Gizakion garapen orekatua eta osoa lortzeko, ezinbestekoa da jarduera fisikoa. EAEko hezkuntza curriculumak berak hala aitortzen du… teorian, praktikan %40 murriztu baititu gorputz hezkuntzari eskainitako eskola orduak, beste hainbat ikasgairen mesedetan. Ikerketa batek agerian utzi du zenbateraino gutxitu den ariketa fisikoa ikastetxeetan, Euskal Herriko beste lurraldeekin eta Europako herrialde ugarirekin alderatuta.
Gorputza eta ahalmen fisikoak lantzeko, norberaren autonomia, ekimenerako gaitasuna, sozializazioa… bultzatzeko, funtsezko jarduera da gorputz hezkuntza. Urteen poderioz, ikastetxeetan garrantzia lortu duen arloa da, garapen integralerako nahitaezkoa. Nafarroa, Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Beherean, Europako joerari jarraiki, jarduera fisikoari leku duina eskaintzen zaio eskolan –ikusi beheko koadroa–, baina bestelakoa da egoera EAEn.
1996an, EAEko Gorputz hezkuntzako irakasleen lehen promozioarekin batera, erabaki zen arlo horri astean gutxienez bi ordu eta erdi ematea Lehen Hezkuntzako ordutegian (6-12 urte) eta bi ordu Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan (13-16 urte). Kopuru hori egon da indarrean, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 2007ko Hezkuntza Dekretua atera zuen arte. Kuriosoa da dekretuak nabarmendu egiten duela soin hezkuntzaren inportantzia –berdin aurtengo Jarduera Fisikoaren Euskal Planean–, osasuna eta jarduera fisikoa era sistematikoan lantzeko, aisialdia indartzeko edota kirol jardunean bestelako ekintza osagarriak txertatzeko deia eginez, baina praktikan %40 murrizten ditu arlo horri eskainitako gutxieneko orduak: ordu eta erdi ematen dio astean. “Gutxieneko ordutegitik abiatuta, astean balizko bost ordu inguru ditu ikastetxe bakoitzak autonomiaz jokatzeko eta nahi dituen eremuak indartzeko, baina dekretuan jada arlo baten ordu kopurua %40 gutxitzen baduzu, klaustroak nekez mantenduko du aurretik finkatuta zegoen bi ordu eta erdiko kopurua”, dio Luis Larrañagak, Sohat Soin Heziketaren Aldeko Taldeko kide eta Gorputz hezkuntzako irakasleak. Hala, Sohatek hiru urtetan egindako datu bilketaren arabera, ikastetxeen %25 inguruk lehengo ordutegi zaharrari eutsi dio (bi ordu eta erdi), beste %25 bi orduren baitan dabil, eta gainerako %50ak dekretuan zehazturikoa edo gutxiago eskaintzen dio Gorputz hezkuntzari.
Dekretuaren ordutegi banaketak Atzerriko hizkuntza (ingelesa) eta Informatika hobetsi ditu, eta Gorputz hezkuntzari eman dio astindu handiena, Musika eta Plastikarekin batera. Larrañagaren ustez, marketin operazioa da, zientziak eta ingelesa indartuz PISA azterketan eta gisa horretako ebaluazio diagnostikoetan emaitza hobeak lortzeko esperantzan. Irakasleak azpimarratu duenez, ordea, Nafarroan erabaki zuten gorputz hezkuntza ez kaltetzea –50 minutuko bi saio egiten dituzte astean–, eta PISAn eta ebaluazio diagnostikoetan antzeko emaitzak izan dituzte, zenbait arlotan baita EAEn baino hobeak ere. Espainiako Estatuan, batez beste bi ordu eta 13 minutu eskaintzen zaizkio astean ariketa fisikoari. “Badirudi hizkuntzek, matematikek eta halakoek baino ez dutela bultzatzen arlo kognitiboa, baina ez da hala, egun jakin badakigu ariketa fisikoak izugarrizko onurak dituela gaitasun kognitiboak garatzeko orduan, gehienbat 7 eta 9 urte bitarteko haurrengan. Gaitasun artistikoak eta emozionalak (enpatia, harremanak egiteko ahalmena…) ere garrantzitsuak dira. Bere osotasunean ikusi behar dugu pertsona eta atzetik betiko eztabaida dago: zer nolako ikasleak nahi ditugu? Ikasgai maria direlakoak era sinbolikoan baino ez badira lantzen, curriculumari berari eta gurasoei iruzurra egiten diegu, norabide bakarrean bultzatuko baitugu haurren garapena eta hutsuneak lehenago edo geroago azaleratuko dira”.
