1940ko abenduan Alsina baporea Frantziako Marseilla hiritik abiatu zen ehunka errefuxiatu zeramatzala, tartean zen 16 urteko Nestor Basterretxea mutikoa. Ia bostehun egun geroago iritsi ziren Argentinara, itsaso zabaletan eta basamortuetan oinazea jasan ondoren.
Hauxe da artista ezagunaren testigantza.
Ozeano Atlantikoa zeharkatzeko aste pare bat aski zuten itsasontziek 1930-1950 hamarkadetan. Europatik edo Afrikako itsas portuetatik abiatuz, ur handietan barrena Amerikaratzen ziren barkuak, jende andana eta ohiko zamak garraiatuz. Baina II. Mundu Gerrak itsasoa ere sutu zuen 1939. urteaz geroztik. Bai alemaniarrek eta baita britainiarrek ere, itsaso guztiak kontrolpean nahi zituzten, urpekoak eta gerla-ontziak erabiliz. Borroka horretan harrapaturik geratu ziren, gerraren arragotik, Europatik, alde egiten saiatu ziren asko. Horixe gertatu zitzaien 1940ko abenduan Marseillan itsasoratu ziren ehundik gora euskalduni, Alsina barkuan askatasuna dastatzera Ameriketara abiatu zirenean. Ez zekiten, orduan, ustezko hamabost eguneko zeharkaldia, ia hamabost hilabetekoa izango zenik. Ezta beren patua, nazien eta frankisten eskuetan ez ezik, Britainia Handiaren mugimendu estrategikoetan egongo zenik ere.
Marseillako gorabeherak
Frantzia osoan barreiaturik zeuden erbesteratuek jakin zuten, Mexikoko diplomatikoek egindako ahaleginei esker hainbat itsasontzi Amerikarako bidaia egiten ari zirela, tantaka bazen ere, “eskualde libreko” Marseillatik abiatuta. Eta 1940ko abenduaren amaieran, Compagnie Trasatlantique Française-ko Alsina portutik ateratzear zegoen. Ondorioz, Pabetik, Montaubanetik, baita Bordeletik eta Parisetik ere, “mugatze lerro” ospetsua gaindituz, ehundik gora euskal errefuxiatu Marseillara iritsi ziren, barkuan ospa egiteko asmoz. JAREk (Errepublikar Espainiarrak Laguntzeko Batzordea) emandako diru-laguntzarekin, 3.500 libera inguru balio zuen txartela eskuratu ostean, urtarrilaren 14an hasi ziren ontziratzen. Baina ez zen batere erraza izan, Espainiako enbaxadak eta poliziak gertutik jarraitu baitzituzten mugimendu horiek. Are okerrago: Frantziako agintariei zein Gestapori izen zerrendak luzatu zizkieten, bidaiari izan zitezkeen hainbat politikarik ihes egitea eragozteko. Errolda horietan, Federica Montseny, Paulino Gomez Saiz, Antonio Sbert, Juan Peiro eta beste zenbait azaltzen ziren. Ez zen txantxetako gauza. Euskaldunei zegokienez, Rafael Picabea diputatu ohia eta El Pueblo Vasco-ren sortzailea, barkura igo ostean, indarrez jaitsi arazi zuten agintari frankistek eta Vichyren Gobernuaren aldekoek. Ederki oroitzen da Nestor Basterretxea afera horretaz: “Picabeak polizien kontrola gainditu zuen, bere semearen pasaportea baliatuz, izen berdina zutelako. Baina goian zegoela, deika hasi zitzaion eta poliziek orduan zerbait susmatu zuten eta bere bila joan ziren. Berriz ere kaira jaitsi zuten eta hainbat egun atxilo izan zuten, nahikoa barkua galtzeko eta estradizioaren mehatxupean gelditzeko. Biek, semeak zein aitak, azkenean, Frantzian gelditu behar izan zuten”.
Hala ere, zori hobea izan zuenik bazegoen: Alsinak, azkenean Marseillatik urrundu zenean, 700 bidaiari inguru zeramatzan, eskifaia kontuan hartuta. Horietatik erdia baino gehiago Belgikako, Austriako eta Frantziako herritarrak ziren. Gutxixeago ziren Espainiako gerra zibila amaitu zenetik ihesean zebiltzan errefuxiatuak. Horien artean, Niceto Alcaza Zamora, Espainiako II. Errepublikak izandako lehen presidentea eta bere lau seme-alabak; Constantino Salinas Nafarroako diputatu ohia eta bere bi alabak; Telesforo Monzon Eusko Jaurlaritzako kontseilaria; Jose Olivares Tellagorri ANVko kazetari ezaguna; Vicente Amezaga eta Mercedes Iribarren; Francisco Basterretxea diputatu ohia eta bere familia osoa…
Espainiako poliziak Frantzian egindakoa ikusita, bidaiariak ez ziren batere fio, Mediterraneoa igarotzean Espainiako armadak barkua abordatu eta indarrez lehorreratuak izateko beldur ziren denak. Zorionez ez zen horrelakorik gertatu eta Oran eta Gibraltargo itsasartea gibelean utzita, Atlantiko zabala aurrez aurre ikusi ahal izan zuten. Europatik urrutiratzen ziren neurrian, askatasunak gero eta eskuragarriago zirudien.
