“Sorlekua utzirik gazte nintzalarik, Pariserat joan nintzen korajez beterik...”.
14 urterekin eskola utzi eta zerbitzari lanetan zenbiltzan.
1970eko hamarkadaren hastapenak ziren, ez zen lanik falta, eta eskolan distirarik ez zutenak lanean hastea zen ohikoena. Zerbitzari aritu nintzen lehenik, autoak saltzen gero, eta nire inguruko kazetari gehienek bestelako iragana badute ere, bideak ez dit helmugaren gozoa zapuztu. Hamar urtez lan munduan ibili ondoren, pilota bigarren punpan atzematea ez dela beti txarra pentsatu, eta berriz ekin nion eskolari. Ez zen bokaziozko motibazioa, arrakalatu ninduen gaizki-izate bat baizik. Bizitzan egun osoan tragoak ateratzea baino zeregin hobeak zeudela iruditzen zitzaidan, eta irudipen horrek bat egin zuen Mitterranden botere hartzearekin. Aldaketaren eskuragarritasunaren sinboloa zen, eta bizitza oro alda bazitekeen, nirea ere bai. Orduan ez nintzen bereziki politizatua, ez nuen Mitterranden alde bozkatu ere egin, baina gau hura inarrosaldi intimo bat izan zen, bizitza aldatu zidan shock bat, oraindik hitzez adierazi ezin dudan zinezko kontzientzia hartze bat.
Horrek bultzatu zintuen, ikasketei berrekinik, alderdi sozialistako afiliatu eta militante bihurtzera?
Orduan ezkerzale sentitzen nintzen, politika neure egiteko grina nuen, politikaz mintzatzekoa, politikaz pentsatzekoa, politika bizitzekoa. Lau urteko militantziak, alta, ekintza politikoak ez ninduela erakartzen irakatsi zidan, ez nuela hautetsi izateko tirririk, eta benetan axola zitzaidana politika esplikatzeko ahalegin intelektuala zela. Zuzenbide ikasketek kazetaritza politikoaren sua piztu zidaten, eta Bordeleko kazetaritza eskolan onartu ninduten egunean utzi nion afiliatu eta militante izateari. Ordutik ez dut behar hori sentitu. Egun, arduradun politikoekiko kazetaritza distantea lantzen dut. Ezkerreko zein eskuineko, ez dut inoren borroka politikorik aitzina eramaten. Horrek ez du esan nahi nire iragan militanteaz damutzen naizenik. Ez naiz ezeren lotsa. Alderantziz, eraikuntza eta formazio pertsonalaren parte da, politika eta bizitzaren eskola aberatsa, eta nagoen tokira iristeko, ez dut sekula nire iraganik mozorrotu.
Zertara dator objektibotasuna eta neutraltasuna nahasteko joera orokorra?
Objektibotasuna ez da existitzen. Inor ez da objektiboa. Kazetaritza subjektibotasunaren maisutasuna da, bakoitzak nondik herren egiten duen onartzea, eta subjektibotasun horri hitza baimentzea. Hori hala, gozoak ala gaziak izan, gertaerek agintzen dute beti, eta horiek ahal bezain zehatz eta zorrotz kontatzen jakin behar da. Ez da ahantzi behar kazetaritza, lanbideaz gain, ofizioa ere badela. Horregatik diot subjektibotasunaren maisutasunak distantziara daramala. Niri ez dit zirrara berezirik eragingo hurrengo hauteskunde presidentzialetako emaitzak. Hiritarrek aukeratuko dute, boto-kutxetako emaitzek, nik ez dut deus deliberatuko. Nik zuri bozkatzen dut kazetaria naizelako eta hiritarren lana delako erabakitzea, ez nirea. Horrek ez du esan nahi iritzirik ez dudanik, distantzia hartzea lehenesten dudala baizik. Alabaina, kazetari oro ez da sinesmen horretakoa. Batzuk argi eta garbi busti eta engaiatzen dira, inor engainatu gabe, eta euren aldarrikapenak euren kazetaritza lana baldintzatu arren, zilegi zait. Enbusteroak besteak dira, itxura eta forma guztiak gordez, kausa jakinen alde sator-lanean ari direnak.
