"Bill-en arrakastak euskaldunok kutsatu gaitu"

  • Mr. Basque (Pamiela) liburuan William A. Douglass (Reno, AEB, 1939) antropologoaren biografia atondu du Miel A. Elustondok. Hamar urteko joan etorrien emaitza da. Kazetariarekin aritu gara Douglassen bizitzaz, pentsaeraz, jarduera akademikoaz eta euskal diasporaz oro har.

Miel A. Elustondo AEBetara egindako bidaietako batean lanean.
Miel A. Elustondo AEBetara egindako bidaietako batean lanean.

Nevadako Unibertsitateko Euskal Ikasketen Zentroan egindako lanagatik ezagutzen dugu Douglass, baina liburu honek beste dimentsio bat erakusten du. Hori al zen helburua?

Asmoa proposatu nionean, biografia nuen helburu. 1999an izango zen, eta Renoko Programan jakina zen Douglassek erretiroa hartuko zuela 2000. urtean sartzearekin batera. Beraz, ziklo bat ixteko modua zen biografia. Era berean, Programan gauza jakina zen Douglass, haren sortzaile, koordinatzaile, antropologo eta ikertzailea izanagatik ere, besterik ere bazela; alegia, arrantzale zaildua eta kasino jabea, besteak beste. Hortaz, hain ezagunak ez zitzaizkigun alderdiak ere lantzea zegokigun, lehenengo biografia asmo hura biribiltzekotan. Espedizioan abiatzea izan zen, zer aurkituko.

Douglassek liburuan dio “otso bakarti” bat dela, ez zaiola ekipoan lan egitea gustatzen. Aldiz, bere biografia lehenengo pertsonan idatzi duzu, sintonia handia behar da horrelako zerbait egiteko…

Renon bertan nengoela hasi ginen elkarrizketan. Eta, lehenengo udan ez, beharbada, baina bigarrenerako taxutua genuen 300 orrialdeko liburu asmo bat. Ondoren, hura zuzentzen, osatzen, testu berriak eransten hasi ginen. Horrela jardun genuen zenbait urtez, dela ni Renon nintzela, dela bera Euskal Herrian zela. Baina ez genuen argitaratzeko une aproposa ikusten. Harik eta aurten, diasporaren mundu biltzarrean Bill gurean izango zela jakin genuen arte. Orduan bai, azkeneko esprinta jo genuen eta liburua Pamiela argitaletxearen esku utzi genuen. Lehenengo pertsonan jartzea erabaki nuen, ez nuen nire galderarik ere ezarri, ez zaidalako tartean sartzea gustatzen. Bera da protagonista.

Hamar urte hauetan liburuko analisi batzuk zaharkituta gera litezkeela aitortu duzu. Zeintzuk?

Hizketan hasi ginenean lanean ari zen oraindik, emaztea –Jan–, onik zuen artean, ETA atentatuen sokan zen, kasino jabea zen, sasoiko zegoen… Handik hamar urtera, erretiraturik bizi da, arrantxoan; Jan hila da eta Julie du hirugarren emaztea; kasinoek hondoa jo zuten; ETA eta Espainiako Gobernuaren artean bitartekaritzan jardun zuen Billek; osasunari dagokionez, zera esango dizut: orain dela lau urte etxean izan genuen batean, bitan eraman behar izan nuen larrialdietara... Duela hamar urteko Douglass, nahiz eta oraingoa izan, ez da oraingo Douglass bera.

Basque Studies Center-ek prestigioa eta izena du gaur egun. Douglass pertsona klabea izan da zentroa aurrera ateratzeko. Nondik esango zenuke sortu dela arrakasta?

Lanetik. Ez dago besterik. Eta Jon Bilbao ondoan izatea. Lehenengo urtea igaro eta Bill lur jota zegoen. Euskal Ikasketen Programak ez zuen nondik jo. Ez zekiten. Jon Bilbao ondoan izateak ikaragarri lagundu zion Douglassi. Jon ideia-ontzia zen. Bien artean egin zuten Amerikanuak liburua ere, eta bitarte horretan Programaren bidea erakutsi zuten: euskal amerikarrak, ikerketa, argitalpenak, Euskal Herriarekiko lotura, irakasle-ikasle bisitariak… Bideari lotu zirenetik, ez dira arrastotik irten. Horrek eman dio nortasuna Renoko Programari.

Amerikanuak urte askoan erreferente izan da historiografian eta soziologian. Baina berak dio: “Euskal artzainak bezala, historiara pasa da”. Jakina da egungo euskal diasporak ez duela zerikusirik Amerikanuak-en deskribatzen denarekin. Nola aldatu da Douglassen ikuspegia euskal-amerikarrarekiko?

