"Hedabideek komunitateak trinkotzeko balio dute"

  • Zergatik dira garrantzitsuak hedabideak hizkuntzen biziraupenerako? Zer du emateko Euskal Herriak eremu horretan? Galdera horiei erantzun asmoz idatzi du Barandiaranek (Garabide elkarteak eskatuta), Hedabideak liburua.

"Liburuan ez genuen esan nahi zer egin behar den beste tokietan, baizik eta guk zer egin dugun. Balio badizu zerbaitetarako hartu, ez dizuegu esango egunkaria sortu behar duzuela".
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Garabide elkartea lankidetzarako sortua da, Euskal Herriak elkarbanatzeko daukana eskaini nahi du: bere nortasunaren bizi-ahalegina. Hizkuntza gutxietsiak errekuperatzen ahalegintzen ari diren komunitateekin du harremana. Ildo horri segiz hiru liburu (Euskararen berreskuratzea, Hizkuntzaren estandarizazioa, Hedabideak) eta dokumentala (Euskararen berreskuratzea, Argiak ekoitzia) argitaratu ditu. Denak www.garabide.org-en eskuragarri daude. Materiala gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez dago, Garabide kanpora begira ari baita. Euskaraz ere badaude edukiak, “batzuetan galdera errazenak erantzuten zailenak direlako, barrura begiratu behar duzu eta galdera zure buruari eta ingurukoei egin”.

Hedabideen estrategikotasunaz jabetuta al gaude?

Batzuk bai, baina oso muinean gaudenok. Jendeari galdetzen badiozu zer den garrantzitsuena hizkuntza berreskuratzeko, komunikabideak ez dira aterako lehen lerroan inoiz. Beti esango dizu irakaskuntza, administrazioa, transmisioa… Hori guztia oso garrantzitsua da, eta seguru asko oinarria dira, baina komunikabideek ere garrantzi handia daukate, eta gaur egun are gehiago. Internet eta sare sozialak dauzkagu, benetako leihoa dira munduari begira.

Gurea zabaltzeko eta kanpokoa gurera ekartzeko balio digute hedabideek.

Munduarekin harremanetan jartzeko leihoa da. Beharbada duela 40 urte leiho hori ez zen horren handia, edo itxita ere funtzionatu genezakeen, batzuk hurbiltzen ziren noizean behin leiho horretara. Gaur egun leiho hori irekita dago beti eta argi asko sartzen da. Mundua etengabe sartzen zaigu toki guztietatik eta leihoaren kristalaren kolorea guk erabaki dezakegu. Esan dezaket leiho hori nire kolorekoa izatea nahi dudala eta euskaraz jaso nahi dudala munduaren berri. Eta nire munduaren berri nire koloreen bidez eman nahi dut. Zergatik da garrantzitsua kolorea ematea? Hizkuntzak gauzak matizatu egiten ditu askotan, ez da gauza bera notizia bera ingelesez edo euskaraz jasotzea. Gu kapazak gara gauzak geuk matizatzeko, besteek matizatu ez ditzaten.

Hedabideek hiztun komunitateak trinkotzeko ere balio dute.

Dokumentalean Bujandak [Mikel, Euskalerria Irratiko zuzendaria] galdetzen du ea zertarako nahi duten beraiek irratia, eta hala dio: “Iruñerriko euskaldunak elkartzeko”. Iruñerriko euskaldunak Iruñeko plazan elkartu gaitezke [Barandiaran Iruñean bizi da] edo irrati baten ondoan. Badakigu irratian elkartuko dela gu bezalako, edo behintzat gu bezala hitz egiten duen, jende asko. Elkar ezagutuko dugu, elkarbanatuko dugu, eta horrela komunitatea trinkotzen da. Gu-aren kontzientzia sortzen da.

Ekuadorrekin-eta izan dugu harremana azkenaldian eta esaten ziguten: baina beste bailaran diferente janzten dira eta beste hizkuntza bat hitz egiten dute. Leitzatik Andoainera egon daitekeen saltoa berdina da. Haientzat oso inportantea da, ez batzen dituena, baizik eta diferentzia. Distantziak komunikabideekin askoz txikiagoak dira.

