Iragan borrokalaria, etorkizun itxaropentsua

  • Fukushimako hondamendia gertatu eta gero, energia nuklearrarekiko menpekotasun handiena duen laugarren herrialdeak, Alemaniak, energia hori 2022rako guztiz alboratzea onartu du. Etorkizuneko errealitate berrira gerturatu gaituzte hainbat alemaniarren eta Alemaniara alde egindako japoniarren historiek.

Hondakin nuklearrak garraiatzen dituen Castor trenaren kontrako protestak Gorleben-en. Iazko garraioa orain arteko geldoena eta garestiena izan da, baita polizialki bortitzena ere.
Hondakin nuklearrak garraiatzen dituen Castor trenaren kontrako protestak Gorleben-en. Iazko garraioa orain arteko geldoena eta garestiena izan da, baita polizialki bortitzena ere.

Japonian, bi bonba atomiko pairatu zituen herrialdean, amen esan zioten energia horren erabilera zibilari: lehentasunezko estrategia nazional bihurtu zuten teknologia merkea, hazkunde ekonomikorako oinarria ezarriz. 2011ko martxoan Fukushimako istripuarekin batera deuseztatu zen ilusioa, lau erreaktore nuklear kontrolik gabe zeuden. Globoaren beste puntan, Angela Merkelek energia atomikoa alboratzeko urratsak eman zituen, nork eta hilabete gutxi lehenago zentral nuklearren bizitza luzatzeko erabaki eztabaidatua hartu zuen kantzilerrak.

Shimomura familia, Japoniatik ihesi

Tokiotik ihesi, Miho eta Yoshihiro Shimomura hilabetetako haurrarekin Berlinera etorri dira bizitzera. “Nekatuta eta nahastuta nengoen japoniarren iritzi eta informazioekin” azaldu du Miho Shimomurak. “Urrun joan nahi nuen, lasaitu, Fukushima eta Tokiora begiratu kanpoko ikuspuntu batetik”. Istripuaren ostean, erradiazio maila altua zela-eta, urarekin arazoak izaten hasi ziren Tokion. Gobernuak haur txikiei urik ez emateko gomendatu eta hiruzpalau ordura ur botilak agortu egin ziren dendetan. Mihok Internet bidez erosi zuen ur frantsesa. Gobernuak ez zuen ezer esan janariaz, baina Mihok Alemaniatik erosten zuen haur-jana. “Informazioa oso iluna zen, zuzena eta okerra ezberdindu ezinik geunden”. Sedentarioak direla erakutsi dute japoniarrek: gutxi izan dira, Shimomuratarrek bezala, atzerriko laguntza-programetan parte hartzeko izena eman dutenak. Bikote gaztea da, eta Berlinen berriz hasteko prest badaude, semea arriskutik ateratzeko da batez ere.

“Ama gisa, barrikadetara joateko prest zaude” berretsi du Inge Haurik. 75 urteko emakumea Lauffen am Neckar-en, Stuttgartetik 50 kilometrora, bizi da senarrarekin. Hauritarrak, irakasle erretiratuak biak, ekologista ezagunak dira Hördelin poetaren sorlekuan. 1967an bertara bizitzera heldu zirenean, lehen semearen haurdun zegoen Inge eta, hamar kilometrora, Neckarwestheim zentral nuklearreko lehen erreaktorea eraikitzen ari ziren. “Bonba atomikoen ondoren, guk ere sinetsi genuen energia horren erabilera baketsua gauza ona zela”, onartu du. “Oso susmagarria egin zitzaidan eraikitzen ari ziren tximinia luzea. Informazio uholdeak irentsi genituen iritzi propioa izan ahal izateko, eta teknologia nuklearraren arriskuez jabetu ginen. Bigarren erreaktorea eraiki nahi izan zenerako, arrisku horren kontzientzia oso hedatuta zegoen biztanleen artean”. Plan nuklearrak geldiarazteko lehen saiakerak bide legaletik egin ziren. Herritarren lehen helegite antolatuak 1971n sortu ziren, Neckarwestheim, Breisach, Esenshamm eta Bonn-en aurreikusita zeuden zentral nuklearren inguruan. Fukushima Daiichiko zentrala orduantxe jarri zen martxan.

