Diario de Berlin bloga, 2011-11-20. La Vanguardia
Europa bere Batasuna desegiteko bidean da. Alemaniaren eskutik. Alde bakarreko zorroztasun politika adigogorraren eskutik, eta Europako Banku Zentralaren egitekoa berraztertzearen aurkako jarrera setatsu eta errepikakorraren eskutik. Zein da seta dogmatiko monetarista horren arrazoia? Batetik, pentsamolde adigogorra eta, bestetik, finantza sektorearen zerbitzura jardutearen inertzia. Bigarren porrotera garamatzate.
Epe ertainean Europako krisia kontrolatzeko Merkelen “errezeta bikaina” are zentzugabeagoa da. Batasuneko itunen erreforma da, zorrak haztea eragiten duen eta hainbat herrialdetako ekonomia itotzen ari den diziplina instituzionalki blindatzeko erreforma. Lehenik ahulenak erori ohi dira, baina, ondoren, esportatzaile indartsuenak ere eroriko dira, agertzen hasi den atzeraldiak kaltetuta. Ildo oker honek eskua sartzeko duen eskubidea Europa azkar desegiteko bide zuzena da.
2012an Europan atzeraldia izango dela eta munduan egoera hoztuko dela aurreikusten da, eta testuinguru horrek Europako herrien matxinada sustatuko du, dagoeneko agertzen hasi den Internazional berria. Hautatu ez ditugun kanpoko instituzioen erabaki okerrek giro soziala doilortzen dute, eta herrien subiranotasunaren aldeko erreakzio nazionalista indartsua eragingo dute. 1848 bat.
1848ko Europan “herrien udaberriak” berrezarkuntza absolutistaren ordena kolokan jarri zuen. Agerian geratu zen Vienako Kongresuaren ordena eutsiezina zela. Orain “neoliberal” deritzon kapitalismoa dago, edo, agian, adjektiborik gabeko kapitalismoa. Ez dakigu zer etorriko den, baina bestelakoa izan beharko du. Sistema honen baitan, gizakiak eta planeta menderatzen dituen estres aztoragarria geroz eta jasangaitzagoa da.
Huts egin duen ordena absolutista batean, kasta txiki batek, %1ek, esaterako, gainerako %99ak bidegabe eta okertzat jotzen dituen erabakiak hartzen ditu. Boterea, ondasunak eta pribilegioak gutxiengo oso txiki baten eskutan dauden eta gainerakoak erabateko porrotera daramatzan ordena absolutista baten baitan bizi garen sentsazioa kalean antzematen da. Eta gero eta biziagoa da gaurko Europan. Halaber, politikari eta instituzio nazionalen ezintasuna agerian geratu da. Bozkatzeak ez dio axola: boterea eta erabakiak beste nonbait daude, hautetsi gabeko toki batean. Hori guztia azkenean behar soiltzat jo daitekeen matxinadarako gonbidapena da.
1848an telegrafoak eta ferrokarrilak bezala, orain, informazio teknologia berriek, beren gehiegizko informazio nahasgarriarekin, berehalakotasun eroarekin eta ordenagailuko aktibismoarekin, badute egitekoa, baina oinarrizko edukiak eta bulkadak berberak dira: absolutismoa errefusatzea eta herritarrak aldarrikatzea.
Subjektu errepublikar berria aldatu egin da Europan. XIX. mendekoa baino kontinente askoz aberatsagoan eta demografikoki askoz zahartuagoan, guztiek dute zer galdua. Herritarren indarkeriarik ezak zentzu berria eta bere aldeko espazio asko dituela iradokitzen du horrek. Beste aldean, ezarritako sistema indarkeriaz baliatzeak sistemaren beraren aurka joka dezake.
Elementu hauetako asko ikusi ziren duela 20 urte, Sobietar Batasunak porrot egin zuenean, erregimen zaharreko errezetek funtzionatu ez zutenean, sineste faltak eta egitura matxuratuak eraginda. Eta aurki Europan beste 1848 bat gerta daiteke: desegite kiribil kontrolaezin eta ulergaitza. Egoera baikorrenean, herritarretan (eta ez enpresetan) oinarritutako europar proiektua berreraikitzean pentsa liteke. Egoera ezkorrenei dagokienez, Europako historia gerrazale eta oldarkorra ikusi besterik ez dago. Bere esperientziatik ikasiko al du Europak?
Eta Espainiak? Europako politika okerrenarekin bereziki otzana izateko zantzu guztiak dituen Madrilgo gobernura postfrankistak itzuli izanak Espainiako desegite kiribila bizkortuko du, eta pozik eza areagotu. Aurreikusten den 1848 hori gainditzea lortuko al dute lurralde batasunak eta monarkiak?
Langileei langile direla ahaztu eta klase ertaina direla sinestarazi zieten. Baina krisiak bere onera (edo txarrera) ekarri ditu langileak. Sortu ez duten krisia ordaintzeko, azken mendeetan neke handiz lortutako eskubideak kentzen ari zaizkie. Eta hutsetik hasi... [+]