"Tortura eta demokrazia ez dira ezkondu ezinak"

  • Ireki hiztegia eta irakurri: “Tortura. Iz. Zuz. Pertsona bati, gehienetan harengandik aitorpen edo informazio jakin bat lortzearren edo zigortzearren, tresna eta modu ugari erabiliz egiten zaion min fisiko edo psikologiko larria”. Definizioa gogoan, hitzak bere baitan gorderik duen errealitatera jo dugu Jorge del Cura (Burgos, 1956) ekintzailea lagun harturik.

Jorge del Cura.
Jorge del Cura.Dani Blanco

Itsas Ingeniari ikasketak hasi zituen, baina, amaitzeko zorian zela, hondar urtean bertan behera utzi zituen ikasketa haiek, curriculum bikainaren jabe, baina batere interesik ez zuela ingeniaritza hartarako. “Oso zen elitista. Ez zitzaidan giroa gustatzen”. Hamaika gorabehera eta istripu tarteko, epaitegietan bukatu zuen lanean. Espainiako Justizia Ministerioko funtzionarioa da; gestore prozesala. Horrek, justiziaren egoera hala barrutik nola kanpotik aztertzeko aukera eman ohi dio. “Interes politikoa balego funtzionarioek giza eskubideetan prestakuntza ona izan zezaten, izango litzateke. Baina ez dago borondate hori. Uste dut guardia zibiletan eta polizietan ere egin zitekeela lan hori, baina errazago da ezer ez egitea, ez saiatzea”.

Giza eskubideak du lan arlo aspaldidanik, eta, esaterako, 1976tik hona ari da torturaren kontrako borrokan. Egun, Torturaren Prebentziorako Koordinakundeko kide da eta, aurretik, Torturaren Kontrako Elkarteko kide eta presidente izan zen. Pertsona Presoekiko Elkartasuna elkarteko partaide ere bada.

Madrilen biziagatik ere, behin eta berriz eta askotan izan ohi da Euskal Herrian, bateko eta besteko jardunaldi eta hitzaldietan parte hartzen. Torturaz ez ezik, kartzelaz eta kartzeletako egoeraz ere mintzatu izan da. Hitzordua egin eta eskuzabal hartu gaitu Madrilen, honetaz eta hartaz hizketan, herdoilik gabe mihian.

Udaberrian sartu gara, bizialdi berria dakar naturak. Horretaz ari zaizkigu hedabideak... Zertan ari gara gu torturaz? Gai zaharra irudi, beste garai batekoa…

Egunerokotasuna galdu ez duen gaia da. Portu eta Sarasolaren kasua izango dugu, beharbada, azken dei ozena. Atxilotu zituztela jakin genuen lehenengo. Hurrena, salaketak. Gero, Donostiako Epaitegiak guardia zibilak kondenatu zituela. Guardia zibilek errekurritu egin zuten; errekurritu, fiskalak; errekurritu, akusazio partikularrak… Nork bere motiboak zituen, bistan denez. Gauza jakina da Auzitegi Gorenaren sententziak, joan den azaroan, Donostiako Audientzia Probintzialaren sententzia baliogabetu zuela, lau guardia zibilak absolbitu zituela. Sententzia irakurtzeko aukera izan nuen –50en bat orrialde–, baina, funtsean, ez dio Portu eta Sarasolaren salaketa faltsua dela besterik, ETAren aginduei jarraiki zitzaizkiela bi lagunak; bestalde, epaiketaren aurretik, eta bertan, deklaratu zuten lekukoak ere “ad hoc lekukoak” zirela –alegia, balitekeela haiek ere ETAren eskuliburuari jarraikitzea–, eta Donostiako Audientzia Probintzialeko auzitegiko medikuaren txostena ere baliogabetu zuen. Audientzia Nazionaleko auzitegiko medikuen txostenari baino ez zion kasu egiten txostenak, eta defentsako bi abokaturen informeei. Merezi du sententzia irakurtzea, baina, esan dizut, oroz gain, Donostiako Auzitegiaren diktamena baliogabetzera etorri zen.

Zein izan zen zure interpretazioa, zure iritzia?

Oso larria iruditzen zait. Torturaren kontu honetan gutxi aurreratu dugu, eta ez naiz Euskal Herriaz bakarrik ari. Portu eta Sarasolaren kasua oso inportantea zen, eta Auzitegi Gorenak zer egin du? Kasua alferrik galtzen utzi, eta, gainera, Donostiako Auzitegiari errieta eman; frogak ontzat ematearren, besteak beste. Nire iritziz, Espainiako auzitegiak Portu eta Sarasolaren sententzian bezain garantista izango balira beti, kartzelan ez legoke presorik, ezta bat ere. Bat ere ez.

Nola liteke Espainiako Auzitegi Gorenaren jokabidea, ordea? Jendeari tortura kasuaren berri eman, eta sinetsi egin ohi du. Ondoren, hor etorri ohi dira audientzia, auzitegi eta epaitegiak, kasua iraultzera. Ba ote?

Bada, bai. Are gehiago, esango dizute tortura salaketak faltsuak direla, eta haien helburuetako bat Espainiako Gobernuak nazioartean duen prestigioa zikintzea dela. Alabaina, Espainiako Gobernuak galdua du prestigioa, tortura kasuak ez direlako behar den bezala ikertzen. Hara, estatua ez da antidemokratikoa tortura kasuak gertatzen direlako, kasuok ikertzen ez direlako baizik. Ikerketak bideratu, besterik ez bada ere!

Lantzean behin, hedabideetara jauzi egiten du torturak. Gainerakoan, isilik gaia, lozorroan...

Baina hor da beti, nahiz eta egunerokoan ez duen indar bera beti. Gizarte zibilaren lana hor da. Niri dagokidanez, Torturaren Aurkako Koordinakundearena, hura osatzen duten talde eta kolektiboen ahalegina… Horien ekimenek tortura kasuak azalera ekartzen laguntzen dute. Ez gara bakarrik ari, jakina. Hor dira nazioarteko beste elkarte batzuk ere, dela Amnistia Internazionala, dela Human Rights eta beste.

Gure kasuan, Koordinakundea lanean hasi zenean, 2004an, tortura kasuen eta poliziak eragindako tratu txarren inguruko prentsa iruzkinak 3.000 inguru izango ziren. Gehienak, euskal medioetan eta hedabide alternatiboetan publikatu ziren. Bada, 2010ean, esaterako, 7.000tik gora izan zen guk bildu genuen iruzkin kopurua. Erran nahi baita, hedabideek kasu egiten diotela torturari eta polizien tratu txarrei. Besterik da nola lantzen duten gaia, baina hor dira iruzkinak beti.

