Hosto itsasoan igeri

  • “Ez inori esan, eta azkar ibili inguru hori betirako galdu baino lehen. Kurzetako lepotik Urkiolako mendaterainoko zeharkaldia, Arangioko haitzen gailurretik igaroz eta Anbotoren azpikaldean barrena, Euskal Herriko mendietan egin daitekeen azkenetako ibilaldia dugu. Egidazu kaso”. Hitzaurre txiki horrekin hasten du Luis Pedro Peña Santiagok, bere Euskal Herriko 100 gailur eta mila txoko maisulanean, liburuko lehenengo ibilbidearen deskripzioa. Izan bedi, oraingoan proposatzen den ibilbide paregabea, etnologo eta mendizale irundar handiari eginiko omenaldi xumea.

Aramaio.
Aramaio.Gorka Azkarate
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Aramaioko bailara Arabak, Gipuzkoak eta Bizkaiak bat egiten duten puntutik (Besaide) oso gertu dago, eremu menditsu batean, Durangaldeko Udalaitz, Anboto, Ipizte eta Orixol (Arangioko haitzak) eta Murugain eta Jarindo mendiek inguraturik, uren banalerroa ere bertatik pasatzen delarik. Ibarra da bailarako herrigune nagusia, baina beste hainbat elizate daude udalerrian: Gantzaga, Etxaguen, Arexola, Barajuen, Azkoaga, Uribarri, Untzilla eta Oleta. Azkena kasu berezia da, haranetik kanpo dagoen auzune bakarra baita, Otxandio (Bizkaia) herriarekin muga egiten duelarik, sapaldan. Bizkaia eta Arabaren arteko muga bihurria da eremu horretan, Otxandio Bizkaiaren barruan eta Oleta Aramaioren zati moduan geratzen direlarik. Bitxia, sapaldako herria bizkaitarra eta haranekoa arabarra izatea. Tarteka badago, gure herri honetan, arau orokorra hausten duen kasuren bat edo beste.

Urkiolatik Kurtzetara doa Luis Pedro Peña Santiagok proposatzen duen ibilbidea; guk, berriz, Oletan hasi eta bukatuko dugu txangoa. Otxandiotik edo Kurtzetako mendatetik hurbilduko gara Oleta auzora. Eguraldia lagun izanez gero, hara heldu eta oinez hasi orduko izango dugu Durangaldeko mendien lehen ikuspegi panoramiko ederra. Eskuinetik ezkerrera, jarraian igoko ditugun Orixol eta Ipiztez gain, Anboto, Elgoin, Kurutzeta eta Anbotoko gailurreriaren jarraipenaren ikuspegi paregabeaz gozatzeko aukera izango dugu.

Oletako eliza parean hasiko dugu ibilaldia, eta Otxandiotik datorren errepideari jarraituko diogu, kilometro pare bat aurrerago beronen amaierara heldu arte. Autoa errepide amaierako aparkalekutxoan uzteko aukera dago, baina gure ibilbide zirkularra Oletako elizatik gertu amaituko denez, goiz ala berandu errepideko zeharkalditxo hori egitera beharturik gaude. Zabalandiko lepora ordu eta erdiko bidea dagoela dioen geziaren norabideari men egin eta basoan barneratuko gara, egurrezko zubitxo polita zeharkatuz, margo ikur zuri-gorriak lagun, hartxintxar bide zabalari jarraituz.

Luze baino lehen utziko dugu bide hori; egurrezko bigarren zubitxoa dagoen bidegurutzean zuzen jarraituko dugu, maldan gora. Bidexkak atsedenik gabe egiten du gorantz, baso ezin ederragoan, Anbotoko pareta geroz eta gertuago sumaraziz. Galerarik gabeko bidea da, margo zuri-gorriak eta kairn edo harri pilatxoek gidaturik osatuko duguna. Zelai eder batean osatuko ditugu lehen igoerako azken metroak, Urkiolatik Zabalandiko lepora doan hartxintxar bidearekin topo egin arte.

