"Kalean birgizarteratzen da, ez kartzelan"

  • 11.236 egun kartzelan.

Jose Mari sagardui
Jose Mari sagardui "Gatza"Dani Blanco
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Denon gaztaroa ez da historiaren puntu berarekin gurutzatzen.

Francoren garaiak ziren. Atxiloketak, fusilamenduak, militanteen heriotzak, ezkutuko batzarrak... Manifa guztiak ziren ilegalak: pankarta atera, oihu batzuk egin, eta polizia zetorrenean ziztuan mendira. Aitak kontatzen zizkidan bere ume sasoiko pasadizoek oihartzuna zuten nigan. Hunkitu egiten nintzen hegazkinetatik jaurtitako bonbek zeruan distira eta Bizkargi edo Lemoako haitzetan triskantza egiten irudikatzean. Ohartzen zara gai horiek oso isilpekoak direla, etxean euskaraz egiteko ere hormek belarririk ez dutela ziurtatu behar duzula, gerra-osteko izua bizi-bizirik dagoela, eta zeure kabuz hausnartzen hasten zara, hariak lotzen, giro horri hozka egiten.

ETAn sartzea zekarren horrek?

Jendeak eskatzen zuena eta han-hemenka gudariak nola erortzen ziren ikusita, munduko urratsik logikoena zen niretzat. Militantzia eta militantea beti dira kontzienteak. Hor sartzen denak ederki daki zer jartzen duen jokoan. Ez duzu ezer asmatzen ibili beharrik, besteei gertatu zaiena daukazu zain. Etsaiak atxiloketak eta kondenak mediatizatzen dituen momentutik abisatuta zaude. Hori hala, ez erortzeko pausoak neurtuz egiten duzu bidea. Badakizu poliziak nahi bestetan sartu dezakeela hanka, nahikoa duela azertu bakarra zu harrapatzeko. Zu, aldiz, ia perfekziora behartuta zaude, hutsegite bat eta zureak egin du.

1980ko uztailaren 8an atxilotu zintuzten.

Oso latza izan zen, oso bortitza. Ohean nengoela, etxeko atea kulatakadaka txikitu zuten, eta hortik aurrerakoa nahiago dut ez gogoratu. Behin atxiloketaren ondorioak irentsita, iraganean aparkatzea hobe. Etxetik Indautxuko komisariara eraman ninduten inkomunikatuta. Bakartuta zaude, ez dakizu non zauden, zer egun den, gaua ala egun argia den. Loa apurtzen dizute, umilazioak, makilakadak, eta hortik gora irudikatu dezakezun ankerkeria guztia. Izugarria da, kosta ahala kosta isildu nahi duzuna esateko gogoa pizten du torturak. Hain zaude infernu gorrian egin ez duzuna ere aitortuko zenukeela. Kartzelara iritsita, kide baten ahotik jakin nuen gure aita komisarian bueltaka ibili zela, “Animo Gatza!” garrasika. Uste dut aitak “Gatza” deitu didan aldi bakarrenetakoa dela.

Nola liteke gizakiak beste gizaki bat xehatzeko tortura edo kartzela bezalako tresnak asmatu izana?

Soldaduskan militar batek zioen mundu erdia beste erdia izorratzeko zegoela. Egia galanta. Zu beti ari zara zure hipotesiak egiten, euren logika harrapatzen saiatzen, zure kontra hartutako neurri eta zigorrekin nora makurtu nahi zaituzten kalkulatzen, baina ankerkeria da dena, eta okerrena da ez dela ezer zabaltzen mundura, hormatzarren artean geratzen dela dena. Ez dezala kiratsak inor kontzientziatu, ez dadila inor asaldatu. Kartzelan, zuk ez dakizu sekula zer tokatuko zaizun. Etengabe ari dira zurekin frogak egiten, euren laborategiko sagua zara. Lagunekiko harremanak mozten dizkizute, bisean bisak senideen arakatzeekin baldintzatzen. Gaur irainduko zaituzte, bihar eguzkia apenas sartzen den isolamenduko ziega estu-estura eraman. Horrek sekulako tentsioa dakar, eta zu ekiditen saiatu arren, une batean gorputzak gainez egiten dizu. Esaterako, pluritoa sortzen da, etengabeko hazkura sentsazio oso deserosoa. Badakizu nerbioen hondamenaren seinale dela, buelta emateko lasaitu behar duzula, baina hain da muturreko egoera... Egunean egunekoa bizitzera kondenatuta zaude. Ez dakizu bihar non egongo zaren. Euren esku zaude eta zure nortasuna mantentzen saiatu behar zara, trapu bat bezala aurrera eta atzera zarabiltzaten bitartean.