Tortura eta tratu txarrak, poliziak eragindakoez ari gara beti…

Horretaz ari gaituzu. Badituzu poliziak etorkinei egindako erasoak, zaintzapeko heriotzak, ETAko militanteen salaketak… Tortura ez da egunkariaren azaleko orrian datorren albistea, baina, barruko orrialdeetan bada ere, albistea jasotzea ez da gutxi. Gure koordinakundea prentsaurrekoak egiten hasi zenean, bakan zetozkigun hedabideak. Egun, orduan agertzen ez ziren hedabideak ere etortzen zaizkigu. Egun, prentsa oharra eskuan ikusten gaituztelarik, ez gaituzte oker begiratzen. Aldaketak izan direla, alegia, eboluzioa gertatu dela. 2007an, esate baterako, Espainiako Justizia Auzitegiak ere bestela jokatzen hasi ziren; hein batean, bederen. Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiaren sententzia dugu hor mugarri, espainiar estatua kondenatu baitzuen tortura kasuak ez ikertzeagatik. Ondorioz, epaile batzuk –ez denak, baina batzuk–, ikerketak aurrera eramaten hasi ziren.

Estrasburgoko sententzia hura baino lehen ere ikerketak egin nahiko zituzten, baina ezin izan zuten, edo beldurrez zeuden. Ez dakit. Estrasburgok aitzakia ezin hobea eman zien ikertzeko. Horrek, besteak beste, kartzela funtzionarioen kontrako zigorrak gehiago izatea ekarri zuen. Era berean, polizien eta guardia zibilen kontrako kondenak. Lehenago, ez zen kondenarik, artxibatzea besterik… 2007tik hona horixe izan dugu joera. 2011ko hasieran eten zen hori. Iazko udazkenean bertan ikusi genuen. Gutxi dira zigor sententziak, eta gutxi apelaziora edo kasaziora iristen direnak, baina iazko urte hasieran zigor sententziak zirenak, Espainiako Auzitegi Gorenetara heldu eta seguru zen baliogabetzea. Esaten ari naizena ez da gauza zehatza: dozena erdi kasu gerta litezke hiru hilabetean, eta sentipena da, errealitate hotz eta zehatza baino gehiago. Ikusi egin behar… Tartean, polizien kontrako zigor kondenak izan dira, bai, baina baita absoluzioak ere. Joera irauli dela, horixe esan nezake. Iazko uda bitarte, zigor kondenen kopurua emendatzen ari zen, eta udazkenean, aldiz, eten egin zen joera. Halabeharrez izan zen? Ageriko!

Tortura aipatu dugu lehenik, “tratu txarrak” terminoa ere erabili duzu… Nola mugatu gaia, tortura hitzaren esanahia?

Nazio Batuen Erakundearen definizioaz baliatu ohi gara gu. Pertsona bati nahita, berariaz, min edo sufrimendu larria –izan fisikoa, izan mentala– eragitea da tortura, informazioa edo aitorpena lortzea du xede, ustez kaltea egin duen pertsona bat zigortzeko, edo pertsona hura mehatxatzeko, izutzeko, horretarako motiboa zeinahi dela ere, hau da, nola-halako diskriminazioa, arraza, sexua etab. Torturak min eta sufrikario larriak dakartza, eta funtzionario publikoek –edo funtzio publikoan ari diren beste batzuen mendekoek–, eragiten dituzte. Hau da, partikularrak ez du torturatzen: aberrazioak egingo ditu, baina ez du torturatzen. Funtzionario publikoek, edo funtzio publikoaren mende lanean ari direnek egiten dute tortura. Bestelakoa, integritate moralaren kontrako erasoa, lesioak, aberrazioa… zernahi izango da, baina ez tortura.

ETAko kideen tortura salaketak bide, uste genuen euskaldunok ginela Espainian, gainerako herrialdeen gainetik, tortura kasuen protagonista. 2007an zuen koordinakundeak egindako txostenean irakurri nuenez, berriz, Andaluzian ziren tortura salaketa gehienak. 300 inguru. Bigarren, Herrialde Katalanetan...

Eta hirugarren zen Euskal Herria. Bai. Bat baino gehiago dira arrazoiak. Tortura jasan dutenak ez dira beti salaketa egitera ausartzen. Babesa dutela sentitzen dutenean, orduan bai, salatzen dute. Alboan giza eskubideen aldeko erakunde eta elkarteak baldin badituzte, errazago jarriko dute salaketa. Laguntza juridikoa izango dute, laguntza medikoa, gizarte laguntza… Andaluzian, Katalunian, Euskal Herrian, Galizian… gizartea gutxi-asko antolatuta dago, erantzuteko gaitasun nola-halako bat du herrialdeotan. Jendeak badaki nora jo, badaki lagunduko dutela. Zure galderari erantzunez, badakigu salaketa gehienak hiri giroan jartzen direla. Eta, izan, hantxe ari dira lanean giza eskubideen batzordeak. Espainian, arestian esandako herrialde horietan dugu presentzia, hots, periferian, eta Madrilen. Gertatu izan zaigu Errioxari buruz ari eta Estatuko fiskaltza nagusiak bi tortura edo tratu txar kasu aipatzea urteko memorian, baina, aldiz, guk haien berri ez izatea, ordezkaritzarik ez dugulako bertan. Jakiten ditugun kasuen berri ematen dugu, eta, jakitekotan, bertan egon behar dugu. Bestalde, salaketa jartzekotan, jendeak elkarteon berri izan behar du. Gizarte mugimendu batean, sindikatuan, ekologisten artean, okupen artean… parte hartzen duenak badu aurretiazko kontzientzia, badaki eskubideak dituela, badaki elkarteak babestuko dituela. Errazago du salaketa jartzea. Torturaren Prebentziorako Koordinakundearen txostenetan ere mugimendu horietako kideak ageri dira gehien, koordinakundean ere haiek ezagutzen ditugulako ongien. Hala ere, badakigu eraso gehien ez dutela haiek jasotzen. Jo dezagun, talde armatuko kidearen kasua. Badakigu euskal presoek tortura eta tratu txarrak salatzen dituztela, baina ezin iritsi gara Jihad islamdarreko kide direnetara. Behin edo behin jakiten dugu zer edo zer, baina behin edo behin besterik ez. Baliteke poliziak haiek ez torturatzea. Agian! Kontua da batzuetan salaketaren konstantzia daukagula, baina ez daukagula salaketa jarri duen harengana heltzeko biderik. Ezin gure txostenetan agertu kasu horiek.

