Guri buruzko informazio mordoa igotzen dugu egunero Internetera, eta sarri ez gara kontziente sareratzen dugun hori beste batzuen esku geratzen dela. Gainera, uste baino baliotsuago bilakatzen dira datu horiek, bereziki publizitatearen pastela irentsi nahi dutenentzat.
“Zure pribatutasunaren zati bati uko egin ezean, aurrerapen teknologiko berrienak erabiltzerik ez duzu izango”, erantzun ohi du Google konpainiako presidente Eric Smith-ek, enpresaren jardunak erabiltzaileen eskubideak errespetatzen ote dituen galdetzen diotenean. Baina egia al da hori? Gure intimitateari uko egin behar al diogu teknologiaren industriak garatutako produktuez gozatu ahal izateko? “Ezetz uste dut. Pribatutasuna oinarrizko eskubidea da eta ez dut zertan horri uko egin produktu teknologiko bat eskuratu ahal izateko”, dio Alejandro Suarez Desnudando a Google (Deusto, 2012) liburuaren egileak.
Intimitate eta pribatutasun eskubideez hitz egitean, ezinbestean heldu behar zaio jabetza eskubideari. Apirilaren 24an Google Drive disko gogor birtuala aurkeztu zuen Google-ek, doako 5 GB lainora –Internetera– nahi adina fitxategi igo eta partekatzeko. Dropbox-en edota Microsoften Skydrive moduko zerbitzuen lehiakidea da. Biharamunean galdera bera egin zuen kazetari eta blogari askok: nor da lainoan pilatutako edukien jabea?
Hasiera batean, han jarri dituen erabiltzaileak mantentzen ditu artxiboen gaineko eskubideak, baina batzuetan –“produktuaren funtzionamendua hobetzeko”– enpresak baimena du zure materiala erabili, eraldatu, erreproduzitu eta zabaltzeko, edukiaren jabetza norberak mantentzen duen arren. Gure eskubideak enpresari uzteko nahikoa da zerbitzuon erabilpen-baldintzak onartzea, eta hori erregistratzean egiten dugu normalean, klik bakarrarekin, konturatu ere egin gabe gehienetan, edo axola ez zaigulako bestela. Izan ere, webgune batean izena ematean, zenbatek kontsultatzen ditugu ordu erdian irakurriko genituzkeen pribatutasun-politikak? Eta berdin mezu elektronikoekin. Administratzailea zure nagusia baldin bada –alegia, laneko kontu bat erabiltzen baduzu–, legeak baimena ematen dio zure mezuetara sarbidea izateko. Bada, berdin administratzailea doako kontu pertsonal bat baldin bada: izan Gmail, Yahoo edo Hotmail, gure mezuak eskaneatu eta metatu ditzakete, baita ezabatu ditugun horiek ere.
Erabiltzaileen datuak besteren zerbitzarietan metatzen dira, munduko edozein bazterretan, eta horrek arazo franko sor ditzake lekuan lekuko datu babeserako legeek zehaztutakoarekin. Legediak ezagutzea, zerbitzariak non dauden jakitea edota hornitzaileekin kontratu egokiak sinatzea funtsezkoa da ezuste desatseginik ez jasotzeko. Oro har, Europar Batasunak zorrotz babesten du pribatutasuna. Aldiz, AEBetan, US Patriot Act moduko legeek Gobernuari eta beste erakunde batzuei baimena ematen die konpainiek pilatutako informazioa kontrolatzeko.
Horren guztiaren aurrean, ezinbestekoa da eskuragai ditugun tresnak tentuz erabiltzea edo alternatibak bilatzea. Horietako bat Funambol izeneko plataforma da –irakurri Gorka Julioren Hodeietan?! artikulua. Berria, 2012-04-26–.
