Futabako alkatea: "Jendeak sakrifikatu zaizkie nuklearrei"

  • Oraindik alkate den Futaba herritik urrun bizi da Katsutaka Idogawa Tokioko ikastetxe batean aterpeturik 500 erkiderekin batera. Berlingo zinemaldian aurkeztu duten Nuclear Nation. The Fukushima refugiees story filmaren protagonistetako bat da. Fukushimako hondamendi nuklearraren biktimak ez ahazteko erregutzen du.

Orain arte 573 pertsona hil dira Fukushimako hondamendi nuklearraren eraginez. Mendebaldeko prentsak aipatu ez duen arren, Yomiuri Shimbun egunkariak plazaratu du Fukushima inguruko 13 udalerrik emandako datua. Gehienak zahar eta gaixo kronikoak ziren, le
Orain arte 573 pertsona hil dira Fukushimako hondamendi nuklearraren eraginez. Mendebaldeko prentsak aipatu ez duen arren, Yomiuri Shimbun egunkariak plazaratu du Fukushima inguruko 13 udalerrik emandako datua. Gehienak zahar eta gaixo kronikoak ziren, lekualdatzeak akabatu dituenak. Argazkia Janick Magnek Le Monde egunkariko bere blogean "Fukushima: l"™enfer d"™un accident nucleaire" artikuluarekin batera eskaini du: Tokioko Kazo auzuneko ikastetxean aterpetutako gizon bat, Futaba herrikoa, 80 urte; urrunean emaztea ageri da. Urtebete daramaten arren probisionaltasunean, puskak txukun ordenatuta dauzkate, duintasun handiz. Sekula ezingo dira itzuli sorlekura, ez bada ordu laburreko bidaia baimenduetan. Etxegabetuotako asko hasiak dira erradiazioen ondorioak nozitzen osasunean, oraingoz gehienek sudurreko odol isuriak.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Herriko zentral nuklearra lehertu ez balitz 2011ko martxoaren 11n, inork ez zion kasurik egingo Futabako (Fukushima probintzia, Japonia) auzapezari. Nor arduratuko zen 6.400 biztanleko herrixka batez, ez bazen hango hondartzak ezagutzen zituenen bat? Fukushimako zentralaren hondamendiak Japonia osoan sakabanatu dituen iheslariez Nuclear Nation. The Fukushima refugiees story estreinatzera Berlinera konbidatu dutenean, ordea, lekukotasun samin bat bideoz Interneten utzi beste modurik ez du izan.

Idatziz haren lekukotasuna Janick Magnek bildu du Le Monde egunkariaren blogetako batean, Fukushima: l’enfer d’un accident nucleaire (Fukushima: istripu nuklear bat infernua da) sarreran. Magnek 33 urte daramatza Japonian irakasle, 2012ko frantses hauteskundeetan atzerritarren hautes-eremuan hautagai aurkeztu zen Europe Ecologie taldearekin.

Magnek Idogawa alkatea otsailaren 12an bisitatu du. Futabako 1.300 herrikiderekin sartu zen Tokioko Kazo auzoko institutu batean, orain 500 inguru geratzen dira. Futabatarren alkate jarraitzen duenez, bisitariei berak egiten die harrera, kontatuz 12 hilabeteotan ikusi eta ikasitakoak.

2011ko martxoaren 12an itsumustuan egin zuten ebakuazioa. Nora joan nola erabaki? Udaletxe aurreko bandera batean haizearen norabideari begiratu eta kontrako bidetik abiatu. Ahal zuenak bere autoan. Gaixo eta zaharrak parkingean autobusaren zain zeudela lehertu zen 1. erreaktorea. Irradiazioa gainera erori zitzaien turbinaren isolatzaile zatiekin, “elurra ari balu bezala” dio Idogawak, “orduan jabetu ginen gureak egin zuela”.

Tsunamiak bizirik utzitako futabatarrak Japonia osoan barreiatu dira. Tokioko Kazo ikastetxean hasieran %20 inguru, gero urritzen joan direnak. Haurrak zituzten familia guztiek egin dute alde, zaila da gune hau umeentzako. Zaharrek hobeto daramate.
Gela batean sei bikote daude, lurrean tatamiak zabalduta, arropa eta puska bakanak agerian txukun antolatuta, dena denen agerian. Txoko diskretu bakarra, ate ondoko kartoizko kabina, janzkiz aldatzeko. Egunero bi otordu hotz, 10 hilabetetan berorik ez dute probatu, ez bada te berdea. Fruiturik ez da iristen. Bainu prefabrikatu batzuk ipini berriak dizkiete patioan.

Telebista beste entretenigarririk ez da. Asperdura nagusi. Lanen bat aurkitu duen asko oraindik bertara dagor lotara. Egunero ordu jakinean banatzen zaizkie Japonia osotik iritsitako paketeak.