Salaketarik jarri nahi ez

Biktima askok ez du salaketarik jarri nahi izaten. Atxilotzen dute, polizi-etxean kolpatzen dute, libre uzten dute. Askok ahantzi besterik ez du nahi. Salaketa jartzeak, berriz, lekukotasuna eman beharra dakar, akusazioan aurrera egin beharra, kalumniak, epaiketak… Zenbait jendek ez du horri frente egiteko indarrik. Nahiago du ahantzi. Errespetagarria zait, oso. Giza eskubideen aldeko koordinakunde edo kolektibo batek horma horren kontra egiten du topo, behin eta berriz.

Tratu txarrak tartean direnean, askotan etorkinak dira biktima, tortura gorabehera…

Beharbada ez dute min edo sufrimendu larririk jasotzen –NBEren arabera “larri”–, baina hor dira etorkinek jasotzen dituzten tratu txarrak. Baina txostenetan ez dira askorik ageri. Etorkinen kontrako erasoak etengabeak dira, nonahi –erran nahi baita, Espainiako Estatuan nonahi–, baina, hala ere, gehienek nahiago dute salaketarik ez jarri. Etorkinak etortzen zaizkigu eta jaso duten erasoa kontatzen digute, baina jendaurrean ez zabaltzeko eskatzen digute, balizko errepresalien beldur. Poliziaren kontrako salaketak, haren kontrasalaketa dakar –“atentatuagatik”, esango dute–, eta atentatuagatiko salaketak berak kanporatzeko espedientea ekarriko du, eta, ondoren, kanporatzea. “Atentatuagatiko salaketak berak”, esan dut, eta ez alferretan. Etorkin hura epaileak errugabe dela erabakita ere, ez du balioko. Bere burua kausa penalean ikusten duen etorkinak irekia du kanporatzeko espedientea, eta errekurtsoa garaiz ez bada jartzen, kanporatzea etorriko da.

Ehun bat etorkinek jartzen dute tratu txarrengatiko salaketa urtean, baina badakigu, jakin, kopurua handiagoa dela… Beste kolektibo bat, salaketa gutxi jartzen dituena, preso komunak, preso sozialak. Gehien bat, lehen mailako preso sozialek jartzen dituzte salaketak, galtzeko handirik ez dutenak. Bigarren mailan daudenek nekeago salatuko dute ezer, haien salaketak atentatuagatiko kontrasalaketa dakarrelako eta, ondorioz, bigarren mailakoa izatetik lehen mailakoa izatera igarotzea, eta, beraz, baimenak, lana eta bisitak galtzea…

Beldurrak salaketarik ez jartzea eragin ohi du.

Bai. Eta, esaterako, inoiz ere salaketarik jarriko ez duen kolektibo bat, lapurreta txikiak egiten dituena, droga salmenta txikian dabilena… Horiek ez dute salaketarik jartzen, poliziaren erasoa “lanbidearen ajea” delakoan. Bi zaplada eman dizkiotela? Jasoko ditu. Gogor kolpatzen dutenean kexatuko da hura. Edo okerrik egin ez duenean harrapatu eta jotzen dutenean… Hor dira etxegabeak ere. Gizarte laguntzaile askok esanda dakigu etxegabeek erasoak jasotzen dituztela, tratu txarrak. Baina ez dute salaketarik jarri nahi izaten, ez dute helbiderik, ez dute epaitegira azaldu nahi izaten… Ez dago modurik. Gizarte laguntzaileak ere ezin ezer esan, ikusi duena beste frogarik ez du, eta frogarik gabe irteerarik gabeko bidean da hura. Egoera larrian bizi dira etxegabeak. Ez dute bortxa handiko unerik bizi, baina etengabea da erasoa. Horra gure inpotentzia.

Zertan da presoaren kartzeletako egoera?

Urtea ere ez da txosten bat egin zenetik, presoen inguruan eta kartzelako bizimoduaz oro har. Estatuko kartzeletan ziren 5.000 presori bidali zitzaien inkesta, honetaz eta hartaz galdezka, eta 1.700 presok erantzun zuten, beren borondatez, edo funtzionarioek horretara jarrita. Erantzun zutenen artean, %73k zioen kartzelan zegoen garaian, noiz edo noiz eraso egin zietela. Funtzionarioek, alegia. Baliteke bost urtean behin gertatzea eraso hori, baina gertatua da, eta berriz gertatu ezinik ez dagoela bizi da presoa. Sentipen horixe da larriena. Esan nahi dut, batzuetan, bata bestearen ondoan datozen eraso arinek, gogorrenek baino min handiagoa egiten dutela.

Joxean Lasaren arreba Axunen lekukotasuna irakurri genuen urte hasieran.

Irakurri nuen, bai.

Hark idatzitakotik ari naiz pasartean: “Gogoratzen dut nola sinatu arazi zidaten betiereko isiltasuna torturatu ninduten eraikinetik ateratzen utzi aurretik. Beharbada, ez diot oraindik neure buruari barkatu. Baina nork sinetsi behar zidan? Poltsa, flexioak, iletik tiratzeak, askatu zuten txakurra… horiek ez dute aztarna fisikorik uzten. Ezta ere Donostiatik Madrilera, eskuak lotuta, Land Rover baten atzeko aldean, jarlekurik gabe, burdin xafla baten gainean, bizkarra inon bermatzeko lekurik gabe egindako bidaiak. Ezta ere burua altxatzeko baimenik gabe bata bestearen atzetik entzun behar izan nituen mehatxuek. Ezta autotik ateratzean burutik oinetara estaltzen ninduen mantan biltzeak ere. Ezta oihuek ere. Ezta ziegako miraila aurrean, nekatuta egon arren, zutik iraun beharrak ere; nekatzea debekatua neukan, eta ni, nekatua nengoen, oso nekatua, nekatuegia. Nork sinetsi behar zidan?”, Axun Lasaren galdera…

Lehenago, “iturri ofizialek” zabaldu zuten bertsioa izan genuen, hau da, ETAk berak bahitu zituela eta hau eta hura. Gorpuzkinak azaldu zirenean ere!... Besteak beste, horixe da tortura, inor koakzionatzea informazioa lortze aldera. Hamaikatan gertatu da inor atxilotu eta haren ama, emaztegaia, edo arreba, atxilotzea, eta torturatuko dutela mehatxatzea. Inoiz, baita torturatu ere. Kontua ez da funtzionarioa sadikoa izatea, atxilotua desegitea baizik, barrutik haustea, funtzionarioek entzun nahi dutena esan dezazun. Mehatxuek desegiten ez bazaituzte, bestelako neurriak hartuko dituzte. Horrelako kasuen berri ere badugu. Inondik ere, pertsonak gutxien jasaten duen tortura mota da hori, psikologikoa, “tortura zuria” diotena. Tortura betikoa denean, eraso fisikoa, kolpeak, ostikoak, hatz bat txikitzea… oinazea handia izango da, mina jasanezina, ondoeza ikaragarria, baina, okerrenean ere, gertakariak zeure baitan berrosatzeko moduan izango zara, erasotzailea nor den jakin dezakezu, zergatik hautsi dizun besoa jakingo duzu… Badakizu zer izan den, eta badakizu lagunek, senideek, burkideek ulertuko dutela zu hautsi izana. Baina bestelako tortura zuri koloreko horren kasuan, tortura psikologikoa darabiltenean –inoren ama, emaztegaia, mutil laguna torturako dutelako mehatxua–, ez dakizu zer ari den gertatzen, ez zaituzte jotzen, ez zaituzte ukitzen, flexioak egitera behartzen zaituzte, baina ezpata, beti, zuk maite duzun hura torturatuko dutelako mehatxua, zure buru gainean duzu. Hautsia da betiko eskema. Hurkoa torturatzen badute, zeu egiten zaituzte errudun, ez zara biktima, torturatzaile baizik.

