Keikori presaka eta korrika ibiltzea ez zaio gehiegi gustatzen, halere pauso azkarrean heldu da Iruñeko Hizkuntza Eskolara. Japoniera irakasle da bertan eta bere lantokian egin dugu hitzordua. Agurtu ondoren, irribarretsu, kontu pertsonalik ez galdetzeko esan digu. Irribarrea galdu gabe, betiko galderei erantzuna emateaz nekatuta dagoela eta oso pertsona arrunta dela gaineratu du hurrengo hamar segundoetan. Zaila jarri diguzu abiapuntua, Keiko, baina ziur gaude gauza interesgarri asko duzula kontatzeko.
Zergatik hautatu zenuen Filologia Hispanikoa?
Azterketa sistema gustatzen zitzaidalako eta jende gutxik aukeratzen zuelako. Gaztelania unibertsitatean bertan ikasi nuen.
Eta euskara?
Hemen. Nire senarrari asko gustatzen zaio euskara eta euskarazko kantak, eta horrek eragina izan zuen. Erabaki genuenean gure alabek euskaraz ikas zezaten, orduan, ama gisa, nik ere ikastea deliberatu nuen haiei laguntzeko. Iruñean bertan ikasi dut, ez dut ikastaro trinkorik egin ez eta barnetegirik edo halakorik ere. Normalean japoniarrek ez dugu erraztasun handirik beste hizkuntzak ikasteko. Gaztelania eta euskara agian errazago egiten zaizkigu bost bokal besterik ez dutelako, japonierak bezala, baina frantsesa edo ingelesa askoz zailagoak dira guretzat.
Zuen alabek zer harreman dute Japoniako kulturarekin?
Gure alabek japoniera ulertu bai baina hitz egiteko zailtasuna dute. Japoniara joaten garenean nola edo hala moldatzen dira. Nik japonieraz hitz egiten diet baina erantzuna gaztelaniaz edo euskaraz ematen didate ia beti. Bestalde, bi izen dituzte: lehenengo izena hemengoa eta bigarrena Japoniakoa. Hango izenak hemengoentzat oso zailak dira ahoskatzeko, euskaldunentzat ez horrenbeste, “ts” eta “tz” soinuak ongi desberdintzen dituztelako.
Zuretzat hasieran aldaketa handia izan zen hona etortzea?
Ni Barañaingo familia batekin bizi nintzen, eta anekdota moduan, gogoratzen dut oso kolpe handia izan zela niretzat ardien kakak kalean ikustea. “Ardiak ibiltzen dira hemen?” pentsatu nuen. Japonian ere badaude, baina ez kalean hemen bezala. Hasieratik hemengo ohituretara egokitzea erabaki nuen eta horregatik desberdintasunei ez nien garrantzi handirik ematen. Beti pentsatzen nuen ikasi behar nuela. Halere bizitzeko eta pentsatzeko modua bai dela desberdina. Adibide bat: lehengo egunean Mendillorrin izan zen manifestazio bat eskola bateko patioa oso txikia delako eta jantokian ere toki gutxi dutelako. Horretaz hizketan ari ginela nik pentsatzen nuen, “zertarako egin behar dute manifestazioa? Jantokian tokirik ez badago gelan jan eta kito”. Nik txikitan beti bazkaltzen nuen ikasgelan eta ez zegoen inolako arazorik. Euria ari duenean, patioan tokirik ez badago, gelan gelditu. Eta arauengatik ezin bada hori egin, aldatu arauak. Zergatik manifestazioraino iritsi? Zergatik arazo bat dagoenean, hori handitu? Duguna erabili eta gero moldatuko gara. Soluziobide praktikoak behar dira. Orduan pentsatzen dut: “Keiko, hau Japoniako pentsatzeko modua da, ez hemengoa”. Gauzak, arazoak handitzeko joera hori batzuetan ulertzen dut, baina beste askotan ez. Hori da topatzen dudan kontu zail bat, horregatik normalean ez dut nire iritzia ematen. Agian hemen bizitzeko hobe da bost segundotan hitzetik ekintzetara pasatzeko gaitasun hori izatea, baina ni oraindik oso motela naiz.
