Ordizia, 1973. Ezker Anitza-IUko koordinatzailea da. Legebiltzarkidea Gasteizen. Ezker Anitza Espainiako Estatuko Izquierda Unidarekin (IU) konfederatuta dago. Ezker Batua eta Ezker Anitza bi aukera dira honezkero. Ezkerra, anitza ez ezik, zatituta dagoenaren erakusgarri
Estatuko Izquierda Unida, Ezker Anitza-IU da Euskal Autonomia Erkidegoan. EA-IUko koordinatzaile Mikel Aranarekin luze hitz egin dugu espazio politiko honen iraganaz: Jaurlaritzan osatu zuten Hirukoaz, Ibarretxe Planaz, ezkerraren krisiaz... Besteak beste, hauxe ikasi du: “Ezin zaitezke politikan modu zintzoan aritu, baldin eta ez baduzu politika ulertzen gizartea aldatzeko baliabide bezala”. Ondorioz hauxe ere esan digu: “Politika sinesgarria egiteko, alderdiek dioguna betetzen hasi behar dugu, demokrazia irekia eta parte-hartzailea bultzatuz eta gardentasunez jokatuz”.
Ezker Anitzak EAEn “bosgarren espazioa” bete nahi du, EAJ, Bildu-Amaiur, PSE eta PPren ondoren. Azaldu iezaguzu zuen asmoen nondik norakoa.
Guk bosgarren espazio politikoaz hitz egitean, ikuspuntu elektoral batetik ari gara, funtsean alderdi nagusi horiek bezala. Beraiek Euskadi lau koloretan agertzeko berebiziko interesa daukate, soilik lau koloretan. Guk, jakina, lau horietaz beste, gutxienez beste espazio politiko bat dagoela diogu. Lau esparru horietan beren burua eroso kokatzen ez dutenena. Izan ere, esparru horietan izateko independentista edo konstituzionalista izan behar duzu. Ezker Aintzak independentistak eta konstituzionalistak izan gabe, bestelako esparru politiko bat aldarrikatzen du, guk eraiki nahi dugun esparrua.
“Burua eroso kokatzen ez duena” ez da Ezker Anitza soilik beraz.
Inkestek diotenez, alderdi sozialista baino ezker alderago eta ezkerreko nazionalisten erdibidean badago espazio bat. Ezker Anitza hor dago, baita ezkerreko beste alderdi txikiak ere: Gorripidea, Antikapitalistak, Equo bera... Horiekin batera espazio hori landu eta zabaldu dezakegu. Herri honetako %30k baino gehiagok ez du bozkatzen eta herritar horietako askok ezkerreko esparruan kokatzen du bere burua. Lau koloreko Euskadi politikoa ez da erreala.
Ezkerreko boto horiek hauteskundeetan lehiatzeko, edota bestelako asmoz ere bildu nahi dituzue ezkertiarrak?
Noski. Izan ere, guk akats nabarmena egin dugu gure lan politiko guztia hauteskundeei begira landuz. Hauteskunde-zerrendak osatzeak berak politika zailtzen du. Horrek alderdien arteko elkarlanaren aukerak zapuzten ditu, baita susmo txar interesatuak zabaldu ere. Uneon, Ezker Anitza bezala ikusten dugu gure burua hauteskundeei begira, halere, egoera ekonomikoak are gehiago behartzen gaitu ezker alternatiboa eta erradikala osatzera. Alderdi horiekin bilerak izan ditugu elkarlana sustatzeko. Konfiantza sendotu, sakondu eta elkarlanaren emaitzak aurkeztu nahi ditugu datozen hilabeteetan, betiere, hauteskundeetako dinamikaz harago joateko, jakina.
Aralar eta EArekin ari zara Legebiltzarrean. Zer moduz ezker ikuspuntutik?