Ipizte eta Santa Kruzen koba

Begirada Anbotoko horman galdurik merezitako atsedena hartu ostean, gertu izango dugu ibilbideko tarterik ederrena. Tellamendi eta Besaide aldera doa ezkerraldeko bidea; Ipizte bere magaletik zeharkatuz Leziagako lepora, berriz, eskuinekoa. Guk zuzen-zuzenean egingo diogu eraso parean dugun Ipizteko harri koxkorrari, aldapa motz bezain gogor batean gora. Zabalandiko zelaia utzi eta basoan barneratu bezain laster, lagungarri izango zaizkigun zenbait kairn aurkituko ditugu, baso eta harkaitz artean biderik errazena zein den salatzen dutenak. Sarritan hosto lehorrez estalirik egon ohi den malda piko honetan kontu handiz ibili beharko dugu, irristada edo bestelako ezustekorik gerta ez dakigun. Zuhaitz artean, Ipizteko postontzia aurkituko dugu luze gabe (1.057 m). Ez da Ipizte ikuspegi oparoko gailurra, zuhaixkek mugatu egiten baitiote ikusmira zenbait norabidetan, baina Aramaioko harana (Ibarra, Gantzaga, Etxaguen, Untzilla...), eta jarraian igoko dugun Orixol mendia ikuskatzeko behatoki ezin hobea dugu.

Hegoalderantz okertuko dugu segidan norabidea, igoerako bidexka eskuinean utziz eta uneoro Aramaioko harana hartuz erreferentzia moduan. Eremu nahasi xamarra da jarraian datorkiguna, eta kontuz ibili behar da hostoz estaliriko harri artean. Altuera apur bat galduz, gailurreriari jarraiki, Iruatxeta Erdikoa izeneko orratzaren oinarrira iritsiko gara. Alderik alde pitzadura txiki batek zulatzen du orratz erraldoi hori, Santa Kruz apaizaren koba gordetzen duen sakonera igarotzea ahalbidetzen duen pitzadurak, hain zuzen. Beldurrik gabe, gorputza biratu eta atzeraka murgilduko gara pitzaduran barrena, oina non jartzen dugun ondo aztertuz, Aramaioko haraneko ikuspegi amestua eskaintzen duen balkoi moduko batera heldu arte. Santa Kruz apaizaren koban gaude, Nardin koban.

Albo batean kutxatila gardena aurkituko dugu. Santa Kruz apaizaren garaiko argazki pare bat, Nikolas Ormaetxea Orixek haren bizitzan oinarrituta idatzi zuen liburua eta arrosario bat daude barruan. Leku berezia.

Leziagako lepo magikoa

Ipizte eta Orixol bereizten dituen Leziagako lepoa da hurrengo jomuga. Lepo eder horretara heltzeko, aukera bi: Ipizteko gailurreri gorabeheratsua jarraitu –Gantzaga eta Leziagako haitzak gaindituz– edo gailurreriatik eskuinalderantz jo, pagadian behera, bide argirik gabe, Zabalandiko lepotik Ipizte saihestuz Leziagako lepora doan bidexkara heldu arte (margo ikur zuri-gorriek gidatuko gaituzte berriro). Lehenengo aukera, ederra izanagatik, ez da gomendagarria eguraldi hezea izanez gero; agian ederragoa den bigarrenak, berriz, ez du aparteko arriskurik, baina hostoz estaliriko basoan kontuz ibiltzea eskatuko digu, bihurrituren bat izan nahi ez badugu.

Leziagako lepoa erraz ahanzten ez den leku horietako bat da, heltze hutsak ibilaldiari zentzua ematen dion leku magikoa. Ipizteko haitzen eta Orixoleko pagadi itxiaren erdian zelai koxkor batekin egingo dugu Leziagan topo. Alde batean borda txiki bat eta bestean Aramaioko ibarraren ikuspegi paregabea. Ametsetako txokoa. Pagadian barneratu eta Orixolen estreinako maldei egingo diegu aurre, Bizkaiko Bira eta Uren Banalerroaren ibilbidea mugatzen duten ikur zuri-gorriak bistatik galdu gabe. Hasierako malda horietan izerdi pixka bat botako dugun arren, ordeka nagusituko da ondoren, eta gozatu egingo dugu hosto lehorren gainean urrats bakoitza ematearekin. Luis Pedro Peña Santiagoren hitz goxoak etorriko zaizkigu gogora Orixoleko gailurrera hurbiltzen goazen heinean. Mundutik aparte gaudela pentsatu liteke, baso zoragarriak sorgindurik.

Azken gailurra: Orixol

Une batean, Orixoleko gailur soilera eramango gaituen xenda hautemango dugu bidegurutze batean (ikur nabarmena dago pago baten enborrean). Harri artean azken metroak osatu eta Arangioko haitzen puntu garaienera helduko gara, Orixoleko gailurrera (1.130 m). Gailurra baso itxitik kanpo dago, eta horri esker ikuspegi paregabeaz gozatuko dugu: Anboto, Ipizte, Tellamendi, Murugain, Orkatzategi, Kurutzeberri, Aloña, Aizkorri... Otxandio eta Oletako ibarra ere talai ezin hobetik menderatzearen sentipena izango dugu.

