Lurra eratuz geroztik naturalki sortzen den erradioaktibitatearekin orekan bizi izan gara. Aspaldion sortzen ari garen erradiazio artifizialak, ordea, desoreka larria ekar lezake betiko. Oraingoz, arriskua ekiditeko sistema seguruagoak iragarri badira ere, hondakinak alfonbrapean ezkutatu besterik ez gara egiten ari.
Horizontean erronka latzak ditu egungo gizarteak, ingurumenaren zaintzari dagokionez; ederki kostata bada ere, noizbait zentzuz bideratu beharko dituen arazoak dira guztiak, mundua lehertuko ez badu behintzat: berotegi-efektua, ozono-zuloa, hondakinen kudeaketa... Zerrendatutako arazook gainditzeko sistematikatik urrun gaude oraindik, eta kalteak dagoeneko ere hortxe daude, baina atzeraezinaren mugetara ez gara artean heldu. Bada konponbiderik –edo antzekorik– horretara jarrita.
Energia nuklearra, aldiz, sortze beretik doa norantza bakarreko ildoan, zentralen funtzionamendutik ondorioztatzen diren egoerek nahiz hondakinek ez baitute itzulbiderik. Gure artean geldituko dira, betiko esan liteke, zenbaitzuk (uranio 238k, kasura) milaka milioi urte behar baitituzte itzaltzeko. Zentral nuklearrek sortzen dituzten hondakin erradioaktiboak ez dira inoiz hondakin hilak, birziklagarriak, arriskurik gabeak, desegingarriak edo dena delakoak izango, nuklearraren lobbyak darabilen hizkera anbiguoak hori iradoki nahi badigu ere.
Hondakin erradioaktiboa gure bizitzari bateraezina zaion material bizia da. Eta askotxo pilatu dugu dagoeneko, Bigarren Mundu Gerraz geroztik. Ondoko koadroetan ageri dira horien zenbatekoak eta ezaugarriak, baita gobernuek indarrean dituzten politiken nondik norakoak ere. Hondakin erradioaktiboak kudeatzeko, orain arte aplikatu izan diren neurrien artetik ‘estetikoena’ hobetsi da segurtasunaren izenean: hondakinok begien bistatik kentzea; alegia, 5.000 metro sakon diren zuloetan lurperatzea. Metatze geologikoa deitu diote sistemari. Horren aldeko erabakia hartua dute estatu gehienek. Hemendik hogei urtera, beraz –oraindik proba eta doitze ugari behar omen du sistema honek–, granitozko harkaitzen muineraino egindako zulo estuetan pilatu eta ezkutatuko dituzte hondakin-bidoiak, bata bestearen gainean, lurrazaletik 1.000 metroko sakonerara heltzen direneino.
Zer ote da, ordea, segurtasuna, kasu honetan? Segurua da sistema ala, konparazioan, gainerako metaketa sistemak baino seguruagoa? Ziur al gaude zulatzea erabaki den tokietan ez dela, demagun, alimaleko lurrikara gertatuko? Eta hala gertatuko balitz, ziur geundeke granitozko harkaitza pitzaezina dela, ezuste katastrofikoetan ere txikiezina eta iragazgaitza? Ez dago ziurtasunik, berretsiko digute zintzoki ingeniariek, baina isuri erradioaktiboa nekez, benetan nekez, gerta litekeela argudiatuko. Fukushimak emango digu lezioa berriz ere, han ere ia ezinezkoa baitzen hainbesteko tsunamia gertatzea, horregatik errefusatu omen ziren neurri seguruagoak...
Horren haritik, energia nuklearrari hesia jartzen hasiak dira zenbait tokitan. Duela gutxi eginiko galdeketan, 25 milioi italiarrek (boto-emaileen %94) ezezko biribila eman zioten Berlusconik bultzatu nahi izan zuen apustu nuklearrari. Alemaniak, herri mugimenduek estututa, energia nuklearra hamar urteren bueltan (2022) baztertuko duela agindu du, eta argi-indarraren %40 berdea izango dela iragarri. Suitzak ere ez du parke nuklearra berrituko eta 2034rako aurreikusi du itxiera. Belgikak beste horrenbeste...