Legebiltzarreko gure elkarlana erraza da. Egitasmoen ehuneko 75ean ados gaude. Aralarrekin errazagoa da ezkerreko alternatibaren asmo sakona duelako. Etorkizuneko Euskal Herriak zer izan beharko lukeen adierazterakoan desberdintasunak ditugu, ezker ikuspuntutik aritzeko bat ere ez. EArekin, aldiz, adostasuna bestelakoa da sozial-demokraziatik datorrelako. Adibidez, Bilduk Kutxabank osatu den bezala onartzea guretzat onartezina da, Aralarrek ere ez du bat egin, EAk bai.
Zein izan da Ezker Anitzaren lanaren ardatza Legebiltzarrean.
Hasieratik, Ezker Batua lehen eta Ezker Anitza orain, saiatu gara dagokigun esparru politikoan kokatzen. Hiruko gobernutik gentozen, deskokatuak geratu ginen. Legebiltzarrean lehendakaria hautatu zenean funtsezko erabakia hartu genuen. PPk eta PSEk bat egin zuten batetik, eta EAJk, EAk eta Aralarrek bestetik. Gu ez ginen ez alde batean ez bestean kokatu, birkokatu ginen. Hortik aurrera, ezkerrak, niretzat ezkerra denak, gehienez bost boto batzen ditu, gurea eta Aralarreko lauena. Gure helburua, benetako ezkerrak gizarteari eskaini nahi dion politikaren ardatza agertzea da. Zaila da, baina saiatzen gara ezkerraren politika-marka uzten.
EAJ (Iñigo Urkullu buru) eta Jaurlaritzaren arteko tirabira izan da Jaurlaritzako diru kontuak direla-eta. Altxortegian dirurik ez dela dio EAJk. Zer irakurketa egin duzu zuk?
Aspaldiko Los Roper telesaileko eszenak gogoratu dizkidate. Bikote hori beti haserre zegoen etxean, baina azkenik, hala edo nola moldatzen ziren. Hau ere antzekoa izan da: antzezlana. Urkulluk –ez dakit bere burua lehendakari ikusten duen edo, EAJk jakingo du hori– Lopez lehendakariari oposizio lana egin dio zuzenean eta lehendakariak ere ikusi du tirabira horretatik etekina atera zezakeela nonbait. Bi kontu esanguratsu daude: EAJ Jaurlaritzaren aurrekontuetan abstenitu zen, ez zuen kontrako botorik eman. EAJk ahalmena badauka Jaurlaritza zein egoera ekonomikoan dagoen jakiteko, halere, ez zitzaion egoera hain larria iruditu nonbait. Bestetik, Lopez Bizkaiko Foru Aldundiaren aurka ari da zergak direla, ez direla, baina alderdi sozialistak Arabako Foru Aldundiaren aurrekontuaren aldeko botoa eman zuela esan behar da. Hau da, aurrekontu horiek ontzat emateaz gain diru sarrerak onartzen ditu. Beraz, diskurtsoa erabat erortzen da. Halaber, Lopezek politika orekatu behar dela dio, eta Gipuzkoan Bildurekin ere zergen inguruko adostasuna lortu du. Neurriak ez dira aski, baina bozkatzeko garaian EAJk nahiz PSEk status quoa-ri eutsi nahi diotela agerikoa da: zergen inguruan, diru sarreren inguruan, zorpetzearen inguruan... Alegia, den-denak, Bildu barne, haien desberdintasunak eszenifikatu dituzte hauteskundeei begira.
Gobernu honek iraun al dezake? Iraun behar al du?
Iraungo du. Irautea PPren esku dago. Batzuei [EAJri] gustatuko litzaiekeena baino gehiago iraungo du, legealdia agortzeraino, edo gutxienez udazkenera arte. Gure ikuspuntutik hori ez da txarra, normaltasunaren seinale delako. Sortu alderdiaren legalizazioaren zain gaude, eta datozen hauteskundeetan aukera politiko guztiak presente egotea ezinbestekoa da. Sortu hauteskunde garaian legalizatua egotea beharrezkoa da normalizazio bidean. Koalizioan joango den edo ez beren erabakia da. Funtsezkoa da ez eztabaidatzea hurrengo legealdian, Legebiltzarra zilegia izango den edo ez.
PPko Fernandez Diez Barne ministroak gatazka politikoaren izaera onartu duela zabaldu da. Bai ote?