Dakarrek zekarrena
Afrikako itsasertza bidaide, Dakarrera iritsi ziren hamabi egun geroago. Afrikako hiri hartan, ohikoa zen legez, egun pare bat beharko zituzten barkua janariz eta erregaiz hornitzeko, Atlantikoaz beste aldera jo baino lehen. Baina hortxe hasi zen ustekabea, behin-behineko geldialdia betikotu baitzen. Armada britainiarrak ez zuen baimendu Alsina Atlantikoan murgiltzea, “Navy Act”, hau da, nazioarteko uretan ibiltzeko beharrezkoa zuten nabigazio baimenik ez zuelako.
Frantziatik eta bandera frantsesarekin zihoan barkua zen, beraz Vichyko Gobernuaren oniritzia zuen –Alemaniarren kolaboratzaile izanik–, eta hori susmagarria zen britainiarrentzat. Itsasoetan jokatzen ari zen gatazkan, barku komertzialek ere xake partida baten peoiak ziruditen. Izan ere, Alemaniako urpekoek ez zuten zalantzarik izaten horrelakoak hondoratzeko, eta britainiarrak, Hitlerren alde ezarri zitekeen edozein ontzi –izan armadarena nola konpainia pribatuena– indargabetzeko prest zeuden. Hilabete batzuk lehenago, 1940ko uztailaren 3an, Royal Navyk Frantziako armadari Argeliako Mers el Kébirren egindako txikizioak, argi bezain gordin erakutsi zuen Britainiako ontzidia prest zegoela muturreraino jotzeko eta lagun ez zen oro suntsitzeko.
Basterretxeak garbi du mataza horren haria zein zen: “Dakarrera iritsi ginenean, egundoko triskantza zegoen. Isiltasun latza ere bai. Marinelak, britainiarrek egindako azken bonbardaketan kaltetutako gauzak ateratzen ari ziren oraindik. Britainiarrek pentsatzen zuten, eta zuzen ziren, Frantziako armada distiratsua germaniarren eskutara igaroko zela azkenean, zeren eta Pétain [Philippe Pétain, Frantziako mariskala eta Vichyko gobernuburua] gero eta txikiagoa zen”. Hitlerrek, aldiz, Finlandia iparretik Hendaiaraino kontrolatzen zuen Europa eta Atlantikoko eskualde zabala bere menpe zuen.
Dakarreko portuan, beraz, Alsina atera ezinik gelditu zen. Bere ondoan garai batean Frantziako armadak izandako itsasontzi indartsuenetako bat zegoen: Richelieu suntsitzailea. Frantzia Vichyzalearen ikur paregabea zen, grandeur edo handinahi antzuaren seinalea. Baina gerraontzia erabat geldirik zegoen, kanoiak eta motorrak deseginda baitzituen. Itsasoan, lurrean lez, britainiarrak eta germaniarrak ziren nagusi. Hala, Alsinak egin behar zuen geldialditxoa luzatzen hasi zen, eta kablegramen bitartez, Dakarren indarrez blokaturik zituztela zabaltzen hasi ziren AEBetara, Londresera, Mexikora eta Buenos Airesera. Ezinezkoa zen “Navy Act” ditxosozkoa lortzea eta hor gelditu ziren aingurak botata.
Noizean behin Dakar hirira jaisten baziren ere, bizitza barkuan egiten zuten bidaiariek. Errusiarrez osatutako ballet konpainia baten ondoan, euskaldunek, Jesus Luisa Esnaolaren gidaritzapean, beren dantza taldea osatu zuten berehala. Ongi gogoratzen da Basterretxea: “Egun batean, Alsinako bizkarrean marrazki bat burutzen ari nintzela, hurbildu zen niregana Jesus Luisa eta esan zidan ea marrazki batzuk egingo nizkion Xuberoako dantzez. Eszenografia edo kartel moduan nahi zituen. Nik baietz esan nion eta orduan hasi nintzen beste gazteekin dantza horiek ikasten. Nik zamaltzainarena egiten nuen, eta bide batez, horien inguruko marrazkiak. Surrealista samarra zen dena. Gurekin zetorren ballet errusiar konpainia bat. Ikaragarrizko dantzari onak ziren eta saioak barkuan bertan egiten zituzten, guztien aurrean. Neska eta mutikoen artean ere ohiko harremanak sortu ziren. Hainbat bikote egin eta desegin ziren hor, baita ezkontzaren bat ere. Txortan egiteko oztopoak gainditurik –emakumeak atzeko aldean zihoazen eta gizonezkook brankako sotoetan–, umeren bat munduratze bidean ere jarri zuten…”.
