El Salvador-eko FMLN erakundean hurbildu zen Morena Herrera feminismora. Emakumeek gerrillaren barne egituretan ukan esperientziez baliaturik, eraldatze iraultzaileak aurrera jarrai zezaten bitartekoak lantzen segitzen du geroztik, udal arloan besteak beste. Suchitoto herrian, lekuko garapenaren aldeko Colectiva Feministan dihardu gaur egun.
San Salvador hiriburutik Suchitotora doan autobusean, gidariaren eserlekuaren ondoan erantsi kartelak bidaiaria abisatzen du: “Garraiobide honetan ez da emakumeen kontrako biolentziarik onartzen”. 2004an Cuscatlán probintziako udal gobernuek bultzatu ikuspen kanpaina bateko afixa da. Herrira heltzean, gisa bereko beste mezuak irakur daitezke etxeetako paretetan eta plazetan.
“Ez dira berme zigiluak, konpromisoarenak baizik. Segurtasun pertzepzioa emendatzen dute” azaldu digu Morena Herrerak. Pájaro flor jatetxe autogestionatuaren bileran dago, bere etxeko patioan, urteko balantze ekonomikoan murgildurik. Casa Municipal de la Mujer egoitzaren baitan kokatzen da emazteek osoki kudeatu jatetxe hau. “Oinak lurrean ezartzen dizkidate holako bilkurek. Gauza praktikoak konpondu behar dira, erabaki zehatzak hartu”. Genero berdintasunerako udal politiken antzeko zereginak, funtsean. “Gobernu zentralarekin zailagoa da aitzinamenduak gauzatzea, baina badira eragiteko eta aldaketa nabarmenak obratzeko beste maila batzuk. Hau da gaur egun nire lan esparru nagusia”.
Herrerari feminismoaren arloan noiztik eta non dabilen galdetuz gero, erakundeen zerrenda amaigabea listatzen dizu. Gerla urteetan suspertu zitzaion emakumeen eskubideen alde aritzeko gogoa. “Pertsonaltzat jotzen nituen arazo asko ezaugarri globaleko harreman sistema baten barne zirela konturatu nintzen orduan. Emazteek munduko jendarteetan bizi dugun posizio soziala, esate baterako. Geroztik argi dut: injustiziaren kontra ekiteko merezi duten kausa ugari egonik ere, emazteen gehiengoarekin gertatzen dena da niretzat injustizia esanguratsuena; gainera nire historia propioarekin konektatzen du”. Egoera horiek errotik aldatzeko bideak bilatzen dabil geroztik. El Salvador-eko Gobernuaren eta FMLNren arteko 1992ko bake akordioen atarian, Las Dignas izeneko kolektiboan sartu zen buru-belarri, hamar urtez bertako koordinatzaile. “Zapalketa sexista era erradikalean zalantzan jarri zuen talde honek, baita El Salvador osoan erreferentzia bilakatu ere. Pixkanaka zeregin instituzionalagoetara lerratu ginen”. Horrek Gobernuarekin emakumeen eskubide gaietan jarduteko parada eman zion, eta Herrera El Salvador-eko Emakumearen Institutuko zuzendaritza batzordera pasa zen. Esperientzia horrek ez zuen emaitza nabaririk ekarri. Hortik jalgi zaio lokalki aritzeko bokazioa, “argazki gutxiago eta politika eraginkor gehiago” sustatu nahian.
Cuscatlán probintzia da El Salvador-en udalerri bidezkoagoak eta demokratikoagoak eraikitzeko ardura hartu zuen lehena. Emakumeen beharrei eta interesei dagozkien arretak hobetzeko, gaitasunak sendotzea izan zen lehen neurria. “2003an Gasteizen iragan jardunaldi batzuen harira, Euskal Funtsa erakundearen laguntzari esker, prozesu hau lurralde bakar batean sortzea erabaki genuen, zer modutan funtzionatuko zuen ikuskatzeko. Emakumeen aldeko ekintza positiboen diseinatzeko udal unitateak sortu genituen. Hasieran FMLNko alkatetza zuten herriek baino ez zuten parte hartu. Gaur egun, hamasei dira mekanismo horiek sustatzen dituzten herriak”.
