Etxetik plazara, aldarria eta borroka

  • Errepublikako urteetako aparraldiaren ondoren, urte luzez isilpean ospatu zen. Duela mende erdi, ordea, Itsasutik Euskal Herri osora salto egin zuen. Ospakizuna eta borroka, aldarrikapena eta eztabaida. Abertzaletasunaren beroaldiak eta izotzaldiak neurtzeko termometro politiko bilakatu da Aberri Eguna.

1978ko Aberri Egunak inoizko babesik zabalena jaso zuen. Milaka lagun bildu zen, norbere mezuarekin, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan eta Larrun mendian. Irudian, Iruñeko manifestazioa Gazteluko Plazan, 35.000 lagun inguru elkartu ziren.
1978ko Aberri Egunak inoizko babesik zabalena jaso zuen. Milaka lagun bildu zen, norbere mezuarekin, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan eta Larrun mendian. Irudian, Iruñeko manifestazioa Gazteluko Plazan, 35.000 lagun inguru elkartu ziren.

Ximun Haran eta Julen Madariaga Gernikako haritzaren kimu aurrean ageri diren argazkia ezaguna da (hurrengo orrian). Itsasuko 1963ko Aberri Egunaren funtsa irudikatzen du: Enbatakoa bata, ETAkoa bestea, Euskal Herria nazioa dela publikoki aldarrikatzen. Itsasuko ekitaldi hura mugarritzat dute askok, baina izan zuen aurrekari bat 1962an, duela mende erdi hain justu.

Enbatako kideek Aberri Egun ez-ofiziala antolatu zuten 1962an, hura ere Itsasun. Hurrengo urteko ekitaldi handia antolatzeko abiapuntua izan zen: “Joan den Bazko astelehenean biltzar bat egin da. Batasun eta anaitasun osoan iragan da. Egun goxoa, egun baliosa, mentura aberatsez betea! Agian laster ageriko dira ere egintzak eta obrak! Goazen aintzina!”, zioen Enbata aldizkariak.

Ximun Haranek, Jean Luis Davantek eta Jaques Abeberrik hitz egin zuten hastapeneko Aberri Egun hartan, iheslari politiko andana aurrean zutela, tartean Telesforo Monzon. Abeberrik Enbataren etorkizuneko norabideaz aukera ezberdinak mahairatu zituen: alderdi politikoa, erresistentzia klandestinoa, ala mugimendu abertzale zabala izan? Azkeneko horren alde egin zuten. Pentsa liteke hurrengo urteko Aberri Egun arrakastatsuarekin baduela zerikusirik erabaki horrek.

Bestalde, Gernikaren bonbardaketaren 25. urteurrena zen hura, eta ondo gogoan izan zuten: “Gerra izigarri hori ez du ezagutu oraiko gazteriak. On du jakitea burasoek Herriaren alde zer egin zuten eta zer sofritu… Bainan, denez gainetik, geroaz du axola eta kezka bat zaio gogo-biotzean sortzean: Euskadi bat eta libro ikusiko duenez. Gainerateko asmo guziek zer inporta dute?”, dio Enbatak.

Hogeita hamar urte igaro ziren Errepublika garaiko lehen Aberri Egunetik; hogeita hamar urte eta gerra bat. Denbora luze horretan aberri egunak etxe barnean ospatu ohi ziren. Pazko igandean aitak seme-alabei JEL hizkiz hornitutako ikurrina erakusten zien ezkutuan, Orixeren euskarazko meza-libururen batetik aterata; eta atzerriko euskal etxeetan herrimina asetzen zuten ezpata-dantzariz inguratuta. Ez gehiago.

Baina 1950eko hamarkada amaieran gero eta mintxoagoak ziren EAJren pasibotasunaren kontrako kritikak. Atzera begira eta bertan goxo egotea egozten zieten jeltzale zaharrei: “Aita maitea, jada adinez nagusi naiz…”, idatzi zuen egile anonimo batek EGIren Aberri aldizkarian: “Gaztediak bere iraultza egiteko eskubidea du… zuk pixka bat deskantsatu zenezake… utziko didazu laguntzen?”. Haustura horretatik ETA sortu zen eta abertzaletasunak haize freskoa hartu zuen. Belaunaldi berriak, Labegerieren Gu gira Euzkadiko gaztedi berria doinupean, gudari nostalgikoei bultzaka ari ziren.