Potentzia nuklear handienen urratsak falta, ordea. AEBek eta Errusiak isilik darraite. Japonian, geldirik dauden hogeitik gora zentral berriz ere martxan jartzeko prestatzen ari dira. Frantzian, berriz, datorren urteko hauteskunde presidentzialetako gai izarra bilakatuko dela dirudi. Sarkozy jaunak kandelen garaira itzuli nahi duela edota CO2 isurketaz poluzioa handitu nahi duela leporatu dio erasokor Hollanderi, hau, epel eta herabe, datozen hamarkadetan nuklearraren alternatiba bilatzen saiatu beharko litzatekeela aipatzen ausartu delako. Horixe da panorama Europako estaturik nuklearrenean, energia eta teknologia nuklearrak mundu osora esportatzeaz batera, egundoko inbertsioak eta milioika lanpostu industria horretatik zintzilik dituen honetan.
Esanguratsua, halaber, Science et Vie bezalako aldizkari zientifikoetatik iradoki berri dutena: energia nuklear segururik izan badela; motz esanda, aski litzatekeela uranioaren ordez torioa erabiltzea, eta orain 50 urte baztertutako teknologiari heltzea, istripuak ekiditeko. Material honek ere hondakin erradioaktiboak sortzen dituela nabarmentzea ahantzi zaie, ordea. Ahantzi edo hizki txikietan esateko utzi...
Izan ere, lobbyak ez du etsiko. Medio guztiak darabiltza, Fukushimako hekatonbearen ostean ere, dirdiratsu agertzeko. Horretarako, milaka milioi urtez kutsatuko duen pozoia, besterik egin ezean, alfonbrapean ezkutatu besterik egingo ez badu ere.
Erradioaktibitate txikiko hondakinak. Ospitaletan eta industrian sortzen dira eta manipulazioan nahiz garraioan ez da neurri berezirik hartzen. Erabili ondoren trinkotu edo konpaktatu egiten dira, edota erre, errauskailutan. Hondakin erradioaktiboen %90 okupatzen dute bolumenari dagokionez, baina isuri erradioaktibo osoaren %1 besterik ez dute sortzen.
Erradioaktibitate ertainekoak. Hondakinok manipulatzerakoan babes berezia behar izaten da. Zentraletan zaharkituta geratu diren materialak izan ohi dira normalki. Bolumenari dagokionez, hondakin erradioaktiboen %7 dira, eta isuritako erradioaktibitate totalaren %4.
Erradioaktibitate handikoak. Erreaktore nuklearretan erabiltzen den erregaiak eta honen prozesaketatik sortutako elementuek osatzen dute multzo hau. Bolumenari dagokionez hondakin nuklear guztien %3 baino ez badira ere, isuri erradioaktiboen %95aren erantzuleak dira. Uranioa zentraletako erregai bihurtzeko prozesuan hasten da erradioaktibitate maila handitzen eta zenbait elementuren kasuan milaka milioi urte beharko dira erradioaktibitatea agortzeko
Fukushima, Japonia. 2011ko martxoan, zentral nuklearreko sei erreaktoretik hiru hondatu ziren lurrikararen eta atzetik heldutako tsunamiaren ondorioz. Material erradioaktiboa plantatik 200 miliatara ere heldu zen. Ingurumenari egiazki eginiko kaltea sekretupean da oraindik.
Txernobil, Ukraina. Zentraleko istripuaren ondorioz (1986ko apirila) Nagasaki eta Hiroshimako bonbek baino 100 aldiz erradiazio handiagoa askatu zen. 6 milioi lagun erradiatu zituela estimatzen da. Zuzenean eragindako heriotzak 4.000ko kopuruan finkatu badira ere, 93.000ra ere hel daitezke.
Mailuu-Suu, Kirgizistan. Munduko tokirik poluituenetakoa, goi mailako material erradioaktiboa prozesatzearen eta pilatzearen ondorioz (1,96 milioi metro kubiko daude gordeta mehategietan). Arrisku sismiko handiko tokia da, bestalde.
Semipalatinsk, Kazakhstan. Sobiet Batasunaren poligono militarra izan zen. Munduan leherketa nuklear gehien jasan duen tokia da. 1949an zartatu zuten lehen bonba eta 1989ra bitartean 456 proba egin ziren bertan.
Siberia, Errusia. Zuritasun ederraren pean hondakin kimikoen erresuma ezkutatzen dela dirudi. Hondakin nuklear likidoak itxi gabeko piszinetan gordetzen dira eta 125.000 tona hondakin solido ere bertan pilatzen dira lurrazpiratu gabe.
