Arriya, Urte berri on, amona!, Bertsolari, Bi anai, Azken bidaia, Gartxot. Denbora tarte laburrean, euskal ekoizpenek bete dituzte zinema-aretoak eta karteldegian lauzpabost aste irautea lortu dute filmetako batzuek. Ezohikoa den produkzio kopuruaz, lanen kalitateaz eta publikoaren erantzunaz galdetu diogu hainbat zinema zaleri.
Pozgarria da euskal filmak areto komertzialetan ikusi ahal izatea, “hori delako guda-zelaia eta zinemari neurria hartzeko guneetako bat”, dio Begoña del Teso zine kritikariak. Geroz eta jende gehiago ari da zinema ondo ikasten, leku onetan, eta horren adierazgarri dela gaineratu du, baina ardoarekin bezala, uzta kontua izan ohi dela, “eta aurtengo uzta bikaina suertatu zaigu”. Harkaitz Cano idazlearen ustez, halako estreinaldi pilaketak kasualitatearen fruitu dira. Zinea eta literatura. Begiaren ajeak liburuaren egilearen esanetan, “niri gehien poztu nauena barietatea da, batak bestearekin zerikusirik ez dutelako pelikulek, ez estilistikoki, ez genero aldetik, ez hizkuntza erregistroari dagokionez”.
Erakunde publikoen diru-laguntzek izan dute zerikusirik uzta emankor honetan, Miren Manias ikaslearen aburuz. Euskarazko zinemaren finantzazioari buruzko tesia egiten ari da Manias EHUn. Bere hitzetan, ordea, egoerak okerrera egin dezake epe laburrean, krisiarekin murrizketak aurreikusten baititu diru-laguntzetan eta ekoizpen kopuruak behera egingo luke. “Kopuruaz gain, hala ere, kalitatea hartu behar da kontuan, oreka bilatu, pelikula gutxiago egin arren, aurrekontu handiagoa izan dezan lan bakoitzak, kalitate ahalik eta onena”.
Koldo Almandoz zine-zuzendaria ere ez du itsutzen euskal zinemaren hilabeteotako loraldiak. Batetik, karteldegian hainbeste euskal film egotea ona den arren, hiru hilabetetan guztiak batera estreinatu izanak kezkatzen du, gehienbat jakinik ez dagoela guztientzako adina publiko: “Ez dakit ez ote den ari gertatzen Durangoko Azokaren Sindromea, Donostiako Zinemaldiaren ostean dena estreinatzea, jaialdiaren tiradizoari jarraiki, eta susmatzen dut hauetako pelikula berri bat jartzen dutenean ez diola lekua kentzen banatzaile handi baten pelikulari, beste euskal pelikula baten ordez sartzen dela baizik”. Horregatik, denboran banatzea eta estreinaldiak beste modu batean egitea beharrezkoa ikusten du zuzendariak. Bestetik, azaldu digu lan kopuruez eta horien iraupenaz gain faktore gehiago ere hartu behar direla aintzat: “Ikusten dugu film asko dagoela karteldegian eta lilura efektu batera eraman gaitzake horrek, baina datuak eskutan, Aupa Etxebeste! ikusi zuen jende kopurutik urruti geratu dira estreinaldi hauek. Gustatzen zaigu aldarrikatzea euskal zinema, baina gero errealitateak dio ez garela aretoetara joaten. Arrazoi asko daude atzean: kontsumo ohiturak aldatu dira, telebistan eman arte itxaroten du jendeak, edo espero du herriko kultur-etxean dohainik emango diotela aurrerago…”.
Ez, ez da lan erraza jendea zinema-aretoetara erakartzea, eta gainera, euskarazko produktuak kontsumitzeko ohitura falta zaigula uste du Maniasek. Promozioa izan daiteke bidea, euskarazko filmak ez direla nahikoa promozionatzen baiteritzo, aurrekontu arazoak tarteko: “Estreinatzen da pelikula eta inguruko jendeak jakin ere ez daki askotan”. Nolanahi ere, industriak agintzen du: “Banatzaile handiek presioa egiten diete aretoetako jabeei, superprodukzioa jarri dezaten, txikiak ordutegi txarretara eta egun gutxiko emanaldietara alboratuz, beraien katalogoetako pelikulek lehentasuna ez badute hurrengo hilean ez dietelako halako eta halako filma ekarriko”.