Zenbateraino da egia medioek populazioa nahierara darabiltelako ustea?
Iritzi publikoa oso eraikuntza konplexua den heinean, erabateko gezurra da. Medioak oso alderdikoiak badira, konbentzitu parrokia bat baizik ez daukate, eta ezin dute populazioaren izaera aldatu. Iritzi publikoa benetan zizelkatzen dutenak gertaerak eta ele politikoaren jabeak dira. Adibidez, urteak dira egunkarietan estatuen zorrari buruz mintzo garela, aspalditik dago egoeraren diagnosia borobilduta, baina gertaeraren larritasunak baizik ez du denen kezka bihurtu. Prentsak horri buruz idaztea ez da aski izan arduradun politikoak aktibatzeko, eltzearen gainezkatzeak soilik inposatu die gaia. Beste exenplu bat: beti esaten da medioen gehiengoa Fronte Nazionalaren aurkakoa dela, baina ez dugu ekidin ildo politiko horren sustraitzea eta, 2002ko hauteskunde presidentzialetan, Le Pen bigarren itzulira igarotzea. Horregatik diot medioen indarra oso erlatiboa dela. Izan ere, zabaltzen dutena denen begietara egia izatean datza medioen boterea. Alderdikoiak izanik euren boterea pitzatzen dute, eta alderdikoiak ez badira, oso pisu gutxi daukate iritzi publikoan.
Orduan, zergatik iruditzen zaigu botere politiko eta ekonomikoek medioen kontrola eskuratu nahi izaten dutela?
Kontrol hori benetan eskuratzen dute? Zein da esfera politiko eta ekonomikoari kalte egingo liokeelako medioek ezkutatuko luketen informazioa? Goiz ala berant, dena jakiten da, eta medioen kontrola oso nekeza da gure demokrazietan. Medio anitz dauden momentutik, botereak ezin ditu denak kontrolatu, eta bakarren bat menean balu ere, beti egongo da medio bat besteak isildu duena kontatzeko prest. Hori hala, isildu denak arrastoan sartu beharko du bere sinesgarritasunari eusteko. Erabateko kontrola ezinezkoa da. Egon daitezke limurtze jokoak, batzuetan hain nabarmenak izaki errealitate nahasi eta ustel baten sentsazioa eman dezaketenak, baina funtsean ez da halakorik. Esaterako, asko hitz egin da orain urte batzuk Sarkozyren transgresioek eskaini zizkioten azal eta titular arranditsuei buruz, baina lehendakari izendatu dutenetik, prentsa oso gogorra izan da berarekin. Zergatik hainbesteko aldaketa bi-hiru urtean? Transgresioen aroa ez zelako zintzoa izan, esku-sartze nabarmena egon zelako. Dirudiena baino sinpleagoa da dena, eta arrain gorrien memoria badugu ere, denborak edozeini jartzen dizkio oinak lurrean.
Zuk esana: “Politikan, sniper-ak daude, traizioak, konplotak, orotariko arriskuak. Irrazionala atzematen da, bakardadea, drama. Politikak tragediarako ematen du”.