Gailurrean atseden hartu ondoren ibilbidearen azken zatiari ekingo diogu. Orixoleko igoera hasten den bidegurutzeraino itzuli eta Krutzetako mendatera doazen ikur zuri-gorriei jarraituko diegu berriz, minutu gutxiren buruan Santa Kruz ermitatxora heltzeko. Oleta auzoa gertu sumatuko dugu begirada Otxandioko sapaldara zuzentzean. Jaisteko bide egokia aurkitzea da falta zaigun bakarra, margo ikurrak Krutzeta aldera doazela kontuan hartuz, ibilbidearen amaiera ikur horien laguntzarik gabe egin beharko baitugu. Gailurreria nagusia utzi eta eskuinera abiatuko gara, pagadian behera, txabola batekin topo egin arte. Txabolatik gertu hartxintxarrezko pista dago, baina gu erreka zuloan behera abiatuko gara berau utzirik, kairn arrastoek gidaturik. Bizkor galduko dugu garaiera, urari jarraituz, eta laster Oletatik gertu gaudela adieraziko digun bide zabalago batera helduko gara. Aldatsa ordeka bilakatzearekin batera Oletako lehenengo etxeak ikusiko ditugu parez pare, eta hala iritsiko gara hasierako puntura, mundu magiko batean bidaia egin ostean.

Santa Kruz apaiza (Elduain, 1842–Pasto, Kolonbia, 1926)

Manuel Ignazio Santa Kruz Loidi, gipuzkoar erlijio-gizon eta militarra, Santa Kruz apaiza goitizenaz ezaguna izan zen. Apaiz ikasketak Gasteizko seminarioan egin ondoren, Hernialdeko erretore izan zen bolada batez. Don Karlos erregegaiaren aldekoa zen, eta Frantziara ihes egin behar izan zuen horregatik. Bigarren Gerra Karlista piztu zenean, tropa karlista baten buru zela itzuli zen. Zornotzako Akordioa ez zuen onartu, ordea, eta borrokan jarraitu zuen atxilotu zuten arte. Arrasaten hartu zuten preso, eta Aramaioko Udaletxean egon zen giltzapeturik. Ihes egin eta Ipizte mendiaren erraietan dagoen koba txiki famatuan igaro zituen, diotenez, hiru egun inguru, Frantzia aldera abiatu aurretik.

Karlista zein liberalen aurka gogorkeria handiz jokatzen omen zuen Santa Kruz apaizak, eta heriotza zigorra ezarri zion karlisten gerra kontseiluak. Indultua lortu zuen, baina. Gerra ostean, Amerika aldera abiatu zen; Jesusen Lagundian sartu eta misiolari lanak egin zituen hainbat lekutan. Kolonbian hil zen, 84 urte zituela.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Araba
2025-03-27 | Arabako Alea
Greba mugagabea hasi dute Gasteizko lorezainek

%90eko jarraipen "ia erabatekoa" izan du grebak, sindikatuen arabera. Gasteizko parkeak, lorategiak eta eraztun berdea mantentzen dituzte Enviser azpikontratako 90 langileek.


2025-03-26 | ARGIA
Errefuxiatuak hartzeko Gasteizen eraikitzen hasi diren makrozentro eredua kritikatu dute

Kritika artean abiatu dira Gasteizko Arana klinika zena Nazioarteko Babes Harrera Zentro bilakatzeko obrak. Ez auzokideak, ez errefuxiatuekin lan egiten duten gobernuz kanpoko erakundeak, ez PSEz bestelako alderdi politikoak ez daude ados proiektuarekin: makrozentroen ordez,... [+]


Gasteiz Anitza sortu dute, auzoetako arazoak integrazioaren bidez konpontzeko

Hainbat kolektibo daude Gasteiz Anitzaren atzean. Egoera larrien aurrean "soilik poliziaren esku hartze gehiago" eskatzen duen eta "eskubideen urraketei entzungor" egiten dion ereduaren aurrean, beste praktika eredu bat egiteko saiakera dela adierazi dute... [+]


Lurraren defentsaren aldeko eta “inposizioen” aurkako oihua Gasteizko kaleetan

Euskal Herri osoan zehar daude mehatxupean hamaika baso, zelai, mendi zein nekazal lur. Horien defentsan diharduten tokian tokiko plataforma asko bildu dira larunbatean Gasteizen, EH Bizirik-ek deituta, inguru naturalaren “suntsiketaren” eta makroproiektuen... [+]


Inoren Ero Ni + Lisabö
Eta eromenaren lorratzetan dantzatu ginen

Inoren Ero Ni + Lisabö
Noiz: martxoaren 14an.
Non: Gasteizko Jimmy Jazz aretoan.