Ekialdeko izaera bestelakoa da…
Ekialdea ez da oso esamolde zehatza: Korean, Thailandian… manifestazio asko egiten dira, adibidez, eta Japonian ez. Ekialdea esatea Europa esatea bezala da, eta berdinak al dira alemanak eta espainiarrak?
Barkatu ezjakintasuna. Zenbat aldiz esan dizute ea txinatarra zaren?
Orain jada ez horrenbeste, baina hasieran, duela hamabost urte bai entzuten nuela kaletik: “Begira txinatar bat”. Duela zenbait urte Soriako herri txiki batean bazkaltzera joan ginen eta jatetxean jaunartze bat ari ziren ospatzen. Bazkaldu bitartean ume multzo bat nire inguruan nuen, niri serio demonio begira. Eta gainera beren lehengusu eta lehengusinak eta lagun guztiak deitu zituzten ni ikustera etortzeko. Lehenbiziko aldia omen zen Ekialdeko norbait ikusten zutena. Iruñean halakorik ez zen gertatzen, hemen atzerritar asko ibili delako aspaldidanik Nafarroako Unibertsitatean eta jendeak normaltzat hartzen du kanpotarrak ikustea.
Guretzat Ekialdeko jendearen artean desberdintasun fisikoak aurkitzea zaila izaten da. Zuei zuriekin gauza bera gertatzen zaizue?
Niri orain ez, baina Japonian jendeak ez du bereizten nor den Alemaniakoa, Estatu Batuetakoa, frantziarra edo espainiarra. Nire aitona-amonen garaian zuria zena Estatu Batuetakoa zen, handik asko etortzen zirelako.
Japonia asko aldatzen ari da?
Tradizioaren eta bizimodu modernoaren artean ez da ika-mika asko ikusten, baina atzera begiratzeko joera nabaria da. Adibidez, duela gutxi itzuli dugun eleberriaren arrakasta oso esanguratsua da. Maitasunezko oihua munduaren erdian, Kyoichi Katayama idazlearen Sekai no Chuushin de, Ai wo Sakebu, amodio istorio erromantikoa, gorputz harremanik gabekoa eta klasiko samarra da. Nerabeentzat oso ongi dago, polita eta irakurterraza da. Baina hainbesteko arrakasta lortzea gizarte osoan ikaragarria da. Hiru milioi ale baino gehiago saldu dira Japonian. Arrakasta handiegia, ene ustez. 1980ko hamarkadan kokatutako istorio honen harrerak erakusten du telefono mugikorrik gabe eta motelxeago ibiltzen zen garaiaren nostalgia sentitzen duela jendeak, nolabait. Nik ikusten dut jendearen nekea. Ez dakit adituek zer pentsatuko duten, baina nik gero eta estres handiagoa sumatzen dut eta, neurri batean, askok uste duela irtenbiderik gabeko gizartea dela.
Ez dut uste Mendebaldeko eraginarengatik denik, hemen ere gerta daiteke. Ekonomia handitzean jendea baikor bizi da kanpora begira. Krisi garaian aldiz barnera begira egoten da.
Japonian Bigarren Mundu Gerratik aurrera ekonomia hazi eta hazi, besterik ez zuen egin 90eko hamarkadara arte. Eta hortik aurrera nahasmen handia nagusitu zen. Honi gehitu behar zaio martxoan gertatu ziren lurrikara eta tsunamia. Ezkortasuna zabaldu da horren kontura ere.
Zer nolako ondorioak izan dituzte gertaera latz hauek jendearengan?