Raymond Aron kazetari eta politologo frantsesak, Giscard d’Estaing lehendakari gazte aukeratu berriari buruz zioen: “Ez daki politika tragikoa dela”. Politika arazo arantzatsuen kudeaketa da, zailtasun eta traba metaketa izugarri bat, testuinguru beltzetan egin beharreko hautu korapilatsuak... Oso egun zoriontsu gutxi dago politikan. Historia bera ere tragedia politikoz osatzen da, oso garai bare eta patxadatsu gutxi dago, ez dago maletak lurrean pausatu eta “gaur jai!” pentsatu dezakezun unerik. Zorigaitzeko jarduna da. Ez zuen alperrik esan, 1936an, Fronte Popularreko diputatu batek, “azkenean, zailtasunak hastera doaz!”. Nonbait, bizitzaren metafora da politika, baina bizitzan egon zaitezke piszina ertz batean maite duzun jendearekin zorion uneak partekatzen. Politikan halako gutxi dago, herri batean boterea lortzeko modu bakarra zure komunitatean boterea lortzea baita, eta mundua konpontzen hasterako, lagunei egin behar diezu aurre. Boterearen etengabeko konkista da politika.
Boterearen etengabeko konkista horretan zer harreman dute politikari eta kazetariek?
Egon daiteke prentsa-buruen jardun intrusibo bat, ez baita txikia politikari bakoitzaren inguruan ehuntzen den komunikazio sarea. Hala ere, zure esku dago zure lan-esparrua nola eta zenbateraino defendatu. Ez gaitezen engaina, kalitatezko kazetaritza egin nahi baduzu, ate asko itxi behar dituzu, zure askatasuna zaindu, baina horrek ez du esan nahi komunikazio aparatuekin zubiak eraitsi behar dituzunik. Ni pausatu behar diren galdera guztiak pausatu ahal izateko egoera bermatzen saiatzen naiz. Batzuetan, prentsa-buruei garbi esan behar zaie artifiziala dela galdera bat ez pausatzea, isiltasunak are oihartzun handiagoa ematen diola mututako itaun horri. Horregatik,ez dago tranparako tarte handirik. Gainera, zure lanean poza eta laguntasuna txertatzen badituzu, berehala egiten dizu sinesgarritasunak ihes, eta ezin duzu zure kapital behinena hain merke saldu. Alferrik da mikrofono aurrera norbait ekartzea hasi aurretik eskatutako dena eman badiozu. Lainoen koloreari buruz aritzeak ez du piperrik balio kazetariarentzat, baina ezta arduradun politikoarentzat ere. Fantasia asko dago kazetari eta politikarien arteko harremanen inguruan, baina bakoitzak egin behar du berea, ez dago besterik. Obligaziozko bizikidetza da gurea, baina independentziatik eraikia, ez menpekotasunetik.
Egungo kazetaritzak gaurkotasunarekin duen menpekotasunak ez al darama notizia ez dena ere lerro-buru bihurtzera?
Aktualitatea beti aldatu da azkar. Ez pentsa teknologien erruz gaudenik informazioz gainezka, azkartasunaren gurpilean zer-suma eta zer-gerta. Sentipen hori informazioen larritasunaren antsia baizik ez da. Albiste zenbaitek gure bizitzetan izugarrizko eragina dute. Basakeria ekologikoek, esaterako, gure bizimodu guztia jartzen dute kolokan, azken 150 urteetako industrializazio itsuari sekulako danbatekoa ematen diete. Hori jasanezina zaigu. Fukushimak sortzen digun ikarari gehitzen badiozu masako langabezia, Grezia aspirina bat bezala desegiten ari dela... Trenputxartze orokor bat sortzen da. Saturatuta gaude, baina ez gaitu informazio kopuruak saturatzen, albiste batzuen jasanezintasun graduak baizik. Gai horri dagokionez, 1930eko hamarkadako indarkeria giroa bizi izan zutenek gure antzeko sentipenak biziko zituzten, nahiz eta informazioa hedatzeko bideak bestelakoak izan. Guk bezala, ihes egiteko gogoa izango zuten, egunkaririk ez zabaltzekoa, irratirik ez piztekoa, dena haizea hartzera bidaltzekoa. Krisi egoerak beti dira latzak, higadura mentala dakarte, baina zoritxarrez, “popatik kazetariak!” oihu eginez ez duzu deus aldatzen.
Udaberri arabiarrak edo suminduen mugimenduak ez dute ezer aldatu?