Gauza bat legitimitate instituzionala eta baliabideak lortzea da. Bestea, horren martxan ezarri eta iraunaraztea. “Deus ez da itzulezina. Beti mailukatzen egon behar duzu”. Mugimendu sozialak konfrontaziotik kudeaketara pasatzeak harentzat zer suposatzen duen azaldu digu: “Kalean borrokatzeko eskubidea inoiz ez da bazterrera utzi behar. Agintariekin lanean hasten zarelarik, orekari-alanbre baten gainean zaude, gaur negoziatzen, bihar protestan. Baina nire ustez, mugimenduak esparruak konkistatuz indartu egiten dira, espazio instituzionalari ere lekua irekiz. Eta orduan gauza berri ugari dira gertatzen. Hobekuntzak puztu gabe, aldaketa garbia sentitzen da jendeen baitan. Emakumeek eskubideak dituztela dakite orain, subjektuak direla”. Bortxaketa kopuruen inguruko datuak hartzen ditu adibide. “Biolentzia oso hedatua dago, baina ez bada horren erregistratzeko zerbitzu publiko berezirik, isildurik gelditzen da. Suchitoton, 2010ean, komisarian lau kasu baizik ez ziren erregistratu. Poliziarekin hitzarmena gauzatu genuen ongi genekielako zenbaki hori errealitatetik oso behera zegoela. Polizia etxean, salaketa eta arreta bulegoak ateak ireki zituen handik denbora gutxira. Miseriarik gabe aritzea erabaki genuen, horretarako baliabide eta eskumen legalak erabiliz. Poliziek trebakuntza ikastaroa jaso zuten eta harrera bulegoa polizia etxearen sarreran instalatu zen, denen agerian. 2011ko ekainean, 46 kasu berri zeuden mahai gainean. Horrek, emakumeak entzunak eta sostengatuak diren kanal publikoa egonez gero zer emaitza lor daitezkeen ikusteko aukera ematen dizu”.
Biolentzia, segurtasuna, osasuna, aisia… Beste tokietan eragin nahiko luke Herrerak, elkarte anitzen bitartez. Karibe eta Latinoamerikako emakume eta habitat sareko partaidea ere bada. Bertan, espazio publikoak eta planifikazio urbanoak nola antolatu hausnartzen dute, diskriminaziorik eta arriskurik gabe biztanle guztiek osoki erabili ditzaten. Kaleen argitze sistemak galdeginez, besteak beste, gauez lasaiago ibiltzeko. Edo kirol guneen erabilpenak: “Suchitoton inkesta burutu genuen, nork eta nola erabiltzen dituen jakiteko. Desberdintasun nabarmena dago bi generoen artean. Gizonak lagun artean etortzen dira jolastera eta begiratzera, emakumeak aldiz janaria saltzera eta haurren zaintzera. Eraikuntzak diseinatu eta eskaintzak gauzatzerakoan, desberdintasunak zein diren zehazki igarri ondoren har daitezke neurri aproposak. Eta horrela, arlo guztietan”.
Gizonek, bistan denez, badute ere aldakuntzetan parte hartzeko eginbeharra. “Heziketa askoz sakonagoa da gakoa, estereotipoen gainditzeko. El Salvador-en, oraindik ere, aitatasuna erdeinuz tratatua da. Etxeko lanetan dabilen gizona emakumearen menpe dagoela edo homosexuala dela aipu da normalean. Funtzioa baikorki proiektatzeko, emakumeek hurbil ditugun gizonekin aldaketak negoziatu behar ditugu, horretara animatu behar gara ekitatera hurbiltzeko”.
