Bere historiako gatazkarik luzeenean korapilatuta

  • Joan den abenduaren 21ean, Santomas egunean, Metro Bilbaok bizi izan zuen grebak duela urtebete baino gehiago sortutako gatazkaren hautsak guztiz harrotu zituen. Enpresako agintariek eta euskal erakundeetako hainbat kidek xantaiatzat hartu zuten 24 orduko aurreneko greba hura eta sindikatuei “biztanleak bahitzea” leporatu zieten. Greba Batzordeak ordea, zuzendaritzaren setakeria, lan sindikalarenganako errespeturik eza eta akordioen urratzea salatu ditu. Gatazkak bizirik dirau.

Iñaki Prego Bilbao Metroko aholkulari nagusia jotzen dute sindikatuek gatazkaren errudun nagusi. Irudian, Pregoren dimisioa eskatzeko urtarrilaren 3an egindako elkarretaratzea.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Hamasei urte bete berriak dituela murgildu da Metro Bilbao bere gatazkarik luze eta korapilatsuenean. Hilabeteak pasa ahala, alde biek, zuzendaritza taldeak eta greba batzordeko sindikatuek (ELA, CIM, UGT, LAB eta ESK), berean diraute eta urrun antzematen da konponbidea. Gainera, Bizkaiko garraio arloan (Bizkaiko Garraio Partzuergoa eta Metro Bilbao) zabaldutako PSEren eta EAJren arteko lehiak eta zenbait hedabideren jarrerak gero eta nahasiago egiten dute egoera, eta bada gatazkaren atzean interes politikoak ikusten dituenik.

Zeintzuk dira, baina, gatazkaren jatorriko arrazoiak? Arazoak Iñaki Pregorekin batera hasi zirela dio Greba Batzordeko Uxune Iriondok (LAB): “Ustez, aire berriek bultzatuta ekarri zuten Prego, metroa jendearen gaitasunen arabera kudeatu behar zela eta iritzi modernoak behar zirela azalduz, baina dena oso modu arraroan”. 2010eko otsailean, Metro Bilbao finantzatzen duen Bizkaiko Garraioa Partzuergoko (BGP) kontseiluak orduko Garraio sailburuorde Ernesto Gasco izendatu zuen Metroko presidente, Bizkaiko Aldundiarekin Eusko Jaurlaritzak egindako akordioari jarraiki. Hitzarmen horren arabera, Jose Luis Bilbao ahaldun nagusiak BGPko presidentzian jarraituko zuen, baldin eta Jaurlaritzako kide bat bazen Metroko presidente. Tirabira haien ondorioz iritsi zen Iñaki Prego –Bartzelonako ikus-entzunezko arloan aritua eta Gascoren lagun mina–, artean ez zegoen postua betetzera: Metroko aholkulari nagusia.
Izendapenarekin gestioa politizatu zitekeen beldurra zabaldu zen eta lehenengo lan arazoak izan ziren: kontratu bukatu berria zuten lau langile berriro ez hartzea erabaki zen eta aldi baterakoen lan poltsaren kudeaketarekin desadostasunak agertu zituzten sindikatuek. Hala, 2010eko urrirako lanuzteak iragarri zituzten. Enpresa Batzordearekin hainbat bilera izan ostean, ez zen lanuzterik izan eta 2011ko amaiera arte indarrean egon beharko zukeen hitzarmena sinatu zuten, langileen baldintzen inguruan. Funtsean, aurreikusitako lanpostu kopurua (geltokietako langileak, gidariak eta mantentze lanetakoak) eta ordutegien borondatezko murrizketak jorratzen zituen hitzarmenak.