Ezbehar hau kolpe bat gehiago izan da. Makilakada handia. Industria asko Japoniatik kanpora joaten ari da eta jendearen indar mentala behera doa. Lurrikarak beti gertatu izan dira Japonian eta, neurri batean, ohituak geunden, baina hau ikaragarria izan da. Japonia ez dela toki segurua eta lurrikaren eraginpean dagoela uste da orain munduan. Oso egoera gogorrak suertatzen ari dira. Erradioaktibitatez kutsatzeko arriskua dela eta, adibidez, eguneroko bizimoduan batzuk oso kezkatuta daude haien osasunagatik eta botilako ura erabiltzen dutela baita janaria prestatzeko ere, nire lagun batek kontatu zidan bezala. Beste batzuek, aldiz, oraindik datu zehatzik ez dagoela diote eta ez dela kezkatu behar froga zientifikoak izan baino lehen.
Ikaragarrizko ezbeharra izan zen, baina, hala ere, garrasi eta malko gutxi ikusi genuen telebistako irudietan.
Guk normalean halakorik ez dugu egiten. Ez dakit zergatik, baina ez dugu horrela jokatzen. Gure sentimenduak adierazten ditugu, baina agian, zuen ikuspuntutik begiratuta, oso neurri txikian. Nik bai ikusten nuen zer erakusten zuten pertsona horiek. Lehen baino nabariago egiten dugu orain, gainera. Lehengo garaietan gutxiago adierazten ziren barne sentimenduak. Auto istripu batean, adibidez, normala da familiak bere oinazea adieraztea, baina martxokoa bezalako gertaera latz handi batean, guztiok jasan zuten ezbehar batean, nori erakutsi sentimendu hori? Aldamenekoa zu bezala baldin badago, zertarako? Ongi dago barneko nahigabea erakustea, baina hori baino garrantzitsuagoa da egin behar denari ekitea.
Erlijioak gaur egun garrantzi handia du Japonian?
Ene maitea! Oi ene, zer galdera! Erlijioaren beraren definiziotik hasi beharko genuke. Japonian bi erlijio nagusi daude: budismoa eta sintoismoa. Katolizismoa eta protestantismoa ere bada eta baita islama ere, baina oso neurri txikian. Hemengoarekin alderatuta esango nuke hango jendeak erlijioari ez diola garrantzi handirik ematen. Ez dago hemen bezain lotuta eguneroko bizimoduari. Gazteen artean hemen gero eta pisu txikiagoa du baina adineko jendearentzat oso garrantzitsua da. Han, esate baterako, pertsona bat budista izan daiteke baina tenplu sintoistera noiz edo noiz joan eta hoteleko kapera kristauan ezkondu; hau, gainera, oso modan dago egun. Zerbait gertatzen denean guk ere esaten dugu Jainko maitea! Baina zer Jainko da hori? Ez dakit.
Hemengo bizimodutik zer da gehien gustatzen zaizuna?
Mendebaldean, oro har, jendeak duen indarra. Fisikoa, mentala… Mota guztietakoa. Baikortasuna. Eta norberaren buruan duten konfiantza. Guk ez dugu halakorik.
Eta gutxien?
Hori ere bai! Erritmo berean ibili behar izateak neke handia sorrarazten dit. Ni ez naiz horren indartsua. Batzuetan esaten dut: mesedez, geldi hor ni iritsi arte! Hemengo jendeak gauzak pentsatu eta ekin, biak ia aldi berean egiten ditu, baina nik hori baino lehen nahiago dut dena ongi pentsatu. Ideiak garbi izan nahi ditut.
Nagoya, Japoniako laugarren hiri handiena da Keiko Suzukiren sorterria. Han Filologia Hispanikoa ikasi zuen unibertsitatean eta hori izan zen Iruñera lehen aldiz, Nafarroako Unibertsitatera, ekarri zuena. Ikasketak amaituta hona itzuli zen, nafar batekin ezkondu eta bere alaba bikiak jaio eta denbora gutxira euskara ikasteari ekin zion, orain dela hamabi bat urte. Egun, japoniera irakaslea da Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialean eta duela urtebete Maitasunezko oihua, munduaren erdian, Inma Errearekin batera itzulitako eleberria aurkeztu zuen Durangoko Azokan.