Eta Herrerak bizipen hau hartzen du eredutzat aburuaren azpimarratzeko: “Lagun dudan zinegotzi batek bilkuretara joateko senarrari beti baimena eskatzen zion lehen. Kalapitak zituen maiz etxean, baina denborarekin egoera aldatzea lortu zuen. Handik hiru urtera zertan zegoen galdetu nion eta zera erantzun zidan, orain senarrak badakiela baimena beti eman behar diola. Nola? Emakumeak, ukapen baten ondotik, ‘banoa eta ez naiz itzuliko’ erran ziolako. Orduan gizonak ulertu zuen zein garrantzitsua zen andrearentzat bilkura haietara joatea. Errespetua kendu gabe, pixkanaka, gizonei halako gauzak ulertarazi behar zaizkie”. Halako joerek jendartean honako ideia helarazi dutela uste du Herrerak: “Emakumeek nahi dugun eran bizitzeko eskubidea dugula gero eta onartuagoa da, gehienbat emakumeen artean, eta horregatik ez dugula diskriminatuak izaterik. Ideia honek ez dauka atzera bueltarik”.
Morena Herrerak hamasei urte pasa zituen gerrillan, ardura postu desberdinetan. 1990ean FMLN utzi eta emakumeak molde autonomoan antolatzeko ahaleginetan hasi zen.
Nola sartu zinen milizietan? Zer egin zenuen han?
Ikasle mugimendutik egin nuen saltoa gerrillara. Garai hartan (1978an) herriaren egoera aldatzen saiatzeko alternatiba bakarra zen hura, edozein egitura publikotan egonik kartzela eta tortura pairatzen genituelako. San Salvador hirian eginkizunetan aritu eta gerrilla landatarrera pasa nintzen gero. Gerlan, emakumeak gure artean antolatzen hasi ginen gizonen heineko ardurak ukaiteko, feminismoa zer zen jakin gabe. 1989ko ofentsibaren ondorioak ikusirik, gerlatik atera behar zela ondorioztatu eta frontea utzi nuen Las Dignas kolektiboa sortzeko.
Zehazkiago, nola iragan zen FMLNn gizon eta emazteen arteko eginkizunen banaketa?
El Salvador-en gerrilla baldintza onetan eroateko mendi gutxi zegoela erraten ziguten sarri; mendia herria zen beraz, hark zigun aterpe eta sostengu ematen. Eta mendiak generoa zeukan, laguntzaile horien gehiengoa emakumeak baitziren, amatasun soziala garatuz, gudariak semetzat hartuz. Rol tradizionalak ez ziren beraz desagertu.
Gure zereginak, hein militarrean behintzat, ez ziren beti gizonen parekoak, nahiz eta gerlara joateko haurrak utzi behar izanak gurasotasunaren funtzioak sakatu zituen. Baina indar gehieneko armak beti gizonen esku geratzen ziren, emakume gehiago zeuden sendagile, irrati-esatari edo sukaldaritza postuetan.
Gerrillatik alderdi politikora igarotzean, FMLNk zein heinean hartu zituen kontuan emakumeen eskubide eskakizunak?
Gerla parentesia izan zen, haustura. Bukatzean, emakume asko berriz beraien bizilekura joan eta tamalez lehengo egoerara itzuli ziren. Protagonismotik bigarren planora pasa ziren, eta batzuetan etxean biolentzia pairatu zuten. FMLNk ez zuen birgizarteratze hori sostengatzeko erronka bere gain hartu. Feminismoarekin topo egin genuenok izan genuen gertatu zenaren beste irakurketa egiteko parada; marjinazioa eta diskriminazioa ez ziren gatazkaren bide negoziatuarekin indargabetu, nahiz eta osasunean, hezkuntzan, ordezkatzean aitzinamenduak egon.
Berangoko euskal preso politikoa Zaballako espetxean dago gaur egun eta bertatik helarazitako idazkian Euskal Preso Politikoen Kolektiboa utzi duela iragarri du.