Zer diozu torturatzaileaz? Pertsona normala da? Gaixoa? Zer da?

Espainiako Estatuan ez dago horretaz jakiterik. Ezinezkoa dugu. Inoiz, torturatzailea identifikatu denean ere, ezin izan da jakin nolakoa den pertsona hori. Batetik, guk ez daukagu horretarako gaitasunik; bestetik, legez ere ezingo genuke pertsona horren bizimoduaren barruan sartu. Bidenabar, uste dut zuzena dela inoren bizimoduan ez sartzea. Espainiako Estatuan, beraz, ez dakigu. Alabaina, nazioarte mailan badira ikerketak, eta ez zait iruditzen horietako egoera eta Espainiako Estatukoa ezberdinak izango direnik. Torturatzailea, oro har, guztiz pertsona normala da, familia-buru jatorra, maite ditu andrea, maite ditu seme-alabak… Tortura saioa amaitu eta etxera joango da, futbol partida ikusiko du, lasai, erru sentimendurik gabe. Jakina, horretarako prestatu dute torturatzaile profesionala, sistematikoa.

Besterik da ostikoz jo zaituen funtzionario erretxinduaren kasua. Ameriketako Eskolak izenekoetan baliatu dituzten eskuliburuak –AEBetakoak, Erresuma Batukoak…–, aztertu eta ikusten da hori: torturatzailea pertsona normala da guztiz. Esaten zaio ere tortura fisikoa ez erabiltzeko, tortura psikologikoaz baliatzeko. Horrela jokatuz gero, askoz zailagoa da auzitegiko medikuaren lana, nekeago frogak biltzea. Poliziak ez du torturatzaile psikopatarik nahi… Urteak dira liburua irakurri nuenetik, Aquellos hombres grises [Gizon gris haiek, Christopher Browning], esterminio brigadei buruzkoa. Liburuan kontatzen denez jende adinekoek osatzen zituzten brigadak, erretiroa hartzeko zorian zeudenek. Kontatzen zuten, halako herri batera bidaltzen zituztela, torturatzen zituztela lauzpabost atxilotu, eta beren herrira itzultzen zirela, lana eginda. Kontatzen zuten goi funtzionarioen aginduak betetzen ez zituztenean ez zituztela frontera bidaltzen, ez zituztela horrela mehatxatzen. Are gehiago, batek kontatzen zuen aginduak bete ez, trasladoa eskatu eta zigorrik jaso gabe onartu ziotela eskaera.

Kontatzen zuten ere, brigadetako arduradun politikoek jakiten bazuten torturatzailea bere lanean gozatzen zela –dela torturatzen zuenean, dela tabernan, kasuren bat kontatzen ari zenean–, brigadetatik kanporatzen zutela. Jende grisa nahi zuten, profesionala, lanean gozatuko ez zena. Horregatik esaten dizut, polizian –gizartean, orobat–, izango direla sadikoak ere, baina horiek nekez jardungo dute lanean unitate berezietan. Ez dira torturatzaileetan izango. Nazioartetik datozkigun berriak horiek izanik, ez zait iruditzen, Espainiako Estatuko daturik gabe ere, egoera zeharo ezberdina izango denik.

Eta, orduan, nola liteke? ETAko kidea atxilotu Espainia aldean, eta zuloa aurkitua du poliziak biharamunean. Frantzia partean atxilotu, eta ezin haren izenik jakin…

Ezberdintasuna ikaragarria da, bai. Hasteko, bi estatuek berdin jokatzen dute. Baina Frantzian ez dute ETArik, Espainian bai. Talde armatuak jarduna eduki du Espainiako Estatuan, eta horixe du bereizgarri. Mendebaldeko Europan ez dago beste herrialde bat talde armatua duenik. Tira, zer edo zer izan dute, izango zuten, baina ez ETArik. Badiot, horixe da aldea, ETA, eta haren kontrako borroka. Gainerako gizarte mugimenduei dagokienean, etorkinak eta beste, ez dago alderik, tortura eta tratu txar fisiko eta psikologikoak parean dabiltza estatu batean eta bestean. Ezberdintasuna izan liteke Espainian izan ezik, Europako beste herrialde batean ez dela esklusiboki tortura salatzeari emana dagoen elkarterik. Frantzian eta besteetan, giza eskubideen aldeko elkarteak dituzu, baina inon ez torturaren kontrako elkarterik. Europan diren torturaren kontrako elkarteak nazioarte mailakoak dira, nazioarteko kasuak biltzen dituzte.

Eman dezagun Kopenhageko erakundea, Torturen Biktimen Errehabilitazio eta Ikerketarako Zentroa. Frantziako, Latinoamerikako, Asiako… tortura kasuak aztertzen dituzte han. Orobat, Ginebrako Nazio Batuetako Torturaren Kontrako komitean. Baina, badiotsut, Espainian izan ezik, ez dago herrialde bat bere estatuen mugen barruan gertatzen diren tortura kasuak aztertzen dituen elkarterik ez duenik. Europako giza eskubideen aldeko elkarteen iritziz, Europan ez da tortura praktikatzen. Hala esana didate, hala jaso dut haien ahotan. Baina ez da egia praktikatzen ez denik, sententziak ditugu eta. Asko dira, gutxi dira, baina badira, herrialde guztietan. Espainiako Estatua berezia da horretan. Hemen badelako tortura kasuak biltzen eta salatzen dituen elkartea. Praktika zabaldua da tortura, ez funtzionario guztiek torturatzen dutelako, baina bai funtzionario talde guztietan ageri direlako kasuak. Estatu barneko herrialde guztietan, era guztietako pertsonek jasotzen dute… Ez polizia guztiek torturatzen dute, ez atxilotu guztiak torturatzen dituzte, baina ez dago talde polizialik, kartzela instituziorik, tortura edo tratu txar salaketarik jasotzen ez duenik. Kasu asko, nahiz gutxi, baina kasuak. Eta hori ere Espainiako Estatuaren bereizgarri da.