Hizkuntzaren estandarizazioan, normalizazioan, nola eragin dezakete hedabideek?

Gurean oso inportanteak dira, beste toki batzuetan beharbada ez da horren begi-bistakoa. Hemen Egunkariak [Euskaldunon Egunkaria] hizkuntza idatziaren estandarizazioan edukitako garrantzia funtsezkoa izan da. Egunkariak, Argiak edo herri komunikabideek doitu egin dute hizkuntza. Gogoratzen naiz zer garrantzi zuten eta zer lan egin zuten zuzentzaileek eta hizkuntza arduradunek [Euskaldunon Egunkarian]. Egunero iristen ziren hitz berriak eta horiek nola esan erabaki behar zen. Euskaltzaindia ez zegoen egunero hor, idazleak ere ez.
Gaur egun ikaragarria da zer garrantzi daukaten irrati esatarien lokuzioek eta formek. Kutsatu egiten dira, onerako eta txarrerako. Nahikoa da esamolde bat gaizki esaten hastea zabaltzeko. Telebistan zer esanik ez. Kristoren garrantzia daukate komunikabideek hizkuntza trinkotzeko. Oso begi-bistakoa da gurean.

Beste toki batzuetan ez hainbeste.

Ekuadorra joaten bazara eta esaten badiezu komunikabide idatziak bultzatu behar dituztela, esango dizute jende gehienak ez dakiela irakurtzen, ez daukatela dirurik egunero egunkaria erosteko, ezta errotatiba erosteko ere. Beharbada haientzako askoz garrantzitsuagoa da irratia egitea edo herri komunikabidea.

Liburuan ez genuen esan nahi zer egin behar den beste tokietan, baizik eta guk zer egin dugun, nola egin dugun. Balio badizu zerbaitetarako hartu, ez dizuegu esango egunkaria sortu behar duzuela.

Hedabideak sortzerakoan zein ereduri begira aritu gara?

Mendebaldean bizi gara eta tradizioa hortik datorkigu, Frantziatik eta Espainiatik. Orain mundu anglosaxoitik ere bai. Guk zeri eman diogu garrantzia? Bada, besteek dutena guk edukitzeari: duela 40 urte papera zen komunikabide indartsua, bada guk hori egin nahi izan genuen; gero telebista etorri zen; Internet zabaldu da eta guk hori egin nahi izan dugu. Esan nahi dudana da mimetismo bat egon dela, baina normala da. Ondoko hizkuntza handiek zutena guk ere nahi genuen, halako berdintze nahi bat genuen. Behin hori izanda, kritikatu dezakegu, baina nik uste balio izan digula.

Sareak hartu du garrantzi handia.

Momentu honetan horri ari gara garrantzi handia ematen, baina mundu osoan bezala, norantz jo igarri ezinean gabiltza. Argi dago giltzarri bat: komunikabide denak daude horri begira, saiakerak egiten, baina ez dut uste guk asmatuko dugunik gauza asko, burbuila handia dago. Inpresioa daukat hemendik urte batzuetara gehiena hortik etorriko dela, prentsa, telebista eta irratia adibidez. Hemengo hedabideak adi daude, ez daude bertan goxo.

Internet euskaldunontzat izan daiteke hedabide eraginkorra, baina agian ketxuentzat ez.

Liburuan esaten da inbertsio handirik gabeko komunikabidea dela, baina sareak behar ditu, eta egia da lubaki digitala ere ari dela sortzen. Ekuadorren ez dago sare egokirik, herrietara ez da iristen. Horregatik, Internet bai, baina ez. Beste komunitateek bestelako erritmoak behar dituzte. Guretzako garbi dago baietz. Hor gaude, eta bat-batean ezin dugu joan ez dakit nora. Gure abiapuntua inguruko hizkuntzak dira eta haien antzeko izan nahi dugu, ez gutxiago. Normalizazioaz ari garenean normalak izateaz ari gara. Liburu onak, irrati onak, kanpotik iristen den informazioa euskaraz nahi dugu, eta Internet ezinbestekoa da. Tokia bilatu behar dugu. Aukera hau nola baliatu dakienak altxa dezala eskua.

