Peter Goodwinek bidea ireki zion heriotza duinari

  • AEBetako Oregon estatua da gaixo terminalei suizidioan laguntzea legez zigorgabea den leku urrietako bat. Heriotza duinaren aldeko militanteentzat aitzina-pauso handia den hori aurrera ateratzen protagonismo berezia izan zuen Peter Goodwin medikuak. Sei hilabeteko agonia zetorkiola eta, martxoaren 11n berak erabili zuen legearen baimena.

The Oregonian egunkarian Michael Lloydek argitaratutako irudian, Peter Goodwin doktorea. Medikuaren laguntzaz bere buruaz beste egin aurretik, komunikabide batzuei mintzatu zitzaien:
The Oregonian egunkarian Michael Lloydek argitaratutako irudian, Peter Goodwin doktorea. Medikuaren laguntzaz bere buruaz beste egin aurretik, komunikabide batzuei mintzatu zitzaien: "Ez naiz jendearekin bazkaltzeko gauza. Osasuna okerragora doakit. Hiru medikuk azaldu didate sei hilabete baino gehiago ez dudala iraungo bizirik. Bizia eteteko beharrezko botikentzako errezeta eman dit medikuak eta dena prest daukat". Bere aurretik 597 herritarrek erabili dute Oregonen heriotzaren zain dauden gaixoei legeak ematen dien aukera hori. The Oregonianek editorialean esan du: "Urteotan ikusi da Goodwinek eta bere lagunek arrazoi zutela. Esan zuten hilzorian daudenen zainketa hobetuko zuela, eta hala gertatu da. Aurkakoek esan zuten suizidio uholdea izango zela Oregonen, heriotzaren kultura. Eta ez da hala gertatu".

Eritasun degeneratibo larria zeukan Peter Goodwin doktoreak, zortzi urte zeramatzan harekin borrokan. Oregoneko legeak agintzen duen moduan, familiako sendagileari eskatu zion abiarazteko tramiteak. Honek zertifikatu zuen 83ko aitonak 6 hilabete baino luzeagoko bizirik ez zuela aurrean, buruz argi zegoela eta espreski adierazten zuela heriotzak bera harrapatu baino lehen nahi zuela bere eskutik hartu botika koktel hilgarria, etxean eta seme-alaben artean hiltzeko. Martxoaren 11an egin zuen.

Mundu osoko prentsan eduki du oihartzunen bat Goodwinen heriotzak. Ez alferrik izan zen bera Oregonek 1994an Death With Dignity Act (Heriotza Duinaren Legea) delakoaren bultzagile nagusietakoa. Morbo gogorik gabe baina zorrotz, Goodwin zaharrak familiaz gain ingurukoei jakinarazi zien erabakia eta zenbait elkarrizketa eman ere bai komunikabideei, tartean Time aldizkariak egunokaz plazaratu behar omen duena. Probetxugarria nahi zuen bere azken ekintza.

1928an Londresen jaio zen Peter Arnold Goodwin, jatorrizko Godberg abizena aldatu zuen familia judu baten baitan. Aita saltzaile soila zuen, eta haur denboran familia osoa orduan britainiarrena zen Hego Afrikara lekutu zen, etorkizun oparoagoaren bila.

Mediku ikasketak burututa, praktikak egitera beltzen artera joan zen, gero mitikoa egingo zen Queenstownera. Oregon Live hedabideak egin dion biografian irakur daiteke txabolategietan lan egitea egokitu zitzaiola, miseriaren erdian, eta gaixoak artatu ahal izateko Xhosa hizkuntza ikasi zuela.

Queenstownen 1956an ezagutu zuen gero emazte izango zuena, Erica, estilo handiko emakumea eta aldi berean indar handikoa, biografoaren esanetan. Beltzen kontrako zanpaketa basatiaren urteak ziren.

1960an Sharpsvilleko masakrea gertatu zenean, afrikaner jendearen poliziak manifestazioan protestaka ari ziren dozenaka herritar beltz hilez, Erica Queenstown Progressive Party alderdian sartu zen. Laster azaldu zen emakumearen irudia egunkarietako argazkien artean. Goodwindarrek zeukaten neskameak ohartarazi zien auzoko afrikaner jendea oso haserre zeukatela emaztearen militantziagatik. Medikuak erabakia fite hartu zuen: “Etxera joan eta ‘alde egin behar dugu’ esan nuen”.