NO2 eta PM2.5 partikulak bezalako kutsatzaileei aurre egiteko hobekuntza planik ez dagoela salatu du Ekologistak Martxan elkarteak. Trafikoa murriztea eta airearen kalitatea hobetzeko alternatiba jasangarriak lehenestea galdegin du.
Editore Kurduen Elkarteak abenduaren 22an egin zuen salaketa: azken hiru asteetan Turkiako agintariek kurduei buruzko 120 liburu, aldizkari, egunkari edo bestelako argitalpen debekatu dituzte, Duvar hedabide kurduak jakinarazi duenez.
Garraio publikoak erdi prezioan jarraituko du datorren urtean ere, Espainiako Gobernuak bere hobarien parteari eutsiko diola iragarri ostean.
Realaren eta PSGren arteko futbol partidu batean larri zauritu zuten zalearen kasuan, epaileak onartu du familiaren abokatuek egun hartako bideo irudi guztietara sarbidea izatea. Oldarraldian parte hartu zuten ertzain taldeetako arduradunak identifikatzeko ikerketa ere eskatu du.
Kopenhage, 1974ko abenduaren 18a. Eguerdiko hamabietan ferry bat iritsi zen portura eta bertatik 100 Santa Klaus inguruz osatutako taldea lehorreratu zen. Antzara erraldoi bat zeramaten haiekin. Asmoa “Troiako antzara” moduko bat egitea zen, eta, hirira iristean,... [+]
Elur faltak eski estazio ugari kinka txarrean jarri ditu, klima larrialdiaren ondorioz. Baina paisaiari eta naturari ahalik eta etekin ekonomiko handiena ateratzeko batzuen logikak hor jarraitzen du, eta goi mendietan musika festibal erraldoi eta garestiak antolatzea da azken... [+]
Gizartean gatazka sortzen duten proiektuak jai bezperetan onartzeko ohiturari jarraituz, abenduaren 20an onartu du Eusko Jaurlaritzak Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren "behin behineko bertsioa". EH Bizirik-ek elkarretaratzea egin du Jaurlaritzaren... [+]
Erik Etxartek, Sophie Layusek eta Antton Etxeberrik osatutako lehendakaritzak ordezkatuko du Peio Jorajuria, 2019tik Seaskako lehendakari dena.
Santa Marta komunitateko (El Salvador) ADES Garapen Ekonomiko eta Sozialerako Elkarteko presidentea da Vidalina Morales. “Rol horretatik harago, ingurumen ekintzailea ere banaiz, giza eskubideen defendatzailea eta emakume baserritarra; hainbat urtez borrokan egon diren... [+]
Mundu osoko 70.000 gizonek baino gehiagok hartzen dute parte emakumeak nola drogatu eta bortxatu hitz egiteko txat-talde batean. Alemaniako ARD irrati publikoko bi kazetarik egin dute ikerketa urtebetez eta erakutsi dute kasu batzuetan biktimak bikotekideak, arrebak eta amak... [+]
HTX ROCK jaialdiaren azken-aurreko edizioa izanen da abenduaren 28an, eta Atarrabiako herrian ospatuko den azkenekoa, alegia.
Gabonetako Loteriaren datuak eman berri ditu Espainiako Gobernuaren menpeko Estatuko Loteriak eta Apustuak elkarteak. Horien arabera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan batez beste 84,33 euro gastatu ditu herritar bakoitzak, eta nafarrek, berriz, 53,38 euro, EiTBn irakur daitekeenez... [+]
Hainbat euskal presok salatu duenez, Zaballako espetxezainek "ezkutuko greba" hasi dute, haien erdiak gaixotasun baja hartuta. "Ezkutuko greba honen bitartez, 'zerbitzuaren gabeziak' salatzea dute helburu, baina benetako greba bati ekin ez, eta preso... [+]