Nekeza da horren kontziente izan eta asumitzea?

Zenbait gauza mentalizatuta baizik ezin dira egin. Horixe da daukazuna, horixe da zauden mundua, eta biziraun nahi baduzu ez daukazu beste erremediorik. Oso konplikatua da zure burua egoki kokatzen asmatzea, baina ekinaren ekinez, lortzen duzu behe-lainoa uxatu eta jarraitu beharreko pentsaera eta jokabidea ikustea. Ezinbestekoa da hori kartzelaren menpe ez erortzeko. Zuk zure bidea egin behar duzu, espero ez duzuna noiznahi gerta daitekeela onartuta, gaur lagun plantak egin dizkizun kartzelariak bihar jipoitu zaitzakeela jakinda. Ni beti saiatu naiz nire bidean zentratu eta morroiekin distantzia mantentzen. Pentsa, ni preso nengoela jaiotako funtzionarioak ere tokatu zaizkit. Berak badaki, zuk badakizu, baina inork ez du ezer esaten. Espetxezainentzat ez zara errespetagarria. Urtetan preso egon arren euren esanera belaunikatu gabe jarraitzen duzu, beraz oker begiratzekoa zara, susmagarria, ez fidatzekoa. Izugarrizko amorrua ematen die zurekin nahi dutena ez lortzeak. Egunero bota nahi zaituzte lurrera, baina zutik irauten duzun egun bakoitzak areagotzen du euren porrota. Hori frustrazio eta gorroto iturri izugarria da haientzat. Sarri galdetu diot nire buruari, “andrearekin haserretu eta nirekin ordaintzen ari dira, ala berez dira holakoak?”. Horregatik, ni nire bidean beti, inoren eskutik jan gabe, ahal bezain akats gutxi eginez, eta ondorio guztiak asumituta.

Beldurra ematen du.

Kartzelari ez diot beldurrik, ez dut uste izan behar zaionik, baina errespetu itzela bai. Kartzela horma handiz inguratutako zulo sakona da, eta presoaren egunerokoa da zulo horretan ez erortzeko etengabeko borroka. Borroka horretan gerta litekeen edozeri diot errespetua, edonoiz gerta baitaiteke edozer. Askotan galdetzen didate kartzela pelikuletan ageri den bezalakoa ote den. Nola izango da filmak bi ordu irauten baditu eta nire kondenak 30 urtetik gora? Oso zaila da bere larruan probatu ez duenari kartzela zer den azaltzea. Munduko irudimen errealena duenak ere ez daki nola erreakzionatuko lukeen barruan gertatzen direnen aurrean. Kartzela oso suntsitzailea da.

Horregatik egiten du presoak ihesarekin amets?

Askatasun egarria ase ezina da. Nahi gabe ere “hemendik izan liteke” edo “ordu honetan ez daukat morroirik gainean” bezalako detaileei erreparatzen diezu. Batzuetan, kalea ere ikusten duzu ziegatik eta “ezin du hain zaila izan!” errepikatzen diozu zure buruari. Kartzela zure bizitza jaten ari dela iruditzen zaizu, zure familia urrun dago, mugatuta zaude, eta ihes egitea ametsa baino gehiago bihurtzen da. Nik hamahiru urte neramatzan preso, nire bizitza bazihoala iruditzen zitzaidan, etengabe trena galtzen ari nintzela, ez nien nire printzipioei huts egin nahi, eta ihes egiteko aukera ikusi nuenean ez nuen bi aldiz pentsatu. Lehen horma gainditu nuen, bigarrena ez ostera. Gorputza ubelduz beteta eta txikituta geratu zitzaidan, baina kolpe psikologikoa mingarriagoa izan zen. Bezperan, “bihar non egongo ote naiz?” galdetzen nion nire buruari, hormatzarren bestaldean egongo nintzela sinetsita nengoen, eta azkenean... Granadako espetxetik saiatu nintzen ihes egiten, eta biharamunean Caravanchelera eraman ninduten inori ezer esan gabe. Ez zait sekula ahaztuko, zeruak eta lurrak astindu ostean, gure ama han agertu zenekoa. Une hartan poz itzela eman zidan. Hor jabetzen zara jende bat zugatik zer eta zenbat egiteko gai den. Oztopo eta susto guztien gainetik beti zurekin. Ez zait sekula ahaztuko elkarri egin genion irribarre samur hura: “Pasatakoak pasata, oraindik bizirik eta gogor!”. Ez, ez naiz ahaleginaz damutzen. Horri esker ezin dut esan buruan eduki baina ez nintzela saiatu.