Europako beste herrialde batzuekin alderatuz, 1970eko hamarkadan Alemanian sortu zen energia atomikoaren aurkako mugimendua bereziki sendoa eta, denborak erakutsi duenez, jarraikortasun handikoa izan da. Baliteke Joahim Radkau historialariak arrazoia izatea, mugimendu sozial hau “Errepublika Federaleko diskurtso publikorik handiena eta aberatsena” izan dela argudiatzerakoan. Mugimenduak, lorpen zehatzetatik haratago, erresistentzia kultura bat markatu du. Euskal Herriko mugimendu antinuklearra ere indartsua eta anitza izan zen; denetariko protesta bideak erabili ziren, gatazkaren akabera ETAren ekintza armatuek ekarri zuten arren.

70eko hamarkadan heldu ziren Taichiro Kajimura eta bere andrea Berlinera, Tokion ikasketak bukatu ondoren. “Ez nuen geratzeko asmorik”, kontatu du umoretsu bizitza erdia Berlinen egin duen kazetariak. “Garai hartan, Mendebaldeko Berlinen, ez nintzen kanpotar sentitu. Hemen ezagutu nuen 68ko belaunaldia, Japonian ezagutzen nuena zen. Akaso lehenengo protesta-mugimendu globala izan zen hura”. Egungo bankuen kontrako Occupay mugimendua du gogoan. “Baina Japonian, Amerikako Estatu Batuen propaganda sistematikoaren eraginez, energia nuklearraren erabilera baketsua deitu zena kritikarik gabe onartu zen. Orain arte bizitako gezurra hondoratu egin da Fukushimarekin”.

1975ean, Inge Hauri alderdi sozialistan sartu zen buru-belarri. “Neckarwestheim-en, 27.000 helegitetik ez zen bakarra onartu –dio suminduta–, manifestazioak egin ziren, herri-iniziatiba sortu zen... baina erresistentzia ez zen izan Wyhl-en bezain arrakastatsua”. Mugimenduaren eredu da Wyhl: baserritarren eta unibertsitarioen protesta indartsuak, solidarioak eta baketsuak izan ziren. 1975ean zentralaren eraikuntza orubea okupatu zuten 28.000 pertsona inguruk eta ia bederatzi hilabete geroago joan ziren azken okupak. Hamar urte iraun zuen gatazka juridikoak eta zentralaren eraikuntza ez zen inoiz bukatu. Hala ere, borroka askoz ere bortitzagoak izan ziren, Borksdorf-en esaterako. Porrota adierazi zuen askorentzat. Baina mugimenduak garaipenak izan ditu behin eta berriro: Wackersdorf-en birprozesatzeko fabrikaren eraikuntza eragotzi zen. Gatazka jadanik ez zen lokala. 100.000 pertsona elkartzen ziren hainbat hiritako manifestazioetan.

Kontuan hartzekoa da erabilera zibilaren aurka zegoen jende gehiena erabilera militarraren kontra ere bazegoela, eta bake mugimenduak susperraldia izan zuela 1979-1983 urteen artean. “Garai hartan jakin zen amerikarrek Pershing izeneko misil atomikoak zabaldu zituztela Alemaniako base militarretan. Gure semeak horren kontrako manifestazioetara joaten ziren, eta ni haiekin”, dio Haurik. 80ko hamarkadan, blokeen arteko norgehiagokaren eta beldurraren estrategiaren aurka mugitu ziren masak. 1980an, hein batean mugimendu antinuklearretik sortu zen Berdeak alderdia ere.

Txernobylgo perretxikoei muzin

Eta 1986an, Txernobyl. Kajimuratarrek ez dute ordutik Poloniako perretxikorik erosi. Japonian aitzitik urrun geratu zen laino erradiaktiboa. Miho Shimomurak urtebete baino ez zuen artean. “Esan daiteke Alemaniako erreakzioa histerikoa izan zela”, aitortu du Haurik. Letxugak eta esne hautsa suntsitu ziren, ez zitzaien umeei hondar-kaxetan jolasten uzten... Alboan, Frantzian, antzekorik ez. “Baina genuen informazioak kezkatzeko arrazoia genuela esaten zigun. Eta sentsazioa zen, ez zela egia osoa kontatzen zigutena”. Informazioa are mugatuagoa zen Ekialdeko Alemanian. “Guk perretxikoak jaten jarraitu genuen kezkarik gabe –alderatu du Herbert Zühlkek lehor–, mugimendu kritikorik onartzen ez zuen sisteman, energia nuklearraren aurkako ahotsek ere ez zuten publikotasunik”.
Ekialdeko Alemaniakoa izan zen 1966an sare elektrikoa elikatu zuen lehen zentrala. Hogei zentral eraikitzeko ametsa zuten, baina bigarren bat baino ez zen egin, Lubmingoa, Greifswaldetik hurbil. Zühlke zentral horretako erreaktore-operadorea izan zen 1975etik aurrera, harresia jausi eta urtebetera Ekialdeko Alemaniako zentralak itxi zituzten arte: ez ziren behar eta ez zituzten Mendebaldeko ziurtasun estandarrak betetzen.