Irakurlea dagoeneko jakitun dateke Euskal Herrian askatasunaren alde egon den eta dagoen gatazka politikoaren ondorioz urte luzetan kartzelan, erbestean edota deportazioan bizi behar izan duten euskaldunak, etxerako bidean, beren bizitza berregiten hasteko izaten dituzten... [+]
Bi herrialdeekin arma nuklearrei buruz hitz egin nahi du AEBko lehendakari Donald Trumpek, ostegun honetan bere bulegoan kazetariei jakinarazi dienez.
EHUko Errektoretza Taldeak hedabideetara igorritako ohar baten bidez jakinarazi du neurria: "Unibertsitateak baieztatzen du salatu duten irakaslea jada klaseetatik at dagoela eta ez dela fakultatera joango kasua argitu arte".
Abiadura handiko trenaren aurkako manifestazioa egingo dute Iruñean larunbat honetan AHT Gelditu plataformak deituta, 12:00etan Diputaziotik abiatuta. Castejon eta Iruñea arteko trenbidearen eraikuntza lanek aurrera jarraitzen dute eta Espainiako Garraio... [+]
EMEADEDEI + MAHL KOBAT
NOIZ: otsailaren 2an.
NON: Zuiako gaztetxean, Murgian.
----------------------------------------------------
Iazko irailaren 20an izan genuen lehen aldiz musika kolektiboaren berri, sortu berri zuten sare sozialeko profilean: “Hemen da Hil da... [+]
Adin txikiko neskak 2023an salatu zuen entrenatzaileak hiru aldiz musukatu zuela bere baimenik gabe. Nafarroako Probintzia Auzitegiak Iruñeko epaitegiak ezarritako zigorra baieztatu du. Entrenatzaileak ezingo du harreman zuzenik izan adin txikikoekin inongo lanbidetan eta... [+]
Kaskarotak eta maskaradak urtarriletik dabiltza martxan, Malerrekakoak etorri dira segidan eta pixkanaka han eta hemen ospatu dira inauteri festak. Aurten, ordea, data nagusiak berandu datoz oso; Kandelaria egunean Hartza esnatu zen, baina ilargiari begiratu eta beste pixka... [+]
Sozioluinguistika Klusterrak, zenbait erakunderen laguntzarekin eta Asier Amezaga, Eduardo Apodaka eta Asier Basurtok landutako lanean, Itzulinguru izeneko proiektuaren emaitzak argitaratu ditu. Itzultzaile neuronalek (azken belaunaldiko itzultzaile automatikoak, zeinak euskaraz... [+]
Otsailaren 13a Torturaren Kontrako eguna izanki, Euskal Herriko Torturaren Sareak gutun publiko bat igorri du. Poliziek torturatu euskal jendeen lekukotasunak bildu, eta aitortza egiteko xedea du sare berri horrek Euskal Herri osoan. Torturatuak izan diren 5.000 pertsonei... [+]
Ibilgailu baten bidez, Ver.diren protesta batean zeuden manifestariak aurretik eraman ditu. Duela egun gutxi, supremazista zuri batek 11 pertsona erail zituen Suedian.
"Polizia hila, baratzerako ongarririk onena" idatzi zuen atxilotuak sare sozialetan, eta lau milioi jarraitzaile baino gehiago ditu bere profilak, Guardia Zibilak azaldu duenez.
Larunbat honetan itxiko dute Laba ostatua Iruñeko Gazteluko plazan eta, bitxia bada ere, egun osoko festarekin ospatuko dute itxiera, agurra ez baita behin-betikoa: Labak ondoko Windsor tabernarekin bat egingo du, obrak hastera doaz, eta beranduenez irailean berriz... [+]