Gure Irratiko Gure Bazterrak saioa, Karlos Zurutuza kazetaria, EiTB Nahieran, Azpeitiko Ikasberri Ikastolak egindako Klikmetroak ekimena eta Kanaldude telebista izan dira sarituak aurtengoan. Horietaz gainera, Merezimenduzko Saria eman nahi izan zaio, honen heriotzaren aurretik erabaki moduan, Jose Luis Alvarez Enparantza ‘Txillardegi’-ri.
IRRATIA
Gure Bazterrak saioa, Gure Irratia
1997ko udazkenean abiatu zuten Gure Bazterrak izeneko proiektua Gure Irratiko kideek, hasiera haietan 30 minutuko emanaldiak eginez. “Alde batetik naturari eta ingurumenari buruz aritzea zen helburua, eta, bestetik, ondarearen berri ematea, herriz herri ibiliz”, dio Luzien Etxezaharreta Gure Irratiko kideak. Euskal Herriko hainbat lekutan aritu da horretan, Jakes Casaubonekin batera, bereziki Iparraldean, baina baita Hegoaldeko bazter batzuetan ere.
Hasieran ordu erdiko emankizuna bazen ere, hamalau urteren buruan ordubeteko saioa izatera pasa da. Tokian tokiko jendea da hizlari moduan aritzen dena, eta herritarrek dute beren munduan gertatzen dena kontatzeko ardura. Kontakizun horiei, halere, zenbait dokumentu gehitzen zaizkie. Horrela, herritarrek haien herriarekiko sentitzen duten maitasuna azaltzeaz gainera, entzuleei bidaiatzeko aukera eskaintzen diete.
PRENTSA IDATZIA
Karlos Zurutuza
“Herrialde gatazkatsuetara joaten naiz normalean eta, ahal den neurrian, ikuspegi humanoa bilatzen saiatzean naiz” dio Karlos Zurutuza Prentsa Idatziko sarituak. Kurdistanen, Balutxistanen, Kaukasoko herrialdeetan, Balkanetan, Afganistanen eta Libian ibilitako kazetaria da Zurutuza. Herrialde horietara helduta, politika edo makro-ekonomia bezalako gaiez idatzi baino, nahiago izaten du herritarrek bizi duten egoera azaldu. “Gu bezalako jende xumeari gerra egoera horrek nola eragin dion azaldu nahi izaten dut, askotan edo gehienetan ahaztuak izaten baitira. Azken finean, bertan bizi duten errealitatea gugana gerturatzeko egiten dut ahalegina, jakinda hainbat hedabidetan biktima horien egoera ez azpimarratzeaz gain, demonizatu egiten direla”. Iraken inguruan hitz egiterakoan, adibidez, automatikoki burura “rollo txarra” etortzen zaigula dio. Zurutuzaren ustez bereizi egin behar dira gauzak, batetik gobernua eta gerra egoera ditugu, eta bestetik, bertako jendea eta horiek pairatzen ari diren egoera.
Aurten Irakera itzuli nahi du, batik bat 2011n hedabideetatik desagertu delako. Horrez gain Afganistanera eta Siriara ere joateko gogoa baduela nabarmendu du.
INTERNET
EiTB Nahieran
EiTB Nahieran sortzeko beharra argi ikusi zuen zuzendaritzak. Dagoeneko beste telebista kate batzuk –publikoak zein pribatuak– eskaintzen zuten Interneteko zerbitzu hau, eta gaur egungo egoeran, geroz eta beharrezkoagoa dela pentsatzen zuten. “Erabiltzaileak, azken finean, ez du telebista telebistan soilik ikusi nahi, baita beste aparatu batzuetan ere, eta, gainera, nahi duen momentuan”, azaldu digu EiTB Nahieraneko Edurne Ormazabalek. Ikus-entzunezkoak kontsumitzeko moduak aldatzen ari direla jabetuta, EiTBk daukan ondare hori beste euskarri batzuetan ere eskuragai jarri nahi izan du, eta kontsumitzeko era berri honi heldu. “Oraindik telebista tradizionaleko zifrak askoz ere handiagoak dira, baina pixkanaka erabiltzaile kopurua gorantz doa”. Etorkizunera begira aukera zabaltzea dute helburu. Alegia, irratiarekin beste horrenbeste egitea; “momentu honetan ez daude eskuragai irrati guztietako programazio osoak. Hori da epe laburrrean dugun lehenengo erronka”. Telebistari dagokionez, berriz, eduki gehiago lortzea da xede nagusia.
PUBLIZITATEA
Klikmetroak ekimena. Azpeitiko Ikastola, Ikasberri Kooperatiba
Kilometroak festaren berri emateko eta laguntza ekonomikoa jasotzeko ekimen berritzailea jarri zuen martxan Azpeitiko Ikastola Ikasberri Kooperatibak iaz. Ibilbidean egingo ziren metroak erosteko aukera ematen zuten webgunearen bitartez. Herritarrak ziren protagonistak eta nork bere izenean erosten zuen kilometroa, baina dirurik jarri gabe. Berez, Kilometroak-eko babesleak ziren haien partez ordaintzen zutenak.
“Ekimena teknologia berriekin uztartu nahi izan genuen. Pentsatu genuen ikastola gai zela uztarketa horri aurre egiteko, eta laguntza edo babesa ere bagenuela horretarako”, nabarmendu du Azpeitiko Ikastolako zuzendari Beñat Azurmendik. Ekimenak harrera bikaina izan zuen eta ibilbide osoa ez ezik, bigarren itzuliko zenbait metro saltzea ere lortu zuen Azpeitiko Ikastolak.