AEBetan Oregoneko Portland hirian kokatu zen Goodwin doktorea. Familiako mediku lanak egin zuen oso ezagun estatuan. Medikuntzako fakultatean irakasle ere aritu zen. 1990eko hamarkada hasieran heriotza duinaren aldeko kanpaina egiten zuen Compassion and Choices (Errukia eta Aukerak) elkarteari aholkuz eta militantziaz laguntzen hasi zen. Famili plangintza burutsuaren aldeko Planned Parenthood taldean ere aritu dira senar-emazteak. Erica 2008an hil zen.

Jainko errukiorra

Duela hogei urte inguru, Goodwinek berak kontatu du, gaixo batek eskatu zion hiltzen lagun ziezaiola. Tumore oso gaiztoa zeukan bizkarrezurrean, oinaze handiak zeuzkan eta laster hil behar zuen. Goodwinek ukatu egin zion. Gero gizon haren emazteak eskatu zion: “Errezeta ematen badidazu, nik lagunduko diot hiltzen”. Goodwinek ezetz berriro: legearen kontrakoa zen.

Beranduago, gaixo terminalei suizidatzen laguntzea zigorgabetzea eztabaidatzen zuten parlamentariei doktoreak aitortuko zien gizon hari lagundu ezinak sentiarazi zuela triste eta koldar: “Ezin gara errukiz jokatu jendeekiko, haiei aukerak mugatzen badizkiegu”.

Legeak bide malkartsua iragan behar izan du Oregonen. Measure 16 izenez ezagutzen duten Heriotza Duinaren Legea 1994an lortu zuten bertako parlamentuak onartzea, baina ez zen indarrean jarri 1997ra arte. Gero, gainera, AEBetako Auzitegi Gorenak ebatzi behar izan zuen haren legezkotasuna. 2011ko Sundance festibalean garaile atera zen How to Die in Oregon (Oregonen nola hil) dokumentalak kontatzen ditu eztabaidak.

Heriotza duinaren legea ez da, noski, Goodwinen asmakizuna. AEBetan 1980ko hamarkadatik funtzionatu du Hemlock (Astaperrexila ingelesez, belar horrekin hil zuen bere burua Sokrates filosofo greziarrak) elkarteak. Mundu osoan hain ezaguna den Final Exit (Azken irtenbidea) liburuaren egile Derek Humphryk sortu zuen.

Goodwin Oregonen gai honen inguruan Oregon Right to Die izenarekin mobilizatutako taldera iritsi zenean, 1993an, mediku gehienak gaixo terminalei suizidatzen laguntzea legez baimentzearen kontra zeuden. Taldearentzako sekulako fitxajea izan zen Goodwin erakartzea. Honek, berriz, beti aitortu du plazerez onartu zuela bere izena eta esperientzia erabil zitzaten.

Ordura arte militanteok aipatutako eskakizunak samurtuta (Oregongo legeak ez ditu bere baitan hartzen heriotz arriskua gertu ez daukaten gaixo kroniko larriak, motzago geratzen da Holanda eta Suitzako legeak baino) eztabaida gizarte osora zabaltzea lortu zuten.

Urte guztiotan mediku katoliko bat eduki dute arerio, William L. Toffler. Bi doktoreen arteko borroka dialektiko zorrotza nagusiki Oregoneko medikuen elkargoan ikusi da. Kronikek bildu dituzte bien artean etikaz eta medikuntzaz izandako eztabaida luze, bero eta sakonak.

Behin, bilkura publiko baten bukaeran, elkar ondo ezagutzen zuten bi gizonen arteko giroa mikaztuta, Tofflerrek bota zion: “Zure alde egingo dut otoitz, Peter”. Goodwinek galdeturik ea hori zertara zetorren, Tofflerrek: “Ondo da, nahi ez baduzu zure alde otoitz ez egitea, ez dut eginen”. Goodwinen errematea: “Uste dut, Bill, nire Jainkoa zurearen berdina ez dela. Nire Jainkoak barkatu egiten du, ulertu egiten du. Nire Jainkoa ez da denboran izozturik gelditu”.

Bestetan bezala, AEBetan ere denetarako behar baita sosa, legearen aldeko kanpaina finantzatzen aberats batek lagundu zion. Elven O. Sinnardek emaztea galdu berria zuen: bihotzeko eritasun larri batek joa, ezin bizirik, bere burua hil zuen pilula sorta bat hartu eta burua plastikozko zorroan sartuta. Heriotza duinagoa merezi zuen.

