Orain arte ez da jakin urtarrilaren 24an Suitzako Lausanne hirian Nestléren aginduz Attac erakundeko militanteak espiatu zituztenen kontrako epairik. Baina frogatuta dago 2003 eta 2008 artean Securitas segurtasun konpainiak bi sator infiltratu zituela erakundean, justu hauek Attac contre l’empire Nestlé liburua prestatzen ari zirenean.
Nestlé konpainiak txoria habian bere kumeei jaten ematen erakusten du logoan. Irudi idilikoa mundu guztiak ezagutzen dio. Baina Suitzako Leman aintzira bazterreko Vevey hirian egoitza nagusia duen Nestlék arrautzak mundu osoan dauzka banatuta, ez alferrik da planetako konpainiarik handiena elikagaien alorrean.
Munduko 86 herrialdetan 280.000 langile enplegatzen ditu, 6.000 marka baino gehiagoko produktuak ekoiztu eta saltzen, izan kafe, gozoki, esneki, txokolate, zereal, izozki, salda, haurrentzako janari, ur botilaratu edo animalientzako bazka. Inperioaren salmentak ondo koipetutako marketinak primeran mugiarazten dizkion arren –Nespresso markarekin munduko jende cool guztien artean hedatu duen fenomenoari erreparatu besterik ez dago– Attac bezalako erakunde txiki bat infiltratu eta espiatu beharrean aurkitu da, non eta Suitzan bertan.
Globalizazio neoliberala salatzen duten erakundeen artean klasikoetakoa den Attac –Association pour la Taxation des Transactions financières et pour l'Action Citoyenne– erakundearen Suitzako taldeetako bat 2003. urtean Nestléri buruzko ikerlana ari zen prestatzen, gero Attac contre l’empire Nestlé liburuan mamituko zena. Vaud kantonamenduko batzordean biltzen ziren militanteek ez zioten susmo txarrik hartu taldean sartu zitzaien Sara Meylan gazteari.
Nestlégate deitu izan zaiona 2008an lehertarazi zuen Suitza frantses-hiztuneko Télé Suisse Romande kate publikoak. Horrela jakin zuten Attacekoek Nestlé multinazionalaren aginduz Securitas enpresak –multinazionala hau ere, 260.000 langile munduan barrena, nork ez ditu ezagutzen haren logoko hiru puntu gorriak...– ez bat baizik eta bi sator infiltratu zizkiela.
Estreina bere burua Sarah Meylan izen faltsuz aurkezten zuenak 2003tik 2004ra artean zelatatu zituen, eta horren lekuan 2005ean Securitaseko arduradunek Shinta Juilland izeneko bigarrena sartu zieten, 2008a arte Attaceko kide jarraitu zuena.
2008an afera telebistak haizatu zuenean, Attacek auzitara eraman zituen Sarah Meylan, Nesté eta Securitas, baina deusetan geratu zen: Lausanneko Jacques Antenen epaileak 2009an ebatzi zuen espioitza delituek hiru urteko biziraupena dutela, zigorrik gabe utziz.
2012ko urtarrilean kontua Suitzako eta Frantziako hedabideetan –gureetaraino ez da heldu– berritu baldin bada izan da Attaceko hamar kidek auzi zibilean Securitas enpresari 22.000 euro inguruko kalteordainak eskatu dizkiotelako. Horrek behartu ditu aurpegia ematera hiru satorretako bat eta Nestlé eta Securitaseko arduradunak.
Auzitegian Sarah Meyland deitua itxura bitxiz azaldu zen, punky moduan batzuen ustez, Millenium filmeko Lisbeth Salanderren plantak eginez. Bi urtez berarekin ordu asko emandako militanteek oso bestelako itxura batekin ezagutua zuten.