Martxoaren 1ean Google-ek bere 60 zerbitzuren pribatutasun politikak eta erabiltzaileen datuak bateratu zituen, internautek sareari “ahalik eta etekin handiena atera diezaioten”, webgunean azaldu zuenez. Nor da, baina, aldaketa horri zukurik gehien ateratzen diona?
Praktikan, Gmail erabili, YouTuben bideoak ikusi –gogoratu enpresa hori Google-ek erosi zuela 2006an–, Google Docs-en artxiboak partekatu eta bilatzailearen bidez kontsultak egiten dituen pertsonari buruzko informazioa uztartu ahal izango du Google-ek, betiere erabiltzailea bere kontutik nabigatzen ari bada. Zertaz hitz egiten dugun, norekin, zenbatero… Datu piloa eskura dezake, “gero produktu eta zerbitzu pertsonalizatuak saltzen saiatzeko”, Alejandro Suarezek dioen moduan.
Google-ek azaldu duenez, bilaketetan emaitza are pertsonalizatuagoak lortuko dira, besteak beste Google+ sare sozialeko edo Blogger-eko profiletan zehaztutako lehentasunen araberakoak izango direlako. Halaber, erabiltzaileak ikusiko du nola Gmail-eko sarrera-ontzian agertzen diren iragarkiek lotura duten Google Docs-en partekatzen dituen dokumentuekin edo Picasa-ko argazkiekin. “Gure produktu guztietan erabiltzaile bakar moduan tratatuko zaitugu”, dio Alma Whitten Google-eko pribatutasun zuzendariak.
Ezinegon handiagoa sortzen duten adibideak ere badaude, ordea. Demagun lagun bati bidalitako mezu elektroniko batean animaliekiko interesa agertu duzula. Bada, bilatzailean “Jaguar” hitza idaztean animaliari buruzko erreferentziak azalduko zaizkizu zerrendaren goialdean, eta ez autoaren ingurukoak. Ezinegona ez du adibide konkretu horrek sortzen, Google-ek zure mezu elektronikoetan esandakoa hitzez hitz prozesatzen duela jakiteak baizik. Nondik nora ibiltzen da, gainera, zure eskuetatik ihes egin duen informazio hori? Google-ek hirugarren batzuei salduko al die? Gmail-ek soilik ez, YouTuben ikusten ditugun bideoek ere informazioa eskaini dezakete gure kokagune, interes, ideologia, osasun arazo, erlijio edota sexu-orientazioari buruz, Muga Elektronikoak Fundazioak (EFF) salatu duen moduan.
Enpresa estatubatuarrak ez duela deus oparitzen dio Desnudando a Google liburuaren egileak: “Google-ek zure izena ezagutzen du, adina, bizitokia eta oporretako apartamentua… eta argazkiak ditu. Amoranterik baldin badaukazu zure bikotekideari ezkuta diezaiokezu, baina Google-i ez: zure posta analizatu eta ‘astebururako ihesaldi diskretua’ dioen iragarkia pantailaratuko dizu”. Hori egiteak diru-sarrera ekarri dio, hirugarren batek –bidaia agentzia batek, esaterako– ordaindu egin baitu iragarkia jartzeagatik.
Google-ek azpimarratu du ez dituela pribatutasun printzipioak ukitu, eta ez duela erabiltzaileei buruzko informaziorik saldu edo partekatuko haren baimenik gabe, kasu berezietan –“legeak eskatzen dionean”– izan ezik. Baina Europar Batasuneko herrialde batzuek –Frantziak, esaterako– ikerketak abiatu dituzte enpresa estatubatuarrak Europako araudia betetzen ote duen argitzeko, zerbitzu desberdinetan eskuratutako informazioa uztartzerik ba al duen garbi ez dagoelako. Eric Smith Google-eko zuzendari exekutiboak dio Europako pribatutasun arauak betetzen dituela: “Jendeari zer egiten ari garen argi azaldu diogu. Erabiltzaileek guk dugun informazioa kontrolatu dezakete, eta erabakitzen badute haiei buruz dakiguna ahaztu egin behar dugula, hala egingo dugu”. Sartzea erraza da; irtetea, ordea, ez hainbeste, ‘ahanztura digitala’ negozio-eredu baten etsaia baita. Informazio pribatuaren kudeaketari esker etekinak ateratzen dituzten enpresen anatema bihur daiteke, erabiltzaileak modu masiboan euren datuez arduratzen hasten badira. –ikusi Google, ez zaitez nirekin akordatu. Gorka Bereziartua, Argia, 2288. zenbakia–.