Douglassek berak erantzun beharko lioke horri. Baina, nik dakidanez, Amerikanuak egin zutenean, euskal amerikarra artzaina zen. Are gehiago, artzainaren azkena zen. Ezkutatzera zihoan egoera erretratatu zuten, aztertu, ikertu. Gaur egun, eraikuntzan dira euskaldun zenbait, Renon; etxeetako belar eta lorategiak zaintzen dituzte beste askok San Frantzisko aldean; era guztietako lanbideetan ari dira Boisen… Lehenengo belaunaldiko euskaldunak bakantzen ari dira, desagertu dira hainbat herritan. Bigarren eta hirugarren belaunaldiko euskaldunak amerikar ere badira, eta amerikarra dute bizimodua, euskal dantza eta noizean behingo jaia gorabehera.

Euskaldunez ikertu ez balu, izango al luke Douglassen curriculum akademikoak orain duen prestigiorik? Zer punturaino dago prestigio hori bere izaerari lotua?

Euskal Ikasketen Programan ezinean zebilen garaian ere, Douglassek beste zenbait unibertsitatetako eskaintzak zituen. Chicagoko unibertsitatean ikasi zuen Antropologia, eta hura AEBetako onena zen garai hartan. Euskaldunekin topo egin izan ez balu ere, Chicagoko irakasleetako batek Caro Baroja irakurtzera jarri izan ez balu ere, Douglassek arrakasta izango zuen mundu akademikoan, arrantzan izan duen moduan, adibidez. Arrakasta izango zuen, idazle ona delako, burutsua delako, saiatua, workoholic (lanaren menpekoa)... Eta egia ere da, haren arrakastak gu, euskaldunok, kutsatu gaituela.

Douglassek harreman estua izan du Euskal Herriarekin, bere sorterrian batzuek Mr. Basque deitzeraino. Baina noraino izan da harreman hori akademikoa eta profesionala, eta noraino sentimentala?

Mr. Basque hori txantxa bat da. Antropologo biltzar bateko jolasa. Euskaldunak besterik aztertzen ez zituela uste zuten. Baina Italian eta Australian ere landa lana egina da Douglass. Jolas horretatik etorri da liburuaren izenburua. Harremana akademiko eta profesionala izan da, zinez, baina asko du sentimendutik. 1964an Etxalarren eta, ondoren, Aulestin izan zenean egin zituen lagunek –Emilio Kortabitarte abadea batez ere, eta haren ondoan, Alberto Gabika eta Jabier Amuriza–, ikaragarri lagundu zuten Douglass “abertzaletzeko” bidean. Berak dioenez, han ikusiak, han biziak, Renoko Programan lan egiteko konpromisoa hartzera bultzatu zuten. Sentimendua, nahitaez. Zertan sartu, bestela, ETA eta Espainiako Gobernuaren arteko saltsatan? Joan zitekeen arrantzara, edo andrearen ondoan egon, gaixorik zegoenean.

Kasinoen munduan Douglassek izandako inplikazioaz harritu egingo da, agian, Euskal Herriko irakurlea. Baina gehiago harrituko da jakitean Euskal Ikasketen Zentroko hainbat kontu kasino horietatik irabazitako diruarekin ordaindu zituela bere poltsikotik.

Filantropia da hori, ezta? Billen izaeraren tamaina ere erakusten du horrek. Modu anonimoan lagundu zuen hainbat proiektu eta zenbait pertsonaren soldata ordaintzen.

ETAk jarduera armatua behin-betiko amaitutzat eman aurretik idatzi zen liburu hau. Douglassek gertutik bizi izan du Euskal Herriko egoera politikoa eta 2006ko bake prozesuan ere parte hartu zuen. Liburuan ETAri buruzko bere iritzia ematen du, bere “kontakizuna” egiten du…

Bitartekaritza lan hori izan zen, esate baterako, liburuaren argitalpena etenarazi zuen arrazoietako bat. Isilpeko aitorpena egin zidan, eta Suitzako bulegoarentzat egindako lana kontatu. Berak esan zidan gauza inportantea zela, artean ez zuela agerian kontatzerik, baina liburuan agertu beharra genuela. Epe jakin bat igaro zenean, Suitzak agindutako denbora beterik, Douglassek dena osorik idatzi eta aldizkari honen Larrun gehigarrian argitaratu genuen, oso-osorik, euskarazko eta ingelesezko bertsioetan. Liburu honetara, berriz, laburpen motx bat besterik ez dugu ekarri.

