Udaberri arabiarra, loraldi kulturala?

  • Urtebete joan da herrialde arabiarretan matxinadak hasi zirenetik. “Udaberri arabiarra” deitu zion prentsak, baina 2011k aurrera joan ahala zimelak hartu ditu herri matxinada haietako asko. Goizegi izango da, ziurrenik, iraultza horiek ekarriko dituzten ondorioak zehazteko. Bat izan ezik: arabiar herrialdeetako arteek aspaldian ez bezalako arreta berenganatu dute Mendebaldeko hedabideetan.

Nermine Hammam argazkilari egiptoarraren argazkia. Militarren irudiak eta koloreak uztartuz udaberri arabiarraren metafora osatu du.

Matxinaden eraginez sorkuntza bizitu al da? Hala pentsa dezake edozein amaren alabak egunero prentsan, telebistan, irratian edo sarean ikus-entzundako informazioei kasu eginez gero. Adibide berri samar bat: “Udaberri arabiarra: nola kontatu iraultza artearen bidez” zioen Diario de Navarran argitaratutako EFE agentziako albiste batek urtarrilaren 24an. “Udaberri arabiarrak berehalako efektua eduki du arteetan, eta Kairon arraroa da aste bat pasatzea zuzenean edo zeharka Egiptoko panorama berriari lotutako erakusketa bat inauguratu gabe”. Panorama berria sortu dela, ez da dudarik, Mubarakek ez baitu Egipto gobernatzen iaztik. Baina komeni da egoera berri hori oraingoz junta militar batek gidatzen duela gogora ekartzea ere. Eta beraz galdetzea, ea agintean dauden uniformeek arteekin sentsibilitate berezia ote duten sorkuntza-olde hori bultzatzeko, edo, besterik gabe, lehen bezainbeste sortzaile ote dagoen Egipton, baina lehen ez bezala herrialde aberatsek euren kazetari paratxutistak bidaltzen dituzten horien berri ematera.

Matxinadek, laguntzekotan, herrialde batzuetan pelikula, kanta edo liburu batzuk kontsumitzen lagundu dute, edozein erregimen aldaketak ordura arte nagusi izan den kulturgintza ofiziala pipiak egurra bezala jaten baitu. Zentsuratuta zeuden idazle eta zinemagile batzuen lanetara errazago iritsiko da publikoa orain; galbahea pasatzeko gauzak erdi-esan erdi-ezkutatu behar zituztenek ere, modu agerikoagoan adierazi ahalko dituzte euren iritziak hainbat herrialdetan. Eta zentsura gainditzearekin batera –edo zentsura gainditu behar izana amu gisa erabilita–, atzerrian arrakasta lortu duenik ere bada.

Hesham Issawi zuzendariaren historiak biltzen du egokien egoera hori: Egipton jaioa, 1990ean AEBetara joan zen antropologia ikastera, baina argazkilaritzarekin zeukan interesak apurka-apurka zinemagintza ikastera eraman zuen. 2000ko hamarkadan hainbat film labur egin ondoren, duela bi urte ekin zion bere lan ezagunena filmatzeari, Cairo exit. Gizon musulman baten eta emakume kristau kopto baten arteko amodio istorioa kontatzen du, herrialdearen erretratu tristea eskaintzearekin batera. Mubaraken erregimenak debekatu egin zuen Egipton proiektatzea; handik kanpo eskaini zuenean ere, bere herrialdeko kritikariak gainean zituen: “Pelikula Dubaiko Film Festibalean eskaini nuenean, 2010eko abenduan, kritikari egiptoarrek gaitzetsi ninduten herrialdearen irudi goibela eskaintzeagatik eta soluziorik ez aurkitzeagatik pertsonaien egoera sozial eta ekonomikoari; kritikatu zuten pertsonaientzat soluzio bakarra Egiptotik alde egitea dela. Tira, nire erantzuna izan zen: ezin nuen irtenbiderik bilatu pertsonaientzat, ez zegoelako halakorik sistema basati horren pean”.

Kotizazioa gora

Paris, Frankfurt, Madril, Venezia edo Londresko erakustokiak ere izan dira “arteen udaberri arabiarra”-ren lekuko. Matxinadek begiak zabaldu dizkiete galerietako komisarioei: badira Mediterraneoaren beste aldean ere artista interesgarriak, hiriburu handietan ikustea merezi duten artelanak. Ez da kontu berria ere, euren lanak erakutsi dituzten artisten adinari erreparatzea besterik ez dago. Frantziako hiriburuko Villa Emerige galerian Magrebeko eta Ekialde Hurbileko dozena bat artistaren lanak izan ziren ikusgai iazko urrian eta azaroan. Laila Muraywid 1956an jaio zen, Khaled Takreti 1964an, Abderrahim Yamou 1959an, Yazid Oulab urtebete lehenago. Baina sortzaile helduak izanda argitu ditu fokuak, artearekin zerikusirik ez duten arrazoiengatik.