Horixe irudikatu zuen, hein batean, 1963ko Itsasuko Aberri Egunak, gazteriaren zati baten enbidoa: “Gure errian arrunt zabaldu da jokabide ero bat: ‘oraindik ez’ leloak ondo erakusten du erokeri ori zer den”, azaldu zuen ETAk egun horretarako ateratako idazkunean. Hortik aurrerako aberri egunek beste dimentsio batera egin zuten jausi, aldarrikapen egun masibo bilakatu ziren.

Festarako ala borrokarako?

Frankismoko aberri egunek borrokarako bidea ireki zuten. Baina ikuspegi oso ezberdinak zeuden abertzaletasunaren baitan. EAJren inguruan biltzen ziren gehienek “erakustaldi baketsuak” nahi zituzten; aldiz, ETAren ustez “Aberri Eguna ez da festa folklorikoa, horretarako erromeriak daude”.

1964an EAJk Gernikara dei egin zuen Aberri Egunean. Gerra bukatuz geroztik lehen aldia zen ekitaldi publikoa Hego Euskal Herrian egiten zena. EAJ nolabait derrigortuta sentitu zen urrats hori ematera, abertzaletasunean hegemonia mantenduko bazuen. ETAk ere deitu zuen Gernikara, baita beste hainbat erakundek ere. 40.000 lagun elkartu omen ziren bertan, aterkipean, “errespetua eta ordena mantenduz”, Euzko Deya-ren korrespontsalaren arabera. Nolabait, EAJk lortu zuen helburua: manifestazio handia eta baketsua izan zen hura.

1965ean Bergaran egindakoa gisa berekoa izan zen, baina hortik aurrera aberri egunetako tentsioa in crecendo joan zen eta “bataila” metaforikoa borrokaldi literal bilakatu zen. 1968ko Donostiako Aberri Egunak goia jo zuen: “Donostia, lurrez, itsasoz eta airez setiatua” irakur dezakegu atzerriko euskal egunkarietako goiburuetan. Francoren Gobernua deliberaturik zegoen euskal matxinatuekin amaitzera eta horretarako “gerra beroari” ekin zion.

ETArekin enfrentamenduak eta tiroketak ugaritu ziren urte horretan; Txabi Etxebarrieta hil zuten urtea, Meliton Manzanas hil zuten urtea. Donostian, apirilaren 14an milaka poliziak –haietatik 500 zaldi gainean– bide eta zubiak moztu zituzten, tabernak ixtera derrigortu eta 300 atxiloketa inguru izan ziren. Herritarrek lehen aldiz aurre egin zieten segurtasun indarrei.

Inflexio urtea izan zen hura. EAJren aburuz egoera horretan ezinezkoa zen ezer antolatzea eta 1969ko Aberri Egunean boikota egitera deitu zituen bere jarraitzaileak. Hurrengo urteetako estrategia ere antzekoa izan zen: “Erregimenari jokoa ez egitea”, jelkideen hitzetan. EAJtik ezkerrera zeuden erakundeek bestela pentsatzen zuten eta etengabe leporatuko diete jelkideei desmobilizatzeko kontsignak jaurtitzea: “Aurten poliziak ez du interbenitu beharrik izan, ustekabeko lagun batek lana erraztu dio”, zioen 1969ko maiatzeko Zutik-ek, ETAren organoak.

Dena den, EAJk anbiguotasunez jokatu zuen frankismoaren kontrako indarkeriaren aurrean. Jarrera bakezaleak defendatzen zituen, baina ez modu monolitikoan. ETAra etengabe ari ziren igarotzen EGIko militanteak, EAJren paralisiaren aldean erakunde armatuak lilura itzela sortzen baitzuen. Hori saihestearren, EAJk nolabaiteko baimena eman zion EGIri ekintza armatuak egiteko. 1969ko Pazko igande hartan, Ultzamako bide bazter batean bi gaztek bizia galdu zuten lehergailu bat prestatzen ari zirela, Jokin Artajo eta Alberto Asurmendi ziren, EGIko kideak.

