Gurean, quilombo hitza entzutean, guztiek pentsatuko dute gutxi-asko iskanbilaz ari garela. Baina quilomboak ihes egindako esklabo beltzek oihanean sortutako errepublika libreak ditugu. Ez da kasualitatea, beraz, Norte Apache taldearen azkeneko diskoak izen bera eroatea, diskoa bera askatasun aldarrikapenez eraikitako errepublika delako.
Gauzatzen doa duela urte gutxi ezinezkoa zirudiena: euskara eta rapa uztartzea. Han-hemenka, asko ziren errimak egiten zituztenak. “Nire kabuz hasi nintzen euskaraz rapeatzen”, dio Norte Apacheko abeslariak, Raycok. Horretan zebilela bera bezalakoak ezagutzeko parada izan zuen. “Gaizka eta biok rapeatzen arituak ginen, elkarren berririk izan gabe. Halako batean, behin elkar ezagututa, indarrak batu genituen eta Aritz Sound Systemekin kontzertuak ematen hasi ginen; tartean, Endika (121 Krew) be bazegoen”. 2007an izan zen hura: haiek ziren egun Norte Apache izenpean ezaguna dugun proiektuaren hastapenak. Denbora tarte txikian aldaketak izan zituen taldeak: “Elkarrekin hainbat urte eman eta gero, Gaizkak alde egin zuen eta Aitor etorri zen, DJ moduan, baita Ibon ere MC lanetan. Harrez geroztik, orekari eutsi diogu kontzertuetan-eta”. Taldekide berriak ailegatuta, urte eta erdian 50 kontzertu baino gehiago ematea lortu zuten eta bien bitartean, zuzenekoa borobiltzen zihoazen. Hesiaren bestaldean (2009) taldearen aurreneko diskoa dugu. Urtebete geroago, Parisen zuzenean grabatutako beste bat kaleratu zuten, Mamarigako Kultur Etxearen 20. urteurrena ospatzeko egina.
Txoko kuttuna dute Kultur Etxea eta bertan izan dugu solasaldia. “Gaztetxeetan hasiak gara, horiek dira ezagutzen ditugun tokiak, egoten garen tokiak”, dio Aitorrek. “Ez dakit rapa egiteko zirkuiturik ote dagoen, baina guk horrelako lekuetan egiten ditugu agerraldi gehienak, gazte asanbladen ospakizunetan, esaterako. Agian, antzoki gehiago bisitatu beharko genuke”. Datozen hilabeteetara begira, hainbat jaialdi dituzte, Euskal Herri osoan sakabanatuta: Arrasate, Altsasu, Miarritze…
Iaz, oso kritika onak jaso dituen disko berria erditu zuten: Quilombo (Musikherria). Ibonek azaldu du beren lan egiteko modua: “Ez gara ohiko taldea eta azken disko hau be horrelakoa da. Produktore gutxi dago gurean, daudenek lan asko dutela eta baseekin nahiko arazo izan genuen. Baina Iker Eskurzak (E-you estudioak) base propioak egin dizkigu. Lan honen mamia eta freskotasuna Ikerrek jarri ditu. Bestalde, Raycok idazten ditu hitzak eta Aitorrek scratchak egiten ditu”. Disko batean lehenbizi baseak sortzea izaten da normalena, Raycok azaldu duenez: “Baseak eginda produktorearekin hitz egiten da bere ideiak erakusteko; berarekin ere lantzen da egitura: estribilloa, zenbateko sarrerak, zenbateko rap zatiak eta, aurrerago, idazteari ekiten zaio”. Dena den, Quilombon ez dute mekanika hori jarraitu beti. “Alderantziz egin dugu zenbait baserekin. Bagenuen estruktura xume bat eginda eta Ikerrek gure hitzen eta egituren arabera egin ditu baseak”.
Bilboko Ezkerraldea denbora askoan izan zen punkaren euskal gotorlekuetako bat. Han sortu dira, besteak beste, Eskorbuto, Distorsion, Zarama edota Subversion X. Egun, badirudi egiak kantatzerakoan, hitz politikoak eta aldarrikapenak kaleratzerakoan rapak berea egin duela punkien behar hori: “Gaizka, rap mundutik kanpo bada ere, Santurtzikoa da, Aitor bezala. Ibon Sestaokoa eta Endikaren 121 Krew barakaldarrak. Neu naiz bilbotar bakarra”, dio Raycok; “bitxia da, bestalde, hau dena euskaraz eta Ezkerraldean egitea, batere euskalduna izateko osperik ez duen zonalde batean. Behintzat, hori dugu askoren iritzia”. Lehen bezala, kantetan gazteen arazoak eta gaztetxeak, errepresioa eta inposatutako azpiegitura erraldoiak dituzte hizpide, baita herri indigenak ere. Taldearen izenetik hasita, etengabekoak dira indigenen gainean egiten dituzten aipamenak. Unibertso indigena propioa sortu dute, antza. Quilomboa, ghettoak, Ezkerraldea. “Gure herria, gure kultura indioak bagina lez ikusten ditugu; bakeroen kontra eutsi egiten diogu gureari, gure izaerari. Geu ere indigenak gara”, adierazi du Raycok. Maputxeak. Nikaragua sandinista. Nire aitaren etxea defendituko dut. Bukowski eta Silvio Rodríguez; Hertzainak eta Kortatu; lepoan hartu ta segi aurrera. Askotarikoak Ezkerraldeko apatxeen bidaideak; Norte Apacheko biztanleak: “Kantetan gogoko ditugun taldeen hainbat bertso eta ideia erabiltzen ditugu, ‘ez dira betiko garai onenak’, kasu. Egiten diegun omenalditxoa izateaz gain, rapa jendearengana eramateko ere balio du. Badira jende askorentzako erreferentziak eta rapak belarrira jo dezan ere balio du”, dio Ibonek. Gabriel Aresti ere tartean dugu: “Jakin-mina sortzen didaten kontuak gogoko ditut; Arestirena, esaterako. Gaztetan ezagutu eta hunkitu ninduen poema da, bat nator esaten duenarekin”, gehitu du.