TEPCOk kalte-ordain gisa familiako 10.000 euro eman dizkie, gobernuak beste 3.000. Gauza pittina Japonian bizitzea kosta denerako. Askoz kopuru handiagoak agindu ditu Gobernuak, esan gabe noizko izango diren. Diru-laguntzak eskatzeko formularioak luze eta konplikatuak dira. Bestalde, nondik atera kalteak demostratzeko eskatzen diren frogak, ia dena galdu denean eta etxean sartzerik ez? Baserritar batek nekez amestu dezake noizbait beste nonbait etxaldea eskuratzea.

“Erosi egin gaituzte”

Karrikan edonork neguan dauzkan osasun arazoez gain (gripea, gastroenteritisa...) Kazoko aterpean askori sudurretik odola dario. Futabako alkateari ere bai. Honek aitortu ez arren Magnek jakin du burukoak ez beste bilo guztiak galdu dituela. Erradiazioen sintomak dira. Potasio iodurorik ez zieten eskaini. Ihesi joandako haur askok dagoenekoz tiroideak puztuta dauzkate, laster azalduko dira kantzerrak.

Alkatea kexu da ez dietelako egiten mediku-ikerketa osorik. Hurbildu diren kazetariei esana die, baina ez dute inon publikatzen gero. “Dena antolatuta dago japoniarrak ezjakinean edukitzeko”.

Ezer gabe geratu dira aterpetuak, ezin izan dute soinean zutena besterik ekarri. Iragana ostu diete, bizimodua. Denek ez dute gainditzen. Badira depresioak, batzuk alkoholari eman diote, beste batzuek pachinko txanpon-makinei, asko egoskortu egin dira, beti eskean kexu. “Gizakiak aberearen joerak hartzen ditu muturreko egoeretan. Hau gerra bat bezalakoa da. Hau gerra da! Denek ez dute soportatzen”.

Alkateak betidanik zekien zentral nuklearrak arriskutsuak direla. Gaztetan aritua zen iturgin bati laguntzen Fukushimakoan. Futabako 1.000 biztanle enplegatzen zituen TEPCOk, batzuek egunean ordu betez baizik ez aritzeko lanean, zerbaiten arriskua egongo zen.

Zentral nuklearrak behar zituen lursailak erosteko urrea pagatzen zuen TEPCOk. Alkatea damu da gaur: “Dirutan ito gaituzte. Futabara joan behar duzunez, ikusi hango herriko etxea zein handia den 7.000 herritarrentzako. Ametsetan bizi izan gara. Bagenekien arriskutsua zela, baina erosi egin gaituzte. Gure etorkizuna saldu dugu...”.

Hondakin erradiaktiboekin dago orain kezkatuta Idogawa. Tokioko gobernuak Japoniako 47 probintziei eskatu die onartzeko lur eta bestelako gai erradiaziodunak, eta kutsadura erradiaktiboa herrialde osoan barreiatzeari errore handia deritzo alkateak. Baina beste irtenbidea ere gogorra da: eremu debekatua erabiltzea, tartean Futaba bera, alde guztietako hondakin kutsatuak pilatzeko. Hori onartzea latza litzateke: “Lobby nuklearraren aurrean amore ematen ari garela ulertuko luke askok”.

TEPCOk eta oro har energia nuklearretik bizi diren konpainiek edozertarako ahalmena dute. Japonian nuklearrek deklaratu dute haiek barreiatutako kutsadura berena ez dela, gainera erori zaienena baizik. Magne frantsesak komentatu dio Frantziako multinazional nuklear nagusi den AREVAk pagatu zuela uztailaren 14ko festa Fukushima inguruko Koriyaman- “Publizitatea –dio Idogawak–, batzuei nuklearrek hainbeste diru damaienez dena ondo doala irudikatu nahi dute, istripu nuklear bat kudeatu daitekeela. Baina gezurra da”.

Alkatearen azken mezua Le Mondeko blogariarentzako: “Mintza zaitezte gutaz, esan zer ari zaigun gertatzen. Esan zein eskandalagarria den herriak eta jendeak sakrifikatzea nuklearraren izenean. Esan munduari ingurumena zaindu behar dela. Kutsadura erradioaktiboa naturan barreiatzea, Japoniako gobernua egiten ari dena, hori geldiarazi beharra dago. Bestela planeta osoa kutsatuko dugu!”.

