Testu hau egileak Ecologia politica aldizkarian 2008ko abenduan argitaratutako artikuluaren laburpena da, eta ohiko ekonomilariek aztertzen ez duten begiradarekin jorratzen du krisia. Parametro ekologikoak ohiko ekonomia neurgailuetan txertatzeko premia aldarrikatzen du eta krisiak horretarako aukera paregabea eskaintzen duela diosku. Hiru urte geroago erabateko gaurkotasuna du. Nagore Irazustabarrenak egin du laburpena.
Ekonomiak hiru maila ditu. Goian finantza maila dago, sektore pribatuari edo estatuari maileguak emanez haz daitekeena, batzuetan maileguak itzultzeko inolako bermerik gabe, egungo krisian bezala. Finantza sistemak etorkizunaren aurka mailegatzen du, hazkunde ekonomiko etengabeak zorrak eta interesak ordaintzea ahalbidetuko duen itxaropenez. Horren azpian ekonomialariek ekonomia erreala deritzotena edo ekonomia produktiboa dago. Nahikoa hazten ez denean, zorrak ordaintzeke gelditzen dira. 2008an, zor piloa BPGren hazkundeari esker ordain zitekeena baino askoz gehiago hazia zen. Ikuspegi finantzariotik, egoera eutsiezina zen.
Baina ikuspegi ekologikotik ere BPG eutsiezina zen, hirugarren mailan, ekonomialarien ekonomia errealaren azpian, ekonomialari ekologikoen bene-benetako ekonomia baitago, hau da, eragile ekonomikoen nahiz muga fisikoen mende dauden energia eta material fluxuak.
Kontabilitate ekonomikoak ez ditu ingurumen kalteak eta berriztagarriak ez diren bitartekoen balioa ondo neurtzen. Krisialdi ekonomikoak CO₂ igorpenen joera aldatzea eragin du, Mendebaldeko herrialdeetan behintzat. 2008az aurreko bost urteetan, gizakiek eragindako CO2 igorpenek urteko %3ko igoera izan zuten. Kyotoko (1997) helburua oso eskuzabala da herrialde aberatsekin karbono isurbideen (itsasoen eta landaredia berriaren) nahiz atmosferaren gaineko jabego eskubidea ematen baitie, 1999tik 2010era igorpenak %5 jaisteko promesaren truke. Krisialdi ekonomikoak asko erraztuko du Kyotoko helburu apal hori betetzea. Karbono igorpenen salerosketa erabat desagertuko da, herrialde aberatsek beren burua igorpenak Kyotok eskatu baino neurri handiagoan murriztera behartzen ez badute. Aire garraioa, etxebizitzen eraikuntza, autoen salmenta jaisten ari dira Europako hainbat herrialdeetan eta AEBn. Ongi etorria krisi ekonomikoa!
Koralezko uharrietako edo mangladietako ingurumen zerbitzuak hektareako eta urteko dirutan kalkula daitezke, eta, orduan, galdutako hektareak galera ekonomiko birtual bihur daitezke, herritarrak eta kudeatzaile publikoak hunkitzeko. Ez dago gaizki, baina ez da nahikoa ekonomiaren eta ingurumenaren arteko erlazioez jabetzeko, gure ekonomia industrialaren energia hornikuntza ez baitago egungo fotosintesiaren mende, duela milioika urteko fotosintesiaren mende baizik. Baliabide biogeokimikoak ordezkatu gabe xahutzen ari gara, sortzeko behar dutena baino askoz ere erritmo biziagoan.
Petrolio erauzketaren gailurrera iritsi gara beharbada, edo aurki iritsiko gara. Gaur egun, eguneko 87 milioi upel erauzten dira. Kaloriatan, munduko batez bestekoa pertsonako eta eguneko 20.000 kcal izango lirateke (hamar bider elikaduraren energia), eta AEBetan 100.000 kcal pertsonako eta eguneko.
AEBetako eta Europako hainbat bankuren nazionalizazio partzialak porrot kate geldiezina saihestu du, baina horrek defizit publikoa areagotuko du. Defizit horrek krisialditik irteten laguntzen du, eta helburu sozial eta ekologikoetara bidera daiteke. Baina Zor Publikoak hazten jarraitzen badu (azken 20 urtetan Japonian bezala), zorra ordaintzeko ezintasuna edo inflazioa ekarriko du. Hazkundeari esker ordaintzea lortuko dela pentsa liteke, baina hazkunde hori desmaterializatua al da? Finantzek ekonomia errealean eragiten dute, eta honek bene-benetako ekonomian.