Euskarazko hedabideak sektore gisa egituratzen hasiak dira.

Oso interesgarria da egiten ari diren lana. Ez gara hainbeste, eta ez gara hain indartsuak. Txikitasunak ematen digu malgutasuna eta bizitasun oso garrantzitsua. Haizeak asko jotzen duenean babestuta egoteko aterpea polita eta interesgarria da, nahiz eta bakoitza bere aterkiarekin ibili. Bazen garaia, nik oso positibotzat hartzen dut. Beharbada krisiak bultzatu du horretara, baina nik uste gauza politak egin ahal izango direla.

Herri ekimeneko euskarazko hedabideen sektorea

Euskal Herriko 100dik gora komunikabide biltzen ditu sektoreak, idatzizkoak, irratiak, telebistak eta Internet kontuan hartuta. 620 langile baino gehiago ari dira eta 27 milioi eurotik gorako aurrekontua mugitzen dute. 7 milioi euro inguru sortu eta ordaintzen dituzte zuzenean gizarte segurantza eta zergen bidez. CIESek 2007an zioen 450.000 pertsonek kontsumitzen zituztela noizbait euskarazko hedabideak, euskaldunen %57ak.

Hedabideen bitartez –Alberto Barandiaranek elkarrizketan dioen moduan– hiztun komunitateak bere errealitatearen berri zabaldu nahi du, eta era berean, munduaren berri jakin nahi du. Horretarako euskaldunak euskarazko hedabideak nahi eta behar ditu, elkar komunikatzeko eta, horren ondorioz, hiztun komunitatea trinkotzeko. Premiazkoak dira, estrategikoak. Hala aitortzen dute erakunde publiko eta alderdi politikoek, beste kontu bat da iritzia benetako sostengu bihurtzen duten.

Herritarrek herri ekimeneko euskarazko hedabideak kontsumitzen dituzte eta balorazio positiboa egiten dute, baina administrazioaren sostengu ekonomikoa ez da proportzio berekoa. 2011n 7.500.000 euroko diru-laguntza jaso zuten herri ekimeneko euskarazko hedabideek eta EITBri berari bakarrik 134,1 milioi euroko diru-laguntza eman zion Kultura Sailak. Adibide bat baino ez da. Sektoreak dituen beharretatik oso behera egon dira beti laguntzak. Krisi garaian laguntzak are gehiago murriztu dira. Diru-laguntzak emateko orduan sektore estrategikoen artean ez zerrendatzeaz gain, hedabideok kritikatzen dute erakundeek ez dutela publizitate instituzional nahikorik egiten hedabide horietan –haien kalkuluen arabera, publizitate instituzionalaren %7 baino ez doa euskarazkoetara. Azken urteotan gainbehera ekonomikoak gogor jo du eta mundu mailan ere hedabideak aldaketa garaian dira. Nazioartean komunikabide sendoek behea jo dute eta hemen bertan ere batek baino gehiagok itxi ditu ateak.

Hedabideek aspaldi eskatu diete instituzioei hausnarketa partekatua gauzatzeko gune bat, baina orain arte ez da posible izan halakorik eratzea. Oso posible da, azkenean, Jaurlaritza eta hedabideen arteko mahaia uda aurretik eratzea. Beste instituzio nagusiekin ere mahaia eratzea nahiko luke sektoreak.

Sostengu premia agerikoa da. Sektoreaz hausnartzeko 2010eko azaroan hasi ziren biltzen herri ekimeneko hedabideak. Orduz geroztik hainbat aldarri-agerraldi egin ditu sektoreak. Orain, elkartea sortzeko bidean da. Elkartearen helburu nagusiak honakoak lirateke: administrazioaren aurrean eskaerak egiteko ahots bakarraz aritzea; sektoreari buruzko ikerketa eta hausnarketa sustatzea eta hedabideen arteko elkarlana bultzatzea


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskarazko hedabideak
Elixabete Garmendia Lasa
“Aukera eta erronka modura bizi izan dut euskarazko kazetaritza lantzea”

Elixabete Garmendia Lasa ormaiztegiarra emakume aitzindaria izan zen euskarazko kazetaritzan. 70eko hamarkadan 'Zeruko Argia' aldizkarian lanean hasi zenetik egindako ibilbide oparoari buruz mintzatzeko aukera izan dugu.


