Pantaila itzali da Kresala zine-klubean

  • Azken ia 40 urteetan astelehenero pelikula bat ikusi eta horren ostean solasean aritzeko parada izan da Donostiako Kresala zine-klubean. 1972an sortutako klubak iazko abenduaren 26an ateak itxi zituen.

Fernando Mikelajauregi, Luis Bergua eta Juan Berasategi, Kresala zine-klubaren arima izan dira azken 40 urteetan.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

“Filmak amaitu ostean egiten ditugun solasaldiak dira astelehenetako gauza xarmagarriena. Garai batean solasaldi horietan izaten genuen egunerokotasunean bizitzen genuenaren inguruan hitz egiteko parada. Askotan denbora gehiago pasatzen genuen hizketaldi horietan pelikula edo dokumentala ikusten baino”, dio Kresala zine-klubaren sortzaile eta gaur egun arte ekintzen antolatzaile izan den Luis Berguak. Lehenengo urtearen ostean Juan Berasategi, Fernando Mikelajauregi eta beste zenbait pertsona elkartu ziren Berguarekin, eta guztien artean lortu dute urte hauetan guztietan zine-kluba bizirik mantentzea.

Kresala taldea 1967an sortu zen; astero, astelehenetan, Kresalaren egoitzan pelikula eta dokumentalak emateari ekin zioten. Emanaldi haietara jende asko joaten zen, zenbait film behin baino gehiagotan eskaini behar izan zuten. 80 eserleku egoten ziren eta horien alboan leku irekia zegoen zutik egon ahal izateko. Zenbaitetan Espainiako Estatuan debekatuta zeuden lanak proiektatzen ziren eta horrek jendearen interesa pizten zuen: “Estreinaldi asko izan dugu, esaterako, Donostian Potemkin korazatua gure lokalean estreinatu zen. Guztiz debekatuta zegoenez, nik ez nuen kartelik jarri ezta inongo iragarpenik egin ere, ingurukoei abisatu nien soilik, pelikula debekatuta zegoelako eta poliziak jakinez gero kartzelara bidaliko ninduelako zuzenean. Proiekzioaren eguna iritsi zenean, egoitzara heldu eta ehunka gazte zeuden bertan, ilara aterainokoa zen. Harrituta geratu nintzen, eta pelikula osoa oso urduri ikusi nuen arren, ez zen ezertxo ere gertatu, polizia ez zen bertaratu eta filma osorik ikusi ahal izan zen. Zorte handia izan genuen”.

Filmak eman ahal izateko zenbait arau bete behar izaten zuten eta zati batzuk proiektatzea debekatuta egoten zenez, horiek ez erakusteko betebeharra izaten zuten; askotan hamar segundoko eszenak ere ezabatu behar izaten zituzten proiektatu aurretik, bikote bat elkarri musu bat ematen agertzen zelako adibidez. “Turismo eta Informazio Sailari ziria sartzen saiatzen nintzen askotan. Proiektatu ahal ziren filmen zerrendari nik bota nahi nituenak gehitzen nizkion. Eskulan interesgarriak izaten ziren haiek, jatorrizko zerrenda hartu, handitu, antzeko letra mota aukeratu, nik jarri nahi nuen lanaren izenburua gehitu eta berriro hasieran zuen tamainan jarri ondoren, hura erakusten nuen. Beti sinesten zuten, ez zuten nik egiten nuena imajinatu ere egiten” dio Berguak.

Urte zailak

Lehenengo urteetan, Kresalaren egoitza txiki geratu zitzaienean, baina artean Kutxaren Arrasate kaleko egoitzan kokatu gabe zeudenean, Donostiako Karmelitetan egiten zituzten proiekzioak, eta astelehenero lurra mailakatu eta aulkiak jarri eta kentzen aritzen ziren. Lan gogorra egiten zuten, zirkoa zirudiela baina merezi zuela pentsatzen du Berguak. Frantzia, Kanada, Holanda, Alemania eta Belgikako enbaxaden bitartez lortzen zituzten filmak, horiek pelikulen banaketa errazten zutelako. Gainera, izugarrizko dokumentalak helarazten zizkietela dio Berguak. 1972. urtean Kresalaren egoitza utzi eta Kutxak Arrasate kalean zuen lokalean proiektatzeari ekin zioten, eta geroztik bertan erakutsi dituzte filmak astero.

