Zubirik zubi

  • Ibaia da egungo euskaldun gehienen ahotan dabilen hitza. Ugaldea erran izan zaio –uhalde, ubalde, ubelde, uhalte– Nafarroa euskaldunaren puska handienean. Iruñeko biztanleen ezpainetatik ere ez zen bertzerik aterako Argaz mintzatzean.

Magdalenako zubia.
Magdalenako zubia.

Argaren abaroan sortu zen Iruñea. Argari so eraiki zen hiri zaharra eta Argaren besarkadak itxuratu zituen Iruñeko laborari auzoak. XX. mendearekin batean hautsi zen, ordea, Iruñearen eta Argaren arteko ezkontza. Ugaldetik urrun eraiki zen hiri berria. Ugaldeari bizkar emanda bizi izan ziren, luzaz, iruindar gehienak. Bigarren milurtekoaren azken urteetan Argarekin berradiskidetu da hiriburua. Egun, Argako ibai parkea hiriko berdegunerik garrantzitsuena da, milaka iruindarren eguneroko pasealeku eta kirol toki. Trukean, errotik aldatu dira erreka bazterrak.

Barañaingo mugatik Irozko zubiraino, 22 kilometro ditu Argari hegiz hegi egiten dion ibilbideak. Oraingoan erdiak baizik ez ditugu urratuko. Hain juxtu ere, Iruñeko mugapean dauden hamaika kilometroak.

Magdalena, Iruñea nekazaria

Iruñean 28 zubi daude egun Argako alde batetik bertzera iragateko. Batzuk Erdi Aroan erabili zituzten gure arbasoek. Bertze batzuk egin berriak dira, edo ez hain aspaldi. Horietariko baten azpitik abiatu gara, Iruñearen ipar-ekialdeko mugan.

Burlatako zubian elkarri musu ematen diote Burlatak eta hiriburuak. Ugaldea ezkerretara dugu, azken egunetako elurrak hazixea. Ur uherrak bizi-bizi joaki dira hemen, luze gabe mantsotuko badira ere. Orain, mota desberdinetako basahateak igerika dabiltza ur azalean. Duela hogei urte nekez ikusiko genuen halakorik. Ibai parkeak otzandu du Arga bazterretako basatasun apurra, baina ez beti naturaren kaltetan. Berriki, igaraba bat begiztatu omen dute ahateak elkarri mokoka ari diren tokian. Egun, berriz, piraguistekin etsi behar dugu, hotza arraunka ikaratzen. Alde honetan, zenbait kirol elkarte daude ur-ibilguaren ertzetan.

Dena ez da, alabaina, eraikin eta kiroldegi. Nekazaritza bizirik dago oraino Iruñean. Paisaia baratzeek eta negutegiek pikardatzen dute gure eskuinaldean. Magdalena auzoan gaude. Hemengo barazkiak preziatuenak –eta karioenak– dira Iruñeko merkatu plazan. Aziendak ere ez dira falta, behorrak bereziki. Iruñeko azken abeltzainak hortxe ditu bere pentze gizenak.

Caparrosoren errota aitzinean dugu, berriki berreraikia eta jatetxe bilakatua. Haraino jo nahi izanez gero, zaldaina zeharkatu beharko dugu, sigi-saga, ur azala ia-ia ukituan. Ez da beti pasabide finkoa izan, ezta hain dotorea ere. Duela 10-15 urtera arte, erreka zolan landaturiko porlanezko oinarri batzuen gainean oholak paratzen zituen Udalak, udan jendea iragan zedin. Sasoi ederra akitzean, oholak kendu eta biluzik gelditzen ziren porlanezko oinarriak. Iruñeko mutikoen iniziazio proba suerte bat zen haien gainetik pasatzea. Saltoka egiten genuen, oinarriz oinarri, neguak harrotutako urak, orroka, zapata zolak bustitzen zizkigun bitartean. Gaur egun ere, hobe hona ez hurbiltzea uholde garaietan.

Begipean gauzkate Iruñeko harresiek eta katedralak. Ezkerretara, Magdalenako zubi zaharra, Donejakueko erromesen pasabidea. Alde berean gelditu zaigu, ehun metro gabe, Txantreako zubia ere. Alemanes aldean sartu gara.