PPk ezker abertzalearen proiektu politikoari ezetz esateko indarkeriaren aitzakia erabili izan du orain arte, orain berriz, aitzakia hori bukatuta, Fernandez Diezek “ikuspuntu politiko batetik proiektu horri ezetz esan behar diotela” esan nahi zuen, nik uste. Ministro honek ez du behar den eskarmentua ordea. Alderdi gehienak egiten ari direnaren kontrako norabidean agertu da. Alderdi gehienek ere ezker abertzalearen proiektu politikoa ezezten genuen ETAren indarkeria zegoelako. ETAk indarkeria uztea erabaki duenean, PPk proiektu politiko hori onartu eta bideratzeko arazoak dauzka. PP ez dago prest proiektu politiko horrek eskatzen duen autodeterminazioa onartzeko, baina ETAren aitzakia bukatu zaio. Espainiako Gobernuaren nahia orain ETA eta autodeterminazio eskubidea lotzea da. PPren kezka ETAk ez hiltzea erabakitzea izan da. PP ez dago ohitua egoera berrian politika egiten. Beraz, “autodeterminazioaren aitorpenak ETAri mesede egiten dio” leloa errepikatzen du.
Ezker abertzaleak une batean, aurrerapausotzat jo ditu adierazpenak.
Nik ez ditut horrela jo. Hasteko, Fernandez Diezek gauzak ez dituelako garbi esaten. Eta hori ez da poztekoa, are gutxiago autodeterminazio eskubidea defendatzen dugunontzat.
EPPK-k eman dituen urratsez eta euren jarreraz zer diozu?
Euskal presoen kolektiboa ETA da. Ez dut nik esaten, ezker abertzaleak ere badio hori. Kolektiboak bere burua horrela jotzen baitu, ETAk bizien daukan kolektiboa da. Berez ez da gaizki horrela izatea, horrek bidea errazten du. Gobernuak hor ditu mintzakideak neurri batean, ETAko presoak ETA baitira. Noski, Gobernuak eta ETAk nahi dutenaren artean aldea dago. Preso horiek legeak ematen dituen onurak modu kolektiboan garatzea nahi dute, eta horrek irtenbidea zailtzen du. Langraitzeko presoen bidea ere hor dago. Nik irtenbidea batzuen eta besteen jarreren erdibidean ikusten dut. Hau da, presoen eskubideek egungo legediarekin zerikusia daukate, beraz aurki dezagun erdibidea. Langraitzeko presoen bidea egin gabe, onurak aplikatu ahal izateko moduak bilatu behar ditugu.
Adibidez, damua eta barkamena terminoak, biak gure tradizio katolikoaren eraginez erabiltzen ditugu. Gu laikoak bagara, etakideei egindako minaren errekonozimendua eskatu behar zaie. Damua eta barkamena norbanakoaren esparruan geratu behar dira. Egindako minaren errekonozimendua onartuta erdibidera iritsi daiteke. Zentzu horretan, biktimei begira, preso bat bere herrira bueltatzen denean heroi bat bezala hartzea saihestu behar da, horrek min izugarria egiten baitie biktimen senitartekoei.
Lokarrik eta ezker abertzaleak bake prozesua kolokan ikusten dute.
Izan ere, ezker abertzaleak eta orobat ETAk denboraren perspektiba galdu dute neurri batean. ETAk demokrazia garaian ehunka hildako egin ditu. Orain, 30 urte eta gero, gizarteak gelditzeko behin eta berriz adierazi ondoren, ETAk uste du indarkeria uztea erabaki duelako gizarteak hasi behar duela berek nahi duten erritmoan mugitzen. Gizarteak bere erritmoak ditu. Gobernua hiru hilabetetan ez delako mugitu, ezin duzu esan bake prozesua kolokan dagoela.
Lopez lehendakariak hau esan du: “Itun politiko berriaz hitz egingo da hurrengo legealdian”.
