"Aldebakartasunean datza ezker abertzalearen sendotasuna"

  • Berriozar, 1965. Ezker abertzaleko kidea. 2007an, Batasuneko kide zela, poliziak atxilotu eta bi urte eman zituen espetxean. Kautelazko neurripean dago, 62.000 euroko fidantza ordaindu ondoren. Astero joan behar du epaitegira. Epailearen baimena behar du Estatutik ateratzeko.

"Alderdien Legeak, gure gustuko ez denak, exijitzen digu hainbat puntu betetzea eta guk hori egin dugu. Guk ariketa hori egin bagenuen, presoek ere ariketa hori egitea ez dago inondik ezker abertzaleak eta ETAk ere hartutako erabakiekin kontraesanean".
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Espetxetik atera ondoren, politikan aritzeko debekua jarri zizuten.

Bai, horrela izan zen, baina abokatuek helegitea jarri zuten eta epaileak debekuak ez zuela norbanakoaren oinarrizko eskubideetan murrizketa izaterik ebatzi zuen. Alderdi ilegal [Batasuna] baten izenean politika egitea debekatu zidaten. Ez badizute ezer esaten, ba al duzu alderdi ilegal baten izenean politika egiterik edo? Zer zentzugabekeria, ezta?

Aieteko Adierazpena hizpide hartu nahi dut solasaren abiapuntuan, alabaina, ezin dut Aljeria, Lizarra-Garazi edota Loiolako negoziazio saioetan izan ziren aukerak aipatzeke utzi. Egungo aukera ordukoak baino egokiago al da?

Negoziazio saio bakoitzak testuinguru politiko orokorra eta norberaren etxeari begirakoa ditu berekin. Horietan guztietan bestelako faktoreak izaten dira: zure arerio politikoaren unean uneko testuinguru politikoa eta zure etxean arerioaren baldintzei aurre egiteko dagoen heldutasun maila. Zentzu horretan ezker abertzaleak mutur-muturreko egoeratan jokatu du, bi testuinguru horien baitan. Eta azpimarratu nahi dut: ez duzu bakarrik kanpoko faktoreek jartzen dituzten mugen arabera jokatzen, barne faktoreen mugarrien baitan ere jokatzen duzu. Hiru saio horietan hori gertatu da. Eta niri ez zait gustatzen pentsatzea, hau edo beste egin izan bagenu, beharbada...

Une honetan zabaldu den giro politiko sozial berria iraganeko faktore eta zirkunstantzia horien guztien ondorioa da. Ezker abertzaleak eman dituen pausoak eta ondu duen eskaintza politikoaren ezaugarriak, horiek guztiek, zerikusi zuzena daukate iraganeko esperientzia horiekin guztiekin. Loiolako esperientziaren ondoren, ikaspenak eta autokritika egin genituen publikoki, eta egungo hausnarketan eragina izan dute. Areago esango nuke: ezker abertzalea azken hiru urte hauetan garatzen ari den filosofiak eta apostu politikoak Arjeleko prozesuan egin ziren hainbat hausnarketan ere oinarria dute.

Aieteko Adierazpenaren (iazko urriaren 17koan ezagutarazi zen) lehen puntua baino ez da gauzatu. ETAri egin zitzaion eskaera, hain zuzen ere. Zer “balantze” egiten duzu uneon?

Oraindik goiz samar da “balantze” bat egiteko. Nik antsietate puntu bat izatea onartzen dut, ezker abertzaleak dena jarri baitu mahai gainean, beraz, logikoa da aurrerapenak ahalik eta lasterren ikusi nahi izatea. Areago, hainbat jendek behar larria du, presoek esaterako, giza baldintza prekarioetan daudelako. Ulergarria da beraz. Balantzea ez, baina kontu honen “saldoa” begiratuz gero, urritik hona zer gertatu den eta prozesua nola doan ikusita, nire ikuspegia positiboa da. Orainari eta etorkizunari begira kezkatuta daudenei, modu onez diot, kezka zentzu jatorrean ulertuta, atzera begiratzeko eskatuko nieke, nondik gatozen eta nora goazen begiratu eta kenketa egiteko. Aurrerapena begi-bistakoa da.