I. Mundu Gerlaren garaian errefuxiatu alemaniar batzuk Iruñean aterpetu eta horiek ekarri zioten izena: Argan bainatzeko ohitura omen zuten, hala udan nola neguan. Adosatu modernoak nagusi dira hemen. Ugaldearen bertze aldean Zigandaren errota dugu ikusgai; abian da oraino, El Molino ikastetxearendako argindarra ekoizten.

Arantzadi, suntsiketaren atari

Ibaia gurutzatu dugu oinzubi berri bat erabilita. Arantzadin gaude. Hona berriz baratzeak eta berotegiak, nekazari etxeen ondoan. Zenbait jauregitxo ere ageri dira han-hemen. Iruñeko behialako familia aberatsek horietan egiten zuten uda sasoia. Gaur egun, aldiz, mugimendu handirik ez da sumatzen, ez batzuetan ez bertzeetan. Iruñea laborarian sartu gara berriz. Ez luzerako. Baratzezainez gain, hondeamakinak ere lanean ari dira.

Baratzeak, pentzeak, ibar-basoa... Deus ez da izanen luzerako hemen. Udalak “berrantolatu” nahi du Arantzadi. Aparkaleku bat, bide andana, soropil ongi zainduak eta “baratzezaintza interpretatzeko zentroa” egin nahi ditu, alde hau iruindarrei “hurbiltzea” estakuru. Inork ez ditu “hurbildu” behar izan, bada, han eta hemen ikusten diren ibiltari, txirrindulari eta lasterkariak. Zentrotzar baten premiarik ez du, bada, denen begien bistan egiten den jarduerak.

Denbora bateko Iruñearen usaina oraino atxikitzen duten azken bazterretariko bat ezagutzeko denbora guti du gurekin batera bide hau egiten ari den balizko ibiltariak.

Krisia Arrotxapean

Ugaldea zeharkatu dugu berriz. San Pedroko zubi Erdi Arokoaz baliatu gara horretarako, Argak inguru honetan osatzen duen meandroaren bertze aldean. Runa parkean sartzeko, berriz, El Vergelgo zubi berri samarraren azpitik pasatu gara. Hemen, krisi ekonomikoaren ondoriorik lazgarrienarekin egin dugu topo: bi etxegabe, bakoitza ohe batean sartuta, lo itxuran, beren puskak inguruan dituztela. 1ºC baino gehiago ez da inguruko tenperatura.

Arrotxapeko baratzeen hondarrak ageri dira gure inguruan. Erreka aldera, berriz, zurzuriak, sahatsak eta haltzak zutik. Bideak harresi zaharretara hurbildu gaitu berriz. Gainean dugu erregeen jauregia izan zena. Larru-apaintzaileen zubiaren azpian, ahateak ausarki. Haratago, bertze elkarte tiki batetik, piraguak ari dira uretaratzen gazte batzuk. Aldean, entzierroko zezenen ukuilu zaharraren ordez Udalak zutitu duen eraikin espantagarria. Ugaldeaz bertzaldera, Larru-apantzaileen auzoa izan zenetik gelditzen den azken etxea dugu ikusmiran. Okupa batzuek sutea eragin zuten bertan, joan den udazkenean.

Alde batera utzi dugu Plazaola zubia; gainetik iragaten zen Donostiarako trenbidea. Oblaten zubi berriari ere muzin egin diogu. Izan zen proposamen bat hura Kostarapea bataiatzeko, inguru honetako toponimo zahar batez baliaturik. UPNk uko biribila egin zion, eta parean dagoen komentuarena hobetsi. 200 bat metro haratago, Santa Engraziako zubian barna iragan dugu berriz ere ugaldea, izen bereko presaren ondoan. Autoei utzi diegu Cuatro Vientosko zubia.

Sanduzelain, berria eta zaharra

Gure ibilbidearen azken auzoa da Sanduzelai. Eugiren lorategian barna urratu dugu lehen tartea. Pilotalekua ere badu, azkar dabiltzanen eskura. Gibelera utzi dugu Hodien oinzubia, Udalak oinezkoendako ondutako burdin meta. Begiendako bazka ederragoak dira, inondik ere, Biurdanako errota eta presa, Argak Iruñeko mugapean marrazten duen zabalgunerik handienean.

