Festa gozoa garai garratzetan

  • Ederki jateko, sektore ugaritako jendearekin elkartzeko eta giro epelean honetaz eta hartaz solastatzeko aukera aproposa dira Argia Sariak. Aurten, bereziki jendetsua izan da euskal komunikabideen lana saritzea helburu duen ekitaldia. Umorez, esker onez eta aldarrikapenez jantzitako mezuak utzi zizkigun egunak.

Aurtengo sarituak: Jakes Casaubon eta Luzien Etxezaharreta (Gure Bazterrak); Pantxika Maitia eta Ximun Carrere (Kanaldude); Joseba eta Maddi Alvarez (Txillardegiren izenean); Iñako Gurrutxaga (EiTB Nahieran); Roman Azkue, Aitor Unanue eta Beñat Asurmendi (Klikmetroak); Karlos Zurutuza (prentsa idatzia arloan saritua).
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Bigarren urtez, Usurbilgo Atxega Jauregian antolatu zen ospakizuna. Bazkal-aurreko lunchak egin zien harrera iristen ziren gonbidatuei; aurkezpenak eta lehenengo hitzak mokadu artean egin zituzten. Behin mahaietan eserita, Beranduegi saioko bikote umoretsuak ohiko ironiaz abiatu zuen ekitaldia, bazkaldu bitartean jarraitu beharreko aholku sorta luzatuz. Bapo jateko aukera izan genuen ondoren, baita tertulian lasai aritzeko ere: mintzagaien artean, ez ziren falta izan krisi ekonomikoa, hedabideen egoera kritikoa edota panorama politiko berria –gonbidatu zerrendan islatua–.

Urtero legez, sarituen izenak asmatzen eta norbere kiniela egiten saiatu zen bat baino gehiago mahaietan, baina postrera arte iraun zuen sekretuak. Kafearekin batera ekin zitzaion sari banaketari, Olatz Korta Argiako kideak gidatuta. Lehenik, Xabier Letona zuzendariak euskarazko hedabide ez publikoen aldarrikapenak argudiatu zituen bere hitzaldian –irakurri 41. orrialdean–; segidan, Antton Mendizabal eskultoreak zizelkaturiko opariak jaso zituzten sarituek, banan-banan. EiTB Nahieran proiektuko kide Iñako Gurrutxagak adierazi zuenez, eduki asko jarri dituzte jendearen eskura, baina oraindik bi erronka dituzte: “Eduki horiek deskargatu ahal izateko lizentzia garatzea, eta bere osotasunean dastatzeko eta baliatzeko dokumentatzea eta fragmentatzea”.

Karlos Zurutuzak hunkituta jaso zuen prentsa idatziko garaikurra. “Azken urteotan asko ikasi dut, etengabe eta zentzu guztietan; munduko ogibiderik aberasgarriena iruditzen zait erreportariarena”, aitortu zuen.

Gure Bazterrak irratsaioko Luzien Etxezaharreta eta Jakes Casaubon mintzatu ziren jarraian. Etxezaharretak euskal irrati libreen indarra nabarmendu zuen. Casaubonek emankizunaren bereizgarriak azpimarratu zituen: “Ondarea, herritarren arteko harremanak (oraingoak eta lehengoak) eta gure herriaren historia”. Kanaldudeko kide Ximun Carrerek ere hiru oinarri aipatu zituen beraien lanean: telebista parte-hartzailea bultzatzea, euskaraz izatea eta jendearekin lotura mantentzeko tokiko telebista garatzea.

Aitor Unanue Azpeitiko Ikasberri ikastolako lehendakariak elkarlana izan zuen hizpide: “Mugarik gabeko elkarlan handi baten lorpena da Klikmetroak; 35 urte atzera jo, Beasaingo ikastolaren ideia hartu eta egungo komunikazio tresnetara egokitzea elkarlana izan da”.

Azkenik, Joseba Alvarezek hartu zuen hitza, aitari, Txillardegiri, emandako Merezimenduzko saria eskertzeko: “Gure aitak, beste batzuekin batera, Euskal Herriak gerra ondoan bizi zuen giro ilun eta etsian argi txiki bat pizteko gaitasuna izan zuen eta poliki-poliki argi horrek Euskal Herriko berpizkundea ekarri zuen kulturgintzan, euskalgintzan, politikan, euskal abertzaletasun berriaren forman. Argi txiki hori aitak handitzen ikusi zuen eta egun, gure lurra elikatzen eta aberasten duen eguzki bilakatu da, guztion lanari esker”.

Aitor Furundarenaren esku-soinuak eta animatu zirenen ahotsek euskal komunikazioaren festa luzatu zuten arratsaldean, dantza lagun.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: ARGIA Sariak
2024-10-14 | ARGIA
Argia Sariak 2025: Proposatu zure hautagaiak

Urtarrilaren 31n bilduko gara Usurbilgo Atxega jauregian Argia Sariak banatzeko. ARGIAko lantaldea ari da balizko saridunen zerrenda osatzen. Hala ere, irakurleon proposamenak beso zabalik jasotzen ditugu urtero.


Irauteko borroka egin dutenentzat

Negozioak eta interesak zapaltzaileen buruetan. Izan herri bat zapaltzeko, hizkuntza bat, kultura bat, memoria edo ingurumena. Dirua, sosa. Egoerarik makurrenetan ere, ordea, usu pizten da erresistentziaren su txikia, interesen gainetik duin bizi nahi duen jendearen mugimendua... [+]


2024-01-26 | Dani Blanco
ARGAZKI GALERIA | Horrela izan dira 2024ko Argia Sariak

Dani Blancok ateratako argazkiak Usurbilen.


Argia Sarien kronika
Tradizio berriei so

Folklorea kristalizatu den gauza hori zela zioen Ion Celestinok ARGIAn. Eta tradizioa, aldiz, une jakin batek ematen duen lorea dela azaltzen zuen.

ARGIA Sariak “tradizio” bilakatu direla esango genuke gaur egun. Hasteko, eta gehiegi pentsatu gabe, 35. urtez... [+]


2024-01-26 | ARGIA
Interneteko Argia Saria: Gordegia.eus

Gordegia.eus, Donostiako Egia auzoko artxibategi grafikoak jaso du interneteko Argia Saria. Herritarren memoriaren lekukotasuna denon eskura jartzeagatik eman zaio saria, eta Arkaitz Artola, Juanpe Urrosolo eta Fernando Olaldek jaso dute Antton Mendizabalen oroigarria.


2024-01-26 | ARGIA
Prentsako Argia Saria: Sahara. Herri bat erresistentzian

Sahara. Herri bat erresistentzian liburuak jaso du 2024ko prentsa saria. Herritarrei ahotsa emanda, sahararren aurkako errepresioa eta haien erresistentziarako kemena transmititzeko egindako ahaleginagatik jaso du saria Kristina Berasain Tristan liburuaren egileak.


2024-01-26 | ARGIA
Urteko kanpaina onenaren Argia Saria: Guggenheim Urdaibai Stop

Guggenheim Urdaibai Stop plataformak jaso du 2023an egindako komunikazio kanpainarik onenaren saria. Aspalditik datorren borroka bati bultzada berria emateagatik, eta ingurumena eta herritarrak erdigunean jartzeko lanean aritzeagatik eman dio ARGIAk saria. Antton Mendizabalen... [+]


Eguneraketa berriak daude