Hipoteka kredituen burbuilak eta beste kreditu mota batzuek ekonomia erreala eta, ondorioz, petrolioaren eta beste lehengai batzuen eskaera haziarazi zituzten. Izan ere, lehengaien prezioaren igoera krisiaren beste arrazoietako bat izan zen. Petrolioa eta beste lehengai batzuen prezioa asko igo zen 2008ko uztaila bitartean, batetik, erosketa espekulatiboengatik, baina baita munduko ekonomia errealaren hazkundeagatik ere. Herrialde aberatsen etengabeko erronka material eta energia gutxiago erabilita ekonomikoki haztea da. Edo, bestela, lehengaien prezioak jaitsaraztea. Eta horixe gertatzen ari da 2008ko amaieran, krisialdian eskaerak behera egin duelako.
Krisialdi ekonomikoaren ondorioz, energia eta materialen esportazioek zabaltzeari utziko al diote, erauzketaren mugetan presio suntsitzailea murriztuz?
Latinoamerikako esportazio plana handiak nagusiki Brasilgo Lula presidenteak babestu zituen. Egia da esportazioen boomak Lulari dirua eman ziola ekimen sozialetarako. Baina lehengaiak esportatzeko obsesioak ez zion utzi ezer egiten Amazoniako basogabetzea geldiarazteko. Zein izango da Lularen eta Latinoamerikako ezkerraren estrategia 2008ko krisiaren ondoren?
Islandiaren finantza boomaren zati bat aluminio galdaketaren neurriz kanpoko hazkundea xede zuten atzerriko inbertsioetan oinarritu zen. Ekologistek instalazio horien aurka egin zuten, kontu ekonomikoetan onartu gabeko kalteak eragingo zituztelako ingurumenean. Islandiako ekonomia 2008an gelditu zen, bankuek ezin zituzten gordailuak itzuli eta nazionalizatu egin zituzten.
1920ko hamarkadan, commodityen prezioek behera egin zuten 1929a baino urte batzuk lehenago, baina orain commodityen prezioen igoerak 2008ko uztailera arte iraun du, enpresen akzioak jaisten hasi eta hilabete batzuk geroago arte. Orain prezioak jaisten ari dira. Salgaien itsas garraioaren prezioak neurtzen dituen Baltic Dry Index delakoa gainbehera ari da 2008ko uztailetik, besteak beste, Txinaren burdina inportazioek behera egin dutelako. Europa eta AEBko automobil fabrikak produkzioa murrizten ari dira 2008 urtearen erdialdetik. Hori guztia ona izan daiteke ingurumenarentzat, langabeziak gora egin arren: herrialde aberatsetan sozialki iraunkorra izango den uzkurdura ekonomikoa ahalbidetuko duen berregituraketa soziala behar da.
Ohiko kontabilitate ekonomikoa oker dagoela ulertu behar da, eta beste argudio bat emango dut. Pavan Sukhdev, Pushpam Kumar y Haripriya Gundimediak ikerketa proiektu bat burutu zuten Indian, basoetako produktu ez-komertzialei (tribuentzako edo nekazarientzako egurra eta elikagaiak, uraren eta lurzoruaren atxikipena, sendabelarrak, CO₂ xurgatzea) balio ekonomikoa emateko, eta, gero, esperientzia horrek TEEB (Ekosistemen eta Biodibertsitatearen Ekonomiaren ingelesezko siglak) proiektu europarrarentzat (Europako Batzordeko Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak eta Alemaniako Ingurumen Ministerioak babestua) baliagarria izan zen. TEEBk nabarmentzen duenez, ur garbi, egur, larre edo sendabelarren eskuragarritasun naturalak eskaintzen dituen zerbitzuak dirutan adierazteak, ez du benetan neurtzen elementu horiek pobreen bizimoduari egiten dioten funtsezko ekarpena.
Demagun meatze enpresa batek Indiako herrixka bateko ura kutsatzen duela. Familiak erreka eta putzuetako urez hornitu beste erremediorik ez dute. Nekazarien soldata eguneko euro bateko da, eta botilaratutako ur litro batek 15 zentimo balio du. Pobreek ura erosi behar badute, soldata guztia, besterik gabe, uretan xahutuko lukete. Halaber, erregai gisa erabiltzeko egurrik edo simaur lehorrik ez badago, 14 kg-ko butano zilindroa erosteko pertsona baten asteko soldata gastatu behar dute. Beraz, naturak pobreen biziraupenari egiten dion ekarpena ez dago ondo adierazia, Indiako BPGren %5 dela esanez gero. Biziraupen kontua da. Urik, egurrik, simaurrik eta ganaduarentzako larrerik gabe, pobretutako jendea, besterik gabe, hil egiten da.