Handik goiti, azkartu dira berriz ugaldeko urak, eta gu ere ziztuan abiatu gara haiekin batean. Kasik ohartu gabe pasatu gara Sanduzelaiko zubi zabalaren azpitik. Eskuinaldean, auzoko etxe berriak ageri dira. Ezkerraldean, berriz, Biritxitu, Iruñeko hilerria.
Erdi Aroko bertze zubi bat agertu zaigu parera: Miluze. Inguru hauetan nafar errege batek –Karlos II.a Gaiztoak– hainbat urkamendu eginarazi zituen, eta horri loturik gelditu da zubia herriaren memorian. Izena –“mihi luze”– hortik etorki. Filologoek, ordea, ezeztatu dute guztia. Kaka jende ustela, filologoak, kontakizun polit bat hondatzeko gupidarik ez duena.

Nafarroako erdialdeko ohiko ibar-basoetako batean barna egin dugu gure ibilbidearen azkenaurreko atala, makal luzeen gerizapean. Urrunxeago, baratzeak berriz. Negutegiak. Galsororen bat. Iruñeko azkenetarik.

Noizbait, industria pabiloiek lekua ebatsi diete karduei eta azei. Landabenen gaude, hiriko industrialderik handienean. Igandea balitz, sekulako mugimendua ikusiko genuke bazter honetan. Milaka iruindar zahar eta milaka iruindar berri, eskuak bete zaku, Landabengo merkatura bidean edo hortik bueltan. Enpresei ez ezik, Landabenek Iruñerriko aire zabaleko azokarik handienari ere ematen dio geriza. Hemen gauzatzen da, astean behin, Nafarroako ikuskizun multietnikorik jendetsuena.

Ez da igandea, alabaina, astegun buruzuria baizik. Hotz da, ilundua du. Kausitzen ditugun iruindar bakanek zer jatorritakoak diren ezin erran, hain tapaturik baitoaz. Eskuinaldeko enpresetan itzaltzen ari dira argiak. Begi parean dugu Landabengo zubia, Iruñeko hego-mendebaldeko muga. Argak Barañainen barna segitzen dio bere bideari, baina gu gabe egin beharko du hemendik aitzina.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Nafarroa
Negu gorria

Aurrekontuak eta urteko kontuen itxiera, ez da besterik urteko garaiotan; etxeko ekonomiatik hasita, partekatzen ditugun espazio sozioekonomiko gehienetara. Enpresa handiak hasi dira kalkulagailuak ateratzen eta 2025ari begira asmo handiak martxan jartzen. Erakunde eta eragile... [+]


2024-12-23 | Ahotsa.info
“HTX-k bukatzen du bere zikloa, baina oraindik daude borrokatzeko eta aldarrikatzeko motiboak”

HTX ROCK jaialdiaren azken-aurreko edizioa izanen da abenduaren 28an, eta Atarrabiako herrian ospatuko den azkenekoa, alegia.


Israelek hildako 17.000 haur palestinarren izenak irakurriko dituzte Iruñean 30 orduz jarraian

Ekimena abenduaren 28an egingo da Iruñeko Baluarte plazan. Goizeko 11:00etan ipuin irakurketa antolatu du Yalak La diverxa Cris ipuin kontalariarekin eta, ondoren, 12:00etatik aurrera, BDZ (Boikota, Desinbertsioa eta Zigorra) ekimenak antolatuta egingo da irakurketa.


2024-12-20 | Iñigo Satrustegi
Nora egon gara begira

Anari + Belako
Noiz: abenduaren 5ean.
Non: Iruñeko Zentral aretoan.

-----------------------------------------------

Gogoan dut Erasmuseko lehenengo hilabetean ikusi nituela aurreneko aldiz Belakokoak zuzenean. Ez nintzen haiek ikustera joan, azkenean bertan behera... [+]


Idazkaritzak eta kontuhartzailetzak: joko arauak partidaren amaieran aldatzeaz

Joan den abenduaren 5ean, PPk lege proposamen bat aurkeztu zuen Nafarroako Parlamentuan, Nafarroako toki entitateetako Idazkaritza eta Kontu-hartzailetza lanpostuetan funtzionarizazioa lortzeko prozesuak bereizteko. Hori gertatuko balitz, 30 pertsona inguruk merezitako... [+]


Hezkuntzako ratioak jaisteko eskaera Nafarroako Legebiltzarrera eramango dute gurasoen plataformek

Sortzen eta Ratioak Jaitsi 0-18 elkarteek Legegintzako Herri Ekimen bitartez egin dute eskakizuna eta alderdi guztiek agerraldia onartu dute. Europar Batasunak Foru Gobernuari ratioak murrizteko egindako gomendioan du oinarria nafar gurasoen aldarrikapenak.