Zergatik du bereizgarri hori Espainiako Estatuak?

Beharbada, frankismoaren herentzia da. Baliteke. Frantziak, Erresuma Batuak ez dute onartuko bertako hiritarrak torturatzen direnik. “Torturatu, onenean, etorkinak”, esango dute. Frantzian badute beste eufemismo bat asmatua: “poliziaren basakeria”. Tortura hitzari itzuri egiten diote Frantzian.

Eman dezagun Abu Ghraib. AEBek kasu isolatua izan zela esan zuten. Ohi denez. Haren berri ematen duen kazetaria, berriz, lanean baztertu zuten, edo kalera bidean jarri.

Hori ere bai. Ginebran egon nintzen azaroan, NBEk eratutako nazioarteko sinposio batean. Arreta eman zidan: nik ordezkatzen nuen Torturaren Prebentziorako Koordinakundea eta Latinoamerikako Giza Eskubideen Aldeko Batzordea izan ezik, gainerako erakundeek –Afrikako, Asiako, Frantziakoek…–, tortura hitza ukatzera jotzen zuten. Elkarte instituzionalek, edo instituzioen hurrekoek, tortura hitza ukatzea dute helburuetako bat. “Poliziaren basakeria”, “bortxa”, “poliziaren tratu txarrak”… nahi duzuna onartuko dizute, tortura izan ezik. Hori ez. Tortura hitza diktadura erregimenak dituzten herrialdeetako kasuak aztertzeko gordetzen dute. Horixe da, izan, demokraziaren eta diktaduraren arteko ezberdintasuna: diktaduran tortura praktikatzen da, modu masiboan praktikatu, eta ez dago salatzerik ere; demokrazian, ez dago tortura masiborik, puntuala da. Hala ere, ezberdintasun handiena, gizarte erantzuna litzateke, eta epaitegien lana.

Demokrazian, badago salaketa jartzerik. Espainiako Estatuan bezala. Besterik da salaketa aintzakotzat hartzea, tortura izan litekeela onartzea, salaketa artxibatzea, edo dena delakoa. Abu Ghraib? Hedabideak torturaz ari dira, baina ez dago torturagatiko kondenarik Abu Ghraiben. Kondenak dira heriotzagatik, bortxakeriagatik, lesioengatik… baina ez torturagatik. Espainiko Estatuak darabilen argudioa gure eginez –alegia, “ez dago tortura kasurik, kondenarik ez dagoelako”–, Abu Ghraiben ere ez dago torturarik. Biolentzia bai, torturarik ez. Europan lan egiten duen GKE –ez zait hitza askorik gustatzen– askoren kasua da: tratu txarrak izan direla onartuko dizute, torturarik denik ez. Jakina, delako GKE hori zenbat eta lotuago egon Barne Ministerioari, orduan eta errazago tortura hitza ukatzea. Baina Justizia Ministerioak, epaileek, fiskalek… hitza saihesten jardutea onartezina iruditzen zait. Hedabide publikoek hari iskin egitea, lotsagarria. Zer jaso behar du gizarte zibilak?... Hedabideek, torturaz jarduten dutenean, Kuba, Maroko, Argentina dute gogoan. Urrunekoak. Edo “zezenen kontrako tortura” aipatuko dute, edo futbol partida aspergarria izango dute aipagai –“hura tortura!”–, baina oker ari dira. Tortura, berez, gizakiaren kontrakoa da eta funtzionarioek praktikatzen dute. Ez da animalien kontrakoa, eta futbol partida bat ere ez da tortura…

Bagenekien lehendik, ala?

Ez dakit, bada! Espainiako Kode Penalak dioena aski deigarria zait. Tortura –ez dakit 7. kapituluan ez ote den ari–, bestelako delitu batzuen artean sartzen du, jokabide umiliagarrietan. “NBEren ildoan”, esan genezake eta, beraz, ados izan. Baina kapitulua zehatz aztertuz gero, tortura delituarekin batera, pertsonen integritate moralaren kontrakoa ere ageri da. “Honenbestean!”, diozu. Horrekin batera, ordea, genero indarkeria, laneko mobbing-a, etxekoa eta beste ageri dira. Buruari hazka hasten zara orduan. Zer esan nahi du kapitulu horrek? Ez dagoela torturaren gaineko estatistika azterketarik izaterik Espainiako Estatuan. Batetik, epaileek ez dutelako torturarik aintzat hartzen, lesioak baizik. Fiskaltzaren estatistikan bertan ere, ordea, “1.200 tortura kausa” esango dute, dagokion kapitulu horren arabera. Baina ez dute esango zenbat diren genero indarkeriari dagozkionak, zenbat funtzionario publikoen kontrakoak, zenbat… Tortura maskaratzeko modu bat dute. Azkenean, zaku berean sartzen dute dena. Genero indarkeria? Doilorkeria, onartezina, biolentzia… baina ez da tortura.

Esan nahi duzu, ez NBEren definizioaren arabera, bederen…

Hori da. Eta nazioarteko zenbait erakundek –Amnistia Internazionalak, kasu–, behin eta berriz eta askotan eskatu diote Espainiako gobernuari tortura definizioa NBEk ezarritakoari egoki dezan, baina alferrik. Espainiako estatuak sistematikoki uko egiten dio ezer egokitzeari. Azkena, duela bi urte, NBEren ordezkarien eta Espainiako diplomatikoen artean eztabaida minaren lekuko izan nintzen. Ez zait ahantzi espainiar diplomatikoek errespetu falta handia erakutsi zutela. Lotsagarria izan zen, tamalgarria... Erakundeek beren buruen defentsa itsua egiten dute, tortura ukatzen beti. Herri erakundeek ukatzen dute, autonomia mailakoek, Barne sail eta Justizia ministerioek… Lema bat bera dute denek: “Hemen ez da torturatzen”. Tortura, diktaduren kontua besterik ez balitz bezala. Tortura teknikak naziek garatu zituzten Alemanian, Errusian ere gogotik landu zituzten, eta, harrezkero, 60ko hamarkadan, Frantzia errukigabe baliatu zen torturaz, Aljeriako gerlan. AEBetan, Ameriketako Eskolan, Latinoamerikako altxamenduaren kontra jotzeko trebatu zituzten militarrak. Eta, halarik ere, inork ez du esango Frantzia eta AEBak sistema demokratikoaren parte ez direnik, ilunaldi guztiak gorabehera. Tortura eta demokrazia ez dira ezkondu ezinak. Pentsatu ere ez.