Trantsizioko urteen ostean berriz ere indartu zen aberri egunen izaerari buruzko eztabaida. 1979ko urriaren 28an Gernikako Estatutua onartu zen eta hortik gutxira Eusko Legebiltzarra eta Eusko Jaurlaritza eratu ziren, Carlos Garaikoetxea lehendakari zela. EAJk aspirazio gertukoenak beterik ikusi zituen eta Aberri Eguna festa giroan ospatzen hasi zen: “Euzkadi urtean 365 egunetan egiten da”, dio orduko pegatina batek.

Baina ezkerreko alderdi eta erakunde abertzaleek egindako deialdiek izaera iraultzaileari eutsiko diote eta horren erakusgarri izan zen 1980an Iruñean gertaturikoa. HBk, LKIk, EMK-k, LABek, ETA(m)-k eta azken momentuan baita EEk ere deitu zuten Iruñera urte horretan. Gobernuak debekatu egin zuen ekitaldia eta indarra erabiliko zuela egin zuen mehatxu, Nafarroako sektore eskuindarrek xaxaturik. Baina antolatzaileek ez zuten Aberri Eguna bertan behera laga.

Iruñekoak Frankismoko urte latzenak gogorarazi zituen, polizia-okupazio paregabea eta eraso indiskriminatuak izan ziren: “Txanpaña eta janari estraordinarioen gainetik, egurra izan zen ugariago Euskadin. Izan ere erreibindikapen larregi dago bete gabe Euskadik bere askatasun bidean etapa bat bete duena onartzeko”, idatzi zuen Punto y Hora-ko kronikariak.

Pazko igandearen ondoren Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi-k beltzenak esan zituen EAJren kontra Egin egunkarira bidalitako gutun batean: “PNV-ak irriz, oihuz eta txokolatez ospatu du Aberri-Eguna, Nafarroako Aberri-Egunaz entzungor eginik. Urriaren 25 madarikatu hartan hasi zen zikloa hetsia da, beraz; eta PNV-a etsaiaren bandora pasa da”.

Aberri Eguna, zeinen eguna?

1982an Aberri Eguna jai ofizial gisa ospatu zen lehen aldiz. Hala ere, ordurako alderdi sozialistak ez zuen egun horretako ekitaldietan parte hartzen eta Euskadiko Partidu Komunistaren deialdiak gero eta lausoagoak ziren. Diktadurako aberri egunak, festa abertzaleak ez ezik, langileriaren aldarrikapen egun ere izaten ziren. Baina 1980ko hamarkadan ezkerreko alderdi estatalistek Aberri Egunarekiko zuten ikuspegia aldatuz joan zen, festa “baztertzailetzat” baitzuten gero eta gehiago. Iaz, 2011n, Txarli Prieto PSE-EEko ordezkariak hauxe adierazi zuen Aberri Egunaren karietara: “Aberri Eguna abertzaleen lasterketa zoroa da, ea zein den independentistago eta erradikalago”.

ETAk 1965ean definitu zuen bere burua sozialistatzat. Zalantzarik gabe erakunde hura izan zen Espainiako ezkertiar langile askorentzat abertzaletasunera hurbiltzeko kanala. Adibide garbiena 1970eko Burgosko prozesua izan liteke. Auzi horren ondorioz ETAk eta euskal erresistentziak babes ugari jaso zuen, eta Espainiako ezkerreko sektoreek hainbat aldarrikapen bere egin zituzten, amnistia edota autodeterminazioa kasu. Areago, ezkertiarrenek –abertzale nahiz espainiar– egun anti-inperialistatzat eta anti-kapitalistatzat zuten Aberri Eguna eta EAJri kritika gogorrak egiten zizkioten “nazionalismo burgesaren” ordezkariak zirelako.

Lehen hauteskunde demokratikoek eta hortik aurrerakoek anti-frankismoaren filtroa kendu zioten Aberri Egunari eta orduan jabetu zen asko PSOE eta PCE ez zirela hain euskaltzale, ez eta herri txikien eskubide zale. Jatorrian ezker abertzaletik asko zuen Euskadiko Ezkerrak, aldiz, Aberri Eguna bere kasa ospatzen jarraitu zuen, baina gero eta indar gutxiagoz, eta 1993an PSE-EErekin bat eginik, Pazko eguneko ospakizuna urriaren 25era aldatzea proposatu zuten. Hain justu, bi hamarkada geroago, data hori izendatu du jai-egun PSE-EEk, PPren babesarekin.