1990eko hamarkadan bateratzea izan zen gai nagusia eta asko jaitsi zen nuklearren aurkako mugimenduaren jarduera. Elkargunea Gorleben izan da garai makaletan: leku hori behin betiko biltegi posible modura ezarri zenetik –35 urtez atsedenik eman gabe–, hondakin erradiaktiboen auzia eztabaidaren gako bihurtu da. Halako biltegi baten xedea hondakin erradiaktiboak “ziurtasunez” milioi bat urterako biosferatik isolatzea da. Gorleben horretarako egokia ote den aztertu bitartean, behin-behineko biltegi gisa erabiltzen da. Hondakinak Castor izeneko bagoietan trenbidez garraiatzen dira haraino. Azken garraioa, 2011ko azarokoa, orain arteko geldoena eta garestiena izan da, baita polizialki bortitzena ere: Frantziako Le Havre-tik abiatuta, 125 ordu baino gehiago behar izan zuen trenak. Atzerapena arrakastatsutzat jo zuten manifestariek. “Emaitza geologikoen arabera, Gorleben ez da leku aproposa”, dio Kajimurak. 35 urte hauetan Gorlebeneko protesta kontaezinetan izan da bera eta familiarekin oporretan ere joan izan da bertara.

Oporretan bezala sentitu zen Nina Hensel, 23 urtekoa eta Kajimurarekin belaunaldia partekatzen dutenen alaba, azken blokeoetan parte hartzera Gorleben inguruko kanpamentuetako batera iritsi zenean. Begiak ubelduta bueltatu bazen ere, Hensel ez da kikiltzen den horietakoa: “Trenbideko harriak ateratzeko ekintzekin bat egitea erabaki genuen, nik ezin dut hogei orduz ipurdia trenbidean jarri”. Akziozko filmetatik soilik ezagutzen zuen zerbait bizitzea tokatu zitzaion. Ahotsean dardararik gabe gogoratzen ditu xehetasunak: “Nondik datorren ere ez dakizun odola. Mutil-lagunaren ahotsa poliziari gelditzeko eskatuz. Eta beldurrez, hil arte jotzen jarraituko ote gintuzten. Hiruzpalau minutu iraun zuen. Eskuetan bilurrak ipinita, burua estalita, kriminal arriskutsuen pare eraman gintuzten furgonetan kartzelara. Paradoxa da niri indarkeria leporatzea, indarkeria gure helburuen kontra doala sinesten baitut, baina uste dut zilegi dela kalte materialak eraginez protesta egitea”.

“Hondakinen arazoa –kritiko jarri da Herbert Zühlke– gobernu denek atzeratu nahi izan duten auzia da. Duela 50 urte geunden toki berean gaude”. Balizko biltegi berri bat bilatuko dela agindu du Gobernuak, Gorlebeneko azterketa-lanak bertan behera utzi gabe, ordea. Zühlkek lau erreaktoretako erregai nuklearra Castor-etan sartu eta Lubmin zentral ohiko behin-behineko biltegira eramateak eman dien lana ezagutzen du. Hamar urtez aritu da zeregin horietan eta erretiroa hartu arte zentralaren eraispen lanekin jarraituko du.

Mugimenduaren susperraldia

Lozorroan zegoela zirudien mugimenduak indar handia hartu zuen berriro 2010ean. “Manifestazio jendetsuen kultura indarberritu zen Merkelek zentralen bizitza luzatzeko erabakia azaldu zuenean”, azaldu du Haurik. Aurretik, 2000. urtean, energia mota hori pixkanaka itzaltzen joatea hitzartua zuten koalizio gorri-berdeak eta industria atomikoak. “Baina badator Merkel eta ezetz dio, ez dugula egingo. Eta gaur ere hortxe egongo ginateke Fukushimako hondamendia gertatu izan ez balitz”. Inge Hauri bera, Merkelek epeak atzeratu zituenean itzuli zen protestetara, eta 70-80etako lagunak topatu zituen. “Gero Stuttgarteko geltokiaren aurkako kontzentrazioetara joaten hasi nintzen, bertan bizi diren semea eta haren emaztearen engaiamenduak bultzatuta”.

