Miarritzeko Jai Alai frontoian zuzeneko emankizunerako probak egiten harrapatu ditugu Kanaldude telebistako langileak, kamera eta kable artean. Egun garrantzitsua dute, lehenengo aldiz zuzenean emateko saiakera dela kontatu baitigu Ximun Carrere Kanaldudeko arduradunak.
Euskara hutsean, herritik eta herriarentzat egindako telebista da Kanaldude, Internet bidez eskaintzen dena. Astean 7.000 bisitari inguru ditu kanaldude.tv webguneak. Lan molde eraginkorra du hedabideak, eskuz esku lan egiteko prest dauden kolaboratzaile ugarik hartzen baitute parte albisteen egituraketan. Miel Zeleztino joan den udaberrian hurreratu zen Kanaldude proiektura eta telebista-kableekin aurrera eta atzera dabil gaur, frontoian. Kultur elkarte batekin konparatu du hedabidea: “Kultur dinamika gertutik ezagutzeko parada ezin hobea eskaintzen dit”.
Zortzi langilez eta gertuko hamabost kolaboratzailez osaturiko sareak hartzen du bere gain Kanaldude webgunea eguneratzeko ardura, Iparraldean gertatzen dena bertatik bertara kontatzeko. Lasako Markotx kamiseta egileari buruzko erreportajea, Lekorneko etxaldeek duten etorkizunari buruzko kezka azaltzen duen elkarrizketa sorta, Donazaharreko adinekoen egoitzara egindako bisita gidatua, Bidarraiko mendiko etxaldeetan gazte gutxi dagoela adieraziz eta mendia kudeatzeko gakoak emanez bildutako iritziak… ikus daitezke webgunean, Tokika izeneko sailean, guztiak ere herritarrek pentsatuak, diseinatuak eta, sarri askotan, grabatuak. Kanalduderen eta landutako bideoen izaeran bi ezaugarri nabarmendu dituzte arduradunek: tokikoa eta parte-hartzailea izatea.
Herritarren esku
Egin beharreko bideoak hiru hilabete lehenagotik hasten dira lantzen, egokitzen den herrian. Bertan, parte hartu nahi duen jendearekin bilkura antolatzea da lehenengo urratsa eta hortik aurrerakoa herritar bakoitzak parte hartzeko duen gogo eta asmoaren esku geratzen da. Baten batzuek gaiak proposatuko dituzte, beste askok grabaketa nola egin ikasteko emankizunetara gerturatuko dira eta hainbatek bere etxeko ateak zabalduko dizkio Kanalduderi, norberaren bizipenak partekatzeko.
Adibidea jartzearren, Ximun Carrerek hunkituta hitz egin digu Larrainen bizitakoaz: “Oso esperientzia positiboa izan genuen, Tokika saioa grabatzera gerturatu ginenean; Monzonen pastoralaren grabaketa eta hainbat erreportajeren gidaritza herritarrek beraiek hartu zuten euren gain. Gure kolaboratzaileen sare finkoa hamabost lagunekoa bada ere, gisa honetako lanketek aukera ematen dio nahi duen orori ekimenaren parte sentitzeko eta proiektua hurbiletik ezagutzeko”.
Xantxo Ernaga ere kolaboratzaile hasi zen Kanalduden, eta kirol emankizunen buru da egun. Frontoiko kamerak prest daudela ziurtatu bitartean solastatu da gurekin eta hizketaldi laburrean azpimarratu nahi izan du ikus-entzuleek egindako telebista dela beraiena: “Jendeak gaiak proposatuz deitzen digunean, guk ezetz erantzun ohi diogu, guk ez dugula egingo, beraiek egingo dutela esaten diegu, baina horretarako behar duten laguntza eta material guztia eskainiko diegula”. Ikus-entzulea kontsumitzaile soil izateari utzi eta egile eta sortzaile bihurtzea da telebistaren asmoa.
Hori guztia, euskaraz, nahiz eta, Carrerek gaineratu duenez, euskal hiztunak ez direnak ere erakarri nahiko lituzke Kanaldudek, frantsesak euskarara gerturatzeko bidea izan baitaiteke hau. Azken finean, Iparraldeko tradizioaren, kirolaren, kulturaren, egunerokoaren, ekonomiaren, jendartearen… errealitatearen berri izan nahi duenarentzat, telebista eta webgune aproposa da Kanaldude.