Martxoan ezker abertzaleak Konponbide haizea dabil adierazpena egin du Donostiako Kursaalean. Autokritika egin duzue, ETAren biktimak direla-eta. Batzuen iritziz ordea, ez da aski.

Ezker abertzaleak egin duen autokritika sanoa eta funtsezkoa da, etorkizunean akats berdinak ez errepikatzeko eta gure estrategia emankorra izan dadin. Inork ez du autokritika egiten inor kontentatzeko, eta ezker abertzaleak beste eragile politikoak kontentatzeko are gutxiago.

Zuek hau edo beste esanda ere, ez dela aski esango dizuete, ETAren autokritika falta delako. Iraganaren zama darama ezker abertzaleak.

Hori horrela da. Baina, biktimekiko aferari dagokionean, adibidez, ardura maila ezberdinak daude. Biktimak alde guztietan daude, eta ardura mailak ere bai. ETAk baditu ardurak, biktimak sortu dituen erakundea baita, eta berak hartu beharko ditu bere erabakiak. Ezker abertzaleak, nahiz eta ardura zuzena ez izan, bere hausnarketa egin du. Kursaalean esan genuen bezala, gure eremu politikoko ez diren pertsonekiko ez gara oso fin aritu, ez diogu besteen sufrimenduari nahiko arreta eskaini. Dena den, batzuentzat ez da inoiz nahikoa izango hau esan arte: arrazoi duzu, irabazi duzu eta hemen dauzkazu nire etxeko giltzak. Horientzat ez da nahikoa baina guretzat bai. Guretzat, sufrimenduari erreparazioa eman ahal izatea, aitortza ematea, eta neurri berean sufritutako guztien egia ezagutzea ez da bakarrik giza jarrera agertzea. Hainbestetan aipatzen den elkarbizitza eta giro berria sortu ahal izateko, guztion arteko ariketa kolektiboa landu beharko dugu herri honetan.

Prozesu honetan aldebakartasunaren bidea hartu duzue. Zein dira abantailak, zein desabantailak?

Abantailak oso nabariak dira. Aldebakartasuna oso kontzeptu funtsezkoa da –ados egotea besterik da– ezker abertzalea egiten ari dena ulertzeko. Ezker abertzaleak bidez bide ondorioztatu du, herri honek ez daukala aurrean elkarrizketa klabean aritu nahi duen Estatu bat, espainiarra edo frantziarra, kasu. Auzia elkarrizketaren bidez konpondu nahi ez duten bitartean, bi aukera daukazu: zain egon edo haien esperoan egon gabe urratsak ematen hastea. Aldebakarreko urratsek egoera berriak sortzen dituzte, eragile politiko guztiak mugiarazten dituzte, gobernuena barne. Espazioak murrizten edo handitzen dituzun neurrian, arerioek birkokatu behar dute, eta hori geratzen ari da azken bi urteetan. Aldebikotasunaren aldean abantailak daude, baina desabantailak ere bai. Aldebiko eskeman kontratua gizartearen aurrean ematen da. Konpromisoak hartzen dira, bi aldeek sinatu dute kontratua. Aldebakarrekoak ez dauka hori, baina tempo politikoak zuk kontrolatzen dituzu, baita zure konpromisoak eta edukiak nola bete ere. Beraz, aldebakartasunean datza ezker abertzalearen sendotasunaren apostua.

Euskal prozesuaren eta auziaren zioz Madrilgo deklarazioa onartu da Espainiako Kongresuan. Nola ikusten duzu PPren Gobernua?

Madrilgo deklarazioa UPyDren iniziatibari jarritako dike bezala saldu nahi izan dute batzuek. Testuaren literaltasuna oso txarra baita, ez du zerikusirik Euskal Herrian sortu den giro soziopolitikoarekin. Adierazpenak irabazle/galtzaile filosofia errepikatzen du. Inork uste badu hori oinarri hartuta ezer egin daitekeenik, bada, oso oker dabil. Gainera, larriena ez da hori, baizik eta batzuek testu hori Gasteizko Legebiltzarrean ez dakit zer ponentziaren oinarritzat hartu nahi dutela. Larritasuna areagotu da beraz.

Nola baloratzen duzu Lopez lehendakariaren Bizikidetzarako Ponentziaren inguruan gertatua?