Batera bai, baina nahasita ez

Bi eskuko hatzak soberan daude mende erdian egin diren Aberri Egun bateratuak kontatzeko: 1964an Gernikan eta 1965ean Bergaran; 1967an Iruñean; 1978an eta 1979an hiriburuetan; eta 1999an eta 2000.ean udalerrietan, Udalbiltzak deituta.

Babes gehien jaso zuena 1978koa dateke. APk eta UCDk izan ezik gainerako alderdi guztiek deitu zuten. Egunkarien arabera 200.000 lagunetik gora elkartu ziren Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan eta Larrun mendian. Dena den, batera bai, baina nahasita ez. Oso mezu ezberdinak entzun ziren manifestazioetan eta zenbait kasutan istiluak ere izan ziren jarraitzaileen artean.

Beste data esanguratsu bat 1999koa izan zen. Deialdi bateratua Udalbiltzak egin zuen eta udaletxeen aurrean bilkurak egin zituzten milaka lagunek. Arratsaldean, aldiz, norberak bere ekitaldia antolatu zuen. Hurrengo urtean ere udal hautetsien erakundeak hartu zuen iniziatiba, baina ordurako indar abertzaleen arteko harremanak erabat hautsita zeuden, Lizarra-Garaziko akordioak porrot egin eta ETA jarduera armatura itzuli zelako.

ETAren jarduna beti egon da aberri egunetako antolaketa eta diskurtsoen zurrunbiloaren erdian; esaterako, bakerako itxaropenak sortu direnean. 1989an Aljerreko negoziaketek bete-betean harrapatu zuten urte horretako Aberri Eguna, ETAren su etena igandean amaitzen baitzen. HBk milaka jarraitzaile bildu zituen Iruñean baina Jon Idigorasen esanetan Aberri Egun jendetsu hori ez zen konbokatu “Aljerren eragiteko”.

ETAren hilketek ere zeresan handia eman izan dute eta aberri egun batzuen joana markatu dute. 1976an, Frankismo osteko lehen Aberri Egunean, ibilaldi bateratua egitekotan ziren alderdi guztiak –PSOE, EAJ, LKI, EKA eta ezker abertzaleko hainbat alderdi–. Baina egun batzuk lehenago ETA(pm)k Angel Berazadi enpresaria bahitu eta erail zuen, eta EAJk, PSOEk eta erbesteko Euskadiko Gobernuak babesa kendu zioten Iruñeko zitari. 1997an, berriz, Josu Zabala ETAko kidearen hilotza agertu zen Itziarko zelai batean eta gerra zikinaren inguruko susmo eta salaketek busti zuten Aberri Egun hura.

Baina gatazka armatua eta atentatuak bakarrik ez, Aberri Eguna garaian garaiko eztabaiden ispilu ere izan da: Estatutua, autodeterminazio eskubidea, Nafarroa, euskara, Lemoiz, krisi ekonomikoak, Itoiz… Lekuaren aukeraketak ere sinbolismo handia izan du, 1967an Iruñera deitu zenean kasu, lurraldetasunaren adierazgarri: “Ez ahaztu, nafar, Iruñea dela berezko eskubidez Euskalerriko hiriburua”, zioen EAJk urte horretan –Aranaren alderdiak oraindik pisu handia zuen Nafarroan urte haietan, Aberri Egun horretan ikusi zen moduan–. EAJk ez zuen Gernikara 1964an kasualitatez deitu, ez eta Herri Batasunak 1987an, bonbardaketaren 50. urteurrenean.

Gauza guztien gainetik, Aberri Eguna aldarrikapenerako tresna izan da: konfrontaziorako ringa eta adostasunerako mahaia. Orduan eta erronka handiagoa parean, orduan eta indar gehiagoz erakutsi dute giharra herritarrek Aberri Egunaren bidez. Hala izan zen Frankismoan diktaduraren kontra, edota Trantsizioan autogobernuaren alde, edo Lizarra-Garaziko garaian “nazio bat gara” esanez.