Sellafield, Erresuma Batua. Hasiera batean bonba nuklearretarako plutonioa fabrikatzen zen bertan. Ehunka istripu gertatu ziren lehen urte horietan eta milioika litro material erradioaktibo isuri dira itsasora (mendebaldeko kostaldean).
Mayak, Errusia. Ipar-ekialdeko industria gunea. Bertan zegoen planta nuklearrean istripu latza gertatu zen 1957an. 100 tona hondakin erradioaktibo askatu ziren eta Karachay lakua pozoitu zuen. 80etako hamarkadara arte isilpean gorde zuten katastrofea.
Somaliako kostaldea. Somaliako urek hondakin ugari hartu izan dute urtetan. Besteak beste, 600 kupel material erradioaktibo
eta ospitaletako hondakinak.
Mediterraneoa. Sarritan leporatu izan zaio italiar mafiako Ndrangheta sindikatuari itsasoa biltegi bilakatu izana. 1994az geroztik, urotan hondakin toxikoz betetako 40 ontzi desagertu direla aipatzen da.
Hanford, AEB. Washingtoneko gune honetan egin zen besteak beste, Fat Man, Nagasakin jaurtikitako bonba atomikoa. Estatuko hondakin erradioaktiboen bi heren pilatzen dira bertan: 53 milioi galoi hondakin likido eta 25 milioi oin kubiko hondakin solido. Lurrazpiko urak ere poluituta daude.
Hondakin erradioaktiboak kudeatu beharrak imajinazio handia eskatu die ingeniariei, urtetan. Hona hemen aztertutako (eta bertan behera utzitako) lau proiektu.
Espaziora bidaltzea. NASA agentziak hainbat hipotesi landu zituen 1977az geroztik. Besteak beste, hondakinak Lurraren orbitan betiko uztea, ilargiko kraterren batean lurperatzea, Artizarraren eta Lurraren arteko punturen batean lagatzea edota Eguzkira igortzea. Hipotesi bakoitzak, ordea, ‘baina’ esanguratsu ugari zekarren atzetik. Adibidez, AEBetan, 2003 urtera bitarteko epeari dagokionez, zentral nuklearretan pilatutako hondakinak espazioratzeko 750 hegaldi beharko ziratekeen, eta beste 104, armadak sortutakoak kanporatzeko. Gainera, kilo bat hondakin paketatzeak 50 kilo material erantsi eskatuko luke, arriskuak ekidite aldera. 1986an Challenger espazio-ontziari gertatutako istripuak eman zion amaiera ikerketa lerro honi.
Bitrifikatuz, lehergailu atomiko bilakatzea. Hondakin nuklearrez bonba nuklear bat prestatu, lurpeko harkaitz baten erdiraino jaitsi eta leherraraztea zen plana. Harkaitza hein handi batean urtu egingo litzateke, likidotu, eta hoztu ahala solidotzerakoan, elementu erradioaktibo guztiak harrapatuko lituzke bere baitan. Hipotesi hau 1996an baztertu zen, munduan saio nuklear oro gelditzeko sinatutako hitzarmenari esker.
Hego Poloko izotzen azpian lurperatzea. Hipotesi honen arabera, izotzak berak babestuko lituzke elementu erradioaktiboak –urteotako berotegi efektua ez zitzaien burutik pasatu ere egin–. Antartika babesteko hitzarmenak galarazi zien plana, 1959an sinatu zenean.