Lehenik eta behin, ponentziak salbuespenezko egoera politikoarekin bukatzea izan behar du helburu. Ponentziaren ebazpena auzi politikoa bideratzeko eta dinamika elkarrizketatzailea sustatzeko bada, ongi, baina Gasteizko Legebiltzarrean, ezker abertzalea hor ez dagoenean, foro bat sortu nahi badute, gutaz hitz egiteko baina gu egon gabe, ez dauka zentzurik. Ponentzia ekimen eraginkorra izatea nahi bada, sortu dezagun herri honetako eragile politiko guztiak presente egon daitezkeen toki bat. Ponentziak, ezker abertzalearen esklusioan oinarritzen bada, huts egingo du, Espainiako Kongresuko Deklarazioaren testua baitu abiapuntu –ez da hori esan, baina helburua hori da– eta bitartekoak ez daude helburuen norabidean. Guk ez dugu inongo forotan parte hartuko ez bada berdintasunean oinarrituta eta agenda ireki batekin.

Aralarren jarrera nola baloratu duzu?

Galdera zein da, Aralarren jokabidea edo Aintzane Ezenarrorena? Nik dakidanez, Aralarrek argi eta garbi esan du ez duela parte hartuko ezker abertzalea kanpo utziko duen inongo iniziatiban.

EAJk hartzen dituen erabakiekiko, berriz, iraganean baina lasaiagoa ari da ezker abertzalea, antza.

Bai. Iraganeko prozesuetan EAJrekiko dependentzia moduko bat izan dugula ondorioztatu dugu gure hausnarketan. EAJ non eta nola kokatzen zen ardura zigun, beste arerioekin zituen itunetan erreparatzen genituen. Aldebakartasunak abantaila hori eman digu, gure estrategia ez da EAJren edo beste inoren politikaren araberakoa. Horregatik EAJ kezkatu samar dago aldi honetan, besteak beste, bere helburua Ajuria Eneara bueltatzea delako. Kalkulagailuaren zenbakiak ez dira lehen bezain oparoak, ezker abertzalea izan baitaiteke lehen indarra, botoetan ez, baina bai ordezkaritzan.

Ezker abertzaleak amnistia ontzat ematen du egun. Garai batean ez zen nahikoa. Amnistiak ekar dezake gatazka politikoaren konponketa?

Ezker abertzaleak beti defendatu du amnistia kontzeptua, baina amnistia ez dela bakarrik presoak kalera ateratzea ulertuta. Hau da, presoak askatu ondoren, askatasunik gabe utzi zituzten arrazoi politikoei heldu behar zaiela ondoko prozesu politiko batean ulertuta. Eta bide hori urratzea posible da, baldin eta prozesu integral batez ari bagara. Prozesu integralak ez du soilik kontuan hartu behar biolentziarekin edo ETArekin amaitzea, alde politikoak ere garrantzia dauka eta horri ere konponbidea eman behar zaiola aurreikusi behar du.

EPPK-k irteera kolektiboa eskatzen du. Posible al da bide horretan?

Presoen irtenbidean jokabide indibidualaren eta kolektiboaren arteko modua aurkitu daiteke. Presoek kolektibo modura erabaki asko hartu dute jada, eta gehiago hartu beharko dute egoera berrian beren askatasuna bideratu ahal izateko.

Nola?

Esaten diguten arabera, horrek guztiak legalitatean espediente indibidualen arabera kokatzea eskatzen du. Niretzat hori ez da kontraesankorra. Ezker abertzaleak Sortu legeztatzeko egin zuen azterketa eta bere burua birkokatu zuen hain zuzen beharra duelako legalitatean aritzeko. Alderdien Legeak, gure gustuko ez denak, exijitzen digu hainbat puntu betetzea eta guk hori egin dugu. Guk ariketa hori egin bagenuen, presoek ere ariketa hori egitea ez dago inondik ezker abertzaleak eta ETAk ere hartutako erabakiekin kontraesanean. EPPK-k testuinguru politiko horretan kokatzeko antzeko erabakiak hartu beharko ditu presoen askatasuna posibilitatzeko.

Sortu-ren legalizazioak nola eragingo du ezker abertzalearen estrategian?