Balizko Shinta Juilland, bigarren espioia, ez zen azaldu argudiatuz hedabideek lintxatu egin nahi zutela. Honen nagusi Fanny Decreuze ere ez zen agertu. Baina azaldu zirenek bai kontatu zituzten edozein herritar kezkatuta uzteko modukoak.
Konfiantzatik paranoiara
2003an hasi zen kontua, Le Monde egunkariak laburbildu duenez. Securitas konpainian Ikerketa sailaren burua zen jendarme ohi batek, S.J. hizkiz izendatua denak, Vaud eskualdeko Attaceko militanteen jarduerak zelatatzeko enkargua jaso zuen, Nestlék berak eskaturik.
Hark infiltratu zuen Sarah Meylan, zeinak bi urtetan 30 txosten pasatu baitzizkion, confidentiel moduan sailkatuak. Txostenak iritsi zitzaizkion garai hartan Nestléren komunikazio arduraduna zen Marcel Rubineri. Honek auziaren instrukzio fasean aitortu zuen satorrarekin bildu zela eta Attac prestatzen ari zen liburuaren atal osoak irakurri ahal izan zituela.
Nestléren bozeramaile zen François-Xavier Perroudek ere bazuen gauzon berri, Sarah Meylanen txostenak eskuratu zituen. Aitzakia moduan epaileari esan zion Attaceko jendearekiko jakin-mina piztu zitzaiela 2003an José Bove eta bere kide batzuek Veveyn Nestlék duen egoitzari eraso ziotenean.
Epailearen aginduz ikerketa fasean poliziak Securitas enpresa miatu zuenean, ordenagailu batean aurkitu zituen horietako txosten confidentiel batzuk, tartean Franklin Frederick ekintzaile brasildarrari egindako jarraipena, Europatik salatzen zebilenean Nestlé Brasilgo iturriak kontrolatu nahi dituela.
Urtarrileko auzian, Susan George idazle eta militante ezaguna zen kalteordainak eskatu dituztenetako bat. “Nire gune pertsonala eta profesionala inbaditze horrek sakonki astindu nau”, adierazi du epaitegi atarian. “Benetako beldurra sentitzen duzu ohartutakoan konfiantza eman diozun pertsona batek traizionatu zaituela”, esan du Attac contre l’empire Nestlé liburuaren hitzaurrea idatzi duenak.
Attaceko beste kide batek, O.E. hizkiz identifikatuak, La Libre Belgique egunkariko kazetariari hau azaldu dio: “Nestléren lehen garaipena izan da erakundea desantolatzea. Batzuk paranoian erori dira, beste batzuei zalantza handiak sortu zaizkie beren militantziaz. Baina gero denok sendotu gaitu gure asmoetan: zelatatzen baldin bagaituzte seinale da ezkutatzeko zerbait daukatela.
Zorte gutxiago izan dute Attacekoekin elkarlanean ari ziren Kolonbiako eta Filipinetako beste militante batzuek. “2005ean Nestlék Kolonbian daraman jokabidea aztertzeko bilkura antolatu zuen MultiWatch erakundeak Bernan; lekukotza azaldu behar zuten sindikalistetako batzuk, ordea, gurekin ari zirenak, etorri baino aste batzuk lehenago asasinatu egin zituzten”.
Kazetariak Nestléko zuzendaritzari galdetu dio gertakizun haietaz, eta multinazionalak gezurrak direla arrapostu. “Nestlék bi herrialde haietan bere langileen kontra bortizkeriarik edo heriotza mehatxurik usatu duenaz inolako frogarik ez da sekula erakutsi”, moztu du Nina Caren Backes bozeramaleak, gehituz Alliance Sud bezalako erakundeek aitortu dituztela Kolonbian Nestlék lan baldintzak hobetzeko egin dituen ahaleginak.
Nestlégateaz albiste gehiago ez da azaldu urtarriletik, Lausanneko epaileek ez dute ebazpenik argitaratu oraino. Baina aspalditik daukate inguru hartako Attaceko militanteek ikasbidea harturik, O.E.k kazetariari esan bezala: “Gaur egun badakigu hain talde indartsu baten kontra ari garenean ez dugula izenik aipatu behar, gezurrezko izenekin jardun behar dugula”.