Casablancatik Buenos Airesera basamortuan barrena
Horrela, bost hilabete luze eman zituzten Dakarreko kaietan, barkuaren jabeek eskatuta, Alsinak atzera, hots, berriz ere Marseillara jo behar izan zuen arte. Bidaiariek ez zuten inongo asmorik Frantziako anabasara itzultzeko eta ekainaren 3an barkuak Casablancan geldialdia egin zuenean, gehienek nahiago izan zuten han bertan lehorreratu. Balantzea ez zen batere ona: denboran zehar eta itsasoan barrena atzera egin zuten, berriro Vichyren menpe zeuden, eta Espainiaratzeko mehatxua Marseillatik atera zirenean baino askoz handiagoa zen.
Baina ez zen horrelakorik gertatu, Afrika frantziarreko agintariek Kashba Tadlara eta Sidi el Ayachira bidali baitzituzten errefuxiatuak. Lehenbizikoan, garai batean soldadu frantziarrek erabilitako barrakoi multzoak zeuden, basamortuaren erdian, Alsinakoentzat “aterpe zelai” bihurtuta. Sidi el Ayachin, antzeko zerbait. Hona Basterretxearen hitzekin kontatuta: “Herritik lau kilometrora jarri gintuzten, alemaniarren menpe zegoen kaserna zahar batean. Hori kuxidadea! Gameluen kakaz gainezka zegoen. Dena garbitu beharra zegoen, lurrean egin behar baikenuen lo. Eta oroitzen naiz kongresuko takigrafo ohi batek, gaua iritsita biolina jo zuenean –bai gaizki jo ere!–, jendea negarrez hasi zela”. Errefuxiatu gehienek barrakoi ziztrin horietan laketu behar izan zuten lau hilabetez; baina Dakarren jasandako berotzarrak eta gaixotasunek onduta, leunago egin zitzaien basamortuko egonaldi hura.
Irtenbidea, kostata bazen ere, Mexikotik etorri zen. Erbesteko diruaz baliatuz eta Indalecio Prietoren bitartez, JAREk beste barku bat bidali zuen, Quanza, errefuxiatu haiek erreskatatzeko asmoz. Portugalgo bandera zuen barkuak –herrialde neutrala– eta bidaia txartelak New Yorken, Mexikon eta Lisboan lortu zituzten gogor negoziatu ostean. Casablancara bidali zuten 400 inguru errefuxiatu hartzeko. Helmuga Mexikoko Veracruz zuen, baina Habanan ere geldialdia egiteko asmoa zuen Quanzak. Itsas portu horietatik aurrera, beste barkuekin egin beharko zuten aurrera bidaiariek. Beraz, 1941eko urriaren hondarrean, Amerikara jo zuen barku portugaldarrak aipaturiko lagunekin. Veracruzen, mexikarrek harrera abegikorra egin zieten etorri berriei. Bi egun igaro zituzten han eta aukera izan zuten Mexiko D.F.-tik itzuli bat egiteko. Habanan, aldiz, berriro barneratze neurriak jasan zituzten Batistaren gobernuaren aldetik. Ez zeuden atxilo, baina badaezpada bakarturik eduki zituzten hainbat egunez. Koarentena horretaz mintzo da artista: “Habanara joango ginelakoan, berriro zapuzte ederra. Atzerritarrek Tiscornia deitzen zen sarrera lekutik igaro behar zuten. Hor egon ginen, desinfekzio aitzakiarekin, ez dakit, 20, 40 egun… Hara eramaten zituzten gu bezalako ‘atzerritar zorridunak’ eta susmagarri zen oro. Egun batean, esate baterako, Guayana Frantziarreko kartzeletatik ihes egindako hamabi gizon azaldu ziren. Zer piura eta buru ederrak marrazkitan hartzeko. Hasi nintzen… baina baten batek luzaturiko begiradarekin jabetu nintzen hobe zela ez jarraitzea”.