Ekintza politiko desberdinen bilaketa etengabea da, ez da gure garaiaren ikur, eta nahi ala ez, bilaketa hori boterearen delegazioarekin amaitzen da beti, ez dugulako oraindik sistema hoberik kausitu. Suminduen mugimendua arras interesgarria da, sustrai ulerterraza du, baina ez antolatzeko borondate horren baitan gehien antolatu den herrialdeko hauteskundeetan PP-k inoiz lortu duen gehiengo osoena erdietsi du Espainian. Hala, suminduen mugimenduak demokraziaren oinarriaren funtsa aldatu du? Bistan da ezetz. Udaberri arabiarrarena desberdina da guztiz, baina zer gertatu da? Askatasun indibidualak aldarrikatzen dituzten gizarteak gailendu dira, baina aldarrikapen horiekiko dudako koherentzia dutenei eman diete boterea. Beraz, hor ere funtsezko aldaketa gutxi. Demokrazien historian aski ohikoa da ordezkaritza politikoa eskasa kontsideratu eta momentuko orijinaltasunak ezaugarritutako mugimenduak sortzea, baina demokrazia zuzenaren fantasia ezin plantan ezarriz gabiltzanez, beti norbaiten esku uzten dugu boterea, ez baitugu arazoak konpontzeko beste modurik atzematen.
Mendebaldeak ere ez du bere krisia konpontzeko modurik atzematen.
Mendebaldeak bizimodu bat asmatu du, gaixotasunaren aurkako eta zahar-sarien elkartasun funtsetan oinarritutako antolaketa soziala, bizi-baldintzen hobetzeko perspektiba etengabe bat, eta 1970eko hamarkadako petrolio krisietatik hona, herrialde guztiek zeuzkaten eta ez zeuzkaten aberastasunak ustiatu dituzte bizi estandarte horri eusteko. Heldu behar zena heldu da, alta, eta finantziazio bidea agortu denean, kale-itsu batean sartu eta itzulia nola hartu asmatu ezinik gabiltza. Bestela esanda, Mendebaldeak jende jakintsu anitz formatu du aurrerapen soziala zehazteko, baina gaur da eguna gure jakintzak ekoitzi dezakeena finantzatzeko aski aberastasun ez duguna. Hori nola konpontzen den? Auskalo.
Ederra panorama hurrengo maiatzeko Frantziako hauteskunde presidentzialetarako.
Kanpaina zatarra izango da, zaila, latza, gogorra. Harrituko nintzateke promes handien kanpaina izatea. Kudeatu beharreko krisi gehiegi dago: finantzarioak, ekologikoak, diplomatikoak... Tempo historikoetan, garai baketsu eta gatazkatsuak daude, baina oraingoa, lurrikararen epizentroa da. Hori gutxi ez eta politikari eta herritarren arteko elkarrizketa ez da sanoa. Zergatik ez zaio boterea ematen promesik egiten ez duenari, bete gabeko promesek etsipena eragiten badute? Errealismo politikoa izan daitekeenaren gaineko ikuspegi falta itzela daukagu. Hortaz jakitun, politikariek boterearen inguruko pedagogia egiten dute, ez zailtasunei buruzkoa.
1958ko irailaren 8an sortu zen Mitikilen (Zuberoa). Zuzenbide publikoan eta kazetaritzan lizentziatua, prentsa idatzian egin zituen lehen urratsak, irratira salto egin aurretik. Egun, RTL, Frantziako irrati entzunenaren politika-burua eta erredakzioko zuzendariordea da, goizeroko elkarrizketa politikoaren egilea izateaz gain. Horretaz gain, arratsaldero Canal+ kateko Le Grand Journalen kronika politikoak egiten ditu. Liberté, égalité, réalité liburua idatzi zuen 2006an, eta urteko elkarrizketagile politiko onena izendatzen duen Philippe Caloni saria jaso berri du.