Gasteizen izana zara iragan udazkenean, kartzelen inguruko jardunaldietan. Lehenago, duela bi urte, bertan izan zinen Martxelo Otamendi, Unai Romano eta Torturaren Aurkako Taldeko Lorea Bilbaoren ondoan, oker ez banaiz. Nola liteke inork Romanoren aurpegi desitxuratu hura ikusi eta aitzakiak ematea?

Guardia zibilak beti emango du autolesioen aitzakia. Edo zernahi. Oker ez banaiz, Unai Romanoren aurpegi puztu, hanpatu eta desitxuratua justifikatzeko, hormako igeltsua esnifatu zuela esan zuten. Buruz ari naiz. Jakina, esnifatze kontu hori ez da egia, baina egia balitz ere, ni, Audientzia Nazionaleko epaile, atxilotua ikusi, aurpegi deforme hori, eta lehenengo-lehenengo, ikerketa aginduko nuen, inoren zain egon gabe, inork salaketarik jarri baino lehen ere. “Zer izan duzu, zer gertatu zaizu?”, galdetu, eta ikerketa. Ez dago besterik. Unai Romanoren kasuan, ez zen ofizioz ikertu. Romanok berak jarri behar izan zuen salaketa, ministerio fiskalaren kontra, epaileen kontra… Kasua artxibatu egin zen –salaketa faltsua omen–, baina Giza Eskubideen Batzordeak Espainiako Estatuaren kontra jarritako salaketa erabaki zain dago oraindik. Unai Romanoren aurpegia ikusi eta ikaratu egiten zaitu. Hasten zara kasua aztertzen, eta ulertzen hasten zara.

Zer esan nahi duzu?

1981-82an Lege Antiterrorista indarrean jarri zen, bost eguneko inkomunikazioa eta beste. Inor Bilbon atxilotu eta han bertan edukitzen zuten, Indautxuko polizi etxean. Gipuzkoan atxilotuz gero, Intxaurrondon. Bertako epaile eta auzitegiko medikuek ikertzen zuten kasua. Horrek, ondoko urteetan guardia zibilen kontrako kondena zaparrada ekarri zuen. Intxaurrondo guztiz ezaguna egin zen nazioartean. Infernuaren hurrena zen. 1996-97 arte bata bestearen atzetik etorri ziren sententziak. Euskal Herriko epaileek –batzuek, beti ere–, ikerketak bideratzen zituzten, prozesatzen zuten, kondenatzen zuten. Espainiako Gobernuak zer egiten zuen gero? Kondenak altxatu. Ez zegoen kondenarik. 90eko hamarkadaren amaieran, aldaketa: atxilotuak Intxaurrondon, Indautxun edo dena delako lekuan hartu beharrean, furgonetan sartu eta Madrilera ekartzen hasi ziren, ziztuan. Asmoa, ageriko denez, Madrilgo epaileek ikerketarik ez egitea.

Auzitegi Nazionaleko medikuek inoiz ez dute salaketarik jarri, Madrilgo Lurralde Auzitegikoek ere ez. Euskaldunak Donostian, Bilbon, Deban edo non edo han jarriko du salaketa. Epaitegiak Madrilera bidaliko du salaketaren oharra, Madrilek ez du onartuko, ika-mika sortuko da kasua nori dagokion erabaki ezinik eta, azkenean, epaileak ikertzea erabakita ere, urtea joan da, ez dago lesiorik, salbuespenak salbu. Instrukzio epaileak lan erraza du: Auzitegi Nazionaleko auzitegiko medikuak lesioen balorazioa egingo du; ordurako, epaitegiko medikuak ez du lesiorik ikusiko, ez du salaketa jartzeko argudiorik, eta, hortaz, zer ikertu behar du epaileak? Ezinezkoa.

Eta zirimola horretan, non da biktima, non Unai Romano bat?

2002an hartu zuten atxilo Unai Romano, eta hain zuzen, urte hartakoa da Espainiako Auzitegi Gorenak Euskal Herrian inor torturagatik kondenatu duen azkeneko urtea. Hor amaitu ziren kondenak. Eta ez dago beste ikerketarik –tortura kasu larriak tartean direla, behintzat–, Portu eta Sarasola atxilotu arte, Portu Donostiako ospitalean artatu behar izan zuten arte. Donostiako epailea da ikerketa agindu zuena, Donostiako auzitegiko medikua txostena egin zuena, Donostiako Audientziak jarri zuen kondena… Eta Auzitegi Gorena, Madrilen, akusatuak absolbitu zituena. Diskriminazio politika da, argi eta garbi. “Ekarri Madrilera!”, ikerketarik izan ez dadin, noski. Eta, bidean, zailtasunak jarri, epaileren batek ezer ikertu nahi baldin badu ere.

“Esperantzari leiho bat, zabaldu omen diote…” zen poetaren lan bat, aspaldian kantu egina. Itxaropen hitzak ez letozke gaizki…

Eta badira! Joan deneko hogei, hogeita hamar urtean gorabeherak izan dira, dudarik gabe. Azterketa historikoa eginez gero, aldaketak bizi izan ditugu. Nire ustez, gizarte zibilaren esku dago tortura amaitzea. Erakundeek ez dute lan hori egingo, ez fiskaltzak, ez demokrazia instituzionalak… Nahitaezko da giza eskubideen kontzientzia izatea, eta funtzionarioek ez dute horrelakorik. Eta ez naiz, besterik gabe, torturaz ari. Eskubide konstituzionalak dituzula esan eta funtzionarioak “Eta zertaz ari zara?”, botako dizu ziplo. Beste batzuetan, funtzionarioak ez daki tortura eta lesioa bereizten. Funtzionarioak ez daki, epaileak ez du nahi. Gizarte zibilak, nahi izan duenean, horretara jarri denean, lorpenak izan ditu. 80ko hamarkadan, 90ekoan, lorpenak izan ziren; kondenak, besteak beste. Gero, ez zen aurrerapenik egin. Bitartean, ordea, Estrasburgora jotzen ikasi genuen, nazioarteko instantzietara. Horrela, esaterako, estatuko erakundeen artean dugun “sinesgarritasun eza”, erabateko sinesgarritasuna da nazioartean, Audientzia Nazionalak esaten duena esaten duela ere. Gobernuak berak ere badaki egia esaten ari garela. Nazioarteak ere badaki. Horrek, jakina, min egiten dio Espainiako Gobernuari, haren izena zikintzen du, prestigioa galarazten… Tortura kasuak ikertu nahi duen epailerik baldin badago, Estrasburgok lagundu egingo dio, orobat Ginebrak. Horri zor zaio 2007tik hona lortu duguna, hau da, salaketa kopurua emendatzea, kondenak ere izatea. Neurritik behera gabiltza oraindik, baina gora ari gara, tantaka-tantaka bada ere. Lorpenak gorabehera, ezin gintezke lasaitu, lasaituz gero galdu dugu. Lan horretan, ezinbestekoa da gizarte zibilaren parte hartzea. Hura gabe ez dago ezer. Eta borroka irabazita dagoela uste badugu, galdu gara. Aurrera segitu behar dugu. Ongizate estatuak babesten gintuela uste zuen askok, baina ongizate estatuak merkatu legearen arabera jokatzen du, ez dago gu zaintzeko. Gizarte zibilak indar egin behar du, baina kontua da ez dugula aski indarrik. Saiatuz gero, lan eginez, lorpenak datoz. Ikusi dugu, zentro baten inguruan presioa egin izan denean –Intxaurrondo, kasu–, fruituak etorri dira. Intxaurrondo bera, esaterako, ez da itxi, baina aldaketak izan dira. Ez da lehengoa.