Goodwinek medikuez: “Medikuek gaixoek artatzen ikasi dute, baina sarritan artatzen segitzen dute, segi eta segi. Hainbeste arma dauzkatenez gaur horretarako, kosta egiten zaie tratamenduak etetea”. Goodwinek lau zeuzkan bizitzarako arau oinarrizkotzat: “Bata leialtasuna, bia errukia, hirugarren ohorea eta laugarrena gozatzea”.


Azkenak
Berwick eta gu

Beharbada ez duzu jakingo nor den Donald Berwick, edo zergaitik aipatzen dudan artikuluaren izenburuan. Gauza bera gertatzen zaie, agerikoa da, abian den Osasun Itunean parte hartzen ari diren gehienei. Ez dakite zer den Berwicken Helburu Hirukoitza, are gutxiago eredu hau... [+]


Zerbitzu publikoak: motozerrari bidea erraztu ala basoa garbitu?

Aurreko egunetan Larraitz Ugarte abokatuak idatzitako La motosierra puede ser tentadora artikuluak zeresan handia eman du sektore zabal batean. Administrazio publikoaren barruan ohikoak diren egoera batzuk mahai gainean jartzen ditu, tartean efizientzia falta, ardura eta kontrol... [+]


2025-04-16 | Haritz Arabaolaza
Hizkuntza

Garrantzitsua al da hizkuntza bat zuzen erabiltzea? Zer puntutaraino da hain beharrezkoa gramatika menderatzea edo hiztegi zabal bat edukitzea? Betidanik entzun izan ohi dut hizkuntzaren garrantzia, baina pentsatzen jarri ostean, ondorio batera iritsi naiz. Pentsatzeak askotan... [+]


Leku ‘kuttunak’

Aspaldian bisitatzen ez nuen eta hainbertze gustatzen zitzaidan leku batera joan nintzen aurrekoan. Bertan nengoela, gustura sentitu nintzen eta zera pentsatu nuen: hau da nire leku kuttuna. Kuttuna, kuttuna, kuttuna; hitza jira eta biraka etxerako bidean. Kuriositateak jota... [+]


2025-04-16 | Rober Gutiérrez
Trebetasunak

Nerabeek eta gazteek, ibilbide akademikoan zehar, behin baino gehiagotan jasoko dute lagungarria izango zaien ikasketetarako edo-eta lanbiderako orientabidea. Gidaritza eskaini behar zaie, zalantzez beterik egon ohi baitira erabaki garrantzitsuak hartu behar dituzten bakoitzean,... [+]


2025-04-16 | Euskal Irratiak
Mikel Epaltza
“Nire etxea utzi nuen ETAk nazioarteko begiraleen esku armak utz zitzan”

Atxik Berrituz giristino taldeak Kristauak Euskal Herriko bake prozesuan liburua argitaratu du Maiatz argitaletxearekin. Giristinoek euskal bake prozesuan zer nolako engaiamendua ukan duten irakur daiteke, lekukotasunen bidez.


Ertzaintza handitu eta 8.000 polizia nahi ditu Jaurlaritzak 2030erako

Ertzaintzarekin bigarren negoziazio mahaia ireki du Bigen Zupiriak, martxoan ERNE, ESAN eta SIPErekin ertzainei urteko soldata gutxienez 4.200 euro igotzea adostu ostean. Agente kopurua areagotzeko plan horretan Arkautiko (Araba) akademiak "berebiziko... [+]


Iñaki Bakero (Erriberan Euskaraz)
“Batzuek ez gaituzte hemen nahi, baina bagaude”

Maiatzaren 17an Erriberako lehenengo Euskararen Eguna eginen da Arguedasen, sortu berri den eta eskualdeko hamaika elkarte eta eragile biltzen dituen Erriberan Euskaraz sareak antolatuta


Aguraingo Udalak atzera bota du 50.000 plaka fotovoltaiko instalatzeko proiektua

EH Bilduk aurkeztutako mozioa onartu dute osoko bilkuran. Udalak egitasmoa sustatzen duen enpresari, Cañaveras Solarri eskatu dio proiektuak ez ditzala hartu balio estrategiko handiko gisa kalifikatutako nekazaritza lurrak, eta gune populatuetatik gutxienez 500 metroko... [+]


2025-04-16 | Sustatu
Bi hilabete igaro dira eta berdin gaude: IP blokeoak dozenaka euskal webguneren kontra futbola dagoenean

Duela egun batzuk iragarri zuen Puntueu-ek La Ligaren blokeoak euskal domeinuei eragiten dien kaltea monitorizatuko zuela. Asteburu honetan izan dira partiduak, hain zuzen, eta monitorizazioaren datuak hor daude, penagarriak dira.


Eguneraketa berriak daude