Itxiko ote zauria?

  • 1972ko urtarrilaren 30ean, epaiketarik gabeko espetxeratzea baimentzen zuen legearen kontrako manifestazio batean, Armada britainiarrak 26 zibil balaz zauritu zituen Ipar Irlandako Derry hirian. Haietako 13 egun berean hil ziren eta hamalaugarrena lau hilabete geroago. Egun hura Bloody Sunday (Igande Odoltsua) izenarekin ezagutzen da geroztik.

1972an Derryn izan zen tiroketaren irudi ezaguna: Edward Daly apaiza (zapi zuria eskuan duela) eta beste batzuk, herioan den 17 urteko mutikoa lagundu nahian.
1972an Derryn izan zen tiroketaren irudi ezaguna: Edward Daly apaiza (zapi zuria eskuan duela) eta beste batzuk, herioan den 17 urteko mutikoa lagundu nahian.

XX. mendeko 60 hamarkadan, AEBetako ereduari jarraituz, eskubide zibilen aldeko mugimendua eratu zen Ipar Irlandan. Helburua, hauteskundeetan eta lanpostuen nahiz etxebizitzen banaketan, gutxiengo katolikoak jasaten zuen diskriminazioarekin amaitzea zen. Hasierako urratsak baketsuak izan baziren ere, lealisten erasoek eta berezko haserreak gatazka biolentoa sortarazi zuten laster. 1969an, Derryn, Bogside auzoko bataila izan zen puntu gorena, eta egoera kontrolatu ezinik, Ejertzito britainiarraren esku-hartzea eskatu zuen Ipar Irlandako Gobernuak. Katolikoek ongietorria eman zieten tropei, bakea ekarriko zutelakoan, baina laster harremanak ozpindu ziren, batez ere 1971ko uztailean soldaduek bi gazte katoliko hil zituztenean. Heriotzen ondorioz, istiluak ugaritu egin ziren eta urte bereko abuztuan Internment-a ezarri zen, hau da, epaiketarik gabeko espetxeratzea. Neurri horren kontrako protestetan 21 lagun hil ziren hiru egunetan. Horrez gain, IRA Probisionalak 30 soldadu hil zituen abendu bitartean, haietako zazpi Derryn.

1972ko urtarrilean, Ipar Irlandako Eskubide Zibilen Elkarteak Internment-aren kontrako manifestazioa antolatzeko asmoa azaldu zuen. Martxa guztiak debekatuta bazeuden ere, agintariek hau baimentzea erabaki zuten, beti ere auzo katolikora mugatzen bazen, hiriaren erdigunera hurbildu gabe. Ejertzito britainiarreko Parakaidisten 1. Batailoia Derryra eraman zuten, eliteko tropak, balizko istiluen eragileak atxilotzeko asmoz. Baina soldadu batek beste bertsio bat azaldu zuen Channel 4 telebista kateko erreportaje batean: “Irakasgaia ongi irakatsiko diegu. Bihar hildakoak nahi ditut” esan omen zien komandanteak. Helburua ez zen atxilotzea, lezioa emateko balioko zuen sarraskia egitea baizik.

Urtarrilaren 30ean, arratsaldeko ordubietan manifestazioa hasi zen. Iturri ofizialek azaldu zutenez, badirudi gazte batzuek harriekin eraso zituztela tropak, baina garrantzi gutxiko liskarrak ziren, intentsitate baxukoak. Soldaduen erantzuna, manifestariak tirokatzea izan zen: 14 pertsona hilda, 12 balaz zaurituta eta beste bi egoera larrian Ejertzitoaren ibilgailuek harrapatu eta gero.

Bi txosten

Gertaera haiek argitzeko, ikerketa martxan jarri zuen Westminsterreko Parlamentuak 1972ko otsailaren lehenengo egunetan. Ikerketa horrek bere egilearen izena hartuko du: Widgery epailearena. Hiru hilabeteko lana eta gero, 46 orriko txosten bat argitaratu zuen ejertzitoaren testigantza baieztatuz, hau da, tropak eraso zituztela eta tiro guztiak defentsan egindakoak zirela. Hildakoen senideen ustez “errudunak errugabe eta errugabeak errudun bihurtu zituen Widgeryk”. Txosten horrek Ejertzito britainiarrari aurpegia zuritzen ziola ikusi zuten askok, eta ondorioz, justizia egiteko biolentzia erabiltzearen aldekoen jarrera indartu zuen. Gertatutakoaren eraginez, ehundaka gazte IRAn engaiatu ziren hurrengo urteetan eta gatazka asko gogortu zen.