Otsailaren 18an, Manami izeneko ikasle baten familiarekin joan da Janick Magne Futaba ikustera, baimen bereziz. Herri fantasma aurkitu du. Manamiren izebak esango dio: “Ez nuen sekula pentsatuko hain pobre izatera iristerik. Ezer gabe geratu gara”. Senarra TEPCOn ari zaio. Irabazten dutenarekin oraindik pagatzen ari dira sekula bizileku izango ez duten etxe kutsatua.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Fukushimako istripua
Fukushimako urak isurtzeak ez duela arrisku esanguratsurik adierazi dute aditu batzuek

Erradiazio eta segurtasun nuklearreko adituek adierazi dutenez, Fukushima Daiichiko instalazio nuklearretik isurtzen ari diren ur erradioaktiboa ez da mehatxu esanguratsua, ez itsasoko bizidunentzat, ezta pertsonentzat ere. Hala adierazi dute Science aldizkarian argitaratutako... [+]


Fukushima: istripua iraganean, kalteak bizi-bizirik eta soluzioak oraindik aurkitzeke

Halabeharrez hasi dira agorrilaren 24an Fukushimako zentraleko urak itsasora jaurtikitzen; ur kontaminatuak metatzeko zisternen %97 beteak dituztelako eta etenik gabe gehitzen zaielako ura –egunero 140 tona–. Ur "deskutsatuak" izanik ere, herritarrek... [+]


2023-08-23 | Ilargi Manzanares
Hasi dira Fukushimako ur kutsatuak itsasora isurtzen

Japoniako Gobernuaren erabakiak protestak eragin ditu herrialdean, eta besteak beste, Txinak kritikatu egin du erabakia. 2011 urteko istripu nuklearraren ondorioak oraindik pairatzen dira.


Fukushimako ur erradioaktiboa itsasora jaurtitzen hasiko da Japonia, arrantzaleen eta ekologisten protesta artean

Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziaren txosten batek oniritzia eman dio Japoniari, 2011ko hondamenditik Fukushimako zentral nuklearra hozteko erabilitako ur kutsatua itsasoan zabal dezan. Duela bi urte iragarri zuen 1,25 milioi tona ur baino gehiago itsasora botatzeko plana... [+]


2021-04-13 | ARGIA
Fukushimako ur kutsatua itsasora botatzea onartu du Japoniako Gobernuak

Apirilaren 13an Japoniako Gobernuak erabaki du Itsaso Barera isuriko duela 2011n Fukushiman istripua izan zuen zentral nuklearrean pilatutako ur erradiaktiboa. Bi urte iraungo du operazio honek. Egun kutsatuak diren eta itsasora isuriko diren 1,25 milioi tona ur hauek... [+]


“Erradionegazionismoa” ala erresilientzia: Fukushima bizigarri bihurtzeko taktikak

Duela hamar urte gertatu zen ezbeharra, Japoniako Fukushimako Daiichi zentral nuklearrean istripua, 2011ko martxoaren 11ko tsunamiak eragindakoa. 1986ko Txernobylgo istripua eta gero, larritasun hein berekoa errepikatu zen 25 urte berantago. Hamarkada pasa da, eta dirudienez... [+]


2021-03-11 | ARGIA
Fukushima 2011-2021: Japoniako herri mugimenduek zabaldu nahi dituzten 10 ikasgai nagusiak

Martxoaren 11 honetan betetzen dira 10 urte justu Fukushimako Daiichi zentral atomikoaren lau erreaktoreak matxuratu zirenetik, lehenik lurrikarak eta ondoren maremotoak astinduta. Istripu hartatik eta geroztik –eta urte luzeetarako– laga dituen ondorioetatik... [+]


2020-10-16 | Axier Lopez
Fukushiman kutsatutako milioi bat tona ur itsasora botako du Japoniako Gobernuak

Japoniako Gobernuak Fukushima Daiichi zentral nuklearretik milioi bat tona ur kutsatu askatzea erabaki duela jakitera eman dute. 2011n istripua gertatu zenetik kutsatutako ura biltegietan jasotzen aritu dira eta arazo larri bilakatu da.


Fukushimako ur kutsatua Ozeano Barean isuri nahi du Japoniako Gobernuak 2022tik aurrera

Ura metatzen ari da erreaktoreetan 2011ko hondamendiaz geroztik, eta lekurik gabe geratzen ari direla esan du Japoniako Ingurumen ministroak.


Fukushimako haurrek ere badute ‘Ingurumen Gunea’, kutsadura zein polita den ikasteko

Ingurumenaren Sormen Gunea deitzen da eta bertan Fukushima probintziako haurrek ikasten dute nola bizi den gizakia irradiazioen artean betidanik. Antzeko erakusketa gehiago badira, eskualdeko bezala Japoniako gobernuek antolatuak. Diote agintariek fukushimatarrek desdramatizatu... [+]


2019-03-11 | ARGIA
Fukushimako hondamendiaren 8. urteurrena: TEPCOk erreaktoreen irudi berriak erakutsi ditu (bideoak)

Martxoaren 11n betetzen dira zortzi urte Japoniako Fukushiman gertatu zenetik historiako istripu nuklearrik larrienetakoa. Iaz, 2018an, eskaini bazituen lau erreaktoreetatik matxuratuena omen dagoen bigarrenaren lehen irudiak, aurten robota bertan sartzea lortuta berriak eskaini... [+]


Eguneraketa berriak daude