Sare komertzialean arrakastatsu aritzeko sekretua, neurria hartzea da, Del Tesoren esanetan: pelikula mimatu behar du egileak, ekoizleak, banatzaileak, aretoak. “Aretotzar batean ematen bada filma eta 50 lagun joaten badira ikustera, erraza da esatea emaitza txarrak lortu dituela, baina areto txiki eta majo batean jarriz gero, 100 bat ikuslerentzako batean, 50 lagunekin beteta dago sala erdia. Neurria eta mimoa dira gakoak, hasieratik bukaeraraino”. Hori, eta pazientzia. Aretoetako jabeei pazientzia eskatzen die Del Tesok, “euskarazkoak bakarrik ez, gainerako filmak ere ikusi nahi ditugulako, zinemazaleok gutxi gara eta pelikula guztiak ikusi ahal izateko astia behar dugu”.
Emankorra izateaz gain, oro har kalitate onekoa iruditu zaie aurtengo eskaintza elkarrizketatuei. Euskal zinemak urrats bat harago eman duela diote eta bi ezaugarri azpimarratu dituzte denek: aniztasuna eta ausardia. Canoren hitzetan, “sortzaileen apeten araberako lanak dira, telebistatik aske, eta onak. ‘Duin’ hitza erabili izan da eta hitzak badu kasik konnotazio peioratiboa, baina duina baino, dotorea iruditu zait emaitza, nik gustura ikusi ditut lanak eta gauzak pixkanaka bestelako norabidea hartzen ari direnaren zantzu izan daiteke”. Pelikuletan erabilitako euskararen naturaltasuna eta oparotasuna ere eskertu ditu Del Tesok, “euskara berdaderoa, ez museoko pieza bihurtua”. Almandozek, azken bi urteotako salto kualitatiboa nabarmendu du: “Ikusi besterik ez dago, filmak beraien artean zein ezberdinak diren, zein publiko ezberdinari dauden zuzenduta, nola zinema kontzeptu ezberdinak jorratzen dituzten… Bide berriak jorratzeko gogoa dago eta apurka-apurka jendea ausartzen ari da horrelakoak ekoizten”.
Barietate hori azpimarratzearren, proposamen erabat ezberdinak egiten dituzten hiru lan hautatu ditu Koldo Almandozek, pelikularen bat nabarmentzeko eskatu diogunean: “Urte berri on, amona!, Bertsolari eta Bi anai arrakastatsuak dira bakoitza bere arloan, eta harro sentitzeko modukoak, munduko edozein lekutan harrotasunez erakutsi daitezkeenak”. Begoña del Tesori izugarri gustatu zaio Bi anai, Imanol Rayo zuzendariaren atrebentziagatik –“lortu du Atxagaren mamutik libratzea”– eta bestelako zinema batera gerturatzeagatik, bisuala, librea. Bertsolari ere aipatu du, bertsoari behar den doinua eta irudia ematen diolako, “gaztetu egiten du, emakumetu, eta zinema bihurtu”. Harkaitz Canori beste proiektu batek deitu dio arreta, hau ere arriskatua delako, kontzesiorik gabeko helduentzako animazioa: Gartxot. “Gustatu zait aurrekontu edo diru eskasia nola jakin duten baliatzen, pertsonaiek profilez eta aurrez aurre begiratze hori oso jarrera inteligentea iruditu zait. Harritu egin nauen pelikula da eta merezi du”.
Abiatutako zidor berrien mailari eutsiko al dio 2012ak.
Kritika kontrajarriak jaso arren, abuztu aldean jende ugari eraman zuen aretoetara Arriya filmak. Alberto Gorritiberea zumaiarraren lanak bi familiaren arteko apustua zuen ardatz, gorroto zentzugabeez, tradizio pozoitsuez eta maitasun salbatzaileez hitz egiteko. Urri-azaroan, Donostiako Zinemaldian estreinatutako euskal ekoizpenek errenkadan egin zuten jauzi sala komertzialetara. Komedia beltza, tragedia eta thrillerra uztartuz Urte berri on, amona!-n Telmo Esnal zarauztarrak gidaturiko genero saltsak kritika eta publikoaren oniritzia jaso zuen. Bi dokumental ere izan ditugu pantaila handian: Asier Altuna bergararrak bertsolaritzari eskainitako Bertsolari eta Bigarren Mundu Gudan aliatuak laguntzeko sortu zen Comète sareari buruzko Azken bidaia, Iurre Telleria eta Enara Goikoetxea hernaniarrek zuzendua. Bernardo Atxagaren eleberria abiapuntu, esperimentaziotik asko duen Bi anai lana ekarri du berriki Imanol Rayo iruindarrak. Eta azkeneko estreinaldia ezohiko formatuan iritsi da, helduentzako animazioa: Asisko Urmeneta iruindarrak eta Juanjo Elordi markinarrak Gartxot, konkista aitzineko konkista aurkeztu dute, Nafarroako Erdi Aroko bardoaz.