Saiakera hark eman ez zizuna, denborak itzuli zizun. Iazko apirilaren 13an irten zinen Jaengo kartzelatik.

Laino batean nengoen. Jendea galdezka, emozio anabasa, dena berri, dena nobedade, denen arreta-gune... Ez da egun arrunt bat zure bizitzan. Halakoetan, saiatzen zara ahalik eta adierazpen zentzuzkoenak egiten, kanpokoei zugandik espero dutena ematen, barrukoei euren eguna ere helduko dela sentiarazten, eta batez ere, aurrera egiten. Harrigarriak dira barruan egiten dituzun harremanak, oso lotura estuak egiten dituzu uneoro irauli litekeen monotonia horretan. Kanpoan desberdina da, jende gehiagorekin zaude, monotonia horrek beste zentzu bat du, harremanek beste esanahi eta intentsitate bat dute. Kanpoan askoz garrantzi handiagoa ematen zaie gauza materialei, ekonomiari. Barruan ez, barruan zuk daukazun onena ematen duzu, zure bizitza, zure urteak, eta hori ezin da ordaindu. Nik zorionez, preso nengoela, bidetxo bat jorratu dut neska-laguna eta alabarekin, baina ordura arte ez nituen sekula kartzelatik kanpo besarkatu. Pasatakoak pasata, ederra da eurekin nire herrian egotea. Ni naiz azkena etxera iritsi dena, eta oraindik egokitze fasean gaude. Ez da samurra, baina gaitasun eta maitasunez ari gara pixkanaka bakoitza gure tokia aurkitzen. Niretzat aldaketa handia da. Barruan, zure bizitza propioa daukazu, zuretzat eskatzen duzu, zuretzat borrokatu. Hemen ez, hemen hirurontzat eskatu behar dituzu gauzak, hirurontzat egin, eta buruak asumitu behar du daborduko ez dagoela bakarrik, etxekoekin kontatu behar duela.

Ezinbestekoa da alboan norbait izatea mundu berri bati aurre egiteko?

Bestela nola kokatzen zara mundu horren aurrean? Non? Zelan egiten dituzu gauzak? Ziurtasuna behar duzu mugitzeko, zure ingurua ezagutzeko, informazioa jasotzeko, eta gauzen funtzionamendua asimilatzeko. Ni eraman nindutenean, ez zegoen gaurko azpi-egiturarik, gaurko etxe pilarik, ez zegoen ez Internetik ez mugikorrik, pezeta zen nagusi, eta mundua ez zebilen hain azkar. Esaterako, laguntzarik gabe, nola jakin nora joan behar den langabezia kobratzera? Nola jakin nola funtzionatzen duten bertako makinek? Ni orain 30 urte langabezia kobratzera joaten nintzen lekuan auskalo zer dagoen orain, eta orduan ez zegoen ezer informatizatuta. Hasieran, edozertarako behar duzu laguntza, baita kaletik ibiltzeko ere. Horretaz gain, oso garrantzitsua da lantoki bat edo zure bizitza ardazteko planteamendu bat izatea. Horretan ari naiz, kokatzen, nire bizitzaren mapa berriz diseinatzen. Agintariek kartzelak birgizarteratzeko balio duela aldarrikatuko dute, baina kalean birgizarteratzen da, ez kartzelan. Kartzelak oso ondorio eskasak uzten ditu pertsonengan.

Zure irteeratik hona pauso esanguratsuak eman dira panorama politikoan. Nola bizi duzu momentua? Nola bizi zenituen negoziazio aroak kartzelan?