Azken finean, arazoa sakonean dagoela deritzo Larrañagak. Konpetentziak edo gaitasunak landu behar direla dioen diskurtsoa geroz eta hedatuago dago egungo curriculumean eta iraultza handia da metodologikoki, baina praktikan ez omen da ematen. “Lehen testuingururik eskaini gabe agintzen genizkien ariketak ikasleei, adierazi gabe zertarako eta zergatik izango zaizkien lagungarri bizitzan, eta oraindik ere eskema horrekin funtzionatzen da sarri. Programazio zaharretan ‘ahalmenak’ jarri behar zen lekuan ‘gaitasun’ hitza idatzi eta kito, Matematika klasean 40. orrialdea lantzen jarraituko dute ikasle denek une berean, bakoitzak ikasmaila eta erritmo ezberdina izan arren”.
Irakasleen prestakuntza da gakoa, bestela hutsaren pare geratzen da edozein aldaketa. “Ikusten ari gara: ikastetxeetan ez baduzu aurretik erreformaren mamia azaltzen eta beste era batera lan egiten erakusten, gaitasunen hezkuntza sistema hau ere marketin operazioa baino ez da izango azkenean, eta ez barrura begirako benetako aldaketa”.
Hain zuzen, metodologia berriaren filosofiara, jakintza aplikatura, pertsona bizitzarako prestatzera hobekien egokitzen den ikasgaia Gorputz hezkuntza da, baina egur gehien berari eman dio Jaurlaritzak, Sohatekoek kritikatu dutenez. Gorputz hezkuntzak dohain baliotsuak irakatsi ditzakeela diote irakasleek, ahalmen fisikoak eta motorrak garatzeko, bizitza fisiko eta intelektual osasungarria izateko, erabakiak hartzen laguntzeko, norberaren mugak eta aukerak ezagutu eta konfiantza eskuratzeko, gorputz-espresiorako, emozioak adierazi eta kontrolatzeko, pertsonen arteko harremanak hobetzeko, motibatzeko, ikasleen arteko hezkidetzarako, gaitasun komunikatiboak, sozialak eta afektiboak lantzeko, integraziorako… eta bizi kalitate hobea bermatzeko.
Aztertu beharko litzateke egungo ohitura sedentarioek zenbateraino hartu dioten lekua jolasei eta kirolari haurren ordu libreetan. Hala ere, mihi gaiztoek esan dezakete ariketa fisiko nahikoa egiten dutela haurrek aisialdian, eta ez dela beharrezkoa eskolan denbora gehiago eskaintzea. Argudio horrek bere baitan ziria duela dio Luis Larrañagak, hain juxtu curriculumak gehien sustatu duen eremua ingelesa delako, baina akademia pribatuetara haur pila bat joaten da ingelesa ikastera eta eskolaz kanpoko ekintza gisa ere ematen dute ikastetxe askotan. “Kanpoan egiten dutena egiten dutela ere, derrigorrezko hezkuntzari buruz ari gara, ikasle guztiek izan beharko luketen gutxieneko ezagutzaz, ordutegi horren barruan nahi dugun garapen motaz”.
Bestalde, derrigorrezko orduetatik at eskaintzen den eskola kirola ez dago gorputz hezkuntzarekin alderatzerik. Lehenengoak ikuspuntu lehiakorra izan ohi du, talentuak bilatzeko eta bultzatzeko asmoa, neskak eta mutilak banantzen ditu adin batetik aurrera, federazioak daude atzean… eta bestelako helburuak ditu gorputz hezkuntzak, jarduera fisiko anitzagoan –ez soilik kirolean– oinarritua. Jolas-orduarekin konparatzea ere ez dute atsegin Sohateko kideek: ikasgai eta ikasgai artean tentsioak askatzeko da jolas-ordua, eta gorputz hezkuntza ez da ikasgai sakonetan egindako ahaleginen ostean arnas hartzeko ordua, bere baitan balio hezitzaile propioak dituen arloa baizik.