BPGren hazkundeak ingurumenari egiten zaion kaltea merezi al du? Indian egiaztatu zutenez, basoen biodibertsitatearen eta horien ingurumen zerbitzuen onuradun nagusiak pobreak dira, eta hori galtzeak dagoeneko oso ahuldua dagoen pobreen ongizateari eragingo lioke. Ingurumen zerbitzuen galerak neurriz kanpoko eragina dute pobreen “biziraupen irabazietan”, beste gizarte klaseekin alderatuta. Eta hortik dator “pobreen BPG”aren ideia. Bestela esanda, meatzaritzak errekako ura kutsatzen badu, pobreek ezin dute botilaratutako urik erosi, dirurik ez dutelako. Beraz, nekazari pobreek, meatzaritza proiektu batek edo industria eremu handi batek beren biziraupena kolokan jartzen duela ikusten dutenean, maiz protestara jotzen dute, ez ekologistak direlako, bizitzeko naturaren zerbitzuak behar dituztelako baizik. Hori da “pobreen ekologismoa”.
Ordainduko ez diren zergen gaineko aktiboei “aktibo toxiko” izen bitxia ipini zaie egungo krisialdian. Hala, banku hartzekodun batek hipoteka mailegu bat ematen du, balantzean aktiboan jartzen du, zordunak hipoteka nekez ordainduko duen arren eta kreditua babesten duen etxebizitzaren merkatuko prezioa jaitsi arren. Egunen batean, bankuak aktibo hori ezabatu beharko du edo balio txikiagoa eman beharko dio.
Enpresen balantzeen alde pasiboan, egungo kontabilitate arauek ez dute ingurumenari egindako kalteak kentzera behartzen. Hain zuzen, egungo ekonomiak “karbono zor” izugarria du etorkizuneko belaunaldiekiko eta gure belaunaldiko herri pobreekiko. Klima-aldaketaren ondorioak jasango dituzte, klima-aldaketan oso eragin txikia izan badute ere. Erauzketa sektoreko enpresa pribatu askok ere ingurumen pasibo handiak dituzte. Chevron-Taxaco enpresari 16 mila milioi dolar eskatu dizkiote Lago Agrion (Ekuador). Zorrak pertsona pobreekin edo indigenekin dituzte. Shell enpresak Niger ibaiaren deltan pasibo eskergak ditu ordaintzeke. Baina enpresa horietako akziodunek ez dute zertan kezkatu. Zor pozoitsu horiek historia liburuetan jasota daude, baina ez kontabilitate liburuetan.
Erabaki ekonomikoak hobeak izango lirateke, ohiko kontabilitatean oso prezio baxua duten edo preziorik ez duten ingurumen baliabide eta zerbitzuak dirutan balioetsiz gero, baina ez ditugu beste alderdi batzuk ahaztu behar. Lehenik, ekosistemen funtzionamenduari, onarpen mugei eta erresilientziari buruzko ezagutza zehazgabea da. Bigarrenik, erabakietan garrantzia eman behar zaie monetarioak ez diren balioei, alegiazko salgaien fetitxismoan erori gabe. Adibidez, gogora dezagun Dongria Kondh herria bizi den Niyamgiri muinoa (Orissa) mehatxatuta dagoela. 2008ko bigarren erdian aluminioaren prezioa %50 jaitsi izanak, eta, beraz, bauxitaren prezioak ere behera egin izanak mendi sakratua salbatzen lagunduko du agian. Edonola ere, galdera hau egin dezakegu: zenbat bauxita tona balio du tribu batek edo galbidean dagoen espezie batek? Nola adieraz daitezke balio horiek, Finantza ministro batek eta Auzitegi Goreneko epaile batek ulertzeko moduan? Indigenen eta nekazarien balioespen lengoaiak isilarazi egiten dira, diru balioespenaren lengoaiaren mesedetan. Finean, galdera hau egin geniezaioke Dongria Kondh herriari: zer prezio du zuen Jainkoak?
Beraz, kontua ez da balio ekonomikoa soilik benetan existitzen diren merkatuetan zehazten den ala ez, ekonomistek ingurumen zerbitzuak eta ondasunak dirutan balioesteko metodoak jorratu baitituzte. Ingurumen gatazka bati dagozkion ebaluazio guztiak neurri komun batean, diruaren dimentsio bakarrean bildu behar diren ala ez da kontua.