TELEBISTA
Kanaldude
1997an ekin zioten lanari hilero ateratzen zen Elebista bideo-kazeta sortuta. Geroztik, herri telebista Ipar Euskal Herriko gune guztietara helarazten saiatu dira. Duela urte gutxi Interneteko lanari ekin zioten www.kanaldude.tv webgunea sortuta. Horrez gain, TVPI telebista-katean kaleratzen dituzte zenbait eduki. Hamabost kolaboratzaile inguruk eta zortzi langilek osatzen dute lantaldea. Gaur egun, astero 20 minutuko produkzioa egiteko gai dira. Telebistaren helburuetako bat –Iparraldean gertatzen dena bertatik kontatzeaz gain jakina– ikuslea kontsumitzaile hutsa izatetik material sortzaile izatera pasatzea da.
“Etorkizunera begira –azaldu digu Ximun Karrere taldekideak–, irautea dugu helburu nagusia, diru-laguntzak ez baititugu ziurtatuta. Eta partaideak eta publizitatea oso garrantzitsuak dira horretarako”.
MEREZIMENDUZKO SARIA
Jose Luis Alvarez Enparantza ‘Txillardegi’
Donostiako Antigua auzoan 1929an jaioa, pertsona esanguratsua izan da XX. mendeko Euskal Herriaren historiako hainbat alorretan; besteak beste, hizkuntzalaritzan, literaturan eta politikan. Euskara etxean jaso ez zuen arren, betidanik izan zuen Euskal Herriarekiko eta euskararekiko grina. Gaztetatik mugimendu abertzalean aritu zen lanean, eta garrantzi handia izan zuen Ekin, ETA, Herri Batasuna eta Aralar alderdien sorreretan. Euskara batuaren bultzatzaile garrantzitsuenetakoa izan zen, eta euskararen alde egindako lanaren barruan, Euskal Herrian Euskaraz erakundeko sortzaileetako bat izatea dugu aipagarri. Berak idatzia da 1957an, euskal nobelagintza modernoaren sorreratzat har daitekeen eleberria: Leturiaren egunkari ezkutua.
Beharbada ez duzu jakingo nor den Donald Berwick, edo zergaitik aipatzen dudan artikuluaren izenburuan. Gauza bera gertatzen zaie, agerikoa da, abian den Osasun Itunean parte hartzen ari diren gehienei. Ez dakite zer den Berwicken Helburu Hirukoitza, are gutxiago eredu hau... [+]
Aurreko egunetan Larraitz Ugarte abokatuak idatzitako La motosierra puede ser tentadora artikuluak zeresan handia eman du sektore zabal batean. Administrazio publikoaren barruan ohikoak diren egoera batzuk mahai gainean jartzen ditu, tartean efizientzia falta, ardura eta kontrol... [+]
Garrantzitsua al da hizkuntza bat zuzen erabiltzea? Zer puntutaraino da hain beharrezkoa gramatika menderatzea edo hiztegi zabal bat edukitzea? Betidanik entzun izan ohi dut hizkuntzaren garrantzia, baina pentsatzen jarri ostean, ondorio batera iritsi naiz. Pentsatzeak askotan... [+]
Aspaldian bisitatzen ez nuen eta hainbertze gustatzen zitzaidan leku batera joan nintzen aurrekoan. Bertan nengoela, gustura sentitu nintzen eta zera pentsatu nuen: hau da nire leku kuttuna. Kuttuna, kuttuna, kuttuna; hitza jira eta biraka etxerako bidean. Kuriositateak jota... [+]
Nerabeek eta gazteek, ibilbide akademikoan zehar, behin baino gehiagotan jasoko dute lagungarria izango zaien ikasketetarako edo-eta lanbiderako orientabidea. Gidaritza eskaini behar zaie, zalantzez beterik egon ohi baitira erabaki garrantzitsuak hartu behar dituzten bakoitzean,... [+]
Atxik Berrituz giristino taldeak Kristauak Euskal Herriko bake prozesuan liburua argitaratu du Maiatz argitaletxearekin. Giristinoek euskal bake prozesuan zer nolako engaiamendua ukan duten irakur daiteke, lekukotasunen bidez.
Ertzaintzarekin bigarren negoziazio mahaia ireki du Bigen Zupiriak, martxoan ERNE, ESAN eta SIPErekin ertzainei urteko soldata gutxienez 4.200 euro igotzea adostu ostean. Agente kopurua areagotzeko plan horretan Arkautiko (Araba) akademiak "berebiziko... [+]
Maiatzaren 17an Erriberako lehenengo Euskararen Eguna eginen da Arguedasen, sortu berri den eta eskualdeko hamaika elkarte eta eragile biltzen dituen Erriberan Euskaraz sareak antolatuta
EH Bilduk aurkeztutako mozioa onartu dute osoko bilkuran. Udalak egitasmoa sustatzen duen enpresari, Cañaveras Solarri eskatu dio proiektuak ez ditzala hartu balio estrategiko handiko gisa kalifikatutako nekazaritza lurrak, eta gune populatuetatik gutxienez 500 metroko... [+]
Duela egun batzuk iragarri zuen Puntueu-ek La Ligaren blokeoak euskal domeinuei eragiten dien kaltea monitorizatuko zuela. Asteburu honetan izan dira partiduak, hain zuzen, eta monitorizazioaren datuak hor daude, penagarriak dira.