Azken hiru urte hauetan egindako jarraipen kuantitatiboaren arabera, arestian aipatu moduan Sohat Taldeak baieztatu du ikastetxeen %50ak ordu eta erdira jaitsi duela Gorputz hezkuntzari astean eskainitako denbora. Areago, egiaztatu dutenez, hainbatek ez du gutxienekoa ere betetzen, esaterako ordubeteko saioa baino ez dute egiten astean, eta behin baino gehiagotan salatu duten arren, administrazioak ezikusiarena egiten du. Gorputz hezkuntzako irakasle batek kontatu digunez, lan egiten duen eskolan ordubeteko saioa ematen du astean eta ikastetxean bertan instalazio egokiak ez dituztenez, 20 minutu behar dituzte kiroldegira joan eta handik itzultzeko. Halakoak gerta ez daitezen, gutxieneko ordutegia astean bi ordukoa izan dadila eskatu die Sohatek politikariei –eta dirudienez, alde dituzte legebiltzarreko alderdi gehientsuenak–. Bi ordurekin, bi saio egin ahalko lirateke eta atarramendu hobea aterako liokete ikasgaiari. Gainerako euskal lurraldeetan eta Europako herrialdeetan gertatzen den gisan, jarduera fisikoaren garrantzi teorikoa praktikan ere islatzea nahi dute, azken finean.
Erik Etxartek, Sophie Layusek eta Antton Etxeberrik osatutako lehendakaritzak ordezkatuko du Peio Jorajuria, 2019tik Seaskako lehendakari dena.
Scientia funts pribatuak Bilboko San Pedro Apostol eskola erosi, eta langileen eskubideak eta hezkuntzaren kalitatea hondatu dituela salatu dute. Bederatzi hilabete daramate langile batzuk soldatarik gabe, eta Eusko Jaurlaritzaren esku-hartze eza kritikatu dute.
Sortzen eta Ratioak Jaitsi 0-18 elkarteek Legegintzako Herri Ekimen bitartez egin dute eskakizuna eta alderdi guztiek agerraldia onartu dute. Europar Batasunak Foru Gobernuari ratioak murrizteko egindako gomendioan du oinarria nafar gurasoen aldarrikapenak.
Gabonen erroa kristaua dela jakinda ere, erreferentzia katolikorik ez duten kantuak abestea erabakia du (edo eztabaida horretan dihardu) gero eta ikastetxe gehiagok, eskolaren printzipioetako bat laikotasuna dela oinarri hartuta.
Bilboko ikastolako ikasle eta ikasle ohien talde batek zentroko irakasle baten partetik jasandako sexu abusuak zerrendatu ditu, eta komunikatu baten bidez salatu du ikastetxeak gizona babestu duela. Gertakariak azalera atera direnean ikastolak “beren burua zuritu besterik... [+]
Zerk motibatuta bultzatzen da bi ikastetxeren arteko fusioa? Nola uztartu norbere eskola-proiektua, eredua eta ibilbidea ondokoarekin? Zein da bidea bi eskoletako hezkuntza komunitateak ados jartzeko? Zein da Eusko Jaurlaritzaren rola?
Urretxindorra Ikastolako (Bilbo) eta Azkue Ikastolako (Lekeitio) bi irakasleren aurkako salaketak egin dituzte zenbait emakumek sare sozialen bidez. Horren aurrean, Urretxindorra ikastolako irakasleak astelehen honetatik aurrera klaserik ez ematea erabaki du Ikastolen Elkarteak... [+]
Arratsaldeko lehen orduetan, 14:30ak aldera, Nafarroako ikastetxe publikoetako 30en bat langile sartu dira Iruñeko Nafarroako Hezkuntza Departamentuaren egoitzan eta sarreran eserialdia egin dute. Lehen ekintza gisa planteatu dute eta, adierazi dutenez, honen bidez... [+]
II. kongresuan aurkeztu duen berritasun esanguratsuenetako bat da. Orain arte Bigarren Hezkuntzara zuen bideratua bere jardun politikoa eta hemendik aurrera unibertsitateetan eta Lanbide Heziketan ere arituko dira. Euskal Hezkuntza Sistema Publiko Komunitarioa aldarrikatu du... [+]
1994an EHUko Arte Ederretako ikasleek protestak abiatu zituzten. Bost irakasle euskaldun lortzeko hiru hilabeteko greba egin zuten, eta bitarte horretan Leioako fakultatea okupatu. Euskal jendartearen babes handia izan zuten, baina Poliziaren errepresioa ere jasan zuten; Bilboko... [+]
Andoaingo institutuan izan da Pape Niang, bere migrazio-esperientzia kontatzen. 16-18 urteko gazteek, aurrez Pape Niang, hasiera berri bat liburua irakurria zuten ikasleek, jakin-minez, gogoetez eta galderez bete dute aretoa. Bejondeiela, pertsona kritikoak heztea baita... [+]
Ongi ezagutzen ditu eskola partikularretara doazen ikasleak Aitziber Ibarbiak. 25 urte inguru daramatza matematika, fisika eta kimikako partikularrak ematen, batez ere Batxilerrekoei. Irakasle on eta txarrez, ikasgelan sortzen diren erritmo ezberdinez, azterketak zuzentzeko... [+]