Kartzelan negoziazio aroak oso bereziak dira, ez dakizu zer hari ari diren mugitzen. Saiatzen zara egunkarien lerro artean irakurtzen, baina korapiloaren muinean ez zaudenez, hipotesiak baizik ez dauzkazu, eta gerora jakiten eta ulertzen dituzu gauzak. Kartzelan espektatibekin bizitzea oso arriskutsua da, eta guretzat, bigarren mailako kontua zen gure askatasuna. Herri honen gatazka konpontzean, gu borrokatzera eraman gintuzten arrazoiak desagertzean, gure askatasuna berez etorriko zela sinesten genuen. Beti eduki dut garbi zergatik nengoen preso, horregatik lehenbizi espetxera ekarri ninduten arrazoiei erreparatzen nien, eta gero nire buruari. Orain oso urrats esanguratsuak eman dira, presoen gaia lehentasuna izatera pasa da, baina helburuak berberak dira, ondo markatuta daude, eta etsaiak inork baino hobeto daki zeintzuk diren. Horregatik ez ditu eman nahi. Dena den, zaude ziur Euskal Herriaren eskubide guztiak lortu arte ez dugula etsiko.

Nortasun agiria

Zornotzan sortu zen 1958ko uztailaren 10ean. Espetxean 30 urte eta 9 hilabete pasata iazko apirilean berreskuratu zuen askatasuna; Europan kartzelan denbora gehien zeraman presoa zen. Urte horietan denetik ezagutu du: sakabanaketa, 14 kartzela desberdin, 190 gose-greba egun, ihesaldi saiakera, irteera dataren atzeratze gupidagabeak, jipoiak... Ez dira asko izango kartzelan kalean baino denbora gehiago igaro dutenak.

Azken Hitzak

Itsasontzi baten...

“Kartzela ez da lineala. Surrealismoaren gorenera heldu liteke. Pentsa, ni Mallorcako espetxera itsasontzi bateko bodegan eraman ninduten. Han zoaz, itsaso erdian, eskuak lotuta, ‘baina zer da hau?!’ pentsatzen.
 

...Izar baten gainean...

“Behin grabaketa bat sartu zidaten, eta bertan ‘laster, laster, laster, aitatxoren bila joango naiz izar baten gainean’ kantatzen zuen gure alabak. Nire aldeko ekitaldi guztietan jartzen omen zuten abesti hori, eta nik ere hori entzuten nuen. Bertan egoteko modua zen niretzat, nire herriko jendea sentitzekoa”.

...igeri.

“Kartzelan, irteterakoan igerian ikastearekin egiten nuen amets. Niretzat ezinezkoa zirudiena lortu dut. Beti irudimenean eta gogoan neukan apeta bete dut, eta sentsazio eta zirraraz beteriko mundu aske baten atea zabaldu. Aspalditik nintzen horren egarri, eta orain flotatzen dut... Kar, kar, kar!”.


Azkenak
2024-11-26 | Ahotsa.info
Paris 365
15 urte pobreziari aurre egiten Iruñerrian, eta inoiz baino beharrezkoagoa

Paris 365 elkarteak 15 urteurrena ospatu zuen larunbatean Geltokin. 15 urte gosariak, bazkariak eta afariak egunean euro baten truke zerbitzatzen urteko 365 egunetan horren beharra duten guztiei. “Atsedenik gabe”, azpimarratu nahi izan zuten bezala. Horrez gain,... [+]


2024-11-26 | Sustatu
Kabi@ 2024 Durangoko Azokan: Eremu digitala pentsatzen eta garatzen

Durangoko Azokaren alor digitala da Kabi@ espazioa eta egitaraua. Aurtengo edizioan, abenduaren 5ean eta 6an izango dira Kabi@ko ekitaldiak, Azokaren lehen bi egunetan (gero 8ra bitartean iraungo du). Ekitaldiak banatuko dira Durangoko Bizenta Migel Liburutegiaren eta Landako... [+]


2024-11-26 | Julene Flamarique
Iruñeko auzo guztietan euskarazko haur eskolak galdegiteko manifestaldia egingo dute abenduaren 11n

“Ez da posible hiri guztia zeharkatu behar izatea seme-alabak hemengo jatorriko hizkuntzan murgiltzeko” salatu dute guraso askok. Euskarazko plazak ere “oso urriak direla” salatu dute familia askoren artean eginiko bideoan.