Helena Taberna zinegileak jasoko du aurten Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiaren Saria. Sariaren entrega ostiralean, apirilak 11, 20:00etan Viktoria Eugenia Antzokian ospatuko den bukaera emanaldian izango da.
Ezagutzen duzue Kneecap filma? Oscar sarietarako hautatu zuten. Belfasteko hirukote baten istorioa da. Kneecap Hip Hop talde ezaguna da gaur egun, eta hizkuntzaren aldeko jarrera (gaelikoa) argia dute, IRAren osteko belaunaldiaren gorabeherak kontatzen ditu filmak; drogak eta... [+]
No other land dokumentalaren zuzendari Hamdan Ballal kolono sionistek jipoitu zuten astelehenean bere herrian, beste hainbat palestinarrekin batera, eta Israelgo militarrek eraman zuten atxilo ondoren. Astarte goizean askatu dute.
Donostiako Tabakaleran, beste urte batez, hitza eta irudia elkar nahasi eta lotu dituzte Zinea eta literatura jardunaldietan. Aurten, Chantal Akerman zinegile belgikarraren obra izan dute aztergai; haren film bana hautatu eta aztertu dute Itxaro Bordak, Karmele Jaiok eta Danele... [+]
35 film aurkeztu dira lehiaketara eta zortzi aukeratu dituzte ikusgai egoteko Euskal Herriko 51 udalerritan. Euskarazko lanak egiten dituzten sortzaileak eta haiek ekoitzitako film laburrak ezagutaraztea da helburua. Taupa mugimenduak antolatzen du ekimena.
Pantailak Euskarazek eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak aurkeztu dituzte datu "kezkagarriak". Euskaraz eskaini diren estreinaldi kopurua ez dela %1,6ra iritsi ondorioztatu dute. Erakunde publikoei eskatu diete "herritar guztien hizkuntza eskubideak" zinemetan ere... [+]
Geroz eta ekoizpen gehiagok baliatzen dituzte teknologia berriak, izan plano orokor eta jendetsuak figurante bidez egitea aurrezteko, izan efektu bereziak are azkarrago egiteko. Azken urtean, dena den, Euskal Herriko zine-aretoak gehien bete dituztenetako bi pelikulek adimen... [+]
Otsailaren 24tik eta martxoaren 1era bitartean, astebetez 60 lan proiektatuko dituzte Punto de Vista zinema dokumentalaren jaialdian. Hamar film luze eta zazpi labur lehiatuko dira Sail Ofizialean; tartean mundu mailako lau estreinaldi eta Maddi Barber eta Marina Lameiro... [+]
Madrilen arkitektoentzako kongresu bat burutu berri da, arkitekto profesioaren krisiaz eztabaidatzeko. Arkitekto izateko modu tradizionala eta gaur egungoa desberdindu dute. Zertan den tradiziozkoa? Oscar bidean den The Brutalist filmean ageri den arkitekto epikoarena. Nor bere... [+]
Makroproiektu "berriztagarriek" sortzen dituzten ondorioak filmatu ditu Vidas irrenovables (Bizitza ez-berriztagarriak. Euskarazko eta frantsesezko azpitituluak prestatzen ari dira) dokumentalean Extremadurako (Cabeza del buey, Espainia, 1985) landagunean hazitako... [+]
Euskal herritar ugari saritu ditu Espainiako zine akademiak pasa den asteburuan banatu diren Goya sarietan. Artikuluaren bigarren partean, zeresana eman duten hainbat kontu aletuko ditugu.
Itoiz, udako sesioak filma estreinatu dute zinema aretoetan. Juan Carlos Perez taldekidearen hitz eta doinuak biltzen ditu Larraitz Zuazo, Zuri Goikoetxea eta Ainhoa Andrakaren filmak. Haiekin mintzatu gara Metropoli Foralean.