Erabiltzaile guztiek onartu beharko dituzte aldaketak, baita Android mugikorren jabeek ere, Google kontua aktibatu behar baitute ezinbestean. Pribatutasun baldintza berriei uko egiteko modu bakarra kontuak itxi eta e-posta, mapa, bideo, bilatzaile eta bestelako zerbitzu alternatiboak erabiltzea da; edo ahal den guztietan Google-en zerbitzuetara norberaren kontutik ez sartzea. Bilaketen historialak ezabatzeak ere gu kontrolatzea apur bat konplika diezaioke Google-i.
Sergey Brin, Google-eko fundatzaileetako batek esan du (The Guardian, 2012-04-15) sarearen askatasuna arriskuan dagoela, “gobernu batzuk herritarrak kontrolatzen saiatzen direlako batetik, entretenimenduaren industriak pirateriaren aurka egiteko sustatutako neurriengatik bestetik, eta Facebook eta Apple modukoen joko-arau murriztaileengatik hirugarrenik”.
Zergatik Facebook eta Apple? “Euren arauek berrikuntzei ateak ixten dizkiete”, adierazi du Brinek. Bere hitzetan, Facebook-eko erabiltzaileentzat zaila da sare sozialean pilatutako datuak beste zerbitzu batzuetara eramatea, bera izan denean “urte luzez” Gmail-etik kontaktuak “zurrupatzen” aritu dena. Euren plataformetako softwarea kontrolatu nahi izatea leporatu die “hesitutako lorategi” (walled garden) gisa definitu dituen Facebook eta Apple-i. Termino hori telekomunikazioaren eremuan erabiltzen da konpainiek edota zerbitzu hornitzaileek plataforma desberdinetako aplikazio zein edukien gain egiten duten kontrolaz hitz egiteko, erabiltzaileari sarbidea mugatu ala ixten dioten neurrian. Apple-en iPad-a eta Facebook-en posta eta txat zerbitzuak dira adibide.
“Google-ek irabazi ugari eman dizkion negozio ereduari eustea besterik ez du nahi”, adierazi du Suarezek. “Badaki Apple nagusi dela sektore batzuetan. Smartphonentzako aplikazioek ematen diote min gehien, Google-en bilaketa motorrek ezin baitute sakelakoetatik erabiltzaileen informaziorik eskuratu. Horregatik oparitzen du Android sistema eragilearen lizentzia, teknologia hori erabiltzen dutenek zer egin eta esaten duten jakiteko”. Eta berdin sufriarazten du Facebook-ek. “Sare sozialera konektatzean, internautek Google-en zaintzari ihes egiten diote. Han dauden bitartean, ez daki zer egin, esan, bilatu edo igotzen duten. Ez daki ezer eta horrek ernegatu egiten du. Eta ernegatzen du, batez ere, ikusi duelako publizitatearen pastelaren parte handi bat galduko duela kontrola berreskuratu ezean, gure informazio pribatu guztia euro bakar bat ordaindu gabe lortzerik ez badauka”. Facebookek oso eragin handia du. ‘Atsegin dut’ botoiari esker Internet kolonizatzen ari da, eta haren tentakuluek publizitatea setiatzea da Google-en beldur nagusia.