2024-11-25 | Leire Ibar
Euskal Herriko I. Hikadromoa antolatu dute Durangoko Azokan

Durangoko Azokako berrikuntzetako bat izango da ZirHika taldeak sortu duen hikalarien bilgunea. Hika hitz egitea eta ongi pasatzea izango da helburua, abenduaren 7an Landako ikastetxean.


2024-11-25 | Euskal Irratiak
Alokairuak mugatzeko legea indarrean jada, Lapurdiko 24 herritan

Alokairuen bidezko espekulazioa oztopatzeko neurria azaroaren 25etik goiti izanen da indarrean Ipar Euskal Herrian. Momentuko, tentsiopean diren Lapurdiko 24 herriei eraginen die: Ahetze, Angelu, Arbona, Arrangoitze, Azkaine, Basusarri, Baiona, Biarritz, Bidarte, Biriatu,... [+]


'Superbotereak' liburua
Eskola-proiektuak izango dira mintzagai asteazkenean, Larraulen

Larraulgo eskolan da hitzordua, azaroaren 27an, 17:30ean. 'Superbotereak' liburuaren egile Koldo Rabadan ez ezik, hitzaurrea idatzi duen Nora Salbotx eta hainbat kide izango dira mahaiaren bueltan: Ainhoa Azpirotz (Hik Hasi-ko koordinatzailea), Irati Manzisidor... [+]


Lan istripu hilgarrien gaineko datuak estaltzea leporatu dio LABek Nafarroako Gobernuari

Azken astean sindikatuak 5 heriotzaren berri izan du eta dagoeneko 26 dira Nafarroan lanean hil egin diren edo beste erkidegotan beharrean zendu diren nafarrak. Alarma gorria pizteko moduko datuak LAB sindikatuaren iritziz.


2024-11-25 | ARGIA
Nazio auzia “erdigunean” ipintzeko eskatu du EH Bilduk, “jauzi” bat egin eta estatusaren eztabaida abiatzeko

Jendetza elkartu da Bilboko Casillatik abiatu den manifestazioan, Nazioa gara aldarrikatzeko. Buruan, EH Bilduko Mahai Politikoko kideak joan dira, eta atzeraxeagotik jarraitu diote ERC, BNG, CUP, Compromis eta Mes Per Mallorca alderdietako kideek. Ikurrinak, Nafarroako ikurrak... [+]


Gobernuarekin kritiko den ‘Haaretz’ egunkaria itotzeko neurriak hartu ditu Israelek, hura desagerraraztea helburu

Egunkariaren editoreak egindako adierazpen batzuen harira hartu du neurria Israelgo Gobernuak. "Netanyahuren erregimena krudela da eta apartheid-a ari da egiten", esan zuen Amos Shocken editoreak Londresen emandako hitzaldi batean, duela hilabete.


2024-11-25 | Jon Torner Zabala
EHUko errektoretzarako bozketaren atarian
Bengoetxeak eskatu du Ferreiraren hautagaitzaren “jardunbide irregularrak” ikertzeko

Asteartean, hilak 26, egingo dira EHUko errektoretzarako hauteskundeak. Kanpaina nahasia izaten ari da, eta, horren erakusgarri, Joxerramon Bengoetxearen taldeak eskatu izana "ustez Eva Ferreiraren hautagaitzako pertsonek edo ingurukoek egindako ekintzak eta kanpainako... [+]


2024-11-25 | Leire Ibar
Fronte Zabala itzuliko da boterera Uruguain, bost urteren ostean

95.000 botogatik gailendu da Fronte Zabala azaroaren 24an eginiko hauteskundeetan. Yamandu Orsi izango da Uruguaiko hurrengo presidentea, Álvaro Delgado eskuineko Alderdi Nazionaleko presidentegaiari aurre hartuta.


2024-11-25 | Bertsozale.eus
Alaia Martin Etxebestek irabazi du Zarauzko finalaurrekoa
Finalerako pase zuzena eskuratu du Martinek, finalaurrekoa irabaztearekin bat. Azken finalaurrekoa datorren igandean jokatuko da, Arrasaten, eta orduan osatuko da finala.

Eguneraketa berriak daude