Kontuan izan behar da iaz Basauriko geltokia zabaldu zela eta aurten Santurtziko Kabiezes auzokoa. Gibeletik, krisialdiak eragindako diru murrizketak eta langilerian egon litezkeenak ditugu. “Hilabeteak pasa ahala, ikusi genuen zehaztutako kopuruak ez zirela betetzen, aldi baterakoak botatzen eta lanpostuak betetakoan iruzur egiten hasi ziren. Akordioa interpretatzeko modu asko ei dago: ea pertsonaz ala lanpostuez ari garen, esaterako”, adierazi du Uxune Iriondok. Egoera horrela, gatazkak aurrera jarraitu zuen eta iazko uztailaren 11n, beste akordio bat sinatu zuten Metro Bilbaok eta sindikatuek. Besteak beste, langileria 166 gidari eta 182 ikuskatzaile izateraino haziko zela aurreikusi zuten –158 gidari eta 173 ikuskatzaile daude gaur egun–.
Hurrengo hilabetetan, eta akordioa betetzeko asmoz, enplegu eskaintza publikoa deitu zuen enpresak. Hala iragarri zuen Pregok, “aldi baterakoen lan poltsan, Metro Bilbaok daukan bakarrean, jende gehiago sartzeko” xedea azalduz, eta gaineratu zuen “bulegoetako zenbait langile, barne-mugimenduei esker, ikuskatzaile izatera” pasatuko zirela inoiz. Mantentze lanetan ere behargin gehiago hartzea aurreikusten zuen Iñaki Pregok. Sindikatuek, baina, ez zioten sinesgarritasunik eman eta hala adierazi zuen Enpresa Batzordeko presidente Rafa Valenciak (ELA), beste bigarren lan poltsa bat bazegoela eta jende gehiago hartzeko bideak ez zirela hitzarmenak zehaztutakoak. Bere ustez, “zuzendaritzari sinestea zaila da”, abian ziren aldaketen berririk ez baitzuten izan protestaldiei ekin arte.

Pregoren dimisio eskaera eta Loly de Juanen dimisio aurkezpena

Urtarrilaren 3a, duela minutu gutxi elkarretaratzea egin dute sindikatuek, Pregoren dimisioa eskatzeko. “Egiten duten guztian ilunkeria da nagusi. Gauza bat egiteko asmoa daukate eta guri ez digute ezer esaten, ondoren jakiten dugu beti, ez dago azalpen garbirik. Gainera, hartzen dituzten erabakiak ulertezinak dira eta lan harremanak hautsita daude. Sindikatuekiko komunikazioa korapilatu eta zapuztu dute, bi aldeen arteko mesfidantza ikaragarria egoteraino”, dio Iriondok. Adostutako kopuruak eta kontratuak urratzea leporatzen dio enpresari: “Ez dute konpromisoa betetzen. Jendeak seme-alabak edota familiako beste inor zaintzeko lanorduak murrizteko eskubidea baliatuz sortzen diren hutsuneak ez dituzte betetzen, ez dute aldi baterakorik kontratatzen. Eta korapilo honetan sartuta gaudela, 2011n zegokigun soldata igoera izoztu dute”.

Ernesto Gasco Donostiako Udalera aldatu zenean, Basauriko alkate ohi Loly de Juan izendatu zuten Metro Bilbaoko presidente. Abenduaren 23an, dimisioa aurkeztu zuen: bera ez zen beste norbaitek erabiltzen zuen bere metro txartela. Hiru egunera heldu zen presidente berria: Bilboko zinegotzi ohi eta azken udal hauteskundeetan PSEren zerrendaburu izandako Txema Oleaga. Oleagak ez du bidezko ikusten Iñaki Pregori gatazkaren errua egoztea; komunikazio estrategia iruditzen zaio. Hala ere, bat egiten du sindikatuekin beste hainbat kontutan: “Sindikatuekin izan nuen lehenengo bileran, denok argi genuen lan gatazka baino ez dela hau”, diosku, gatazka politizatuta dagoela dioten ahotsak uxatu nahian. “Gatazkak hainbat puntu ditu eta egia da batzuen inguruan interpretazio ezberdinak daudela. Hori dela eta, beraiek pentsatzen dutena idatziz jartzeko eskatu nien sindikatuei. Eskatu nien, baita ere, bete ez dena hor jartzeko, aurrekariak aipatzeko. Urtarrilaren 3an sindikatuek aktak ekarri zituzten, irakurtzeko esan zidaten eta zalantzarik izatekotan, galdetzeko. Zaila da, beraz, zer pentsatzen duten jakitea”.