Erakusketa horrek Le Monden orrialdeetan toki esanguratsua hartu zuen garai beretsuan, artista gazteagoen lanak jarri zituen enkantean Christie’s etxeak eta negozioa bikain atera zitzaion: %83 salduta, 1.700.000 euro baino gehiago ordaindu zituzten bezeroek. “Erosle eta artista berriok gure katalogoari erantzun dioten energiak eta berotasunak ezohiko burrunba eta kitzikapena eragin dute enkante-aretoan gaur” adierazi zuen Michael Jehak, Christie’s-en Ekialde Hurbileko zuzendariak. Eta ez dirudi gurpila geldituko denik, artista askorentzat historiak euren herrialdeetan eman duen errebueltak jauzi kualitatiboa emateko aukera eskaini dio. Erreportaje hau janzteko Nermine Hammam-en argazkiak erabili ditugu. Azken hamar urteetan erakusketa ugari egin du Egipton, baita atzerrian ere, baina badira nazioartera ateratzeko manerak eta manerak. 2008an Grezian ari zen bere lanak erakusten, etxetik igeri batera. 2011n, geografikoki hain urrun egon ez arren, harresi ikusezinak jartzen espezialista den Frantzian erakutsi ditu bere fotoak, Parisen eta Dieppen; baita Afrikaren beste muturrean ere, Bamakon, Maliko hiriburuan. Lagunduko zion, bere lanetan Egiptoko militarren argazkiak eta kolore saturatuz beteriko hondoak konbinatuz “udaberri arabiarra”-ren metafora bikaina osatzeak.

Demokrazia, ideal hori

Segi genezake hizketan azken urtean arabieraz hitz egiten duten artistek itsasoaren beste alde honetan izan duten oihartzunaz, diziplinaz diziplina errepasoa egin, kasu batzuetan paradoxikoa baino, amorragarria ere bai baita, rap kantarienean berbarako, nola hango abeslari iraultzaileak goratzen diren –The New York Timesek berriki lorez jantzi zituen matxinadei soinu banda jarri dioten hip-hop abeslariak– eta hemengoei kasu zipitzik egin ez. Baina, nondik dator artista horien lanek sortzen duten fazinazioa eta berritasun sentsazioa?

Badirudi Mendebaldeko sistema demokratiko burgesek bizi duten nekearen eta asperduraren aurrean, ideal demokratiko garbi eta berria aurkitu duela hainbatek –eta “hainbatek” diogunean “boterean daudenek” diogu– herrialde arabiarretako matxinadetan. “Ikusi han nola estimatzen duten guk hemen badaukaguna” esango balute bezala da, “ez zaitez hainbeste kexatu, munduko zenbait lekutan hiltzeko prest daude zuk jaiotzetik daukazuna lortzeko”. Eta mezu hori askoz hobeto sartzen da produktu kulturalen bidez. Politikarien diskurtsoek eraginkortasunik ez daukaten lekuetan artista arabiarrek badaukate ateren bat edo beste irekitzeko aukera. Ikusi beharko 2011n hasitako matxinada giroa baretzen denean herrialdeotan geratzen den egoerak lagundu ote dezakeen mezu hori transmititzen jarraitzen –antzeko operazio ideologikoa gertatu zen 1990eko hamarkadan kapitalismoak Ekialdeko Europako herrialdeak hartzaren indarrez besarkatu zituenean; agerikoa da ez zuela Europa zaharrean ilusio berririk sortu–.

Baina den-dena ez da okerrerako. “Udaberri arabiarrak” gauza bat gutxienez lortu du, eta da bestela inolaz ezagutuko ez ziren sortzaileak plaza zail hauetara ekartzea. Globalizazio kulturalaren beste urrats bat edo momentu jakin bateko interesek bultzatutako loralditxoa den, hori da ikusteko dagoena.


Azkenak
Frantziako Estatu Kontseiluak Palestinak irabaziko du Kolektiboaren desegitea onartu du

Okzitaniako Tolosako elkartea da aipatu kolektiboa eta Frantziako Gobernuak dekretuz desegin zuen 2022an. Orain Estatu Kontseilua gobernuaren erabakia egokia dela berretsi du.