Noski. PSE konturatu da euskal gizartearen gehiengoak onartzen duela –indarkeria desagertu ondoren– gatazka politikoari buruz hitz egin behar dela. Alderdi sozialistak ezin du diskurtso originalik egin, eta datozen hauteskundeetan ezin daiteke aurkeztu Konstituzioaz hitz egiten, aurrekoetan egin zuen bezala. Zerbait ezberdina eskaini behar dio euskal gizarteari. Lehendakariak baina, modu orokorrean hitz egiten du. Zer da itun politiko berria? Auskalo! EAJ ere orokorrean ari da. Zerbait berria behar da, noski. Baina ez batak ez besteak ez du argitzen zer den itun berria delakoa.
Ezker Anitzak berriz, zer proposatzen du?
Guk federalismoari eusten diogu. Atxikimendu libreko federalismoa proposatzen dugu. Autodeterminazio eskubidea egikaritzea da gure xedea, nazio eta kultura anitzek osatutako Estatua, ongizatearen Estatua bermatzeko asmoz betiere. Ezker abertzaleak independentzia proposatzen du. Zilegia da. PSOEk eta EAJk, aldiz, hauteskundetik hauteskundera nahasten gaituzte, ez baitute proposamen argirik egiten. Halere, nik hauxe azpimarratuko nuke: alderdi sozialistak herri honek arazo politiko bat duela barneratu du eta irtenbidea eskatzen duela konturatu da. Hori horrela, PP bakarrik geratuko da. Gero, noski, itun berria nola egikarituko den? Datorren legealdian edo bi barru? Hor daude auzia eta lehia.
Zer egin behar luke Gasteizko Legebiltzarrak, eta Eusko Jaurlaritzak orobat, PPk aurrera atera duen Erreforma laboralaren aurrean?
Ezker Anitzak legez kanpoko eta premiazko eskaera egin du parlamentuaren erroldan lan erreformari begira, Legebiltzarrak gaiari buruz daukan iritzia adieraz dezan. Halaber, Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari erreforma erretiratzeko eska dezan proposatu dugu, izan ere, Lan Erreforma hau CEOk eta Confebaskek (zehazpenik zehazpen) nahi zuten erreformaren ispilua da: botere guztia enpresariei ematea, sindikatuen eragina ahultzea eta langileak eskubiderik gabe uztea ia-ia.
Erreforma hau oso ideologikoa da. Eskuinaren ikuspuntutik langileak enpresaren edozein kostu bezalakoak dira, ez dute eskubiderik, esku-lana dira, besterik ez. Langileak ez dira agertzen pertsona bezala, lan-tresna bezala baizik. Lan munduan ikuspegi hori barneratzen bada, egingo den lan politika hauxe izango da: lan-postuen kostuak jaistea, langileen kaleratzeak ia-ia dohainik jartzeko. Lan baldintzak langileen eta enpresarien arteko akordio bidez sinatu beharrean, enpresarien erabakiz sinatuko dira, langilea batere defentsarik gabe geratuz. Hori da Lan Erreforma honen argazkietako bat.
Ezkerreko alderdi politikoen krisia hizpide:
“Arazoa politikaren kudeaketan dago”
Alderdi politikoen demokrazia ez da perfektua noski, baina hori da dugun sistema. Arazoa edo porrota politikaren kudeaketan dago. Eskuinak, PPren kongresua berria lekuko, kudeaketa bertikala egiten du, ikusi besterik ez dago nola aukeratzen dituzten ordezkariak, beren ponentziak nola aurkezten diren. Beti egiten dute beren ingurukoen defentsa itxia.
Ezkerrak, eta horrela izan behar du, beste jokabide landu behar du, eskuinak egiten duenaren kontrakoa, azpitik gora. Horrela eginez gero, ezberdintasunak nabariagoak dira, eta, askotan, ez gara horiek kudeatzeko gai gutxienezko heldutasun batekin politika egiteko: gauzak alderditik kanpo ateratzen ditugu, hedabideetara, eta zirkua ematen dugu, bere burua ezkertiartzat daukan batek hori ikustean normala da aldentzea...