Hildakoen senideek kanpaina abiatu zuten 1992an, Bloody Sunday Justice izenekoa. Ikerketa zabalagoa eskatzen zuten. Elkarte horren kide ezagunena John Kelly da, 17 urteko Michael Kelly hildakoaren anaia eta Free Derry museoko arduraduna. “Guk justizia nahi genuen, gu ez gara Sinn Fein edo IRA, senideak baino ez gara”. Protestanteek ulertzen zutela esan zieten, baina hala ere ez zuten laguntza handirik jaso: “Pribatuan arrazoia ematen ziguten, zuzen ari ginela, baina publikoki ezin zutela esan aitortzen ziguten”.

Tony Blair lehen ministro zela, 1998ko urtarrilean presioei kasu eginez eta bake elkarrizketen eraginpean, ikerketa berria martxan jarri zen, Lord Saville epaileak gidatuta. 12 urteko lanaren ondoren –eta 234 milioi euroko kostuarekin– 922 ahozko testigantza jaso zituen, beste 1.562 idatzizkoak, 110 bideo zinta, 121 audio eta milaka dokumentu. Britainia Handiko historian inoiz egin den ikerketa zabalena. Ugari eta ezagunak izan dira Defentsa Ministerioak ikerketa oztopatzeko hartutako lanak: 1.000 argazkitik gora desagerrarazi zituen, testigantzak ukatu eta armak suntsitu zituztela esan, gero haietako batzuk Sierra Leonan edo Libanon aurkitu dituzten arren.

Emaitza, 2010eko ekainaren 15ean publikatutako 5.000 orriko txostena izan da. Egun horretan, Derryko udaletxeko plazan jarritako pantaila erraldoiaren aurrean milaka lagun bildu ziren erabakiaren zain. Txostenean Igande Odoltsuan hildako guztiak errugabeak zirela onartzen da; Ejertzitoak kontrola galdu zuela aitortu eta ikerketaren emaitzaren harira, David Cameronek, Erresuma Batuko lehen ministroak, barkamena eskatu zien senideei, zauritutakoei eta Derryko herriari, egindakoa “ez justifikatua eta justifikaezina” zela esanez.

Erreakzioak

John Kellyrentzat Saville txostena oso positiboa da, baina ez nahikoa. Pozik dago hildakoak errugabeak zirela aitortzen duelako, baina ez du uste soldaduek kontrola galdu zutenik: “Parakaidisten lana hiltzea da, eta horretara etorri ziren Derryra, goitik agindutakoa betetzera eta hor, goian, ardurak egon behar dira” esan zuen. Soldaduen prozesamendua ere eskatzen du Kellyk: “Nire anaia hil zuena kartzelan ikusi nahi dut, badakit zein den “Lance Corporal F” ezizeneko soldadua. Bake Itunetatik datorren amnistia paramilitarrentzat da, ez soldaduentzat. Michaelek ez zuen inolako asmo politikorik, bera manifestaziora joan zen bere lagunak joan zirelako, eta ez zen etxera bizirik bueltatu, bere gorpua itzuli ziguten. Denborak ez du gertatutakoaren larritasuna arintzen”.

Unionistak ez daude pozik. Beraien ustez, Saville txostena katolikoak lasaitzeko gezur bilduma baino ez da. Gregory Campbell Democratic Unionist Party-ko parlamentaria da eta oso garbi du bere iritzia: “Bloody Sunday kondaira bihurtu dute komunikabideek eta hainbat artistak. Gatazka garaietan hildako ugari egon ziren, haietako bi heren IRAk eragindakoak. Zergatik eman batzuei hainbeste garrantzia eta beste batzuei ezer ez? Deklarazioetan ustezko lekukoek ikaragarrizko xehetasunekin deskribatu zuten 35 urte lehenago gertatutakoa. Nik ez dut gogoratzen orain dela 35 aste egin nuena, beraz zer egin dute katolikoek? Mitifikatu, eta mito horren gainean txosten bat eraiki. IRAko biktimentzat iraina da eta britaniar guztientzat umiliagarria Cameronen barkamen eskaera”.