Kresala sortu zenetik zenbait momentutan ikusle kopurua zela-eta une gogorrak pasa dituztela onartzen du Berguak: “Urte gogorrena etapaka doan zerbait dela uste dut. Kultura interesatzen ez den garaiak daude eta beste batzuetan aldiz, aurkakoa gertatzen da”. Zenbaitetan itxi beharko zutela pentsatzera heldu dira, kanpotik pertsona garrantzitsu bat hitzaldia emateko kontratatu ostean oso entzule gutxi bertaratzen ziren: “Bidaia eta hizlariaren konferentzia bera ordaintzea ere kosta egiten zen hainbatetan. Guztia antolatu eta lotzea zaila izaten zen, eta ondoren askotan ez ziren hiru pertsona ere entzutera agertzen, horrek inpotentzia handia sortzen zigun eta askotan egon gara uztekotan”. Azken urteak gogorrak izan dira zentzu horretan, filmetan, orokorrean, 130 ikusle inguru izatetik, zenbaitetan, 30 ikusle soilik izatera pasa baita kluba. “Horrez gain, azken urteetan lan komertzialek hartu duten garrantziaz jabetu gara. Gureak ez dira horrelakoak, guk beste mota bateko filmak eskaini ditugu eta jardunaldi guztien zentroa ondorengo solasaldiak izan dira. Ez dugu gure saioetatik jendea besterik gabe ateratzerik nahi izan, ikuslearengan eragiten duten pelikulak nahi izan ditugu, eta horiek eskaini ditugu”. Jende gutxi azaltzeaz gainera, lau euroko sarrera prezioa askotan jendeak ordaindu nahi izaten ez zuenez, zenbait gertakari izan dute urte hauetan.

Azken urteetan aldaketa nabarmenak

Gaztetxoentzako proiekzioak ere egiten zituzten lehenbiziko urteetan, Steven Spielbergen Jaws eta George Lucasen Star Wars bezalako filmak ikusteko aukera izan zuten Kresalara hurbildu ziren garai bateko haur eta gazteek. Lan horiek eskaintzerakoan ere arazoak sortu ziren ordea, eta ezkutuan proiektatu zituzten, ezizenekin iragarrita. Azken urteetan ikusle kopurua jaisteaz gainera, ikuslegoaren adina nabarmen igo dela dio Berguak. Gaur egun, ikuslegoaren batez besteko adina 45 urte ingurukoa da, gazte gutxi gerturatzen omen da, zenbaitek aitzakia modura prezioa jartzen dutela dio. Azken hamabost urteetan bizi izan dute, batez ere, estreinaldien booma. Donostian bestela ikusiko ez ziren lanak eskaini dituzte, proiekzio gehienak estreinaldiak izan dira.

Zine-kluba sortu zenetik ia 40 urte pasa ostean lehenengo ekitaldi hartan eskaini zuten film bera, Luis Buñuelen Ensayo de un Crimen lortu zuten, kostata, abenduaren 26an zine-klubaren ibilbideari amaiera eman zion ekitaldirako. Beraz, hasi bezala eman diote amaiera Kresala zine-klubari. Urte hauetan guztietan proiektatutako 1.200 film eta eskainitako ehunka estreinaldi eta solasaldien etapa amaitu zen 2011 urtearekin batera. Filmaren amaieran ez zen “The end” irakurri ordea, “To be continued” baizik. Beste talde batek hartuko du zine-kluba antolatzeko ardura aurrerantzean. Urtarrilean Gorka Merchanen La casa de mi padre filmarekin hasi da Kresalaren aro berria.


Azkenak
Olatz Salvador
Konfort gunea

Olatz Salvador
Noiz: martxoaren 15ean.
Non: Deustuko jaietan.

------------------------------------------------

Martxoak beti du deustuarrontzat kolore berezia; urtero ospatzen ditugu jaiak, San Jose egunaren bueltan. Bi asteburu bete festa, eta urtetik urtera Deustuko... [+]


Ezkabako ihesaldia gogoratzeko, La Fuga mendi-martxa

Kirola eta oroimena uztartuko dituzte, bigarrenez, mendi-martxa baten bitartez. Ez da lehiakorra izanen, helburua beste bat delako. La Fuga izeneko mendi martxak 1938ko sarraskia gogorarazi nahi du. Ezkabako gotorlekuan hasi eta Urepelen amaituko da. Maiatzaren 17an eginen dute.