Sorturen legalizazioak ez du estrategian eragingo bereziki. Sortuk ezker abertzalearen ondare guztia bilduko du, betiko ezker abertzalearen militantziak osatu duen eremu politikoarena, alderdi politiko legal baten baitan antolatua. Kito. Hori izango da Sortu. Hortik aurrera, ezker abertzaleak Zutik Euskal Herria agirian erabaki zuen aliantzen politika garatzea beste alderdi subiranistekin batera. Sortuk aliantza horietan sakontzen eta are gogo gehiagoz aritzen lagunduko du.

Bateragune auzikoak aske geratuz gero, Arnaldo Otegi izan daiteke lehendakari hautagaia?

Izan daiteke aukera bat. Arnaldo ezker abertzalearen aktibo handia da, ezker abertzaleak dituen beste aktibo askoren artean. Bateragune auziaren aurkako helegitearen bidez Arnaldo epe laburrean kalean badago, ziur naiz, bere hautagaitza oso baloratua izango dela, lehenik eta behin ezker abertzalearen beraren baitan.

Batzuek diote askatuko dutela, Espainiako Gobernuari interesatzen zaiolako. Badira ere justu kontrakoa pentsatzen dutenak.

Hedabideetan erreparatzen baduzu denetariko iritziak daude. Batzuek diotenez, Arnaldo barruan mantenduz ezker abertzalea indartzen da, eta alderantziz, Arnaldo kaleratzen badugu eta hauteskundeetan hautagai bada, modu horretan indartuko dugu ezker abertzalearen hautagaitza. Hipotesi eta espekulazio horien guztien gainetik, ordea, salaketa hau egin behar da: Espainian sententzia judizialak batzuen interes politikoen arabera hartzen dira, ez nolako epaiketa egin den arabera, ez beharrezko bermeak izan ote diren epaiketan, eta eman zen epaia justua izan ote zen ala ez aztertuta. Hori da kezkagarriena, eta eztabaida horrek ongi marrazten du zer-nolako munstroren kontra ari garen borrokatzen.

“Bildu bestelako politikak egin daitezkeela erakusten ari da”

Zer iritzi duzu Bilduk orain arte egin duen politikaz? Bereziki Donostiako Udalean eta Gipuzkoako Foru Aldundian.

Hasteko eta behin, komeni da gogoratzea zein egoeran iritsi zen ezker abertzalea hauteskunde horietara, baita Bilduk gobernatzen dituen instituzio horien kudeaketara ere. Hautagai zerrendak Alderdi Legearen aplikaziopean osatzeak gestioan esperientziarik ez duen jendea ezartzera behartu gintuen, beraz argi-ilunak daude. Hala ere, balorazioa positiboa da. Bilduk agintzen duen instituzioetan talde nahiko onak osatu ahal izan dugu. Noski horrek exijitu izan du –hautetsi asko lehengo aldiz hautatuak zirelako– aholkularitza taldeekin lan egitera. Oso kontuan hartu behar da oso modu azkarrean pasatu garela erresistentzia moduko batean lan egitetik, Donostiako Udala eta Gipuzkoako Foru Aldundia gobernatzera. Jauzi bat egon da, halere, politika egiten ari gara eta emaitza positiboekin. Bildu bestelako politikak egin daitezkeela erakusten ari da gainera.

Adibidez, esaten zaigu ez daukagula programarik, eta gezurra da. Errealitateak erakusten du gainerako alderdiak ez daudela ados egiten ari garenarekin, eta zentzu batean logiko samarra izan daiteke, baina Donostian zein probintzian EAJ, PSE eta PPk hartu duten jarrera ez da oposiziozko politika –zilegia dena–, blokeo jarrera baizik. Dena den, azkenean, horrek guztiak euren planteamenduaren aurka joko du, jendea ohartu baita borondate eta planteamendu berriak daudela politika aurrera eramateko. Modu positibo batez esanda: hurrengo hauteskundeei begira, alderdi hauek ezker abertzalearekiko dituzten jarrerek gehiengoa izateko aukera emango digute. Izan ere, adibidez, “Bilduk ez du erreforma fiskala egin” esaten dute. Bada, herritarrek eman diezagutela konfiantza gehiago, adibidez, Batzar Nagusietan falta zaizkigun bizpahiru eserlekuak, eta ikusiko dute Erreforma Fiskala egiteko gauza garen edo. Bai erreforma hori, bai beste arlotan politika aurrerakoiak egiteko barne.