----------------------------------------------------

Izotz-arriskuaren seinalea autoko pantailatxoan. Urkiola, bere mendilerro eta baso. Kontzertuetara bideko ohiko errituala: Inoren... [+]


2025-03-20 | Estitxu Eizagirre
EH Bizirikek manifestazioa deitu du larunbaterako ‘Euskal Herria ez dago salgai!’ lelopean

Sareak nabarmendu du Euskal Herri osoko eragileak daudela bertan eta deialdiak 140tik gora atxikimendu jaso dituela: "Horrek islatzen du zein den gaur egungo errealitatearen urgentzia, lurraren defentsaren beharra eta auziarekiko dagoen konpromezua".


2025-03-20 | ARGIA
Arratzua-Ubarrundiako EH Bilduko zinegotziek dimititu egin dute, Solariaren proiektuarekin “eskuak lotuta” dituztelako

Koalizio abertzaleko hiru ordezkariek ohar baten bidez euren "frustrazioa" adierazi dute proiektu fotovoltaikoa ezin gelditzeagatik: "Egoera horren aurrean, ez gara legegintzaldia amaitzeko indarrez sentitzen". Proiektu honi ez! plataformak salatu du EH Bilduren... [+]


2025-03-19 | ARGIA
“Proiektu honi ez!” Arratzua-Ubarrundiako plataformaren adierazpena

Arratzua-Ubarrundiako "Proiektu honi ez!" plataformak adierazpen hau kaleratu du, udalerri horretako EH Bilduko hiru zinegotziek dimisioa aurkeztu berritan. Izenburu hau darama testuak: "EH Bilduren moketako politika edo Iparra nola galdu".


2025-03-19 | ARGIA
Dimititu egin duten Arratzua-Ubarrundiako EH Bilduko zinegotziek herritarrei zuzendutako agurra

Arratzua-Ubarrundia (Araba) herriko EH Bilduko hiru zinegotziek dimisioa eman dute Solariaren zentral fotovoltaikoagatik. Hau da hiru zinegotziek, Txetxu Zengotitabengoak, Laura Sanchok eta Javier Ruiz de Arkautek, herritarrei zuzendu dieten agur mezua.


Hwei-Ru Tsou. Brigadista txinatarrak xede
“Batera gogoratzen ditugu Gaza eta Gernika!”

Iazko uztailean, ARGIAren 2.880. zenbakiko orrialdeotan genuen Bego Ariznabarreta Orbea. Bere aitaren gudaritzaz ari zen, eta 1936ko Gerra Zibilean lagun egindako Aking Chan, Xangai brigadista txinatarraz ere mintzatu zitzaigun. Oraindik orain, berriz, Gasteizen hartu ditu... [+]


Lurraldeko harrapariak eta energia-mendekotasuna dutenak Arabako hegoaldean jarri dira

Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Foru Aldundiak Datu Zentroen instalazioei ateak irekitzen dizkiete horiek arautzeko legedia sortu aurretik. Bilbao-Arasur Dantu Zentroarekin, bere lehen fasea gauzatuta, eta instalatzea amesten duen Solariaren Datu Zentroarekin, 110.000 m2... [+]


Guraso elkarteek antolaturiko eskolaz kanpoko jarduerak ordaindu ezin dituzten ikasleak

Eskolaz kanpoko jardueren eskaintza zabala egiten duten ikastetxeen aldean, beste askok ez du horretarako aukerarik; eta eskola bereko ikasleen artean ere, denek ezin dute ekintzetan parte hartu, baliabide ekonomikoek baldintzatuta. Esku hartzeko dei egin diete instituzioei:... [+]


AINTZANE CUADRA MARIGORTA
“Endometriosia gizonek pairatuko bazenukete oso bestelako egoera batean egongo ginateke”

Endometriosiaren Nazioarteko Eguna izan zen, martxoak 14a. AINTZANE CUADRA MARIGORTAri (Amurrio, 1995) gaixotasun hori diagnostikatu zioten urtarrilean, lehen sintomak duela lau urte nabaritzen hasi zen arren. Gaitz horri ikusgarritasuna ematearen beharraz mintzatu da. 


Gasteizko Salburuako institutuko irakasleek protesta egin dute Pradalesen bisitan

Institutuko giza baliabideak hobetzeko eskatu dute irakasleek, ikasleei kalitatezko arreta eman ahal izateko. Kartelekin eta pankartekin itxaron diete irakasleek lehendakariari. Jaurlaritzako ordezkariek ikastetxeko zuzendaritzari esan diote ez zutela "horrelakorik... [+]


Eguneraketa berriak daude