Beste gai eztabaidatsu bat jarri digu presidenteak mahai gainean: “Mantentze sailean, matxurak murrizteko asmoz, teknologia arloan etortzear diren aldaketei aurre hartu nahi die enpresak. Aldaketak egin beharko ditugu eta aldaketa orok ezinegona dakar. Ongi, konpon dezagun bada gure artean. Ez dira, nire ustez, 24 orduko greba egiteko motiboak”. 2010eko uztailetik, jeltzaleak eta beren konfiantzazko pertsonak Metro Bilbaoko eta BGPko goi-karguetatik desagertu zirenetik, etengabekoak izan dira Metroaren kontra EAJk egindako kritikak. Bata, lan gatazka politizatzeko zorian jarri duena, matxurei buruzkoa: Iriondoren hitzetan, “Bilbaoren adierazpenek ez dute batere laguntzen. Ez gatoz bat. Metroak dauzkan urteak dauzka eta matxura asko Iberdrolaren erruz eman dira. Bestalde, beraiek kudeaketan dirutza izan dute eta barra-barra erabili dute arazorik ez egoteko”.

Txema Oleagak eskainitako lehenengo prentsaurrekoan argi utzi zuen, sindikatuek hala eskatuta, langileak zeharo profesionalak direla eta ez dutela sekula sabotaje baten berririk izan. Presidentearen aburuz, “badirudi zenbait hedabidek Metroaren itxura txarra zabaldu nahi dutela. Gero eta matxura gehiago dagoela esaten dute daturik eman gabe. Nik ditudan datuen arabera, hori ez da egia. Bilbaok esandakoak kaleratzen badituzte, ea zenbat matxura egon den galdetu beharko liokete. Hau ez da kasualitatez egiten”.

Txema Oleagak greba egiteko motiborik ikusi ez arren, langileak, enpresaren jokaera dela-eta, behartuta sentitu ziren Santomas egunean greba deitzera. Arestian esan dugunez, agintari sozialistek eta Bilboko alkate Iñaki Azkunak sekulakoak esan zizkioten Greba Batzordeari. “Beraiei ere egoera eskuetatik joan zaie. Ikusten dute gizartea ez dagoela gure kontra eta, aldi berean, gurea ez den lehia politikoan sartu nahi gaituzte. Euren kudeaketa negargarria leporatu nahi digute”, salatu du Iriondok. Beste iritzi bat du Oleagak: “Greba egiteko eskubidea bada gauza bat eta Santomas eguna aukeratzea beste bat. Jakin behar dute nori egiten dioten min. Normal ikusten dut aukeratutako eguna egokiena ez zela esan izana”.

Kontuak kontu, bi aldeak aurrez aurre dituen gatazkak luze dirau eta ikusteke dago bilera berriek hartzen duten bidea, galdutako konfiantza berreskuratzerik dagoen. Bitartean, sindikatuek lanuzte gehiago dituzte iragarrita.


Azkenak
Txosnak jarriko dituzte Gasteizko jaietan, aldundiaren “borondate ezaren gainetik”

Arabako Aldundiak TicketBai sistema ezartzea exijitzen die txosnei, eta uko egiten dio Gasteizko Txosnen Batzordeak. Hala ere, jaietan txosnak jarriko dituztela ziurtatu du batzordeak. “Erasoa” Euskal Herriko jai herrikoi eta herri eragile guztien aurkakoa dela... [+]


Arrigorri

Lerro hauek idazterako, gazta egiteari utzi diogu eta antzutze prozesu betean gaude. Horrek esan nahi du jetzaldiak gero eta sakabanatuagoak direla denboran, ardiei esnea desagertu arte. Batzuen kasuan, egun gutxitan bukatuko da prozesua, eta gutxi batzuei gehiago kostako zaie.