“Uste baino lehenago aldaketa nabariak ikusiko ditugu Nafarroan”

Nafarroa hizpide: Txelui Morenok “Onartu egin dute Nafarroa ezin dela utzi eztabaidatik at” esan du. Rajoyk berriz “Nafarroak ahotsa izango du ETAren amaieran” hitzeman du...

Eta Yolanda Barcinak berriz: “Nafarroak jarraituko duela nazionalismoaren proiektutik kanpo”. Horrek guztiak, UPNk boto asko jaso arren, eskuinak bere baitan daukan ahulezia erakusten du. Gogoratu behar da UPN jaio zela bertako eskuina talde piloan zaituta zegoelako, eta jaio zen ere, oroz gain, abertzaleei aurre egiteko. Ez zen berezko ideia baten inguruan sortutako proiektu politikoa, Nafarroako helburu eta aurrerapen politikoak lortzeko, aitzitik, abiatu zen abertzaletasunaren proiektuei kontrajartzeko, boteretik eta indar handiz abiatu ere. Hau da, kontra-posiziozko proiektua da, beraz, kontra-korrontean doan neurrian bere ahulezia gero eta nabariagoa izango.

Gaur egun, Bilduk Nafarroako Parlamentuan izan dituen iniziatiba batzuen arabera, UPN-PPk zer-nolako jarrerak erakutsi dituzten ikusirik, bada, begi-bistakoa erresistentzia handiak izango direla inoiz elkarrizketa politikoak abaian jartzeko eta Nafarroak ere horietan toki izateko. Alabaina, guk garai berria zabaltzen ari dela esaten dugunean, ez da alferrikakoa, garai berrian benetan lanean ari baikara jada. Nik jarrera sozialak izugarri aldatzen ari direla hautematen dut, eskuinak nahiko lukeen baino azkarrago gainera. Pitzadurak sortuko dira kontrako posizio gogor horretan. Egoera berrian faktore berriak daude jada, esaterako, alderdi sozialista Nafarroan behartuta dago testuinguru berri horretan bere posizioa eta jokoa aldatzeko. Uste baino lehenago aldaketa nabariak ikusiko ditugu Nafarroan.

Eta abertzaletasunaren baitan nola daude harremanak?

Aurrerapauso nabariak eman dira. Bat: Aralar eta ezker abertzalearen arteko harremana, adibidez. Hausturaren ondoren heldu gara une honetara, izugarrizko ostia txarretatik, eta areago, ezinikusi pertsonaletik, baina bai batzuk bai besteak kapazak izaten ari gara tripek eskatzen digutena bertan behera uzteko, buruaz jokatzeko, iragan latzari garrantzia kenduz eta urratu nahi dugun bideari elkarrekin begira ari.

Azaroaren 20ko hauteskunde gauean bizipen oso esanguratsua izan zen niretzat. Labrit frontoian geunden Amaiurren botoen kontaketan, jakin genuenean Uxue Barkosek diputatuaren kargua berritzen zuela, mundu guztiak txalo egin zuen. “Kontxo, honek esangura handia dauka” esan nuen nirekiko. Alegia, batzuek hainbat hedabideetan bestelako interesak erakusten dituzten arren, hausnarketa berriak sortzen ari dira, eta ezker abertzaleak, Nafarroan ere abertzaletasunak bi espresio izango dituela normal ikusten du, bi tradizio daudelako, eta batek erantzungo dio ezkerreko espazioari, independentismo argiago bati, eta besteak bestelako abertzaletasuna bilatuko du, eta nik ez dut espazio hori kalifikatu nahi. Noski, abertzaletasunaren baitan ea zeinek ordezkatzen duen espazio zabalena lortzeko kristoren borroka izango da, baina hori sanoa eta logikoa da. Une honetan, begi-bistakoa da, abertzaletasunaren bi esparru horiek ikasi behar dute elkar aitortzen, elkar errespetatzen, baita barneratzen ere elkarren beharra daukatela etorkizunean, baldin eta Nafarroako egoera politikoan modu eraginkorrean jokatu nahi badute.

“Normalizazio prozesuaren dinamika laster ikusiko dugu”

Nazioarteko Harreman Taldea isilik dago. Zer espero daiteke haren lanaz epe laburrean?