Diskoak ere zenbait bisitari indigena izan ditu. 121 Krewko Endikak, Miren Amurizak, Zea Mayseko Aiora Renteriak eta Iñaki Imaz Pitik, Iker Fernandezek eta Iker Eskurzak hartu dute parte. Kontzertuak ez ezik, beste etorkizuneko planik ere badutela argi dago: jendea rapera hurbilarazi, rapa egitera animatu, euskaraz rapeatzen dutenen arteko elkartasuna bultzatu, beren lana sendotu. “Pixkanaka, kontzertuetarako seriotasuna eskatzen dugu; eskatu baita eskaini ere. Serio har gaitzatela nahi dugu; eta hartzen gaituzte serio, antza. Eskertzekoa da oso. Hau gure lana da, gure ardura gero eta handiagoa da, ez da hobby bat”, dio Raycok. Barreia dadila Ezkerraldeko Apatxeen irrintzia eta gero eta handigoa egin dadila euskal quilomboa.
Aurkezpena baino bi ordu lehenago heldu da lan talde jendetsua dena muntatzera. “Baina, aber, tipo bat da rapeatzen eta DJ bat bere atzean-edo eta listo, ez? Zer muntatu behar dute hemen ba?” pentsatu du nire garun batzuetan erabat osatu gabeak. “Amets, ixo... [+]
Ningra da bere izen artistikoa. Raplaria da eta atera berri du Hazia bere lehen bideoklipa, Enbor taldearen eskutik. Kontzerturen batean ikusten baduzue, mundua bide onetik doan seinale.
Arratsaldeko 19:00ak besterik ez dira, baina iluntasuna kaleetan zehar sartu da. Urtarrileko gau hotzen berotasun aterpe bilakatu da Gasteizko Gaztetxea. Foku gorriak piztu eta oholtza ketu da, barra inguruak garagardo botilatxoz bete diren heinean. Hip-hop kulturan murgildu,... [+]
Gangsterrak, drogak eta mafiak eguneroko kontua dira Arrano Pertxaren eta Lengu Ilunaren unibertsoan. “Zipaio” hitza existitzen ez den Euskal Herri independentetik ari dira abesten: “Kostaldeko nafarrak halakoak gara, jokozale drogazale beti kriminalak”... [+]
Arrano Pertxa eta Lengu Iluna rap taldeak Bilborock aretoan joko du gaur Aste Nagusiaren barruan. Gangsta raparen kodeak Euskal Herrira ekarri ditu bikote honek.
Haurrak. Gazteak. Asko. Nonahi. Oraindik hain zaharra ez zarela uste baduzu –30 urteak ondo beteta dauzkagun askori pasatzen zaigu, “30ak dira 20 berriak” eta antzeko milongak saldu dizkigutenetik–, konbentzitu zaitez: bai, dinosauro bat zara ikasleen... [+]
Bonberenearen inguruan sortu eta hazitako taldeak Kalima disko bikoitza aurkeztu berri du, orain arteko lan borobil, ilun eta osatuena. Era berean, munduaren ikuskera ilundu zaio taldeari eta askoz hitz oldarkorragoak idatzi dituzte. Hazi egin da taldea zentzu guztietan eta,... [+]
“Haur txiro baten bizitzak, klase ertain edo klase akomodatu bateko beste batenak adina balio du”. Buenos Airesko poliziak 16 urteko Luciano Arruga anaia bahitu eta hil zion Vanesa Orietaren hitzek irekitzen dute Norte Apacheren Juanito Laguna azken diskoa. Hego... [+]
Iruñeko Katakraken ikastaroa antolatu dute musika beltzaren inguruan. Izen emateko epea zabalik da.
Euskal hip hoparen urtea izango ote da 2015a azkenik? Eskaintza falta delako behintzat ez da izango, “euskaraz ez dago rap diskorik” esatea aspalditik debekatuta dago. Aurten publikatu diren bi diskok eta argitaratzear den beste batek merezi dute entzunaldia.
Batzuen artean : Bi herri, irrintzi bat.
Musikherria
Iraupena : 59´30´´
Prezioa : 5€