Nork du balioespen lengoaia jakin bat beste gainetik inposatzeko eta, beraz, konplexutasuna sinplifikatzeko boterea? Munduko mugimendu kontserbazionistak ohiko kontabilitate ekonomikoa kritikatu behar du, eta kontabilitate hori zuzentzeko eskatu behar du, gizakien eta naturaren arteko harremanak hobeto jasotzeko, baina beste balioespen lengoaiak ere zilegi direla ahaztu gabe: lurralde eskubideak, ingurumen eta gizarte justizia, giza biziraupena, eta sakralitatea.
Zientzia ekonomikoak ekonomia kontsumitzaileen eta ekoizle eta enpresen arteko zaldiko-maldikoa bailitzan ikusten du. Prezioak merkatuetan sortzen dira produkzio eragileen salgaiak trukatzean edo zerbitzuak erostean. Irabazien zati bat aurreztu egiten da, eta enpresek inbertsio ondasunak erostea finantzatzen du. Estatuak zergen bidez dirua ateratzen du, eta horrekin inbertsio publikoa eta kontsumo publikoa ordaintzen ditu (eskolak, osasungintza, defentsa eta segurtasuna). Kontabilitate makroekonomikoak (BPGren kalkuluak) kantitateak prezioez biderkatuta jasotzen ditu. Hori da baliabideak agortzen direla edo kutsatu egiten dela ahaztuta duen Krematistika, etxeko langileen edo boluntarioen ordaindu gabeko zerbitzuak ahazten dituen moduan.
Aitzitik, ekonomia beste modu batean deskriba daiteke, energiak eta materialak (ura barne) produktu eta zerbitzu baliagarri, eta, azkenik, hondakin bihurtzen dituen sistema gisa. Horixe da Bioekonomia eta Ekonomia Ekologikoa. BPG adierazle sozial eta fisikoez ordezkatzeko garaia da. Nicholas Georgescu-Roegenek duela 30 urte planteatutako décroissance soutenable edo sozialki iraunkorra den uzkurdura ekonomikoak herrialde aberatsen agenda politikoko gai nagusia izan behar du orain.
Krisialdi ekonomikoak aukera bat ematen du. Ohiko hazkunde ekonomikoa amesteari utzi (zorrak ordaintzea ahalbidetuko liekeena), eta material nahiz energia gutxiago erabiltzeko trantsizio sozio-ekologikoan sartzeko garaia da herrialde aberatsentzat (zor handiak ordaintzeke utzita). Gizarte instituzioak “sozialki iraunkorra den uzkurdura ekonomikoaren” aldekoen proposamenen arabera berregituratzeko aukera eman behar du krisiak. La décroissance est arrivée. Herrialde aberatsen helburu sozialak hazkunde ekonomikoa alboratuta ondo bizitzea izan behar du. Gainera, badirudi zoriontasuna ez dela handitzen diru-sarrera maila batetik aurrera. Hau da “erlazio ondasunek” ondasun materialek baino garrantzi handiagoa hartzen dute: Castoriadis-en hitzetan, “gehiago balio du lagun berri batek Mercedes Benz berri batek baino”.
Eta Iparraldean nahiz Hegoaldean, elkartasunezko ekonomia ekologikora bidean, biztanleriaren hazkundea geldiarazteko borondatea behar da. Planeta (gizakiak nahiz gainerako biztanle bizidunak) hobeto egongo litzateke 4 edo 5 mila milioi pertsonekin, 8 edo 9 milioi pertsonekin baino, hazkunde ekonomikoarentzat kaltegarria izan arren. Edonola ere, hazkunde ekonomikoa gaizki neurtua dago.
