [+]
Hiru urteko lanaren emaitza jaso du Iruñeko Udalak sinatutako dekretuak. Auzotik sortutako ekimenari esker, zazpi kale eta hiru plaza izendatuko dituzte.