Atzera bota dute Zaragoza eta Araba arteko goi tentsioko linearen proiektua

Martxoaren 19an amaitu zen proiektua aurkezteko epea, baina Errioxako PSOEk adierazi du Forestalia enpresak "interesa baztertu" duela. Enpresak bi parke eoliko eraiki nahi zituen Aragoiko lurretan, baina oraindik ez ditu lortu baimenak eta hori dute egitasmoa... [+]


2025-03-28 | ARGIA
200.000 euro lortzeko kanpaina abiatu du Integrazio Batzordeak

Seaska Sarean inklusio egoeran dauden 165 ikasleei laguntza bermatzeko hasi dute kanpaina, antolaketa propioa eratuta. Frantziako Hezkuntza Ministerioaren jarrera salatu dute kanpaina aurkezteko prentsaurrekoan, behar bereziak dituzten haurren inklusiorako baliabide... [+]


2025-03-28 | Irutxuloko Hitza
Metroaren lanetako gainkostua 33,3 milioi eurokoa dela adierazi du Eusko Jaurlaritzak

EH Bilduk galdera sorta bat erregistratu zuen Eusko Legebiltzarrean Donostiako Metroaren igarobideko lanen gainkostua argitzeko. Informazio hori atzo jakinarazi zuen Susana Garcia Chueca Mugikortasun sailburu sozialistak.


AEBn ekoizten ez diren autoei %25eko muga-zergak ezarriko dizkiela iragarri du Trumpek

Muga-zergak apirilaren 2tik aurrera ezarriko dira eta altzairuari eta aluminioari ezarritakoei batuko zaizkie. "Gurekin negozioa egiten duten eta gure aberastasuna eskuratzen duten herrialdeei ezarriko dizkiegu", AEBetako presidenteak adierazi duenez. 


2025-03-27 | Arabako Alea
Greba mugagabea hasi dute Gasteizko lorezainek

%90eko jarraipen "ia erabatekoa" izan du grebak, sindikatuen arabera. Gasteizko parkeak, lorategiak eta eraztun berdea mantentzen dituzte Enviser azpikontratako 90 langileek.


Borrokak balio du: Israel Premier Tech, ez aurten, ez inoiz

Aurten "Israel Premier Tech" txirrindularitza talde israeldarra ez da Lizarraldeko Miguel Indurain Sari Nagusia lasterketara etorriko. Berri ona da hori Palestinaren askapenaren alde gaudenontzat eta munstro sionistarekin harreman oro etetea nahi dugunontzat, izan... [+]


Biharamunen lantegia
Zer ikertu herritarrek erabakitzen dute

Ikerketa parte-hartzailea eta gogoetatsua bultzatzen du Biharamunen Lantegia kooperatibak, eta zientzia eta ikerketa herriarengana hurbiltzeko lan egiten du. Duela urte eta erditik egoitza Bidarten dauka, eta Institut Curie-rekin elkarlanean Iker Herria ikerketa zentroa sortzeko... [+]


2025-03-27 | ARGIA
Euskal sagardo ekologikoaren bereizgarria, kupeletan jartzeko gertu

Txotx denboraldian eredu ekologikoan ekoiztutako Euskal Sagardoaren eskaintza izango da hainbat sagardotegitan, eta hura bistaratzeko, Jatorri Deiturak eta ENEEK-Ekolurrak kupeletan paratzeko euskarria aurkeztu dute.


2025-03-27 | Kontxita Beitia
Atzo bezain ozen! NATO pikutara soldaduskarik ez

Intsumituek denbora luzez egindako borroka gogorra eta mingarria izan zen, baina irabazi zuten, eta garaipen hura behin betikoa izango zela uste genuen, atzera bueltarik gabea. Baina badirudi, politikari batzuen ahotik aterata, eskalada militaristari gorazarre egin eta berriz... [+]


Etxarri Gaztetxearen aldeko zenbait gaztek Bilboko udaletxeko osoko bilkura eten dute

Amenabar enpresak Bilboko Udalaren eskutik apirilaren 4rako agindu duten desalojoaren kontra azaldu dira bilkuran. Poliziak indarrez kanporatu ditu. Ostiral honetan18.30ean, Errekaldeko Plazatik hasiko den manifestaziora batzeko deia luzatu dute gazteek, baita desalojoaren... [+]


Bruselaren kitak ezkutatzen duena: simulakroak eskolan, “kooperazioa” militarrekin...

Europako Batzordeak aurkeztu duen plana ustezko gerra edo hondamendi baten aurrean “bizirauteko” kit batetik harago doa: hogeita hamar neurri proposatu ditu eskoletan, enpresetan eta herritarren artean militarismoa eta beldurra sustatuko dutenak.


2025-03-27 | ARGIA
proiektuak 10 urte!
Lurrari begiratzen diogunok badugu aldizkari berezi eta berria: Bizi Baratzea Orria

Gaur, martxoak 27, ARGIA komunikabidearen egoitzan aurkeztu dugu Bizi Baratzea Orria, urtaro bakoitzean zabalduko den aldizkari berria. Horrekin batera ospatu dugu ARGIAren Bizi Baratzea proiektuak 10 urte betetzen dituela aurten. Bizi Baratzeako kolaboratzaileak eta ARGIAko... [+]


Eguneraketa berriak daude