Nazioarteko Harreman Taldeak berezko zeregina dauka, beraiek halaxe agindu diote beren buruari, eta da: elkarrizketa politikoa suspertzeko eragile politikoak akuilatzea. Epe ertainean eta luzean egin beharko duten lana laguntza inportantea da prozesuan, ez bakarrik ikuspegi independente bat ekartzen dutelako, baizik eta hainbat gatazketako ebazpenean erabili diren metodologikoak erabiltzen ari delako jada. Prozesuen kokatze eta blokatze askoren esperientzietatik asko ikasi dute, esperientzia handia daukate, haien lana eta laguntza berebiziko faktoreak izango dira prozesuan.

Beraien lana inportantea da, bake eta normalizazio prozesu honi ikuspegi integrala emateko. Arazoa ez baita konponduko biolentzia guztiekin amaitu ondoren. Hori oso ongi da. ETAren behin betiko amaiera oso ongi da, baita ondorioz, presoen eta iheslarien etorrera ere. Gatazkako biktimen erreparazioa ezinbestekoa da, beharrezkoa. Baina horiek lortu ondoren, kontadorea zeroan jarriko da, eta gatazka sorrarazi zituen arrazoiak hor izango dira. ETAren existentzia sorrarazi zuten arrazoietara eta garaira itzultzen gara nolabait. ETAren borroka armatua indarrean izan den bitartean nahiz ETAren borroka armatua desagertu den une honetan, hemen gatazka politiko bat dagoela ageri da, bitarteko politikoen bidez konpondu behar dena.

Hori gauzatuko al da?

Jakina!

Noiz, hamar urte barru?

Lehenago ere. Aldebakarreko jarreraren bidez –nahiz eta hasiera batean elkarrekikotasunik ez egon– arerioen artean dauden espazioak hustu eta birkokatu beharra lortzen da. Azkenean, hain da begi-bistakoa horren alde egin beharra, ezen azkenean denok uste baino lehenago posible izango dela blokeo egoera gainditzea. Noski, horretarako, lan handia egin beharko da. Nazioarteko Harreman Taldekoek “elkarrizketei buruzko elkarrizketak” erabiltzen duten terminoa da. Beste prozesuen esperientzietan ikusi denez, prozesu hauetan lehen mugimenduak, kontu teknikoak, sakoneko mugimenduak bihurtzen dira poliki-poliki. Esaterako, elkarrizketa horiek zein egunetan gauzatu behar dira? Zenbat mahai behar dira? Zenbat gune geografiko? Izugarrizko ahalegina egin behar da posizio guztiak ahalik eta erosoen jartzeko. Hasierako mugimendu zail eta objektibo horien ondoren dinamika berri bat sortzen da. Bake eta normalizazio prozesuaren dinamika laster ikusiko dugu, eta ez denbora luzera.

“Sorturen legalizazioak estrategia nazionalaren birkokatzea ekarriko du”

Ezkerretik Bilduz ekimenak: “Eztabaida horizontala eta demokratikoa” eskatu du. Zer adierazten du ekimen horrek?

Hasteko, guk prentsaurrekoa ikusi genuenean, pertsona batzuk ez direla sekula ezker abertzalean izan iruditu zitzaigun. Ekimen horren azalpena nik horrela ulertu dut: Sortu legala izango da hurrengo hauteskundetarako, bestela hondamendia litzateke. Sortu eratuko da ezker abertzaleko alderdi bezala, eta horrek akordio estrategia nazionalaren testuinguruan pieza asko birkokatu beharra ekarriko du. Batetik, Bildu eta Amaiur zer diren argitzea. Aliantza elektoral hutsak diren edo beste izaera bat eman behar al zaien aztertzea eta erabakitzea. Batzuek Sortu ezker abertzalearen alderdia behar dela pentsatzen dute, eta Bilduk eta Amaiurrek jokatu behar dutela frente herrikoi eta zabala bezala.

Zuek ez duzue hala ikusten?

Bai, posiblea da. Alegia, hainbat jende eta talde barreiatuta dago, eta bildu dira esateko: “Gu ere kontuan hartuak izatea nahi dugu”. Gero botatzen dituzten mezuak dira... direnak, gauza batzuk aplikagarriak izan daitezke Sortu burutu behar duen eztabaidan, beste batzuk berriz... ba ez dakigu. Sortuk ere bere burua eratu behar baitu alderdi bezala. Baina, hara, orain batzuek ez digute esan behar, inoiz ez badira egon ezker abertzalean, guk nola eratu behar dugun gure burua. Pentsatu nahi dut, aliantza soilik ez den beste zerbait gehiago eratu nahi dutela. Ondo dago. Bildu gaitezen hori eztabaidatzeko.