Subdukzio eremuan kokatzea. Uste denez, itsas hondoko sedimentuek txirristatik behera balihoazte bezala bidaiatzen dute Lurraren muinerantz, plaken artean daudenean. Alegia, hondakin nuklearrak plaka horietako baten ertzean jarrita, sabeleraino irentsiko lituzke Lurrak. Hipotesia frogatzeko, azterketa ugari egin zituzten mundu osoan eta gehienetan arazoa bat eta bera zen: subdukzio eremuetan jarduera bolkaniko ugari izaten denez, sumendiren bat lehertzean kraterretatik aterako litzatekeena hondakin nuklear hori bera izan zitekeen lasai asko
Askotan gertatu izan zait etxetik lanbroari so egon ostean, blai bukatuko dudala jakin arren, aterkirik ez hartzea. Zergatik ote? Beharbada, aterkia hartzeko gogorik eza? Beharbada, bustiko ez naizen itxaropena? Kontuak kontu, ondorioa beti berbera izan da. Esaerak dio, euri... [+]
Gogoan daukat, 16 urterekin, Bergarako epaitegi aurrean egindako euskararen aldeko elkarretaratze batean identifikatu ninduela Ertzaintzak lehen aldiz. Euskal Herrian epaitegiak euskalduntzeko aldarria zilegi zela pentsatzen genuen, baina, orduan ere, faltako zen baimenen bat,... [+]
Zestoako Iraeta auzoko Amilibia baserria eta lurra kolektibizatzeko 100.000 euro batzea falta du Amillubi proiektuak, lehen urte honetan 290.000 euro eskuratu baititu. Biolurrek abiatutako proiektu agroekologiko honek dagoeneko jarri du lurra martxan, sektorearen beharrei... [+]
Forensic Architecture erakundearen ondorioetakoa da hori, ikusita Israelgo Armadak nola antolatu duen Gazaren egungo kontrola. Suntsiketa maila hori bakarrik litzateke Gazaren kontrola segurtatzeko, zeren eta, berez, txikitze maila askoz handiagoa da lurraldearen gainerako... [+]
Tanta hotzak Valentzian eragindako hondamendiak irudi lazgarriak utzi dizkigu; batetik, izan dituen berehalako ondorioengatik, eta, bestetik, nolako etorkizuna datorkigun aurreratu digulako: halako fenomeno klimatiko muturrekoak gero eta ugariagoak eta larriagoak izango direla,... [+]
Nafarroako Energia Planaren eguneraketa oharkabean igaro da. Nafarroako Gobernuak jendaurrean jarri zuen, eta, alegazioak aurkezteko epea amaituta, gobernuko arduradun bakar batek ere ez digu azaldu herritarroi zertan oinarritzen diren bere proposamenak.
Gobernuak aurkeztu... [+]
Azaroaren 26an eta 27an, Langune Euskal Herriko Hizkuntza Industrien Elkarteak eta FUEN Federal Union of European Nationalities erakundeak antolatuta, ‘Hizkuntzen irabazia. Benefits of language industry in the economy’ kongresua egingo da Donostiako Kursaalean. Han... [+]
Azaroaren 23an egingo dute tokiko arbola, fruitondo eta landare ekoizleen azoka. Horrez gain, egitarau oso indartsua prestatu dute 22 arratsaldetik hasita 23 iluntzera arte: bioaniztasunari buruzko mahai-ingurua, sagarrari buruzko mintzaldia, "Nor dabil basoan?"... [+]
Lup izeneko gailuak testuak ahots bihurtzen ditu adimen artifizialari esker. Hainbat hizkuntza bihurtzeko gaitasuna dauka. Teknologia gutxiko gailua da, hain zuzen aurrerapen teknologikoetatik urrun dagoen jendeari balio diezaion. Ikusmen arazoak dituztenentzat sortu eta... [+]
Udan izandako indarkeria kasuen gorakada batetik, eta hainbat gizonezkok mugimendu feministak antolaturiko ekitaldiak boikotatu dituztela bestetik, Bortziriak, Xareta, Azkain, Bertizarana, Malerreka eta Baztango mugimendu feministek, erakunde publikoen konpromiso irmoa exijitu... [+]
Espainiako Defentsa Ministerioaren 6 milioi euroko esleipen publikoak jaso ditu aurten enpresak. Margarita Robles ministroaren arabera, urriaren 7tik ez diote "armarik saldu edo erosi Israelgo Estatuari", baina indarrean zeuden kontratuei eutsi diete. Elbit Systemsek... [+]
Sobietar Batasuna desagertu zenetik errusofobia handituz joan da. NBEko Segurtasun Kontseiluaren 2002ko segurtasun kontzeptua oso argia da, eta planetaren segurtasun eta egonkortasunak AEBei erronka egiteko asmorik ez duen estatuen menpe egon behar dutela adierazten du. AEBei... [+]
Duela 40 urte sortu zen Geronimo Uztariz Institutua, Nafarroako Historia beste era batera ikertzeko eta zabaltzeko helburuarekin. Jende anitza bildu du lau hamarkada hauetan, eta gai ugari ikertu ditu denbora horretan. Historialari gazteak ere batu zaizkie. Zahar eta berriaren... [+]
Aspaldi ezagutu genuen gaur gaurkoz Añube taldeko abeslari den Aitor Bedia Hans. Garai berean adiskidetu ginen egun Añube taldeko gitarra jotzaile ohia den Beñat Gonzalezekin. Unibertsitateko garaian izan zen, Debagoienako bi gazteak musika zainetan... [+]