Lanak hasi gabe daude, baina herritarrak ez daude zain. Zaharra bezain indartsua da Italiako Alpeetako Val di Susako populazioak AHTri erakutsi dion aurkakotasuna.
Herri asanbladen besapean hezurmamitu den mugimenduak zeresan handia du Italiako erresistentzia zibilaren historian.
Italiako 60.000 biztanleko bailara batek 23 urte daramatza Abiadura Handiko Trenari ezezko irmoa ematen. Val di Susan, Turingo probintzian, herri erresistentziak Lyon eta Turin batu nahi dituen trenaren lanak berandutzea lortu du. Atzerapenak, baina, ez dira nahikoa herritarrentzat eta azpiegitura behin betiko gelditzeko borrokan jarraitzen dute. Italiako beste mugimendu batzuentzat erreferentzia izaki, oinarritik egindako lanari esker lortu du ekimenak atxikimendua.
Alberto Perino-ri, mugimenduko bozeramaile nagusiari, begiak samurtzen zaizkio hastapenak gogoratzen dituenean: “1989an, AHT eraikitzeko proiektuaren inguruan hitz egiten hasi zirenean, beste borroka batzuetatik gentozen gu, batez ere, gerora bailara zeharkatu zuen Torino-Bardonecchia autopistaren kontrako erresistentziatik”. Bailaran ordurako bazegoen trenaren kontrako errezeloa, eta askok aho batez errefusatu zuten Giulio Andreottiren Gobernuak eskainitako proiektu exekutiboa. Turingo eskola politeknikoko irakasleak izan ziren Susako biztanleei trenari buruzko informazio teknikoa eskaintzen lehenak.
“Garai hartan lau katu ginen. Orain bailarako populazioaren gehiengoa gara”, hausnartu du Perinok. Nola lortu dute, ordea, mugimendua indartzea? “Herri asanbladak antolatuz zabaldu dugu mezua. Kaleko batzarren bidez biztanleei era argian azaldu diegu zertan datzan proiektua, baita gure oposizioaren arrazoi politiko, ekonomiko eta moralak ere”. Adin, fede eta estratu sozial desberdinetako lagunak batzea irizten zaio Perinori mugimenduaren indarraren funtsa: “Hiru hankako aulkia osatzen du ekimenak. Hanka batean herritarrak gaude, bestean teknikariak eta hirugarrenean tokiko administrazioa”.
Aulkia, baina, hankamotz geratu zaie maiz. Ekintzaileak kexu dira ibarreko zenbait udalek herritarrei proiektuaren inguruko informazioa eskaintzea ukatu dietelako. Val di Susako biztanleak ordezkatzen dituzten heinean, interes ezkutuak aipatzen ditu Perinok jarrera hori azaltzeko. Italiako politikaz hitz egitean mafiaren presentzia agertzen da ezinbestean. “Politikak kostu bat du, eta AHTk diru iturri berria eskaintzen die alderdi politikoei eta alderdiak kontrolatzen dituzten mafiei”.
Alpeak zeharkatu nahi ditu Lyon eta Turin batzea helburu duen trenak. Eremu geografikoak erakusten dituen zailtasunak medio, Magdalena izendatu den tunela bilakatu da Frantzia eta Italia lotuko dituen trenbide berriaren bizkarrezur. AHTren aurkako mugimenduaren borroka ere tunel estrategikoa gelditzera bideratu da ezinbestean. Baina proiektua galdera ikur handi bat bilakatu da, LTFak (Lyon Turin Ferroviaire) eta Italiako Gobernuak ez baitute informaziorik eskaintzen. Datuen urritasuna loturik dago, hala uste du Perinok, azterketa geologiko eta geografiko faltarekin. Tunelaren diagnostikoa egiteko proiektu exekutiboa berandutu egin zaie azpiegitura kudeatzen dutenei eta Susako herritarrak beldur dira presak ez ote duen azterketen kalitatea murriztuko. Ekintzaileek salatzen dute amiantoa eta uranioa mugitu ditzakeela obrak. “Bi mineral horien eragina oso kaltegarria litzateke. Dagoeneko egin diren azterketek erakutsi dute geruza akuiferoak izugarri kaltetuko direla”, nabarmendu du Elleonora Ponte ekintzaileak.
Hain zuzen, tunelaren aurkako desobedientzia zibilaren sinboloa da Magdalenako erresistentzia gunea. 2006an, Val di Susako biztanleek kanpaleku bat osatu zuten tunela hasi nahi zuten eremuaren ondoan, lanak blokeatzeko helburuz. Poliziak behin baino gehiagotan kanporatu zituen, baina herritarren presioak trenaren ibilbidea aldatzera derrigortu zuen Italiako Gobernua. Mugimendua, ordea, ez zen konformatu. Iragan maiatzean ehunka ekintzaile berriz ere ezarri ziren eremuan eta Magdalenako Errepublika Askea deituriko komunitatea osatu zuten. Kanpalekuak aurretik martxan jarritako Venauseko komunitatea izan zuen inspirazio iturri.