Errepublika federal osoa jarri zen Stuttgarteko tren geltoki berriaren kontra sortu zen herri-mugimendu indartsuari adi. Inork espero ez bezala gurutzatu zen dena Stuttgarten. Hauteskundeak zeuden martxoan eta geltokiari buruzko jarrerek definitzen zuten kanpaina. Berdeek irabaziko zutela pentsa zitekeen. Irudi ikaragarriak heldu ziren Fukushimatik, ostirala zen. Astelehenean, energia politikan norabide aldaketa iragarri zuen Merkelek: zazpi zentral berehala ixtea agindu zuen, eta hiru hileko epean zentral denak berrikustea. Sinesgarritasun gutxiko maniobra Baden-Württemberg-en bere alderdiaren aukerak hobetzeko? Gaur, Berdeek Land batean duten lehen presidentea da Winfried Kretschmann, non eta 58 urtean zehar, kristau-demokrazia indarrean egon den Land kontserbadorean.

Kajimurak aurrez aurre adierazi zion Kretschmani: “Japonian Alemaniako bigarren politikari ezagunena zara”. Izan ere, japoniarrek arretaz jarraitzen dituzte Alemaniaren urratsak. “Ni zaharra naiz Japoniara itzultzeko. Asko dago egiteko, baina nik egin dezakedana Alemaniako informazioa helaraztea da. Horixe da nire betebeharra orain. Japoniako lobby atomikoak gorroto nau”, aitortu du Kajimurak. Bere kezkarik handiena da beste istripu bat gerta litekeela. Japonian berrikusi dituzten zentraletako bakar batek ere ez du jarraitzeko baimenik jaso eta otsailean 54 erreaktoretik soilik bik funtzionatzea espero da. “Hurrengo hamar urteetan Alemaniak egiaz industria atomikoarekin bukatzen badu, iraultza energetikoa izango da, mundu mailan puntakoa”, dio Kajimurak itxaropenez. Zortzi zentral itxi dituzte Alemanian eta 2022rako gainontzekoak ixtea erabaki da.

Etorkizun berdea?

Hauri mesfidati agertu da: “Sinestarazi nahi digute norabide aldaketa ez dela posiblea. Hodiak ez direla prest egongo haizearen energia garraiatzeko, Magrebeko herrialdeetatik –politikoki sutan– erosi nahi zen eguzki-energia ez dela ziurra... Kontrako propaganda itzela egiten ari dira”. Iraultza energetikoa izango bada, haize-errota eta hodi berriak baino zerbait gehiago beharko du Alemaniak. Energia sortu eta erabiltzen duten azpiegituren erabateko aldaketa berdea eskatuko du, autoak, eraikuntzak eta fabrikak barne. Inork ez du ahazten alde batera Polonia dutela, energia nuklearrarekin hastekotan; beste aldera Frantzia, zentralez josita. Zalantzen gainetik, haatik, idealismoa gailentzen da Hauriren hitzetan: “Erabat sinetsita nago, Alemanian ondo badoa, gainontzekoak atzetik eramango dituela”.

Shimomuratarrek bizitza berriari ekin diote Berlinen: haurtzaindegian lekua lortu, diru-sarrerak eta zeregina dutela frogatzen dituzten dokumentuak bildu, aleman ikastaroa hasi... Mihori ez zaio aurpegian etsipen izpirik antzematen: “Ez nuen sekula pentsatu Toraren lehen urtebetetzea atzerrian ospatuko genuenik. Agian uste nuena baino errazagoa izango da”. Beren bizimodu berriaz ari da, baina gure planetak bizi ditzakeen garai berrien isla ere izan daiteke.


Azkenak
2025-02-17 | ARGIA
Ikasle feministek elkarretaratzea egin dute Gasteizko EHUko campuseko irakaslearen sexu erasoak salatzeko

Gertatutakoak ez direla kasualitatea azpimarratu dute. Unibertsitateko eremuetan indarkeria matxista gertatzen dela azaldu dute, eta arazoa sistematikoa dela. Protokolo bat eskatu dute erasotuak babesteko. Erasotzaileak inpunitate osoarekin jokatu duela salatu dute.


Bi futbol taldek planto egin dute irain arrazisten aurrean Bizkaian eta partiduak bertan behera geratu dira

Gaztelueta C -Berango C gazteen futbol partidua bertan behera geratu zen Larunbatean. Jokatzen ari zirela Gaztelueta C taldeko gazte batek aurkariari "beltz zikin madarikatua" deitu zion. Gorengo erregional mailako Otxarkoaga-Iturrigorri partiduan ere... [+]


Bederatzi pertsonari lau eta hamar hilabete arteko kartzela-zigorrak ezarri dizkie Voxen kontra protesta egiteagatik Bilbon

Atxuri auzoan 2019ko azaroaren 5ean Voxen kontra egin zuten bederatzi pertsonaren kontrako epaia iritsi da. Akusatuek ez dute espetxean sartu beharko.