Hastapenetan ez bezala, Facebookek gure informazioa publiko bezala hartuko du baldin eta kontrakorik adierazten ez badiogu. Pertsonalizazioaren eta pribatutasunaren arteko gatazka sortu du horrek: neurrira egindako zerbitzu pertsonalizatuez gozatu nahi izanez gero, beharturik gaude informazioaren parte bat zabaldu eta partekatzera. Dena den, badirudi pribatutasuna mantentzeak ez dituela erabiltzaileak gehiegi kezkatzen. 900 milioi erabiltzaileetako askok ez dituzte euren pribatutasun konfigurazioak moldatu, eta profil erabat irekiak dituzte, agian horren jakitun ez diren arren. Beraz, Facebooken jartzen dugun informazio guztia potentzialki publikoa dela argi izan behar dugu, ez baikaude soilik haren menpe, baita euren segurtasun profilak aldatu ez dituzten lagunen esku ere. Areago, erabiltzaile batek Internetez irakurtzen dituen artikuluen berri ere ematen die haren lagunei Facebookek, ‘Jon Tornerrek Driver, Google-en laino berria artikulua irakurri du’ moduko oharren bidez.
Facebook, Google… Izen horiek hainbeste errepikatu ditugu artikuluan, euren tranpan bete-betean harrapatu gaituztela onartzea besterik ez dugula. Hori baitute hein batean helburu, herritar zein hedabideek haiei buruz hitz egin eta oihartzuna Sarean biderkatzea, bai baitakite kritikek apenas egingo dietela kalterik, erabiltzaileok gehiegi kexatu gabe bihurtuko garela euren negozio-lerroaren ardatz.
Europako Batasuneko edozein enpresa beharturik dago, hala eskatzen diotenean, erabiltzaileen inguruan bildutako datuak ematera. Google-en filialek ez dute daturik prozesatzen, eta betekizun horri iskin egiten diote. Aitzitik, Facebook-ek datu mordoa pilatzen du Irlandako egoitzan, eta guri buruzkoak bidaltzeko eska diezaiokegu. Prozesua, ordea, oso geldoa da. Bi zerbitzuek aukera ematen dute euren webguneetatik norberaren historiala jaisteko, baina erabiltzaile talde batek salatu duenez, guri buruz daukaten informazioaren %29 besterik ezin dezakegu ikusi tresna horiek erabilita.
Duela bi hilabete Wired aldizkariak albiste deigarria eraman zuen azalera: Utah-ko (AEB) desertuan Internet zelatatzeko zentro erraldoia (Utah Date Center) eraikitzen ari dira. Segurtasun Agentzia Nazionalak (NSA) kudeatuko du, eta azken hamaika urteetan mundu osoan harat-honat ibili diren datuak pilatuko dituzte bertan, AEBen segurtasuna mehatxatuko luketen elementuak identifikatzeko helburuarekin. Erreportajearen egile James Bamfordek dio babestutako informazioa bistaratu ahal izango dutela espioitza-zentro horretan, mezu elektronikoak analizatu, munduko edozein bazterretako telefono elkarrizketak grabatu, banku transakzioak aztertu, Interneteko bilaketak kontrolatu eta abar luze beldurgarria, herrialdearen segurtasunaren izenean. 2013ko irailean inauguratuko dute eta haren zerbitzuak Europa eta Asiako gobernuek eskuratu ahal izango dituzte.
“Terrorismoaren” aurkako gurutzadaren erdian, Britainia Handiko Gobernuak ere baimena eman nahi dio GCHQ (Gobernuaren Komunikazio Kuartel Nagusia) inteligentzia-agentziari epailearen baimenik gabe ere herritarren telefono deiak, mezu elektronikoak eta Interneteko bilaketak zelatatzeko. Informazio hori guztia, gainera, administrazio ugarik eskuratu ahal izango lukete: udalek, ingurumen batzordeek, segurtasun indarrek… Gobernuaren asmoa zen araudi berria maiatzaren 9an aurkeztea, baina askatasun zibilen aldeko kolektiboek eta batez ere koalizio-gobernuko kide diren parlamentari liberalek egindako kritikek albistea atzeratzea bultzatu dute. “Gobernu britainiarrari baimena ematen bazaio Facebook eta Skype moduko nazioarteko enpresetara sartzeko, zerk eragotziko die beste gobernu batzuei sarbide bera eskatu eta lortzea?”, galdetu du Danny O’Brien Kazetarien Babeserako Komiteko (CPJ) kideak. Zenbait adituk, bestalde, informazio hori guztia “funtzionario ustelen” poltsikoetara iristeko arriskuaz ohartarazi dute.