Lehen begi kolpean, badirudi Hegoaldeari kalte egiten diola Iparraldea ez hazteak, esportaziorako aukera murrizten delako eta Iparraldeak ez dituelako kredituak eta laguntzak eman nahiko. Baina, hain zuzen, ingurumen justiziaren eta ekologismoaren aldeko Hegoaldeko pobreen mugimendu biziak dira sozialki iraunkorra den uzkurdura ekonomikoaren aldeko Iparraldeko mugimenduaren aliatu onenak
Askotan gertatu izan zait etxetik lanbroari so egon ostean, blai bukatuko dudala jakin arren, aterkirik ez hartzea. Zergatik ote? Beharbada, aterkia hartzeko gogorik eza? Beharbada, bustiko ez naizen itxaropena? Kontuak kontu, ondorioa beti berbera izan da. Esaerak dio, euri... [+]
Gogoan daukat, 16 urterekin, Bergarako epaitegi aurrean egindako euskararen aldeko elkarretaratze batean identifikatu ninduela Ertzaintzak lehen aldiz. Euskal Herrian epaitegiak euskalduntzeko aldarria zilegi zela pentsatzen genuen, baina, orduan ere, faltako zen baimenen bat,... [+]
Zestoako Iraeta auzoko Amilibia baserria eta lurra kolektibizatzeko 100.000 euro batzea falta du Amillubi proiektuak, lehen urte honetan 290.000 euro eskuratu baititu. Biolurrek abiatutako proiektu agroekologiko honek dagoeneko jarri du lurra martxan, sektorearen beharrei... [+]
Forensic Architecture erakundearen ondorioetakoa da hori, ikusita Israelgo Armadak nola antolatu duen Gazaren egungo kontrola. Suntsiketa maila hori bakarrik litzateke Gazaren kontrola segurtatzeko, zeren eta, berez, txikitze maila askoz handiagoa da lurraldearen gainerako... [+]
Tanta hotzak Valentzian eragindako hondamendiak irudi lazgarriak utzi dizkigu; batetik, izan dituen berehalako ondorioengatik, eta, bestetik, nolako etorkizuna datorkigun aurreratu digulako: halako fenomeno klimatiko muturrekoak gero eta ugariagoak eta larriagoak izango direla,... [+]
Nafarroako Energia Planaren eguneraketa oharkabean igaro da. Nafarroako Gobernuak jendaurrean jarri zuen, eta, alegazioak aurkezteko epea amaituta, gobernuko arduradun bakar batek ere ez digu azaldu herritarroi zertan oinarritzen diren bere proposamenak.
Gobernuak aurkeztu... [+]
Azaroaren 26an eta 27an, Langune Euskal Herriko Hizkuntza Industrien Elkarteak eta FUEN Federal Union of European Nationalities erakundeak antolatuta, ‘Hizkuntzen irabazia. Benefits of language industry in the economy’ kongresua egingo da Donostiako Kursaalean. Han... [+]
Azaroaren 23an egingo dute tokiko arbola, fruitondo eta landare ekoizleen azoka. Horrez gain, egitarau oso indartsua prestatu dute 22 arratsaldetik hasita 23 iluntzera arte: bioaniztasunari buruzko mahai-ingurua, sagarrari buruzko mintzaldia, "Nor dabil basoan?"... [+]
Lup izeneko gailuak testuak ahots bihurtzen ditu adimen artifizialari esker. Hainbat hizkuntza bihurtzeko gaitasuna dauka. Teknologia gutxiko gailua da, hain zuzen aurrerapen teknologikoetatik urrun dagoen jendeari balio diezaion. Ikusmen arazoak dituztenentzat sortu eta... [+]
Udan izandako indarkeria kasuen gorakada batetik, eta hainbat gizonezkok mugimendu feministak antolaturiko ekitaldiak boikotatu dituztela bestetik, Bortziriak, Xareta, Azkain, Bertizarana, Malerreka eta Baztango mugimendu feministek, erakunde publikoen konpromiso irmoa exijitu... [+]
Espainiako Defentsa Ministerioaren 6 milioi euroko esleipen publikoak jaso ditu aurten enpresak. Margarita Robles ministroaren arabera, urriaren 7tik ez diote "armarik saldu edo erosi Israelgo Estatuari", baina indarrean zeuden kontratuei eutsi diete. Elbit Systemsek... [+]
Sobietar Batasuna desagertu zenetik errusofobia handituz joan da. NBEko Segurtasun Kontseiluaren 2002ko segurtasun kontzeptua oso argia da, eta planetaren segurtasun eta egonkortasunak AEBei erronka egiteko asmorik ez duen estatuen menpe egon behar dutela adierazten du. AEBei... [+]
Duela 40 urte sortu zen Geronimo Uztariz Institutua, Nafarroako Historia beste era batera ikertzeko eta zabaltzeko helburuarekin. Jende anitza bildu du lau hamarkada hauetan, eta gai ugari ikertu ditu denbora horretan. Historialari gazteak ere batu zaizkie. Zahar eta berriaren... [+]
Aspaldi ezagutu genuen gaur gaurkoz Añube taldeko abeslari den Aitor Bedia Hans. Garai berean adiskidetu ginen egun Añube taldeko gitarra jotzaile ohia den Beñat Gonzalezekin. Unibertsitateko garaian izan zen, Debagoienako bi gazteak musika zainetan... [+]