Haitin 2010eko urtarrilaren 12ko lurrikara hain hilgarri suertatzea hango hazkunde ereduak eragin zuen: berrehun mila hildako (edo gutxiago, edo 300.000... oraindik datu argirik ez da) eta herrialde osoa txirtxilaturik. Baina potentzia handiek laguntza hazkunde eredu oker berarekin antolatu dutenez, Haitik okerragorako bidean darrai.
Errefuxiatu izena ez da polita, zeukaten guztia galdurik kanpalekuetan babestu direnei orain agen-tziek Internally Displaced People (IDP) deitzen diete, herrialdean bertan lekualdatutako jendeak. Lurrikararen bigarren urteurrenean oraindik 550.000 haitiar bizi dira kanpalekuetan. Beste milioi bat baino gehiagok alde egin dute horietatik bi urteotan, errefuxiatuez okupatzen den Nazio Batuen Erakundearen agentziak dioenez. Baina non kokatu ote dira?
“Inork ez du kontrolatu nora jo duten: hemen helburua da erakustea kanpalekuak ixten ari direla, helburua ez da estrategia horren ondorioak aztertzea. Asko itzuli dira segurtasunik ez duten etxe hondatuetara; beste askok babeslekutzat hartu dituzte T-shelterrak [erakunde humanitarioek eramandako zurezko etxola prefabrikatu arinak] hondakinen artean edonon ikus daitezkeenak; eta beste batzuk bildu dira ofizialki existitzen ez diren kanpalekuetan”.
Phillip Wearnek idatzi ditu aurreko lerroak New Internationalist aldizkarian argitaratatu duen “Haiti two years on: beyond relief, beyond belief” artikuluan. Mugimendu sozial haitiarrei laguntzen dien Haiti Support Group erakundean ere ari da Wearne.
Ez da Wearne ez lehena eta ez bakarra salatzen errefuxiatuak kanpalekuetatik sarritan bota egin dituztela, bai txabolategiak zeuden eremuetako lurjabeek edo bai auzoak “txukunago” ikusi nahi dituzten udal arduradunek. Polizia eta armada ere erabili dituzte lantegi horretan. Moldatu ote daiteke horrela arazo humanitario bat?
Nazio Batuen Erakundeko buruzagiek esana da Haitiko arazo humanitarioak konponbide bakarra garapenean daukala. Zein garapen mota, ordea? Wearnek dioenez, bi eredu landu dira Haitin azken 50 urteotan. Lehenik, eta luzaz, Duvaliertarrek ezarrita muturreko kapitalismo basatia, diktadoreen senitarteko eta lagunek kudeatua, errukigabea. Eta ondoren bai Jean-Bertrand Aristidek eta bai René Prévalek –AEBek eta Europak horretara behartuta, nahi bada– erabilitako formula neoliberalak. Bi sistemek huts egin dute.
Porrot horren eskaparatea dateke Port-au-Prince hiriburuko Jean-Marie Vincent parkea. 1994an paramilitarrek asasinatu zuten apaiz ezkertiarraren izena darama. Parke publiko honetan baziren errefuxiatuak 2010eko lurrikararen aurretik.
Hiru hamarkadatan 2,5 milioi heldu baitziren ihesi hiriburura. Horrela, populazioa lau halakotuta, Port-au-Prince bilakatu zen munduko hiri jendetsuen, nahasien eta anarkikoena. Etxolaz bete ziren zelai eta malkor. Berde kolorekoa zen oro desagerturik, aski zen eurite bat edo haizetea, Karibean hain usu gertatzen direnak, lokatzak dena maldan behera errekara eramateko. Azkenik, lurrikararen eguna heldu zen: “Naturak eragin hondamendiak 35 ordu iraun zuen, baina inork pentsa ezinezko heriotz kopurua eragin zuen hondamendi ez-naturalak 35 urte zeramatzan egosten”.
Haitin ere bizi da jendea, ordea. Phillip Wearnek ikusi ditu Jean-Marie Vincent kanpamenduko biztanleak inguruko muinoetako etxe suntsituen aurrietatik hondakinak hartuta beren sasi-herrixkako bideak egonkortzen. Lurrikararen ondorengo laguntza handiena, atzerrietatik jina baino askoz handiagoa, batak besteari emandakoa izan da eta, haitiarrak haitiarrari.
Kanpalekuan batzordetan banatzen da agintea eta lanak, ur erretenak ebaki eta artatzea, edateko ura ekarri eta familien artean zabaltzea, osasun eta garbitasun ikastaroak ematea... “Lé ou bezwen, se ou k pou machè” diote kreoleraz, beharrean baldin ba zaude, zeuri dagokizu lehen urratsa ematea.
Bertako mugimendu sozialei laguntzen diete Gobernuz Kanpoko Erakunde atzerritarretan aurrerakoienek. Hala aurkitu du kazetariak Dubique Kobel medikua, emazte Nadègerekin batera Zanmi Lasante –Osasunaren Lagunak, kreoleraz– erakundearen babesean ari dena, aurretik Kuban entrenatuta. Doktoreak kezka berezia dauka oraindik kontrolatu ezin duten kolerarekin. 7.000 jende hil eta 700.000 gaixotu dituen kolerarekin.
Aldiz, Jean-Marie Vincent parkekoaren oso bestelako irudia ikus daiteke Aireporturako bidean. Hor milaka ageri dira USAIDekin batera beste GKE handiek antolatutako T-shelterrak. Hitzak daraman “T” horrek transitional esan nahi omen du ingelesez, baina bizilekutzat eman zaizkie errefuxiatu zelaietatik alde egin nahi zuten herritarrei. Gela bakarreko txabola ahulok... zenbat iraungo dute? “Engainatu dezakete eguzkia, baina euria ez dute engainatuko”, diote haitiarrek.