1997. urtean hasi zuen bere bidea Kanaldude telebistak. Urte horretan ondorioztatu zuten irratiaz eta paperezko prentsaz gain ikus-entzunezko komunikazio tresna bat garatzea komeni zela eta Elebista sortu zen, hilero kaleratzen zuten bideo-kazeta. Harrezkero, telebista igorgailuak erabilita Ipar Euskal Herriko txoko ahalik eta gehienetara iristeko saiakera egin zuten. 2006. urterako, telebista Nafarroa Beherea guztian zehar hedatzea lortu zuten. Hurrengo urtean, Interneterako jauzia eman eta ordutik sarean ikus daitezke emankizunak. Gainera, astean ordubetez TVP telebista-katean ere eskaintzen dituzte hainbat eduki eta hori pauso garrantzitsua dela uste du Ximun Carrerek, “izan ere, batez ere adineko jendea ez dago ohituta ordenagailuak erabiltzera, are gutxiago Interneten nabigatzera, eta horiengana heltzeko aukera eskaintzen digu TVP bidezko emisioak. Momentu honetan zuzeneko emisioak lortzeko probak ere egiten ari gara”.
Proiektua aurrera atera ahal izateko eta dirua lortzeko, ate publiko nahiz pribatuak jo dituzte behin baino gehiagotan. Diru-laguntzak handik eta hemendik jaso arren, urte bukaerako kontuak ez dira baikorregiak. “Urtero 25.000 euro inguru faltan izaten ditugu, baina lanean dihardugu aterabide berriak aurkitzeko”, dio Carrerek. Jendearen parte-hartzea duten bitartean, gogorik ez zaie falta etorkizunari aurre egiteko.
Beharbada ez duzu jakingo nor den Donald Berwick, edo zergaitik aipatzen dudan artikuluaren izenburuan. Gauza bera gertatzen zaie, agerikoa da, abian den Osasun Itunean parte hartzen ari diren gehienei. Ez dakite zer den Berwicken Helburu Hirukoitza, are gutxiago eredu hau... [+]
Aurreko egunetan Larraitz Ugarte abokatuak idatzitako La motosierra puede ser tentadora artikuluak zeresan handia eman du sektore zabal batean. Administrazio publikoaren barruan ohikoak diren egoera batzuk mahai gainean jartzen ditu, tartean efizientzia falta, ardura eta kontrol... [+]
Garrantzitsua al da hizkuntza bat zuzen erabiltzea? Zer puntutaraino da hain beharrezkoa gramatika menderatzea edo hiztegi zabal bat edukitzea? Betidanik entzun izan ohi dut hizkuntzaren garrantzia, baina pentsatzen jarri ostean, ondorio batera iritsi naiz. Pentsatzeak askotan... [+]
Aspaldian bisitatzen ez nuen eta hainbertze gustatzen zitzaidan leku batera joan nintzen aurrekoan. Bertan nengoela, gustura sentitu nintzen eta zera pentsatu nuen: hau da nire leku kuttuna. Kuttuna, kuttuna, kuttuna; hitza jira eta biraka etxerako bidean. Kuriositateak jota... [+]
Nerabeek eta gazteek, ibilbide akademikoan zehar, behin baino gehiagotan jasoko dute lagungarria izango zaien ikasketetarako edo-eta lanbiderako orientabidea. Gidaritza eskaini behar zaie, zalantzez beterik egon ohi baitira erabaki garrantzitsuak hartu behar dituzten bakoitzean,... [+]
Atxik Berrituz giristino taldeak Kristauak Euskal Herriko bake prozesuan liburua argitaratu du Maiatz argitaletxearekin. Giristinoek euskal bake prozesuan zer nolako engaiamendua ukan duten irakur daiteke, lekukotasunen bidez.
Ertzaintzarekin bigarren negoziazio mahaia ireki du Bigen Zupiriak, martxoan ERNE, ESAN eta SIPErekin ertzainei urteko soldata gutxienez 4.200 euro igotzea adostu ostean. Agente kopurua areagotzeko plan horretan Arkautiko (Araba) akademiak "berebiziko... [+]
Maiatzaren 17an Erriberako lehenengo Euskararen Eguna eginen da Arguedasen, sortu berri den eta eskualdeko hamaika elkarte eta eragile biltzen dituen Erriberan Euskaraz sareak antolatuta
EH Bilduk aurkeztutako mozioa onartu dute osoko bilkuran. Udalak egitasmoa sustatzen duen enpresari, Cañaveras Solarri eskatu dio proiektuak ez ditzala hartu balio estrategiko handiko gisa kalifikatutako nekazaritza lurrak, eta gune populatuetatik gutxienez 500 metroko... [+]
Duela egun batzuk iragarri zuen Puntueu-ek La Ligaren blokeoak euskal domeinuei eragiten dien kaltea monitorizatuko zuela. Asteburu honetan izan dira partiduak, hain zuzen, eta monitorizazioaren datuak hor daude, penagarriak dira.