2025-02-17 | Axier Lopez
Itziarren semea?

Ia mende batez, Euskal Herrian ez da belaunaldirik tortura ezagutu ez duenik. 1960tik 5.379 lagun dira ofizialki, baina askoz gehiago dira, publikoki torturatu gisa agertzeak min egiten duelako oraindik ere. Eta seguruenik, oinarri-oinarrian ez delako ezer aldatu. Polizia... [+]


Eneko Anduezak PSE-EEko idazkari nagusi izaten jarraituko du

PSE-EEren zuzendaritza berriak alderdikideen %95en onespena jaso du. Anduezak proposatutako Batzorde Exekutiboan aurreko 26 kideetatik zortzi aurpegi berri daude soilik.


Europak toki bat aldarrikatu nahi du Ukrainako bake negoziaketan, AEBen bazterketaren aurrean

Macronek egindako deiari erantzunez, NATOko eta Europako agintariak Parisen elkartuko dira astelehen honetan, AEBek eta Errusiak iragarri ostean Ukrainako gerra amaitzeko elkarrizketei heltzekotan direla. Europak diru asko xahutu du Ukraina laguntzen, eta gerra amai dezakeen... [+]


Erantzukizun publikoak hartzea eskatu dute Euskal Herriko Torturatuen Sarearen aurkezpenean

Torturak jasan dituzten 900 lagun bildu dira Donostian Euskal Herriko Torturatuen Sarea aurkezteko, otsailaren 15ean. Ekimenak torturatuen bozgorailu izan nahi du, eta oraindik torturen berri eman ez duten herritarrak sarera batzera animatu dituzte. Eusko Jaurlaritzari eta... [+]


Labrazaren defentsan
"(Oiongo osoko bilkuraren) helburua argia da, legez legitimatzea tramitazioan irregulartasun nabarmenak dituzten megaproiektu energetikoak"

Joan den asteazkenean egun gogorra eta desatsegina bizi izan genuen, ez bakarrik Labrazarentzat, baita zentral eoliko,... [+]


Gazteen arteko genero arrakalak gora egin du kokapen politikoari dagokionez

Azken hogei urteetako gazteen kokapen politikoa izan dute aztergai The Economisten. Europan 18-29 urte arteko gizonak emakumeak baino posizio kontserbadoreagoetan kokatzen dira. 


Gasteiz inguruan Vitoria Solar 1 eta 2 parke fotovoltaikoak eraikitzea onartu du Eusko Jaurlaritzak

Parke bakoitzak hirurogei hektarea izango ditu, eta 32 milioi euroko aurrekontua du proiektuak. Ingurumen eta baimen teknikoak berretsita, egitasmoari hirigintza baimena baino ez zaio falta eraikitzeari ekiteko.

 


Industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioak milaka lagun batu ditu Iruñean

Arriskuan dauden BSH, Sunsundegui, Nano Automotive, Siemens Gamesa, Tenerias Omega, Tasubinsa eta Volkswagen enpresetako langile batzordeek haien egonezina azaldu dute eta Nafarroako Gobernuari "benetan bermatzailea den legeria bat artikulatzea" eskatu diote.


Tentsio betean, preso truke berria egin dute Israelek eta Hamasek

Su-etena hitzartu eta hilabete bete denean, lehen faserako adostutako 33 bahituetatik 25 askatu ditu Hamasek. Israelek, berriz, 985 preso utzi ditu aske. Bigarren fasea martxoaren 2an da indarrean sartzekoa, baina bi aldeek jarraitu beharreko urratsak zehazteko daude... [+]


Analisia
Nostalgiari ‘sold out’

Gauzak ez dira izatez errazak, eta, izango da batagatik edo besteagatik, baina, azken boladan, mingainari behar baino gehiagotan egin diot kosk bi kontu hauengatik: sold out-aren kultura eta FOMOa –azken hori agian azaldu behar da, ez baita hainbestetan esana: esperientzia... [+]


Zedarriak Foroari erantzuna
Defentsan inbertitzea

Zedarriak Foroak Euskadi eta Europar Batasuna, oparotasunaren eta lehiakortasunaren patu partekatua txostena aurkeztu zuen urtarrilaren erdialdean. Bertan, EAErako gomendioak jasotzen dira, Draghik eta Lettak Europako Batasunerako aurkeztu dituzten txostenak erreferentziatzat... [+]


Eguneraketa berriak daude