Nork dio?

Nork dio?
“Nork dio tortura dela osotasuna mantendu beharra, aurrean nuen gizaseme beltzaran bekozkodun indartsu batek ez nekizkien gauzez galdetuz eskuan zuen kateaz amorru biziz mahaian jotzen zuen bitartean?

Nork dio tortura dela neure pixa sentitzea izterretan behera behin eta berriz, eta berriz, eta berriz, galdetzen zidaten gauzei buruz ezer ez nekiela erantzuten nuen bitartean?

Nork dio tortura dela ziegan hiltzeko beldurra sentitzea, erabat zikin, urik ukitu ere egin gabe, bakardadean, zazpi egun luze iraun zuen kalbario hartan?

Bakeroak belaunetaraino pixaz eginda... Nola azaldu? Nola sentitzen da horrelako tratu txar fisiko eta psikikoak jasan ondoren, beldurra hezurretaraino sartuta eta arima zauriz beterik, bizitzan irauteko, jarraitzeko, moldatzeko, barkatzeko... betebeharra duena? Ongi pentsatuz, nori bururatuko zitzaion Madrilen (ukitu ere egin ez nindutenean) Estatuko Segurtasun Indarrengandik torturatua izan nintzela esatea?”

(Joxean Lasaren arreba Axun Lasaren lekukotasuna)
 

Inkomunikazioa, isolamendua, dispertsioa

“Zigortzeko moduak dira. Neurri horiek, presoa zigortzearekin batera, haren ingurua nola edo hala erasatea dute helburu, elkartasuna oztopatzea. Pertsona presoekiko elkartasun elkarteak, adibidez, presoei laguntzea beste helbururik ez du, pertsona haiek zergatik dauden preso kontuan hartzeke. Presoak kartzelan laguntza eskatzen du, eta elkarteak eman egiten die, bestelako azalpenik gabe. Hedabide askok, ohiko iturriek, kolektiboari ‘pro-etarra’ eta gainerako loreak bota dizkio, eta horrek beldurra dakar, ETAkoak pertsonak ez direlako esamesa zabaltzea, basa jendea dela eta abar. Elkarlana galarazi nahi du propaganda horrek. Presoen alde jarduteak, gaur egun, talde biolento bateko kide egiten zaitu. Andaluzian, Galizian… kalte handia egin du horrek. Betikoa: ingurukoa egiten zaituzte, edo ingurukoaren ingurukoa, edo ingurukoaren ingurukoaren ingurukoa, amaierarik ez duen katean.

 Horrekin presoari laguntza jasotzea galarazten diote –zigortzeko modu bat, finean– eta kolektiboa bera ere zauritzen dute, barne eztabaidak sortzen baitira eta, horrela, kolektiboaren indar apurra ika-mikak konpontzen urtzen da. Kolektiboa helburutik aldentzea dute xede esamesa horiek. Duela bi urte, Huelvako emakume haren kasua, ETAko preso baten senideak etxean hartu zituelako, ohea eman zielako. Bada, emakumea atxilotu zuten, gero libre utzi bazuten ere. Eta eskerrak eman behar gainera!”.

Pertsona presoak, pertsona

“Pertsona Presoekiko Elkartasuna taldeko kide ere banaiz. ‘Pertsona presoak’ esaten dugu guk, askok ez bezala. Batzuek, ‘presoak, internoak, giltzapetuak, indibiduoak, kondenatuak, exekutatuak…” eta gisako hitzak erabiltzen dituzte. Halatsu deitzen dituzte erakundeetan ere. Inoiz ez dute esaten ‘pertsona’, eta, hain zuzen, horixe dira, pertsona, gizakiak, preso baldin badira ere. M-15ekoen lehenbiziko manifestazioetan, Madrilen, ‘Pertsona gara, ez delikuente’ orroa zabaldu zen. Gure erreakzioa bat-batekoa izan zen: ‘Delinkuentea ere pertsona da, oker egin du, baina pertsona da, gizaki, hiritar. Inork ez du hari eskubide hori ukatzerik’. Zorionez, gogo onez onartu ziguten oharra, eta erraz zuzendu genuen. Pertsona, izan ere, inori minik handiena eginagatik ere, hurkoari gorriak ikusarazi arren, pertsona da, gaizkile, ez gaizkile, baina pertsona”.

Zorrotz lan egin

“Gogoan ditut Katalunian, mossos d’esquadrek zenbait polizi etxetan egindako gehiegikeriak. Gizarteak eskandalua eraginez gero, agintariek neurriak hartzen dituzte, eta, besteak beste, polizi etxeetako eraso kopurua txikitzea lortu ohi da. Katalunian bezala. Polizi-etxeetan erasoak gutxitu dira, kanpoan handitu, baina tira. Kartzela baten inguruan informazioa lortu dugunean, publikoa egin denean, aldatu egiten da egoera delako kartzelan, eraso kopurua gutxitzen da, funtzionarioak lekuz aldatzen dituzte, presondegiko egoera lasaiagoa, eramangarriagoa izatea lortzen da. Gizarte zibilaren lana, elkarteona, lasaitzen denean, gora jotzen dute berriz erasoek. Horixe da problema. Bestela, txostenek berehalako ondorioak izan ohi dituzte. Granadako (Espainia) kasua datorkit burura. Duela lauzpabost urte, jipoi beldurgarria eman zioten bertako udaltzainek hiritar bati. Bertako kolektiboek bat egin zuten, salaketa publikoa jarri zuten, eta, ondorioz, hiriko alkateak –poliziaren basakeria onartzeke, inor zigortu gabe ere–, hiriko polizia berrantolatzera behartu zuen. Giza eskubideen inguruko ikastaroa ere eman zien. Ondorioz, garai hartan poliziaren erasokortasuna apaldu egin zen. Egia ere da, atzera gora egin zuela. Horrela da. Lan egitea dagokigu, zorrotz lan egitea. Nik esatera, horixe da inportanteena, zorrotz lan eginez lortzen dira gauzak”.
 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Tortura
Torturaren biktimak existitzen dira. Eta egileak?