William A. Douglass, amerikarrek euskaldunak ezagutzeko zubia ere bada. Adibidez, berak idatzi izan ditu “basque” sarrerak mundu anglosaxoiko hainbat entziklopediatan, tartean Encyclopedia Americanan. Euskal Herrian eman izan dizkioten sariez harago, jabetzen al gara euskaldunok pertsona honek izan duen garrantziaz gure irudia eta jakintza esparru akademikoan zabaltzeko?

Euskaldun jantzia jabeturik dago, badu Douglassek mundu akademikoan egin duen lan handiaren berri. Euskaldun erantziak, aldiz, ez daki ezer Douglassen gainean, ez Sarrionandiaren gainean, ez euskaraz egiten diren askotariko lanen gainean. Argia, Berria, Bi anai, euskara mundua, euskara jendea –Xamarrekin batera esateko–, ezezagunak zaizkio guztiz. Ez daki badirena ere. Douglassi dagokionean, berdin. Herri kultu bagina, hobe genuke. Beste oilar batek joko luke kukurruku.

“Mr. Basque” liburuko pasarteak

“Diru asko irabazten nuen, baina aspertu egiten nintzen”

Zintzotasun osoz diot: Lehen, Nevadako [kasinoen] monopolioarekin, diru asko irabazten nuen, baina aspertu egiten nintzen. Jokotik lortutako etekinetako asko BSPri (Basque Studies Program) eman nizkion anonimoki. Agian milioi erdi dolar baino gehiago. Beste gauza batzuen artean, euskara-ingelesa hiztegiaren proiektua mantendu nuen, hamar urte iraun zuen lanak. (...) Aspertu egiten nintzen dirua irabazten nuenean, beraz, filantropia asko egin nuen. Aldiz, negozioak gaizki doazenean, txunditu egiten naute. Asko sufritu nuen hainbat urtez, baina aspertu, inolaz ere.

“Itzeako atea jo nuenean iluntzen ari zuen...”

Caro zenbait premisa eta eraginei lotutako pentsalaria zen. Zehazki, niretzat, Caro iloba zen ofizioz. (...) Julio ikusi nuen azken aldia, Euskal Herritik Italiara nindoan eta udako egun ekaiztsua zen. Azken orduan erabaki nuen kasu egitea. Itzeako atea jo nuenean iluntzen eta trumoika ari zuen. Berak ireki zidan, mirabea ez zegoelako (...) Afaltzera joan ginen eta etxean lo egiten geratzeko esan zidan. Ekaitzagatik argirik ez zuen gela batetara eraman ninduen. Juliok kandela bat piztu zuen eta joan aurretik esan zidan hura bere osabaren logela zela. Pio-ren ohean etzan nintzen eta mahaitxoan objektu dekoratibo bat baino ez zegoela ikusi nuen: Juan de Alzate liburua. Osorik irakurri nuen kandela haren argitan.

“Milaka e-posta erantzun behar izan ditugu”

Hain da handia gure aktibitateaz euskaldunek eta ez-euskaldunek duten interesa, batzuetan kosta egiten zaigula erantzutea. Milaka e-posta erantzun behar izan ditugu. Anglo munduan ere informazio iturri gisa balio dugu euskaldunen inguruan. Adibidez, Madrilen M-11koa gertatu zenean (...) gure telefonoak jo eta jo aritu ziren. CNNkoak, BBCkoak eta nazioarteko prentsako eta irrati-kateetakoak ziren, gure iritzia eskatuz. Hainbeste ziren jaso genituen deiak, Zulaikak eta biok elkarrizketak banatu behar izan genituela.

“Nire buruari galdetzen diot nork negoziatu dezakeen ETAren izenean...”

[Joseba] Zulaikak eta biok idatzi dugun moduan, ETA kontzeptu gisa hartzen dut, egitura homogeneo gisa baino. Nire buruari galdetzen diot nork negoziatu dezakeen ETAren izenean eta nork onar dezakeen emaitza bere izenean. ETA belaunaldiz belaunaldiko gertakaria da, gazteez elikatzen da. Ez dauka bere izenean hitz egiten duen pertsonarik, ezta barne prozesurik ere, pertsona bati baimena eman solaskide moduan mahai batera joan dadin, eta itzulitakoan, han erabakitakoa onartzeko. Ez bada gero, ETAren ondoren, “beta” edo “zeta”rik sortuko.