Denboraren harrizko gurpila Iruñeko katedralean

"Pictura est laicorum literatura", utzi zuen Umberto Ecok idatzita, Il nome della rosa eleberrian. Irudien bidez mintzatzen da herria, hitzez baino maizago. Artearen funtzio narratiboa nabarmena da Erdi Aroko irudietan, egungo begiekin zail gerta daitekeen arren haiek... [+]


2024-12-18 | Julene Flamarique
BSHko langileek lantegiaren “deslokalizazioa” salatu eta manifestazioa deitu dute larunbaterako Iruñean

Alemaniatik etorritako goi kargu batek eman die 655 langileei enpresaren itxieraren berria, ohar bat "hoztasunez" irakurrita, eta langileei “lehiakortasun falta” egotzi die. Langileek presazko bilera eskatu diote BSHko operazio arduradun Pepe Justeri, eta... [+]


660 langileko Eskirotzeko lantokia ixteko erabakia iragarri du BSHk, Nafarroan

660 langile ditu ontzi-garbigailuak eta hozkailuak ekoizten dituen lantokiak. Astelehen goizean ezagutu dute Alemaniako zuzendaritzaren asmoa. Enpresa batzordeak langile asanbladara dei egin du.


2024-12-13 | Leire Ibar
Gerraren eta faxismoaren aurkako mobilizazioak antolatu ditu GKSk urtarrilaren 25erako

Mendebaldeko agintariek gerraren aldeko apustua egin dutela salatzeko mobilizazioak antolatu ditu Gazte Koordinadora Sozialistak Bilbon eta Iruñean. Faxismoaren gorakadaren aurrean mobilizatzeko deia egin du.


Foru Parlamentuko atean izandako istiluetan parte hartu zuten hemeretzi nekazari zigortu dituzte

Osoko bilkura egiten ari zelarik ganbera barrura indarrez sartzen saiatu ziren nekazariak. Akordioa lortu dute fiskaltzarekin instituzioen kontrako eraso delitua saihesteko.


Kalitatezko hezkuntzaren aldeko eserialdia egin dute Iruñeko Hezkuntza Departamentuaren sarreran

Arratsaldeko lehen orduetan, 14:30ak aldera, Nafarroako ikastetxe publikoetako 30en bat langile sartu dira Iruñeko Nafarroako Hezkuntza Departamentuaren egoitzan eta sarreran eserialdia egin dute. Lehen ekintza gisa planteatu dute eta, adierazi dutenez, honen bidez... [+]


2024-12-10 | Leire Ibar
74.000 paneleko zentral fotovoltaiko berri bat eraikitzen hasi dira Nafarroan

GES-Global Energy Services enpresak eguzki bidezko energia sortzeko proiektua hasi du Erriberrin, Euskal Herriko handienetakoa. 50 MWp-ko potentzia izango du, eta 74.000 eguzki panel izango ditu guztira, instalazioak datorren urtea amaitu baino lehen martxan jartzea aurreikusten... [+]


2024-12-09 | Leire Ibar
Israelen aurkako protesta egin dute Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren kontzertu batean Iruñean

Iruñeko Baluarten, ostegunean, Israelgo ereserki nazionalaren orkestrako bertsioaren egilearen pieza bat jotzear zirela aurretik zutik jarri eta aretoa utzi du publikoaren zati handi batek. Ereserki horrek “okupazio sionistari” gorazarre egiten diola kritikatu... [+]


Madame Birrots
“Emakumeok ez dugu izan beharrik super onak musika sortzeko"

Baztango Madame Birrots taldea emakumez osatuta dago. Landa eremutik eta ikuspegi feministatik mintzo dira.


Eguneraketa berriak daude