Nazio Batuek abenduaren 10ean Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna aldarrikatu zutenetik 51. urteurrena bete da aurten. Data horrek garrantzia hartu du Euskal Herrian eta Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokitik gogoetarako zenbait elementu eskaini nahi ditugu.

Nazioarteko... [+]


2024-11-28 | Irutxuloko Hitza
Mikel Zabalzaren omenezko plaka jarriko du Donostiako udalak larunbatean, Intxaurrondoko kuartelaren aurrean

Donostiako Udalak Mikel Zabalza Garateren (1952-1985) omenezko plaka bat jarriko du larunbat honetan (hilak 30), Guardia Zibilaren Intxaurrondoko kuartelaren aurrean (Baratzategi kalea, 35). Guardia Zibilak gaurko egunez atxilotu zuen Zabalza, 1985ean, Altzako bere etxean... [+]


2024-11-27 | Mati Iturralde
Gogoan ditut

2006. urtean, Baltasar Garzonek, orduko epaile izarrak, errebelazio moduko bat izan zuen, eta jardunbide bat idatzi zuen, terrorismoagatik inkomunikatutako atxilotuen eskubideak bermatzeko. Epaile berak ehunka atxilotu inkomunikatu pasatzen ikusi zituen bere aretotik, horietako... [+]


2024-11-13 | Julene Flamarique
Errekonozimendurako bidean
Torturari buruzko III. Nazioarteko Konferentzia iragarri du Nafarroako Torturatuen Sareak

Nafarroan torturatutako ia mila pertsonaren errealitatea eraldatzen hasi berri dela azaldu du antolakuntzak. Nafarroako torturaren biktimen lehen aitortza ofiziala aurtengo apirilean egin zen, eta oraingoa antzeko prozesuetatik igaro diren beste torturatuekin eta gaian aditu... [+]


ANALISIA | Urriak 12
Torturatuak: ausart edo aske?

“Gaur eguerdiko albistegian, zuen hiriburuko alkatea ikusiko duzue, torturatu gintuen gorputz militarrari hiriko plaza nagusia eskaintzen. Gaur eguerdiko albistegian, gure lagun eta senideak hil zituen egitura ikusiko duzue gure kaleetan desfilatzen. Eta guk, beste egun... [+]


ANALISIA |
Torturatuak: ausart edo aske?

“Gaur eguerdiko albistegian, zuen hiriburuko alkatea ikusiko duzue, torturatu gintuen gorputz militarrari hiriko plaza nagusia eskaintzen. Gaur eguerdiko albistegian, gure lagun eta senideak hil zituen egitura ikusiko duzue gure kaleetan desfilatzen. Eta guk, beste egun... [+]


KRONIKA | URRIAK 12, GASTEIZ
Guardia Zibilaren terrorearen apologia, plaza erdi huts batean

Orain 180 urte sortu zenetik lehen aldiz, kuarteletik kanpo eta Gasteizko erdigunean ospatu du Guardia Zibilak bere patroiaren eta hispanitatearen eguna. Bertan izan dira Gasteizko alkate Maider Etxebarria, Espainiako Gobernuko ordezkari Marisol Garmendia, Gasteizko gotzaina eta... [+]


2024-10-09 | ARGIA
Zabalza auzia ez desklasifikatzeko, “segurtasun nazionala” argudiatu du Espainiako Justizia ministroak

Felix Bolaños Espainiako Justizia ministroak esan du gardentasuna dagoela segurtasun nazionalaren menpe, eta behin eta berriz hala nabarmendu du, Mikel Zabalzaren heriotzaren inguruko auzia ez desklasifikatzeko. Auziaren eta segurtasun nazionalaren arteko lotura, baina,... [+]


Estatuaren biktimen aitortzarako pauso gehiago emateko eskatu dio Egiari Zorrek Jaurlaritzari

Xabier Kalparsoro eta Gurutze Iantzi Espainiako polizien eta guardia zibilen eskuetan hil zituztela 31 urte igaro direnean, Egiari Zor fundazioak ekitaldia egin du Urnietan. Eusko Jaurlaritzari eskatu dio berriz ere ireki dezala epe bat estatuaren biktimak aitortzeko eskaerak... [+]


Iturbide, Jiménez eta Azkona estatuaren biktima gisa aitortu ditu Nafarroako Gobernuak

Foru Gobernuak aitortu du motibazio politikoko biktimak direla hirurak. Hiru aitortza berri horiekin dagoeneko 36 pertsonari estuaren biktima izatea ofizialki aitortu die gobernuak.


Israelgo armadak sendagile palestinarrak torturatu izana salatu du Human Rights Watch erakundeak

Israelek Gazan atxiloturiko zortzi osasun-langileren eta beste zazpi lekukoren testigantzetan oinarritzen da Human Rights Watch gobernuz kanpoko erakundearen txostena. Nazioarteko Zigor Auzitegiak egoera aztertzea nahi du GKEk. Gazako Osasun Ministerioaren datuen arabera,... [+]


2024-06-28 | Ahotsa.info
Sakanan torturak utzitako aztarna aitortzeko beste urrats bat eman dute ‘Arg(h)itzen’ dokumentalarekin

Altsasuko Iortia Kultur Guneko Areto Nagusiaren harmailak jendez beteta zeudela egin da asteazkenean Arg(h)itzen dokumentalaren estreinaldiko emanaldia. Torturak Sakanan utzi duen aztarnaren kontakizuna da film hau, eta egun aproposa aukeratu dute lehen aldiz publikoki... [+]


Nafarroako Gobernuak 2005-2011 aldian torturatutako herritarrak onartu ditu biktima gisa

Nafarroako Torturatuen Sareak jakinarazi du hemeretzi biktima berri onartu dituela Nafarroako Gobernuko Aitortza eta Erreparaziorako Batzordeak, horietariko bost 2005-2011 urte artean torturatu zituzten Mikeldi Diez, Iker Aristu, Oihan Ataun, Garbiñe Urra eta Mikel... [+]


Tortura sistematikoa salatu dute Sde Teiman izeneko Israelen atxiloketa eremuan

Presoak lotuak dituzte etengabe, pixoihalak jantzita eta jipoiak jasotzen. Hamaseko kideak diren susmopean ehunka pertsona bahituak dituzte sionistek, The Guardianen iturrien arabera.


Eguneraketa berriak daude