ASTEKARIA
2011ko abenduaren 18a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal diaspora
Josu Garritz
“Diasporan egungo egunean bizi dira, arbasoen jatorri eta historiaz pixka bat ahaztuta”

Pilotari famatua izan zen, munduko txapelduna, baina tartean behin baizik ez zuen Euskal Herrian jokatu, Mexikon jaio, hazi eta hantxe bizi baitzen, gurasoak haraxe joanda 1936ko gerratik ihesi. Abertzalea, Mexikoko euskal etxeko presidentea, Jaurlaritzaren aholkularia,... [+]


Izaskun Barber de Carlos. Jaiotzez folklorikoa
“Guk bizi dugun bezala bizi dute nafartasuna Argentinan”

Euskal kulturaren transmisioarekin jarraitzeko, eta euskal nortasunaz hausnartzeko Argentinako nafar etxeetara bidaiatu dute Ortzadar Euskal Folklore Elkarteko kideek, eta bizitakoa Nafar Haziak dokumentalean jaso dute. Bertan izan da Izaskun Barber de Carlos (Iruñea,... [+]


Steve Mendibe. 'Basque’ bezain euskaldun
“Amerikarra eta euskal herritarra naiz, baina, bihotzez, euskalduna”

Udatiarrak alde eginik da Ea. Bakean. Halaxe gustatzen zaio Steve Mendibe Aroztegiri, euskaraz bizi den herria, udakoek dakarten gaztelania arrotza gabe. Kalifornian jaioa, Boisen bizi, amerikarra bezainbat da euskalduna. Bi nazionalitateak ditu, bi erroldak... bihotz bat.


2023-07-21 | Euskal Irratiak
Euskal diasporako 37 gazte Euskal Herrian izan dira azken asteetan

Euskal jatorriko 37 gazte estatubatuar Euskal Herria ezagutzen eta euskara ikasten aritu dira uda hastapenean.

 


2022-02-21 | Euskal Irratiak
San Frantziskoko Euskal Etxeak 40 urte bete ditu

San Frantziskoko Euskal Etxeak 40 urte bete ditu asteburu huntan.


São Paulotik gutuna

Brasildik jaso dut posta bat. Estebe Ormazabal Insausti beasaindarraren hitzak dira jaso ditugunak; ARGIAko harpideduna bera. Ez da txoko honetara ekarri dugun atzerrian bizi den lehen laguna. Pixkanaka ari gara biltzen Euskal Herritik kanpora dugun komunitatearen iritziak,... [+]


Marcela Inda. Argentinar euskaldun peto-petoa
“Euskara da nire lekua, arraina uretan bezala nago bertan”

Argentinatik etorri ikaslea da Lazkaoko Maizpide euskaltegian. Harekin batera heldu hamaika ikasleek bi hilabete egin eta itzuli ziren beren herrialdeetara. Harrigarriki, bertan dugu oraindik mailarik handieneko ikaslea, askok baino hobeki dantzatzen duela euskaraz mingaina... [+]


Beste Guernica sutan

San Vicente barrutia (Argentina), 1934ko maiatzaren 18a. Mathilde Díaz Vélez lurjabeak Buenos Airesetik 40 kilometro ingurura zeuden bere lursailetan Guernica izeneko herria fundatzeko eskaera helarazi zion Buenos Aires probintziako Obra Publikoetako ministroari,... [+]


2020-04-07 | dantzan.eus
Boiseko Jaialdi 2021era atzeratu dute

Bost urtetik behin Boisen (AEB) ospatzen den Jaialdi jaia urtebete atzeratu dute koronabirusa dela eta. Uztailaren 28tik abuztuaren 3ra zen ospatzekoa Euskal Herriko eta diasporako euskaldunak batzen dituen jai erraldoia. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, datorren urteko... [+]


AEBetako gas-ganberan hil zuten euskal artzaina

Bizi hobeago baten bila Ameriketara artzain joan ziren euskaldunen arketipo jakin bat iritsi izan zaigu, normalean literaturaren bidez, erruz lan egin eta euren sorterrira diru apur bat eginda itzuli ziren horiena. Bada beste historia bat maiz kontatzen ez dena: lurralde urrun... [+]


2019-07-19 | Erran .eus
Baztandarren hitzordu handia igandean Elizondon

Bidelagun elkarteko ordezkariek irekiko dute Baztandarren Biltzarreko orgen desfilea.


2018-04-24 | Mikel Asurmendi
Kepa Altonaga, saiogilea
“Euskaldunok ez gara mundu honetara herri normala izateko etorri”

Loiu, 1958. Biologia ikasketak egin zituen EHUn, eta bertan irakasten du egun, Leioako Zientzia eta Teknologia Fakultatean. Saiogile ezaguna da. Zientzia, historia eta Euskal Herria uztartzen ditu bere lanetan. Patagoniara Hazparnen barrena. Lotilandiakoak herri birlandatuan... [+]


Eguneraketa berriak daude