Beste protestante batzuk ez dira hain erradikalak. Derryko hiru Elizatako ordezkariak, adibidez. Hauek, txostenaren emaitza ezagututa Bogside auzunera hurbildu ziren, sarraskia gertatu zen tokira, hain zuzen ere, “giza tragediari ez ziotela behar bezalako garrantzirik eman” aitortzera. Elkarte orangista bateko William Stewarrek txostena elkarbizitzarako positiboa izan zela azpimarratu du, biolentziaren aldekoei argumentua kentzen dielako. Hala ere, bere ustez gezur asko esaten dira: “Hildako asko balak errebotean jo eta gero hil ziren. Konbatean bazaude, leherketen artean, ez zara pentsatzen geratzen bota nahi dizutena harri bat edo bonba bat den, tiro egiten duzu instintiboki”, dio soldadu ohia den Stewarrek eta “horrek ez du kentzen egun hortan errugabe batzuk hil zirela onartzea. Bakerako urrats bezala baloratu behar da, ea gorrotoaren atea ixten duen”.

Ateak itxiko dituelakoan dago Joe Doran, BBC irratiko esataria ere: “Derryra lanera etorri nintzenean astero zegoen zerbait Bloody Sundayren inguruan. Informazio politiko gehienak hortik zetozen. Azken urte eta erdi honetan, aldiz, gauzak asko aldatu dira eta beste gai interesgarriak ari gara jorratzen irratsaioan: 2013an Derryk izango duen Kultura Hiriburuaren izendapena, krisialdia, Bakearen Zubi berria, elkarbizitza, Derryko jokalariak dituen Irlanda futbol Eurokoparako sailkatu izana...”.

Arazoa, hala ere, ez dago itxita. Horren adibidea kalte-ordainen auzia izan da. Gobernu britainiarrak, zaurituei edo hildakoen senideei diru kopuru bat ordainduko diela iragarri du eta horrek banaketa ekarri du kaltetuen artean. Batzuk dirua hartzearen alde azaldu dira, beste batzuek ez dute ezer hartuko soldaduak prozesatuak izan arte eta hirugarren adarrak ez du “Londreseko inolako karitaterik onartuko”. Konponbidea beranduegi etorri izanaren kexa ere oso zabalduta dago. Hildako gehienak oso gazte ziren eta ez zuten seme-alabarik. Guraso guztiak zendu dira eta anai-arreba batzuk baino ez dira geratzen kalte-ordainak jasotzeko. Beste alde batetik, Unionisten iritzia dugu: “Pandoraren kutxa ireki du Gobernuak. IRAko biktimei nork ordainduko die?” dio Gregory Campbellek.

40. urteurrena ez dute publikoki ospatuko senide gehienek. Urtero egin ohi zen manifestazioa bertan behera uztea eskatu dute. Antolatzaileek, ordea, ez dute amore eman eta deialdia indarrean dago. “Zerbait egiten badute senide gehienen iritziaren kontra daudela jakin behar dute” adierazi du John Kelly-k. Eskubide zibilen aldeko martxa egunez aldatzen badute, parte hartuko duela esan du, baina ez egun berean: “Gureak modu pribatuan gogaratuko ditugu” dio Kelly-k.

Senide askoren gogoaren kontra bada ere, Bloody Sundayren gaiak, bizirik segitzen du. Leku berezia du derrytarren oroimen kolektiboan eta Ipar Irlandako borrokaren historian. Zauri nagusia itxita egonda ere, beste batzuek irekita diraute. Joe Doranek luzerako zeresana edukiko du bere irratsaioan.

14 hildakoak

- John Duddy. 17 urte

- Patrick J. Doherty. 31 urte

- Bernard McGuigan. 41 urte

- Hugh P. Gilmour. 17 urte

- Kevin McElhinney. 17 urte

- Michael G. Kelly. 17 urte

- John P. Young. 17 urte

- William N. Nash. 19 urte

- Michael M. McDaid. 20 urte

- James J. Wray. 22 urte

- Gerald Donaghy. 17 urte

- Gerald McKinney. 34 urte

- William A. McKinney. 27 urte

- John Johnston. 59 urte


ASTEKARIA
2012ko urtarrilaren 29a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Irlanda iparraldea
Udal hauteskundeak aise irabazi ondoren, Sinn Feinek Stormont desblokeatzea eskatzen du

Sinn Feinek lehen aldiz irabazi ditu Ipar Irlandako udal hauteskundeak, eta 462 zinegotzietatik 144 eskuratu ditu, duela lau urte baino 39 gehiago. Alderdi errepublikarraren ustez, horrek balio beharko luke unionismoak blokeatzen duen Stormonteko Legebiltzarra berriz... [+]


2023-04-19 | Axier Lopez
Justizia bidean?