Soluzioa zein den? Esaten duguna egiten hastea, demokrazia irekia eta parte-hartzailea egiten hastea, gardentasunaz ere ekitea, edozein herritarrak politikariekin hitz egin ahal dezan harremanak eta moduak antolatzea.
Boterea ukitzeak dakarren arriskua hizpide:
“Ez dugu boterea mespretxatu behar, denon helburua da gauzak aldatzeko”
Gure esperientzian ez dugu boterea ukitu. Gobernu baten barruan hain parte txikia bazara, horrek ez dizu uzten eragina izaten Gobernuaren ekimen osoan. Beste gauza bat da, zure sailean gauzak hobeto edo okerrago egin ahal izatea. Guk Jaurlaritzaren Etxebizitza saila kudeatu genuen testuinguru horretan. Agian, harroegia da hau esatea, baina kontzientzia lasai izateko moduko lana egin genuen, aurrerapausoak eman ziren, hala nola etxebizitzen kalifikazioan, zozketen susmo txarra ezabatzen, BEOko diru beltza garbitzen...
Noski, sailaren lana oso mugatua da. Gobernuak defendatzen zuen hainbat gauza zure idearioaren aurka doa eta horrek ahuldu egiten zaitu. Ezberdina da, zu Gobernuan gehiengoa izatea. Adibidez, IUk Mariñaledan edo Madril inguruko beste herrixkaren batean gehiengoa dauka. Ezkerrak gehiengo duen hainbat udal gobernuetan politika hobeto kudeatzen du, noski. Beraz, ez dugu boterea mespretxatu behar, politikarien helburua hori baita, denon helburua, hau da, indarra izatea gauzak eraldatzeko.
Ezker Batua-Izquierda Unida alderdiak sei eserleku izan ditu Gasteizko Euskal Legebiltzarrean (azken lau legealdietan: 6, 2, 3 eta 3 hurenez hurren). Gaur egun bakarra dauka: Ezker Anitza-IUko Mikel Aranak ordezkatua. Aranak honela azaldu digu Ezker Anitza-IU eta Ezker Batuaren arteko zatiketaren zioak eta ondorioak.
“Iraindu, ahal duenak iraindu egiten du”
Gogorra da gertatua, noski. Ezin daiteke ukatu. Hau da, egunkarietan zure kontrako salaketak eta irainak irakurtzea gogorra da. Dena den, ez da nire estiloa hedabideen bidez politika egitea, are gutxiago inor iraintzeko, horrek ez dio politikari inolako mesederik egiten.
Ezker Anitzekoak oso lasai gaude. Gu IUrekin federatuta gaude, beti egon garen tokian. Azken hauteskundeetan IUrekin aurkeztu ginen eta ondoren IUko buruzagiak etorri dira gure kongresura. Herritar asko eta asko oraindik ez dira jabetu Ezker Batua IUtik kanpo dagoela. Nik transfugismoa egin izanaren kritikak jaso ditut baina hori euren desesperazioaren sintoma da. Iraindu, ahal duenak iraindu egiten du.
“Herri honek erdibideko alderdia behar du”
Ezker Anitza osatzen dugunok alderdian azterketa sakona egiteko garaia zela konturatu ginen aspaldi: ezker federalismoak euskal politikan izan behar duen kokagunea zehazteko, baita alderdiaren barne egiturak hobeto finkatzeko ere. Gure hausnarketen ondoren, alderdi demokratikoagoa osatu beharraz jabetu gara, baita honelako ondorioak atera ere:
Gobernu batean jarduteak oinarriekin kontaktua galtzea dakar. Kargudunak izateak alderdi erabat populista bihurtzeko arriskua dakar; kaletik aldentzen zara-eta. Barne demokrazia ahulduta geratu ondoren, ezker alternatiboaren ideia berreskuratu beharra funtsekoa da.
Eusko Jaurlaritzan zortzi urtez egonda, ezkerreko ikuspuntua galtzen joan ginela. Ikuspegi aldatzailearen eta alternatiboaren zeinua galduz joan gara halaber. EBk bere norabidea galdu zuen neurri handi batean. Beraz, antolakuntza askoz horizontalagoa landu behar dugu, eta ez bertikala.