Bitartean, Habanakoa saihestu eta bidaiarekin jarraitzea lortu zutenak ari ziren pixkanaka hurbiltzen behin betiko helmugetara: Montevideora eta Buenos Airesera. Alcalá Zamora, esate baterako, Herma Gorthon zamaontzi suediarrean iritsi zen Argentinara 1942ko urtarrilaren 28an. Beranduago iritsi ziren Basterretxeatarrak, Jose Luis Ituarte Etxekalte, Patxo Agirre, Tellagorri eta abar. Horiek, Kubako berrogeialdia jasan eta gero, Rio de la Plata barkuan Buenos Airesera egin zuten eta Hegoamerikako uretan egon arren, oraindik izualdiren bat edo beste sufritu zuten. Nestor Basterretxea akordatzen da urpeko alemaniar batekin izandako azken enkontruaz: “Motorren zarata bat-batean gelditu zen. Mutu geratu zen gure barkua, eta isiltasun bitxi horretan, gu, sototik igo berriak. Ilargi ikaragarri polita zegoen, eta itzal handi baten antzera, meta luze beltz bat agertu zen itsasotik. Urpeko alemaniarra zen. Guri mehatxuka hasi ziren eta galdera gogorrak egiten: ea zer jende zihoan, nora gindoazen… Gure kapitaina bizkor ibili zen eta esan zien galdetzeko Berlinen, gu amerikarrak ginela, argentinarrak, pasaiariak… denetatik, baina ez genuela zer ikusirik gerrarekin. Azkenean, urpekoa berriro sartu zen itsasora eta urruntzen hasi zen. Denboratxo bat igarota, kirioak dantzan genituen oraindik, torpedoen tiro ahalmena izugarria zen-eta. Baina zortea izan genuen, eutsi eta… Buenos Aireseraino!”.
Hori gertatu zenerako, 500 egun luzeemanak zituzten Amerikara iristeko ametsarekin. Atlantikoko zorigaiztoko zeharkaldia amaiturik, eta Argentinako euskal komunitatearen harrera beroak hunkituta, ez zuten sumatu ere egin beste zeharkaldi luzeagoa hasi berri zutela: erbestearena.
Gaur 100 urte beteko zituen Nestor Basterretxeak (Bermeo, 1924 - Hondarribia, 2014). Hamaika lanetan nabarmendu zen, eta hamaika bider mintzatu zen ARGIArekin. Pasarte interesgarri batzuk ekarri ditugu hona.
Eskuin muturreko ekintzaileei leporatu diete eskultura bandalizatu izana: Hau kaka euskalduna da idatzi dute frantsesez, eta Heil pepito agur nazia margotu. Jean-René Etxegarai auzapezak jakinarazi du salaketa jarriko dutela. Gainera, Frantziako Alderdi Komunistaren... [+]
Gasteizko Foru enparantzan metalezko eskultura berri bat agertu da, Nestor Basterretxearen (Bermeo, 1924 – Hondarribia, 2014) erakusketara ongi etorria ematen duena. Eremu anitzetan jardundako artistak sortutako 300 artelan baino gehiago biltzen ditu esposizioak, hala... [+]
Badira erakusketa madarikatuak. Horietako bat izan zitekeen Nestor Basterretxeari Donostiako Tabakaleran dagoen Kutxa Kultur Artegunea aretoan eskaintzen zaiona, inauguratu eta handik astebetera itxi behar izan baitzituen ateak. Ekainaren hasieratik urrira bitartean baina,... [+]
Argazkigintzaren Nazioarteko Eguna ospatzen du Zarautzeko Photomuseumak gaur, abuztuaren 19an. Aurten Nestor Basterretxea omendu dute, artistari buruzko dokumentalaren proiekzioarekin.
Eusko Legebiltzarreko buruan dagoen zazpi adarreko zurezko zuhaitza, Donostiako Bakearen Usoa, Renoko (Nevada, AEB) Euskal Artzainari monumentua… ikustean etorriko zaio herritarrari Basterretxearen izena burura.
Senideak, lagunak eta euskal gizarteko ordezkariak bildu dira astelehenean Nestor Basterretxearen hiletan. Donostiako Zorroaga eliza izan da eskultore bermeotarraren omenezko ekitaldia ospatzeko aukeratutako lekua, nahiz eta ez den hileta erlijiosoa izan.
“Uso zuria, uso gorria, dantzan nabil suaren gain…”. Nestor Basterretxea hil dela jakin dudanetik haurtzaroko soinu bandaren parte den abesti hura dabilkit buruan. Basterretxeak berak zioenez, beharbada euskaldunok ahozkotasuna transmititzeko joera... [+]
Eusko Legebiltzarreko buruan dagoen zazpi adarreko zurezko zuhaitza, Donostiako Bakearen Usoa, Renoko (Nevada, AEB) "Euskal Artzainari" monumentua ikustean etorriko zaio herritarrari Basterretxearen izena.
88 urte eta geroari so.
5.000 biztanle inguru ditu Senperek, baina arlo kulturalean tamaina handiagoa duten herri asko baina bizkorrago dabil azken urteotan. Andoni Iturriozek zaharberritutako Larraldea etxeak badauka horrekin zerikusirik; erakunde publikoen sostengurik gabe, etxea erabiltzen... [+]