Lurrikararen osteko 18 hilabetetan benetako 4.596 etxe eraiki dira herrialdean, 12.281 gehiago zeuden planifikatuta. Hilabete horietan 94.879 T-shelter ipini dituzte, 113.399 gehiago jartzeko planekin. Alferrikako gastua dela diote etxe eskubideen aldeko militanteek, estatuak hobe lukeela diru hori etxe sozialetan gastatu. Horretarako nazioarteko laguntza Haitiko administrazioaren hodietatik bideratu beharko litzateke, baina ez da hori agentziek hautatu sistema.
Haitiko administrazioaren ustelkeria eta funtsik eza argudiatuz, azken bi hamarkadotan bertako k administrazioaren gainetik antolatu da nazioarteko laguntza. Horrela, lurrikararen aurretik ere 10.000 GKE atzerritar ari ziren lanean Haitin: munduan ez da biztanleko GKE indize altuagoa daukanik.
Txiroari lagundu nahi zaio bere asmo edo nahiez galdetu ere egin gabe. Bai laguntza humanitarioa antolatzean eta bai politika ekonomiko neoliberala ezartzean, biak pakete berean inposatu baitzaizkie haitiarrei.
Wearnek dioenez, “plan neoliberal horren arrastoak denetan ageri dira, inportazioen zergen mozketetan, zerbitzu publikoen pribatizazioan, industria eta merkataritza araugabetzean, atzerrirako ari diren industria bakanetan dagoen gutxieneko jornalean..:”. 100 haitiarretatik 85 gutxieneko soldata baino gutxiagorekin bizi dira. Horregatik deitu ian diote American Plan delakoari Plan Lanmò, Heriotza Plana.
Azkenean, 33 urteren buruan, arroz, azukre, zerriki eta oilokiz bere burua asetzen zuen Haiti bihurtu zuten AEBetatik ekarritako elikagaien menpeko. 2011ean Bill Clintonek berak aitortu zuen AEBetako Kongresuan: “Oker egin genuen. Egunero bizi behar dut ondorioak ikusten, Haitik galdu duela bere jendea elikatzeko ahalmena. Nik egin nuenagatik, ez beste inork”.
Baina gauzek berdintsu diraute. Orain Clinton dago Haiti laguntzeko nazioarteko batzordearen buru... lehengo politika bera ezarriz.
Beharbada ez duzu jakingo nor den Donald Berwick, edo zergaitik aipatzen dudan artikuluaren izenburuan. Gauza bera gertatzen zaie, agerikoa da, abian den Osasun Itunean parte hartzen ari diren gehienei. Ez dakite zer den Berwicken Helburu Hirukoitza, are gutxiago eredu hau... [+]
Aurreko egunetan Larraitz Ugarte abokatuak idatzitako La motosierra puede ser tentadora artikuluak zeresan handia eman du sektore zabal batean. Administrazio publikoaren barruan ohikoak diren egoera batzuk mahai gainean jartzen ditu, tartean efizientzia falta, ardura eta kontrol... [+]
Garrantzitsua al da hizkuntza bat zuzen erabiltzea? Zer puntutaraino da hain beharrezkoa gramatika menderatzea edo hiztegi zabal bat edukitzea? Betidanik entzun izan ohi dut hizkuntzaren garrantzia, baina pentsatzen jarri ostean, ondorio batera iritsi naiz. Pentsatzeak askotan... [+]
Aspaldian bisitatzen ez nuen eta hainbertze gustatzen zitzaidan leku batera joan nintzen aurrekoan. Bertan nengoela, gustura sentitu nintzen eta zera pentsatu nuen: hau da nire leku kuttuna. Kuttuna, kuttuna, kuttuna; hitza jira eta biraka etxerako bidean. Kuriositateak jota... [+]
Nerabeek eta gazteek, ibilbide akademikoan zehar, behin baino gehiagotan jasoko dute lagungarria izango zaien ikasketetarako edo-eta lanbiderako orientabidea. Gidaritza eskaini behar zaie, zalantzez beterik egon ohi baitira erabaki garrantzitsuak hartu behar dituzten bakoitzean,... [+]
Atxik Berrituz giristino taldeak Kristauak Euskal Herriko bake prozesuan liburua argitaratu du Maiatz argitaletxearekin. Giristinoek euskal bake prozesuan zer nolako engaiamendua ukan duten irakur daiteke, lekukotasunen bidez.
Ertzaintzarekin bigarren negoziazio mahaia ireki du Bigen Zupiriak, martxoan ERNE, ESAN eta SIPErekin ertzainei urteko soldata gutxienez 4.200 euro igotzea adostu ostean. Agente kopurua areagotzeko plan horretan Arkautiko (Araba) akademiak "berebiziko... [+]
Maiatzaren 17an Erriberako lehenengo Euskararen Eguna eginen da Arguedasen, sortu berri den eta eskualdeko hamaika elkarte eta eragile biltzen dituen Erriberan Euskaraz sareak antolatuta
EH Bilduk aurkeztutako mozioa onartu dute osoko bilkuran. Udalak egitasmoa sustatzen duen enpresari, Cañaveras Solarri eskatu dio proiektuak ez ditzala hartu balio estrategiko handiko gisa kalifikatutako nekazaritza lurrak, eta gune populatuetatik gutxienez 500 metroko... [+]
Duela egun batzuk iragarri zuen Puntueu-ek La Ligaren blokeoak euskal domeinuei eragiten dien kaltea monitorizatuko zuela. Asteburu honetan izan dira partiduak, hain zuzen, eta monitorizazioaren datuak hor daude, penagarriak dira.