Identitateari dagokionez, gure helburua Espainiako konstituzionalisten eta euskal abertzaleen arteko lekua hartzea da, zubi lanak egiteko borondatearekin, autodeterminazio eskubidea onartuz eta egikaratuz. Herri honek erdibideko alderdia behar du-eta.
“Ibarretxe Plana defenditzean mapa politikoan deskokatu ginen”
Ibarretxe lehendakariaren plana Gernikako Estatutuaren erreforma proposamena izan zen. Hainbat ikuspegi zeuden, eta horietako askok ez zuen erabakitzeko eskubidearekin ezer ikusirik. Denok ez genuen berdin ikusten, EAJren barruan joera oso eskuindarrak zeuden, eta horrek lekuz kanpo jarri gintuen. Guk erabakitzeko eskubidearekin bat egiten dugu. Bien bitartean, PP eta PSE ahalegindu ziren Euskadi bitan banatzen. Garai hura ez zen ona izan. Horren autokritika egin dugu, zubi lana ahultzea ekarri baitzuen. Uneon, gure jarrera federalista indartu nahi dugu. Ibarretxe Plana defenditzean mapa politikoan deskokatu ginen, eta horrek ez zion mesederik egin gure ezkerreko erreferentzia zeukan jende askori.
Iruñerriko Mankomunitateak Imarkoaineko Hondakin Zentroaren proiektuaren aldaketa onartu zuen ostegun honetan eta, horren arabera, azpiegitura 2026ko urtarrilaren 21ean hasiko da lanean.
Estirpe Imperial da talde neonazia, besteak beste ezagun egin dena erabiltzen dituen letra faxista eta arrazistengatik.
Gipuzkoako Batzar Nagusietako Kultura Batzordeak, EAJ, PSE eta PPren aldeko botoekin, azaroaren 22ko bilkuran erabaki du Eusko Jaurlaritzari eskatzea azter ditzala “euskal kulturan hain esanguratsuak diren” gurutzeak eta haien inguruko “ohiturak”... [+]
Israelek gosea erabiltzen du palestinarren aurkako gerra-arma gisa, eta nekazaritza-produktuak mundu osoan merkaturatzen ditu.<
Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Harituk antolatuta, manifestazio bat izan zen ostegun arratsaldean Iruñeko Alde Zaharrean. "Etxebizitzaren negozioaren aurrean, eta hura sustatzen duten politikarien aurrean, etxebizitza eskubide unibertsalaren benetako defentsa... [+]
EH Bizirik sarea makroproiektuen aurkako plataformen elkargunea da eta martxoaren 22an manifestazio nazionala deitu du Gasteizen: "Lekuko borrokez gain, esparru zabalagoan lan egitea ezinbestekoa dela jakitun, manifestazio honek sare osoari eragiten dien puntuak izango ditu... [+]
Hogei urte bete ditu Gaindegiak, Euskal Herriaren garapen sozial eta ekonomiko iraunkorrerako Behategiak. Horren harira, denbora horretan Euskal Herriak esparru horietan izan duen garapenaren berri ematen duen azterketa aurkeztu dute, eta datuok Europar Batasunekoekin konparatu... [+]
Atzo hasi ziren zabaltzen Iñaki Castro musika teknikariaren kontrako salaketak '@denuncias_euskalherria' kontuan, eta dagoeneko dozenatik gora emakumeren testigantzak bildu dira.
Azaroaren 21ean Errenteriako Torrekuan eta Badalaben egon nintzen "Komunikazio libreago baterantz trantsizioan" izeneko jardunaldian.
Lau egunez idekia izanen den merkatu bat antolatzen du Plazara kooperatibak euskararen aldeko beste hamar bat eragilerekin –horien artean ARGIA–.
Epaileari nahikoa izan zaio azaroaren 27an Ertzaintzak egindako deklarazioa kasua artxibatzeko. Erabakiaren aurrean helegitea aurkeztuko duela adierazi du Xuhar Plataformak. “Xuharrek ez du begia galdu, Ertzainak begia galduarazi dio”, salatu du mugimenduak.