Elkarrizketaren tartekoak eta segidakoak

(...)

Azkenaldi honetan solaskidetza zabala burutzen ari gara eragile askorekin, enpresa, eliza tarte... eta denek galdetzen digute “baina honek [Aieten abiatutako prozesu berriak] ez dauka inolako atzera bueltarik?

Nik ez dizut galdetu, irudi baitu gaizki dela zalantzan jartzeak...

Bada nik erantzungo dizut: aldebakartasuna da egoera honen berma nagusia. Zergatik? Bada, hemen ez delako tratu bat egin inoren artean, guk horrela erabaki eta horrela izatea nahi dugulako.

Lanbidea bulegoaren aurkako erasoarekin ez datorrela bat esan du ezker abertzaleak. “Indar metaketaren aurka doa” esan duzue. Batzuentzat argudio ahulak izan daiteke.

Ni horrelakoak egiten dituztenen balorazioetan ez naiz sartuko, beraiek egitea erabaki dute, beren kabuz ari dira, beraz, beraiek eta ez beste inor, ondorio guztiekin ari dira horretan. Kito. Ezker abertzalek Zutik Euskal Herrian hartutako erabakien artean, aro berri hau bide politiko eta baketsu garatu nahi duela dio, horixe da aro berri honen ezaugarrietako bat, beraz, horrekin bat ez datozen jokamoldeak ez daude ezker abertzalearen apostuaren baitan. Bakoitzak izango du bere iritzia egin duen horretaz, baina argi dago ezker abertzalea ez dagoela horretan, eta baten batek nahi badu hortik jo.... bere kontu eta arriskuan.

Iraultza sozial moduko bat emango balitz, ekintza horien atzean daudenak arerioak izango zenituzkete.

Hori hipotesietan aritzea da, ezta? Horrelako egoera emango balitz testuinguru berri bat izango litzateke, ez bakarrik ezker abertzalearentzat, mundu guztiarentzat ere bai, eta mundu guztiak kokatu beharko luke egoera berri horretan. Ez dakit zorionez edo zoritxarrez, baina egoera hori oso urrun ikusten dut, orain behintzat ez dut ikusten. Guretzako ekintza horiek iraganeko jokamoldeak dira, ezker abertzaleak erabaki du horiek ez direla erabilgarriak testu politiko honetan. Pertsonalki sortzen ahal didan iritziaz gain, baten batek erabaki badu hori egin beharra daukala, berak daki zertan ari den, eta bere izenean erantzun beharko du.


Azkenak
Laguntza humanitarioa, etenda: 130.000 haur, elikagai eta botikarik gabe

Save the Children erakundearen esanetan, Gaza iparraldeko 130.000 haur artatu gabe daude 50 egunez, gutxienez.


2024-11-26 | Leire Ibar
Nafarroako Musika Kontserbatorioko bi irakasle salatu dituzte indarkeria matxistagatik

Hainbat ikaslek egin dute salaketa.  Irakasleetako bat sexu proposamenengatik eta sare sozialen bidez ikasleei egindako jazarpenagatik salatu dute. Bestea, berriz, ikasgelan izandako jarrera desegokiengatik eta iruzkin sexistengatik.


2024-11-26 | Iñigo Satrustegi
Lorategiak eta lorezainak zaintzeaz

RR
Nork: Maialen Lujanbiok
Noiz: azaroaren 21ean.
Non: Katakraken (Iruñea) plazan.