Mende laurdena bete du Ipar Irlandako Ostiral Santuko Hitzarmenak, gatazka armatuen konponbiderako erreferenteetako bat bilakatu dena munduan. 1998ko akordioaren helburu nagusia biolentziari amaiera jartzea zen. Indarkeria izugarri apaldu da, baina ez da desagertu. Berbarako,... [+]


2023-03-01 | Leire Artola Arin
Londres eta Bruselaren arteko akordioa
Ipar Irlandako Parlamentua desblokeatuko al dute unionistek ia urtebeteren ondoren?

Ipar Irlandako Parlamentua blokeatuta dago maiatzetik, DUP unionisten alderdiaren protestagatik, ez baitago ados Brexitaren ostean Ipar Irlandan Europako Batasunak jarri dituen merkataritza kontrolekin, besteak beste. Erresuma Batuaren eta Europako Batasunaren hitzarmen berriak... [+]


Irlandera, hizkuntza ofiziala estreinakoz Ipar Irlandan

2022ko abenduaren 6an Ipar Irlandako mugimendu errepublikanoaren aldarrikapen historikoetako bat gauzatu zen: data horretatik aurrera, Irlandako berezko hizkuntza ofiziala da, lehenbizikoz, Ipar Irlandako sei konderrietan.


Unionisten betoaren ondoren, Londresko gobernuak hauteskundeak deituko ditu Ipar Irlandan

Sinn Feinek lehenbiziz irabazi zituen Stormonteko Legebiltzarrerako hauteskundeak iragan maiatzean eta horrek ematen dio gobernu autonomoa gidatzeko aukera, baina DUP alderdi unionistak uko egin dio gobernuko bere kideak izendatzeari.


2022-07-19 | ARGIA
“Irlanda berriz batzeko erreferenduma egingo da hamarkada honetan”

Irlandaren etorkizuna hamarkada honetan erabakiko dela eta auzia benetan konponduko dela uste du Sinn Feineko presidente Mary Lou McDonald-ek. Hala adierazi du El País egunkarian.


2022-05-23 | Declan Kearney
Hauteskundeak amaituta, demokraziaren garaia da

Sei konderrietako estatua orain 101 urte sortu zen Irlandako iparraldean. Gehiengo unionista iraunkortzeko zegoen diseinatua. Sistema mota bat, non sortua izan zenean, hauteskunde barrutiak halako gisan banatu zituen ezen unionistek beti abertzale irlandesek baino bozka gehiago... [+]


Maírtín Ó MuilleoIr
"Datozen 10 urteetan Belfasten 30 harresi bota nahi ditugu"

Belfasteko alkatea da iragan ekainaren 3tik. Sinn Feineko alkatea. Ez da alderdi horretako lehena baina, alderdi unionisten hainbeste urtetako nagusitasunaren ondoren, oraindik ere berezia egiten da. Datorren urteko ekainera arte izango da alkate. Bere leloa:... [+]


Ipar Irlandako gatazka armatuko auzipetzeak preskribatzeko eskatu du Erresuma Batuak

1998ko bake akordioa baino lehenago egin ziren krimenenen akusazioak ez lirateke epaitegietara helduko. Aldekoek, berradiskidetzarako derrigorrezko neurria dela diote; oposizioak esan du erabakia “iraingarria” dela biktimentzat. 


2021-01-13 | ARGIA
Elizak burututako abusuengatik, Irlandak barkamena eskatu die haurrei eta emakumeei

Mother and Baby Homes Commision of Investigation (Amen eta Haurren Etxeen inguruko Ikerketa Batzordea) erakundeak gauzatu du ikerketa. Aztergaiak agerian utzi ditu Elizaren menpeko harrera etxeetan haurrek eta emakume ezkongabeek zein alargunek jasandako bizi baldintza... [+]


2020-09-30 | ARGIA
“Bloody Sunday”-n inplikatuta egon zitezkeen hamabost soldadu ez dituzte prozesatuko

Ipar Irlandako Fiskaltzak iragarri duenez, froga faltagatik ez dituzte prozesatuko ustez hamahiru lagunen hilketan parte hartu zuten soldaduak. Familiek etsigarritzat jo dute erabakia.


2020-09-11 | Axier Lopez
Erresuma Batua ez dela hizkuntza gutxituak sustatzen ari salatu du Europako Kontseiluak

Hizkuntza Gutxituen Europako Gutuna sinatu badu ere, Erresuma Batuak ez ditu bete itunak ezartzen dizkion betebeharrak. Kornubiera, Irlandako gaelera eta Ulsterko eskoziera dira kaltetuak, Europako Kontseiluak argitaratutako txostenaren arabera.


Eguneraketa berriak daude