Bizkarsoro filma (Josu Martinez, 2023) Donostiako zinema aretoetan proiektatuko dute ostiral honetatik aurrera (hilak 22); SADEko Iñaki Elorzak azaldu duenez, bi aste inguruz proiektatuko dute printzipioz, eta, arrakasta baldin badu, denbora gehiagoz. Hala azaldu dute... [+]
Nafarroako Salhaketak jakinarazi duenez, laguntza hori ezinbestekoa zen preso egondako pertsonek "gutxieneko oinarri ekonomiko bat" eduki zezaten, "askatasunean bizitzen hastera igarotzean". 480 eurokoa baino ez zen subsidioa.
Duin bizi ahal izateko prestazio ekonomikoa jasotzen dutenak lupapean ditu, berriro ere, Eusko Jaurlaritzak: postontzia jarri du martxan, herritarrek modu anonimoan “jardun irregularren edozein susmo” jakinarazi dezaten, eta Lanbideko Kontrol Unitatea indartu du,... [+]
Palestina, mediatikoki aurkeztua ez den bezala, aipatu zen joan den larunbatean Makean, mintzaldi, tailer, merkatu eta kontzertuen bidez.
Asteburu honetan Euskalduna Jauregian Euskadiko Etxebizitza eta Dekorazio Higiezinen-aretoa egon da. Sustatzaile eta higiezinen agentziek eraikuntza berriko promozioak eta bigarren eskuko etxebizitzak eskaini dituzte partikular eta profesionalen erosketa eta inbertsiorako... [+]
Egin berri dira Euskal Herriko Emakume* Abertzaleen Topaketa Feministak, azaroaren 16an, Laudion. Trantsizio feminista dimentsio guztietan lelopean 500 feminista elkartu ziren. Egun osoz amets egin zuten, utopiak lortzeko bidea marrazteko eta mugimenduko kideak ilusioz betetzeko.
"Hizkuntzen irabazia" kongresua izango da azaroaren 26an eta 27an Donostian. Arlo digitalean inglesaren erabilera aregotzen ari den garaietan, kongresuak euskara bezalako hizkuntza gutxituek tokiko ekonomiari egiten dioten ekarpena agerian utzi nahi du.
Igande eguerdian atxilotu dute 35 urteko gizona Trintxerpen (Gipuzkoa), arma zuri batekin delitu-saiakera egitea leporatuta. Erasotzaileak labana batekin eraso egin dio bikotekideari, eskuetan zauri larriak ditu emakumeak eta Donostiako Ospitalean artatu dute.
Etxebizitzaren auzia aspalditik datorren egiturazko arazoa da. Giza eskubidea izan behar lukeena, gehienez ere eskubide subjektiboa baino ez da. Iruzurra dela diot instituzio eta alderdi politiko guztiek hitz politak esan arren, ez diotelako muinari heltzen. Egun, enpresa... [+]
Legearen arabera, erabiltzen ez diren zabortegi guztiek itxita eta zigilatuta egon beharko lukete 2008tik. Ekologistak Martxan taldea Eusko Legebiltzarrean izan da legea bete dadila eskatzeko: azaroaren 12an Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren batzordean... [+]
Duela bost urte Bilboko Atxuri auzoan Voxen diskurtsoaren aurka mobilizatu ziren bederatzi gazte epaituko dituzte. Goizean bildu dira Bilboko Probintzia Auzitegiaren aurrean zenbait kide, akusatuen absoluzioa eskatzeko eta faxismoaren gorakada salatzeko.
"Nazio gisa eskubideak aldarrikatu eta herri oso bat martxan irudikatzeko" deitu dute 2025eko ekainean Bilbon egingo den mobilizazioa. Euskal Herri libre eta kohesionatu bat osatzeko "denen artean eta elkar lagunduz" lan egin behar dela berretsi du... [+]
"88 urteko isiltasuna nahikoa da; gure herritarrek behingoz aitortza ekitaldi bat merezi dute"