----------------------------------------------

Hementxe gaude, Katrakakeko aulki guztiak beteta, hementxe. Erorien monumentua eta Landaben hizpide, hasi da koplaka emanaldia edo... [+]


2024-11-26 | EHU Palestina
EHUn Israelen genozidioa eta apartheidarekin harreman oro aztertu eta eteteko batzordearen alde

Palestinan genozidio bat burutzen ari den Israelgo estatu eta berarekin batera diharduten enpresa eta erakunde guztiekin eteteko asmoz sortu zen EHU Palestina. Israelen inpunitatea Europan eta Estatu Batuetan dituen harreman politiko, militar, ekonomiko, zientifiko zein... [+]


DBHko ikasleak literaturzaletzea helburu duen irakurketa-lehiaketa aurkeztu dute

Esloveniako eskoletan izan duen arrakastari tiraka, Alberdania argitaletxeak Euskal Herriko ikastetxeetara ekarri du Joko Ona Denontzat irakurketa-lehiaketa: DBHko ikasleek “kalitate handiko liburuak” irakurriko dituzte taldeka, eta avatarra aukeratuta, horiei... [+]


2024-11-26 | Mikel Aramendi
India, Trump 2.0 aldirako kontuak ateratzen

Ari da mundu guztia kontuak ateratzen Trump 2.0 aldian norberari gerta dakiokeenaren eta munduan gerta daitekeenaren inguruan. Subjektuaren mudakortasuna ezagututa, ziur samartzat eman daitekeen aurreikuspen bakanetakoa da Estatu Batuen Txinarekiko harremanak, ekonomikoak... [+]


2024-11-26 | ARGIA
Indarkeria matxistaren aurkako egunean, gizonei mezua: “Konponbidea ez bazarete, arazoa zarete”

Milaka lagun bildu dute Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunean deitutako manifestazio eta elkarretaratzeek. Gizon, hedabide eta erakundeei zuzendu zaie Mugimendu Feminista.


Guraso bileran hizkuntzak nola kudeatu ez badakizu, gida honek lagunduko dizu

Zenbat komunikazio egoeratan ateratzen da galtzaile euskara? Arduradunak ez duelako aurrez pentsatu hizkuntzak nola kudeatu, erresistentziak egoten direlako eta haiei erantzuteko argudioak prest ez daudelako… Soziolinguistika Klusterrak jendaurrean.eus gida ipini du... [+]


2024-11-26 | Ahotsa.info
Paris 365
15 urte pobreziari aurre egiten Iruñerrian, eta inoiz baino beharrezkoagoa

Paris 365 elkarteak 15 urteurrena ospatu zuen larunbatean Geltokin. 15 urte gosariak, bazkariak eta afariak egunean euro baten truke zerbitzatzen urteko 365 egunetan horren beharra duten guztiei. “Atsedenik gabe”, azpimarratu nahi izan zuten bezala. Horrez gain,... [+]


2024-11-26 | Julene Flamarique
Iruñeko auzo guztietan euskarazko haur eskolak galdegiteko manifestaldia egingo dute abenduaren 11n

“Ez da posible hiri guztia zeharkatu behar izatea seme-alabak hemengo jatorriko hizkuntzan murgiltzeko” salatu dute guraso askok. Euskarazko plazak ere “oso urriak direla” salatu dute familia askoren artean eginiko bideoan.


2024-11-26 | Sustatu
Kabi@ 2024 Durangoko Azokan: Eremu digitala pentsatzen eta garatzen

Durangoko Azokaren alor digitala da Kabi@ espazioa eta egitaraua. Aurtengo edizioan, abenduaren 5ean eta 6an izango dira Kabi@ko ekitaldiak, Azokaren lehen bi egunetan (gero 8ra bitartean iraungo du). Ekitaldiak banatuko dira Durangoko Bizenta Migel Liburutegiaren eta Landako... [+]


2024-11-25 | Leire Ibar
Euskal Herriko I. Hikadromoa antolatu dute Durangoko Azokan

Durangoko Azokako berrikuntzetako bat izango da ZirHika taldeak sortu duen hikalarien bilgunea. Hika hitz egitea eta ongi pasatzea izango da helburua, abenduaren 7an Landako ikastetxean.


2024-11-25 | Euskal Irratiak
Alokairuak mugatzeko legea indarrean jada, Lapurdiko 24 herritan

Alokairuen bidezko espekulazioa oztopatzeko neurria azaroaren 25etik goiti izanen da indarrean Ipar Euskal Herrian. Momentuko, tentsiopean diren Lapurdiko 24 herriei eraginen die: Ahetze, Angelu, Arbona, Arrangoitze, Azkaine, Basusarri, Baiona, Biarritz, Bidarte, Biriatu,... [+]


Eguneraketa berriak daude