Intuizioaren ebidentzia: erdara darabilten Euskal Herriko hedabideek bizkarra ematen diote euskarazko kulturari

Bertsolarien kasua da agerikoena: euskaraz eta erdaraz egiten duten hedabideetan, euskarazko bertsioan soilik dira ezagutarazten. Horrez gain, bistaratu da beste titular interesgarri hau ere: Euskal Herriko 11 hedabideren 2023ko lana aztertuta, Euskal Herrikoa ez den kanpoko... [+]


Ane Urkiri izendatu dute ‘Naiz’ atari digitaleko zuzendari berria

Duela hamabi urte sortu zen Naiz agerkaria, Gara egunkariaren atari digital moduan, eta denbora horretan Iñaki Altuna izan da zuzendaria. Aurrerantzean, Ane Urkiri (Mutriku, 1993) izango da Gara egunkariaren Naiz atari digitalaren zuzendari berria. Hedabide horretako... [+]


2024-07-08 | Sustatu
Nola informatzen dira euskal gazteak? Sare sozialekin nagusiki, eta telebistan gero

Ikusiker Ikusentzunezkoen Behategiaren txosten berrienak euskal gazteek informazioaren / albisteen kontsumoan duten interesa aztertu dute. Emaitzak interesgarriak dira; laburbilduta, informazioaren interesa egon badago, eta informazio-iturri fisa, sare sozialak dira gehienen... [+]


Euskalerria Irratiaren izenean kontu faltsu bat sortu dute instagramen, iruzurra egiteko

Sare sozial horretako hainbat erabiltzaileri zozketa bat irabazi dutela dioen mezua bidali diete kontu faltsutik, euskara txukunean idatzita. Mezua jasoz gero, ez klikatu esteka eta ez eman datu korronteari buruzko daturik, iruzur bat da eta. Euskalerria Irratiak kontu hori... [+]


2024-06-06 | Aiaraldea
Atxikimendu kanpaina abian, Amurrioko Udalak dirulaguntza itzuli diezaion Aiaraldea Komunikabideari

Hemen eman ahal zaio atxikimendua manifestuari. Agerraldi herritarra egingo da ekainaren 21ean, 19:30ean Amurrioko Udaletxearen aurrean. 


ETBk 40 urte
Ardatz bertikala, erabakien adierazle

40 urte bete ditu euskal telebistak, eta 40 urteko ibilian goitik behera aldatu dira gauzak: telebista konbentzionala etxe batzuetan egotetik, guztietan presentzia hartzera pasatu da; baina egun, ikus-entzunezkoak nahieran ikusteko gehiago baliatzen da telebista,... [+]


2024-04-02 | ARGIA
Arrosa sareak Basaburuan egingo ditu aurtengo topaketak, Esan Erran irratiaren eskutik

Arrosa Irrati Sareak Nafarroan ospatuko du lehen aldiz komunikazio librearen aldeko eguna. Mende laurdena bete berri duen Esan Erran irrati txikian dute hitzordua, apirilaren 13an, Basaburuan. "Guretzat elkartzeko egun bat da, elkar gehiago ezagutu eta elkarlanaz... [+]


2024-03-04 | ARGIA
Hekimenek konpromisoak eskatu dizkie erakunde publikoei euskarazko hedabideak garai berrietara egokitzeko

Datozen eraldaketa sakonen aurrean euskarazko hedabideek iraungo badute, erakunde publikoei prozesuak azkartzeko laguntza eta konpromisoak eskatu dizkie Hekimenek, herri ekimeneko euskarazko hedabideen elkarteak.


Euskal Hedabideen Urtekaria Euskalerria Irratian aurkeztu du Behategiak

Trantsizio digitalarengatik eta lehengaien garestitzeagatik, 2023 urtea zaila izan dela nabarmendu du Hekimeneko zuzendari Igor Astibiak


Eguneraketa berriak daude