Euskal herriarentzat nolako Estatu bat nahi dugu?

Bagira prozesuaren emaitza, Herri bidea bide-orria izan zen. Bide-orri honetan, abertzaleen helburua herriari boterea itzultzea dela aipatzen da, eta boterea itzultzeko, herriari burujabetza maila maximoa emanen dioten instituzioak herriari eskaintzea adierazten da. Zehazten da... [+]


2024-07-24 | ARGIA
Udako Azoka Ekologikoak abian dira, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hamalau herritan

Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilutik herritarrak animatu dituzte azoketan erostera eta ekoizleak gertutik ezagutzera. Uztailaren 29an Zigoitian izango dira, eta abuztuaren 23an, Zarautzen. Urriaren 27an amaituko dute udako denboraldia, Villabonan.


Palestinako alderdi nagusiek batasun gobernurako akordioa lortu dute Txinan

Hamas, Fatah, Palestina Askatzeko Herri Frontea, Palestinako Jihad Islamikoa eta beste hamar taldek hitzarmena sinatu dute, genozidioa amaitu ostean “Palestinako lurralde guztien” gaineko agintea izateko. “Okupazioaren aurka borrokatzeko” eskubidea dutela... [+]


Jarrera baikorrak areagotzearen beharra

Euskaltzaleen Topaguneko kideek euskara sustatzeko jarreren inguruko datu kezkagarriak hauteman dituzte. Hori dela eta, Gero eta aldeko gehiago gizartean ikerketaren bidez, herritarrak euskarara hurbiltzeko estrategia berriak landu dituzte. Horretaz mintzatu dira, apirilean,... [+]


Euskal Herrian dauden poliziei eta guardia zibilei plusak ordaintzen jarraitzen du Espainiako Barne Ministerioak

1984ko urriaren 23an ETAren garaian Espainiako Barne Ministerioak onartutako aginduan, “arriskugarritasun eta nekagarritasun” kontzeptuengatik “ordainsari” bat zehaztu zuten Espainiako Polizia Nazional eta Guardia Zibilarentzat, “eremu... [+]


Gazteen artean apenas kontsumitzen dira euskarazko edukiak ETBen eta Primeran plataforman

Ikusiker Ikus-entzunezkoen Behategiak Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) 2.800 ikasleri egindako galdetegiaren arabera, plataforma digitaletan gazteek edukiak ez dituzte euskaraz kontsumitzen. Horrekin “arduratuta”... [+]


“Asmo politikoak ematen dio zentzua jakintza kolektibizatzeari”

Ekida Arte Ekimen Sozialistak arte eskola antolatu du Donostian, asteazkenean hasi eta larunbatera bitartean. Paraleloki, lau egunez, bi formakuntza saio egingo dira: muralismoari eta arte bisualei buruzkoa bata; eta antzerkiari eta arte eszenikoei loturikoa bestea. Sarbidea... [+]


2024-07-24 | ARGIA
Erromatar arrasto gehiago aurkitu dituzte airetik harturiko irudiekin, oraingoan Arkaian

Arkaiako erromatarren eremu termalean San Tomas ibaiari loturiko azpiegitura hidrauliko handi bat aurkitu dute, baita lur azpian 3.000 metro koadroko eraikin bat ere, garai hartako etxalde batenak izan daitezkeen arrastoekin.


2024-07-24 | ELA sindikatua
Jaurlaritzak langileen erosahalmenaren “beste galera bat” onartu duela salatu du ELAk

Lakuak bere eskumenei muzin egin die berriro langile publikoen dekretua Madrilen onartu aurretik??Hiru urtean, EAEko langile publikoek erosahalmena %6 galdu dute, sindikatuaren aburuz.


Eguneraketa berriak daude