Ekainean, baina, poliziak eremutik joanarazi zituen herritarrak, tunelaren miaketa lanak hasi behar zirelakoan. “Mendian eustea erabaki genuen, baina gas negar-eragileak eta indarkeria erabili zituzten gure kontra, bertatik bota gintuzten arte”, gogoratu du Perinok. Ehunka lagun zauritu ziren udako egun hartan, eta hedabideek ordura arte ahaztuta zuten mugimenduari eskaini zioten berriz ere arreta. Ordutik, zulakarien eta poliziaren presentzia begi-bistakoa egin zen Susako kaleetan. Lanen hasiera bazetorrela zirudien. Geroztik, geldirik daude makinak. “Herritarrak Magdalenatik botatzeko aitzakia besterik ez zen izan. Oraindik ez dute egin tunela zulatzen hasi baino lehenago egin behar den analisi geologikoa, beraz, obren aurreko azterketa fasean ari dira”, nabarmendu du mugimendua ordezkatzen duen abokatu batek.
Europatik datozen diru-laguntzak ez galtzeko zerbait egiten hasi direla erakutsi nahi dutela uste du Perinok: “Osagai guztiak mahai gainean jarri, baina janaria prestatzen ez dakien sukaldari baten gisan ari dira jokatzen; soilik gu kikiltzeko”.
Val di Susan hondeamakinak martxan jarri ez diren arren, eremu militartzat jo dira trenaren ibilbidea zeharkatuko duten lurrak. Ingurua itxita dago ekainetik eta poliziek kontrolatzen dute uneoro. Lur horietako jabeek besterik ez dute bertara hurbiltzeko eskubidea. Hala, egunero 90.000 euro gastatzen ditu Italiako Gobernuak, poliziaren sindikatuaren hitzetan, obraren segurtasuna bermatzeko. “Ordena publikorako beharrezkoa dela argudiatzen dute, baina eskandaluzkoa da hiritarrei sarbidea blokeatzea”, dio mugimenduari aholkularitza administratiboa ematen dion beste abokatu batek. Tokia ixteko ezarri zen ordenantzaren epea amaitu dela diote ekintzaileek, eta beraz, eremua nola dagoen ikusteko eskubidea aldarrikatzen dute.
Arreta, baina, Italiako Gobernuan baino, Europar Batasunean jarri du AHTren aurkako mugimenduak. Trena eraikitzeko mekanismoak berdinak omen dira Europa zabalean. Pontek hala ikusten du: “Propaganda ofizialak dio estrategikoa dela, lana eta garapena ekarriko dituela eta onartzen ez badugu Europatik at geratuko garela. Ideia horiek bi erreminta nagusiren bidez inposatzen dituzte: hedabideak eta indar militarra”. Hori dela-eta, Abiadura Handiko linea ezberdinen aurka oposizio bateratu bat egiteko Europako hainbat mugimenduk Hendaiako Gutuna idatzi zuten 2010ean. Euskaldunek, katalanek, bretoiek eta ingelesek sinatu zuten, besteak beste, testua. AHTren aurkako borroka, tokiko testuingurutik Europako markora pasatzea da helburua.
2011ko abuztuan, pauso bat harago joan eta Alferrikako Azpiegituren Kontrako Lehen Nazioarteko Foroa antolatu zuten Italian. Europari egindako eskaerarik funtsezkoena, azpiegitura hauen inguruko erabaki ahalmena herritarrei itzultzea izan zen. Trenaren eraikuntzak “demokrazia zero” bezalako esloganak berreskuratu zituen foroko partaideen eskutik. Europar Batasunaren “kontraesanak” ere agerian utzi nahi izan zituen foroak: “Diru-laguntzak eman ditu [Europak] hemengo mahastiak berreskuratzeko, baina aldi berean, mahasti horiek suntsituko dituen AHT finantzatzen ari da”, nabarmendu du Pontek.
Val di Susako bere etxean, komunikabideen inguruan hausnartu du Perinok: “Oro har, erabat distortsionatu dute AHTren aurkako mugimenduaren izaera. 2005era arte ez-ikusiarena egin zuten gurekin, eta ondoren taldea kriminalizatzen hasi ziren, batez ere, Italiako beste mugimendu batzuentzat erreferentzia bilakatu ginenetik”.
Anarkismoa eta anti-sistema dira, besteak beste, hedabide nagusiek AHTren aurkako mugimendua zikintzeko erabiltzen dituzten terminoak. Definizio horien artean ez dute indarkeria hitza erabiltzea ahazten. Hain zuzen, indarkeria egotzita, trenaren aurkako ekintzaileen kontrako sarekadak areagotu ditu poliziak azken boladan. Mugimenduko bozeramaileen ustez, poliziaren eta hedabideen presioa inoiz baino gogorragoa bilakatzen ari da. “Ezkutatu nahi dute gure izaera transbertsala. Burgesak eta squatterrak, anarkistak eta sinestunak, eskuindarrak eta ezkertiarrak, guztion ondasuna defendatzen ari gara”, adierazi du Pontek.
Italiako mugimendu zibil zaharrena izaki, ardura puntu bat sumatzen zaio Perinori: “AHTren aurkako erresistentziak erakutsi digu telebista itzali eta plazara hurbildu behar garela. Datozen belaunaldien erantzukizuna gurea da eta horri aurre egin behar zaio”.