1962ko eta 1963ko Itsasuko aberri egunek ziklo aldaketa ekarri zuten ospakizun honen ibilbidean. Denborarekin ikusiko da laster beste ziklo aldaketa bat gertatuko denentz, horretarako osagaiak ez dira falta behintzat: ETAren amaiera, subiranotasunaren aldeko gehiengo politiko berri bat, Eskozia eta Kataluniako erreferendum egitasmoak… Eta ororen gainetik: gure indarguneak eta gabeziak agerian utzi dituen krisi ekonomiko erraldoia.

Aberri Egun esanguratsuenak azken mende erdian

1963:”Itsasuko Ageria”. Gerra osteko lehen Aberri Egun publikoa.
1964:Gernikan milaka lagun elkartu ziren EAJ eta ETAk deituta. Haritzaren aurrean makurtuta dagoen gaztearen irudiak munduari bira eman zion (Argia honetako azala).
1966:ETAk Irun-Hendaiara deitu zuen bere kabuz, Aberri Egun iraultzaileagoa bultzatzeko asmoz.
1969: Aurreko urteko errepresioaren ondorioz, EAJk ez zuen deialdi publikorik egin. Boikot urtea.
1974:Leizaola lehendakaria Gernikan izan zen.
1978:Lehen Aberri Egun legala ospatu zuten alderdi guztiek elkarrekin.
1980:Herri Batasunak eta beste zenbait alderdik Donostian deituriko Aberri Eguna galarazi zuen Espainiako Gobernuak.
1982:Lehen Aberri Egun ofiziala. Alderdi estatalistek jada ez dute ospakizunerako deialdirik egingo.
1987:Zatiketa EAJn. Eusko Alkartasunak Anoetako Belodromoan egin zuen ekitaldi nagusia.
1989:Herri Batasunak 60.000 lagun elkartu zituen Iruñean autodeterminazioaren alde. Aljerreko negoziazioek porrot egin zuten.
1995:ELA eta LAB sindikatuek komunikatu bateratua plazaratu zuten. Hiru urte geroago beste agiri bat kaleratuko dute. Sindikatu abertzaleen arteko aliantzaren hasiera.
1999:Lizarra-Garaziko akordioa. Udalbiltza udal hautetsien biltzarrak deituta Aberri Egun bateratua egin zuten udalerri guztietan indar abertzaleek.
2002: AB, Aralar, Zutik, EA eta Batzarrek agiria kaleratuko dute ETAri su-etena eskatuz. Aberri Eguna nork bere aldetik ospatu zuen.
2010: Independentistak sareak Irun-Hendaian 14.000 lagun elkartu zituen. EA, ezker abertzalea, LAB, Nazio Eztabaidagunea eta beste hainbat eragileren babesa izan zuen. 2012an Iruñean egingo du Aberri Eguna eta Aralar, Alternatiba eta AB ere gelditu dira deialdira.

Aberri egunaren ipuina

1976an Hitz aldizkariak Aberri Egunaren Ipuia komikia kaleratu zuen. Marrazkiak Jon Zabaletak egin zituen “Akullu” ezizenarekin eta testua Beñat Bidegorrirena da. Bertan azaltzen da nola antzina bazen herri bat pozik bizi zena. Behin batean barbaroek eraso egin zuten eta herritarrak zapalduta bizi ziren hortik aurrera. Halabaina, gauetan akelarreak ospatzen hasi ziren isilpean, gero armak hartu zituzten, eta azken borrokaldiaren ondoren barbaroek amnistia eskatu behar izan zuten eta ihes egin. Geroztik ospatzen omen dira aberri egunak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Historia
Jack Danielen izena, Nathan Greenen izana

Tennessee (AEB), 1820. Nathan Green esklaboa jaio zen, Uncle Nearest edo Osaba Nearest ezizenez ezaguna. Ez dakigu zehazki zein egunetan jaio zen eta, oro har, hari buruzko oso datu gutxi dauzkagu 1863. urtea arte, orduan lortu baitzuen emantzipazioa. Dakiguna da 1850eko... [+]


“Jadanik ez gara zuen tximinoak”

Centre Tricontinental erakundeak kongoarren erresistentzia historikoa deskribatu du The Congolese Fight for Their Own Wealth (Kongoko herriak bere aberastasunaren alde borrokan dihardu) dosierrean (2024ko uztaila, 77. zk). Kolonialismo garaian, Belgikako Force Publique-k... [+]


Kongo eta kobaltoa
Zertarako gaude prest konektatuta jarraitzeko?

Balio digu ilunabarrarekin azken erretratu hori ateratzeko. Edo istant batean ordaintzeko barrako zerbitzariari eskatu berri diogun marianitoa. Eta ze arraio, Levi’sak imitatu nahi dituzten praken atzealdeko poltsikoan ezin hobeto datoz. Horretarako ere balio du... [+]


Denboraren harrizko gurpila Iruñeko katedralean

"Pictura est laicorum literatura", utzi zuen Umberto Ecok idatzita, Il nome della rosa eleberrian. Irudien bidez mintzatzen da herria, hitzez baino maizago. Artearen funtzio narratiboa nabarmena da Erdi Aroko irudietan, egungo begiekin zail gerta daitekeen arren haiek... [+]


Maritxu eta Katalina: Artxiboetan galdutako sexu eta genero disidenteen istorioak Historiaren parte direlako

XV. mende bukaeran edo XVI. mende hastapenean Belauntzako Katalina atxilotu, preso sartu, torturatu, guziaz desjabetu eta erbesteratu egin zuten, Oiartzungo Maritxurekin “haragizko harremanak” ukateagatik. 500 urtez isilean eta artxiboetan galdurik egondako... [+]


Jaja Wachukuk ez zuen lo hartu

New York, 1960. Nazio Batuen Erakundeko bilkura batean Nigeriako kanpo ministro eta NBEko enbaxadore Jaja Wachukuk lo hartu zuen. Nigeriak independentzia lortu berri zuen urriaren lehenean. Beraz, Wachuku NBEko Nigeriako lehen ordezkaria zen eta kargua hartu berri... [+]


1974ko Supergreba

Gaurko egunez, duela 50 urte, Euskal Herriko langile mugimenduak bere historiako kapitulu garrantzitsua idatzi zuen. Hegoaldean 200.000 langilek greba orokorra egin zuten erregimen frankistaren aurka. Mobilizazio hark argi utzi zuen Euskal Herriko mugimendu antifrankista... [+]


Idazketa alfabetiko zaharrena?

Egungo Siriako Tell Umm-el Marra aztarnategian idazkunak dituzten hainbat zilindro aurkitu dituzte Johns Hopkins Unibertsitateko ikerlariek. Adituen ustez buztinezko pieza hauetan idatzitako zeinuak alfabetikoak izan litezke.

K.a. 2400 urtean datatu dituzte zilindroak eta... [+]


Iruñeko atxilotze-aldi luzea

Iruñea, 1939. Urte hasieran, hiriko zezen-plaza kontzentrazio-esparru modura erabili zuten frankistek. 3.000 gerra presorentzako edukiera izan zuen ofizialki; Nafarroan une horretan fronterik ez zegoenez, gerra presotzat baino errepresaliatu politikotzat jo behar dira han... [+]


Urduñako espetxe frankistako biktima gehiago deshobiratzeko lanak abiatu dituzte berriro

Astelehenean abiatu zituzten lanak eta frankismo garaiko 20 biktima berriren gorpuak topatu dituzte honezkero. Asteburura arte luzatuko dute gorpuzkiak lurpetik ateratzeko hirugarren kanpaina.


2024-11-28 | Irutxuloko Hitza
Mikel Zabalzaren omenezko plaka jarriko du Donostiako udalak larunbatean, Intxaurrondoko kuartelaren aurrean

Donostiako Udalak Mikel Zabalza Garateren (1952-1985) omenezko plaka bat jarriko du larunbat honetan (hilak 30), Guardia Zibilaren Intxaurrondoko kuartelaren aurrean (Baratzategi kalea, 35). Guardia Zibilak gaurko egunez atxilotu zuen Zabalza, 1985ean, Altzako bere etxean... [+]


Eguneraketa berriak daude