Berangoko euskal preso politikoa Zaballako espetxean dago gaur egun eta bertatik helarazitako idazkian Euskal Preso Politikoen Kolektiboa utzi duela iragarri du.
NO2 eta PM2.5 partikulak bezalako kutsatzaileei aurre egiteko hobekuntza planik ez dagoela salatu du Ekologistak Martxan elkarteak. Trafikoa murriztea eta airearen kalitatea hobetzeko alternatiba jasangarriak lehenestea galdegin du.
Editore Kurduen Elkarteak abenduaren 22an egin zuen salaketa: azken hiru asteetan Turkiako agintariek kurduei buruzko 120 liburu, aldizkari, egunkari edo bestelako argitalpen debekatu dituzte, Duvar hedabide kurduak jakinarazi duenez.
Garraio publikoak erdi prezioan jarraituko du datorren urtean ere, Espainiako Gobernuak bere hobarien parteari eutsiko diola iragarri ostean.
Realaren eta PSGren arteko futbol partidu batean larri zauritu zuten zalearen kasuan, epaileak onartu du familiaren abokatuek egun hartako bideo irudi guztietara sarbidea izatea. Oldarraldian parte hartu zuten ertzain taldeetako arduradunak identifikatzeko ikerketa ere eskatu du.
Kopenhage, 1974ko abenduaren 18a. Eguerdiko hamabietan ferry bat iritsi zen portura eta bertatik 100 Santa Klaus inguruz osatutako taldea lehorreratu zen. Antzara erraldoi bat zeramaten haiekin. Asmoa “Troiako antzara” moduko bat egitea zen, eta, hirira iristean,... [+]
Elur faltak eski estazio ugari kinka txarrean jarri ditu, klima larrialdiaren ondorioz. Baina paisaiari eta naturari ahalik eta etekin ekonomiko handiena ateratzeko batzuen logikak hor jarraitzen du, eta goi mendietan musika festibal erraldoi eta garestiak antolatzea da azken... [+]
Gizartean gatazka sortzen duten proiektuak jai bezperetan onartzeko ohiturari jarraituz, abenduaren 20an onartu du Eusko Jaurlaritzak Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren "behin behineko bertsioa". EH Bizirik-ek elkarretaratzea egin du Jaurlaritzaren... [+]
Erik Etxartek, Sophie Layusek eta Antton Etxeberrik osatutako lehendakaritzak ordezkatuko du Peio Jorajuria, 2019tik Seaskako lehendakari dena.
Santa Marta komunitateko (El Salvador) ADES Garapen Ekonomiko eta Sozialerako Elkarteko presidentea da Vidalina Morales. “Rol horretatik harago, ingurumen ekintzailea ere banaiz, giza eskubideen defendatzailea eta emakume baserritarra; hainbat urtez borrokan egon diren... [+]
Mundu osoko 70.000 gizonek baino gehiagok hartzen dute parte emakumeak nola drogatu eta bortxatu hitz egiteko txat-talde batean. Alemaniako ARD irrati publikoko bi kazetarik egin dute ikerketa urtebetez eta erakutsi dute kasu batzuetan biktimak bikotekideak, arrebak eta amak... [+]
HTX ROCK jaialdiaren azken-aurreko edizioa izanen da abenduaren 28an, eta Atarrabiako herrian ospatuko den azkenekoa, alegia.
Gabonetako Loteriaren datuak eman berri ditu Espainiako Gobernuaren menpeko Estatuko Loteriak eta Apustuak elkarteak. Horien arabera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan batez beste 84,33 euro gastatu ditu herritar bakoitzak, eta nafarrek, berriz, 53,38 euro, EiTBn irakur daitekeenez... [+]