Beharbada ez duzu jakingo nor den Donald Berwick, edo zergaitik aipatzen dudan artikuluaren izenburuan. Gauza bera gertatzen zaie, agerikoa da, abian den Osasun Itunean parte hartzen ari diren gehienei. Ez dakite zer den Berwicken Helburu Hirukoitza, are gutxiago eredu hau... [+]
Aurreko egunetan Larraitz Ugarte abokatuak idatzitako La motosierra puede ser tentadora artikuluak zeresan handia eman du sektore zabal batean. Administrazio publikoaren barruan ohikoak diren egoera batzuk mahai gainean jartzen ditu, tartean efizientzia falta, ardura eta kontrol... [+]
Garrantzitsua al da hizkuntza bat zuzen erabiltzea? Zer puntutaraino da hain beharrezkoa gramatika menderatzea edo hiztegi zabal bat edukitzea? Betidanik entzun izan ohi dut hizkuntzaren garrantzia, baina pentsatzen jarri ostean, ondorio batera iritsi naiz. Pentsatzeak askotan... [+]
Aspaldian bisitatzen ez nuen eta hainbertze gustatzen zitzaidan leku batera joan nintzen aurrekoan. Bertan nengoela, gustura sentitu nintzen eta zera pentsatu nuen: hau da nire leku kuttuna. Kuttuna, kuttuna, kuttuna; hitza jira eta biraka etxerako bidean. Kuriositateak jota... [+]
Nerabeek eta gazteek, ibilbide akademikoan zehar, behin baino gehiagotan jasoko dute lagungarria izango zaien ikasketetarako edo-eta lanbiderako orientabidea. Gidaritza eskaini behar zaie, zalantzez beterik egon ohi baitira erabaki garrantzitsuak hartu behar dituzten bakoitzean,... [+]
Atxik Berrituz giristino taldeak Kristauak Euskal Herriko bake prozesuan liburua argitaratu du Maiatz argitaletxearekin. Giristinoek euskal bake prozesuan zer nolako engaiamendua ukan duten irakur daiteke, lekukotasunen bidez.
Ertzaintzarekin bigarren negoziazio mahaia ireki du Bigen Zupiriak, martxoan ERNE, ESAN eta SIPErekin ertzainei urteko soldata gutxienez 4.200 euro igotzea adostu ostean. Agente kopurua areagotzeko plan horretan Arkautiko (Araba) akademiak "berebiziko... [+]
Maiatzaren 17an Erriberako lehenengo Euskararen Eguna eginen da Arguedasen, sortu berri den eta eskualdeko hamaika elkarte eta eragile biltzen dituen Erriberan Euskaraz sareak antolatuta
EH Bilduk aurkeztutako mozioa onartu dute osoko bilkuran. Udalak egitasmoa sustatzen duen enpresari, Cañaveras Solarri eskatu dio proiektuak ez ditzala hartu balio estrategiko handiko gisa kalifikatutako nekazaritza lurrak, eta gune populatuetatik gutxienez 500 metroko... [+]
Duela egun batzuk iragarri zuen Puntueu-ek La Ligaren blokeoak euskal domeinuei eragiten dien kaltea monitorizatuko zuela. Asteburu honetan izan dira partiduak, hain zuzen, eta monitorizazioaren datuak hor daude, penagarriak dira.