Izan, badira salbuespen legeak, bai horixe!

Sare Herritarrak antolatuta, pasa den urtarrilaren 11n Bilboko kaleak bete zituen manifestazio jendetsuaren ondoren, berriz sortu da eztabaida, euskal presoei salbuespen legeriarik aplikatzen ote zaion. Gure iritzia azaltzen saiatuko gara.

Espetxe politikan aldaketa nabarmena... [+]


Zedarriak, armagintza, zoru etikoa eta langileok

Duela gutxi think tank izateko jaioa omen den Zedarriak bere 6. txostena aurkeztu zuen. Beren web orrialdean azaltzen dutenaren arabera, zedarriak ebidentea ez den bidea topatzeko erreferentziak dira. Hots, hiru probintzietako jendarteari bidea markatzeko ekimena. Agerraldi... [+]


Eskoziako Lur Garaietan otsoa sartzea klima-larrialdirako onuragarria izango dela iradoki dute

Eskoziako Lur Garaietara otsoak itzularazteak basoak bere onera ekartzen lagunduko lukeela adierazi dute Leeds unibertsitateko ikertzaileek.. Horrek, era berean, klima-larrialdiari aurre egiteko balioko lukeela baieztatu dute, basoek atmosferako karbono-dioxidoa xurgatuko... [+]


Ágredok dioenez, zortzi bat ordu eman zituen ziegako zoruan etzanda Ertzaintzak ospitalera eraman aurretik

Karen Daniela Ágredok dioenez, atxilotu zutenean berak ez zuen ertzainik zauritu, haiek lurrera bota zuten eta konortea galdu zuen. Ondoren, Ertzaintzaren komisariaren zoruan iratzartu zen eta handik ospitalera eraman zuten.


Hiuzz + Bloñ + Adur
Lete ravero bat Iruñean

Hiuzz + Bloñ + Adur
Noiz: otsailaren 15ean.
Non: Iruñeko Aitzina tabernan (Egun Motelak kolektiboa).

--------------------------------------------

Larunbat goiza Iruñean. Neguko eguzkitan lanera doazen gizon –eta ez gizon– bakarti batzuk... [+]


Lorpen baten berri: Nafarroako Museoan Irulegiko Eskua euskaraz bisitatu daiteke

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak jaso ditu kexak: bisita gidatuak gaztelania hutsean, eta sarrerako zerbitzuetan ere bai. Bitxia da kontua: baskoien mintzairaren hitzak dituela uste den brontzezko objektua ikustera joan... eta azalpenak gaztelaniaz. Kexek eragina izan dute, eta... [+]


Bideojokoen erabilera handitu egin da helduen artean, Ipsosen arabera

Julen Linazaroso Macsonrisas-eko kideak azaldu duenez, sari-bolek, harrapakin-kutxek eta enparauek bideojokoetan ordu gehiago jokatzea dute helburu. 35 eta 64 urteko pertsonen artean bideojokoen erabilerak gora egin du 2023tik 2024ra, Ipsosek emandako datuen arabera.


2025-02-21 | Euskal Irratiak
Boliviako laborari talde bat sustengatuko dute Xiberoatik

Zubiak eraiki Xiberoa eta Boliviaren artean. Badu jadanik 16 urte Boliviaren aldeko elkartea sortu zela Xiberoan. Azken urteetan, La Paz hiriko El Alto auzoko eskola bat, emazteen etxe baten sortzea, dendarien dinamikak edota tokiko irrati bat sustengatu dituzte.


Osasunbidean 11 medikuk 17.000 euro irabazten dituzte hilero

Ostegunean egoera hori ikertzeko eta zuzentzeko eskatu dio EH Bilduk Nafarroako Gobernuari legebiltzarreko osoko bilkuran. UPNk eta PPk bat egin dute eskaerarekin, eta Osasun Departamentuak urtebete du ikerketa gauzatzeko.


“Oldarraldi faxistari” galga jartzeko deia Errenterian

Oldarraldi faxistaren aurrean askatasuna leloarekin manifestaziora deitu dute dozenaka herritarrek. Ostiralean —hilak 21— 19:00etan Herriko Plazatik abiatuko da protesta, eta ahalik eta jendetsuena izatea nahi dute deitzaileek, faxismoaren oldarraldiari galga... [+]


Eguneraketa berriak daude