Denborarekin denak galtzen du indarra, borrokarako berotasunak nagusiki. Horregatik da deigarria bi hamarkaden ostean mugimenduaren osasun onaz jabetzea. Perinok uste du herritarren indarrak gera dezakeela proiektua. “Nekatu garen? Ez horixe! 23 urtez eutsi dugu, beraz, borroka dezagun beste horrenbestez, besteak aspertzen diren arte”.
WordPress-en formularioak sortzeko Ninja Forms pluginaren euskaratzea utzita zegoela ikusita, Iametzak bere gain hartu du itzulpena eguneratzeko lana.
Urte berria hasi dugu, baina etxebizitza arazo oso potoloa bihurtu zaigula aspaldi honetan, hori ez da berria. Hala ere, azkenaldian zabaldu diren datuak ikusita, 2025a mugarri bat markatzekotan dela esan daiteke, eta iragar ezinak diren ondorio sozial eta politikoak antzeman... [+]
Joan den asteartean, hilaren 31n, Boli Kostako presidente Alassane Ouattarak iragarri zuen bertan behera utziko zituela Frantziarekiko harreman militarrak. Horren ondorioz, datozen asteetan 1.000 bat soldadu frantses atera beharko dira herrialdetik.
Espainiako Estatistika Institutuak erreferentziazko indize berria argitaratu du urtarrilaren 2an. Horren arabera, alokairuen prezioak gehienez %2,2 garestitu ahalko dira urtean. Indize hau 2023ko maiatzaren 25ean indarrean sartu zen Etxebizitza Legearen ondorio da, eta data... [+]
Hiru funtzionariok jipoitu zuten Robert Brooks, eskuak bizkarrera lotuta zituela. Hurrengo egunean hil zen, eta autopsiak dio asfixia izan zela heriotzaren kausa.
Gipuzkoako Fiskaltzaren ustez, 40 urteko irakasle hondarribiarrak 9 eta 17 urte arteko hamaika adin txikikori sexu gehiegikeriak egin zizkien 2011 eta 2021 urte artean. 2021ean kartzelatu zuten, bere sei ikaslek salaketa jarri eta gero.
Baionako eta Donostiako epaitegiak margotu ostean, ostegun gauean Eibarko epaitegian pintaketa egin dute zenbait ekintzailek. "Oldarraldia gelditu" idatzi dute eta pintura berdea jaurti diote eraikinari. Abenduan, CCOO sindikatuaren egoitza ugari margotu dituzte, baita... [+]
FERMIN MUGURUZA 40. URTEURRENA
Noiz: abenduaren 21ean.
Non: Bilbo Arenan.
-------------------------------------------
Urtero janzten da festa giroz Bilbo abenduaren 21ean. Sagardoa eta taloa protagonista, San Tomas eguneko azoka eguna da. Aurten, gainera,... [+]
NASAren Parker zunda 6,1 milioi kilometroko distantziara arte gerturatu da Eguzkiaren azalera, bere misioaren lehen gerturatzean. Hala, Eguzkitik inoizko gertuen egon den objeku artifiziala bilakatu da. 692.000 kilometro orduko abiaduran igaro da, eta jasotako datuak funtsezkoak... [+]
Goldatz talde feministak antolatua, ortziralean, urtarrilaren 3an, Jantzari dokumentala proiektatuko dute Beralandetan (17:30ean) eta biharamunean, urtarrilaren 4an, Berako bestetako tradizioak aztergai izanen dituzte Maggie Bullen antropologoarekin leku berean (10:30).
Kanboko Marienia eremuan etxebizitzak eraikitzeko proiektua badu Bouygues Immobilier agentziak. "Elkarlanaren bidez" zein "indar harremana" mantenduta, proiektua ezeztatzeko borroka eramateko determinazioa plazaratu dute adierazpen bateratu... [+]
Boroa industrialdean hil zen 41 urteko I.P.C langilea, abenduaren 30ean biltegiko inbentarioa egiten ari zenean. ELA eta LAB sindikatuek, eta Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eman dute istripuaren berri.
Arrazoi pedagogiko edo metodologikoengatik, historialariok joera dugu iraganeko aldi historikoak zatikatzeko eta epetan banatzeko. Badira den-denok ezagutzen ditugun aro tradizionalak (Historiaurrea, Antzinaroa, Erdia Aroa, Aro Modernoa eta Garaikidea); baina baita horien... [+]
Agintariek ez dute baztertu bi gertaerak elkarren arteko loturarik izatea. New Orleansen, kamioneta baten gisari batek jendetzaren aurka egin du hamabost hildako eta 35 zauritu eraginda. Ordu batzuk geroago, Las Vegasen, Trump International Hotelaren parean auto bat lehertu da,... [+]
Donostian 2024ko martxoan jokatutako futbol partiduaren aurretik Ertzaintzak egindako kargetan, Amaya Zabarte zaleaz gain bigarren pertsona bat zauritu zuten, ustez foam pilota batekin begian jota. Orain, kasu hori ere ikertzeko agindu du Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak.